Itsasoko Ama Arraun Elkartea
Itsasoko Ama Arraun Elkartea Santurtziko arraun elkarte beteranoa da, 1967an sortutakoa. "Sotera" da traineru ezagunaren izena. Taldeak palmares luzea dauka, tartean Kontxako Bandera lau aldiz irabaziz eta TKE Liga birritan.
Itsasoko Ama Arraun Elkartea | |
---|---|
Sorrera | 1967 |
Herria | Santurtzi, Bizkaia |
Lehendakaria | Iker Salgado |
Entrenatzailea | Alexander Esteban |
Patroia(k) | Cristian Garma Ander Fernandez |
Kolorea(k) | morea |
Trainerua | Sotera |
Palmaresa | 4 Kontxako Bandera 2 TKE Liga 1 KAE Liga 5 Espainiako Txapelketa 0 Euskadiko Txapelketa 11 Bizkaiko Txapelketa |
2023: Kontxa | ez |
2023 | 11.a (TKE Liga) |
Webgunea | www.itsasokoama.net |
XX. mendearen hasieran lortu zituzten santurtziarrek lehenengo garaipenak eta Kontxan ere aritu izan ziren traineru bizkaitar gisa. 1970. hamarkadan "bizkaitarren urrezko aroa" bizi izan zuen. Kaikuren eta Soteraren arteko lehia estuek ikusle andana erakartzen zuten estropadetara. Santurtzik hiru Kontxa eta 4 Espainiako txapelketa irabazi zituen garai hartan.
XXI. mendean ligak abiatu zirenean KAE Ligan aritu zen. Sarritan jokatu zituen igoera play-offak baina ez zuen lortzen helburua. 2016an maila galtzear egon zen, baina proiektu berri bati ekin eta lortu zuen TKE Ligara igotzea. Fitxaketa handiak egin eta 2020 eta 2021 artean bi TKE Liga eta Kontxako Bandera berri bat irabazi zituen. 2022an ziklo berri bati ekin zion.
Koloreak
Elastikoak eta trainerua moreak dira, hain zuzen ere herriko banderaren kolorea, beste elkarte batzuek erabiltzen dutena, besteak beste Santurtziko futbol taldeak. Halaber, herriko jaietako zapia ere morea da.
Historia
Hasierako urteak
Elkartea 1967ko azaroaren 26an sortu zuten arren Santurtziren historia oso luzea da, izan ere bere lehenengo garaipena 1917koa baita, Abran lorturikoa Nueva Eulalia traineru horiarekin. 20. hamarkadan estropada asko jokatu zituen Portugalete aldean, 1921koa eta 1930koa irabaziz, eta ondoren 1933an garaipen berri bat eskuratu zuen. Kontxako Banderan ere aritu zen eta hirugarren postuak lortu zituen 1920 eta 1922an. 1943an Kontxan lorturiko laugarren postuak amaiera eman zion lehenengo garai horri.
Urrezko Aroa
1967an elkartea sortu zuten Mamariga auzoko zaindaria zen Itsasoko Amaren izena jarriz eta 70. hamarkadako Kaikurekiko lehiak emaitzarik aipagarrienak eman zizkion klubari; 1977 eta 1979an ia bandera guztiak irabazi zituen. Bolada on hori 1985eraino luzatu zen, urte hartan bere azken Kontxako Bandera irabazi baitzuen. Garai haietan famatua egin zen santurtziarren "marea morea" bai eta beraien kantutxoa ere: Sotera es la trainera que quita el hipo a Euskadi entera.
Ligak
2003an Liga sistema eratu zeneatik KAE Ligan aritu izan da oraintsu arte. 2010. urteko Liga irabazi bazuen ere, ez zuen lortu TKE Ligara igotzerik. 2012an ere play-offa jokatu zuen baina ezin izan zuen mailaz igo. 2013an 3. postuan gelditu zen.
2014ko martxoaren 23an Deustuko "Bilba" memorialean hartu zuen parte eta hau izan zen datuen arabera Santurtziko traineruak jokaturiko milagarren estropada. Urtea ordea ez da batere ona izan eta azken urteetan Ligaren buruan ibili ondoren aurten zortzigarren postu apala lortu zuen. 2015ean eta 2016an hamargarren egin zuen. 2016an maila galtzea tokatu zitzaion arren, B Liga irabazi zuen Oiartzunek traineru ezin osatu eta A Ligan gelditu zen.
2017an klubaren 50. urteurrena ospatu dute. Urtarrilean KAE 1 edo KAE 2 Ligan egongo zen jakin gabe fitxaje handiak egin zituen, Iker Zabala entrenatzailea eta Asier Zurinaga patroia besteak beste. Azkenean Oiartzunek trainerurik ezin atera eta KAE 1 Ligan aritzeko aukera izan zuen. Denboraldiko lehenengo estropada irabazi zuen eta azkenean KAE Ligako bigarren postua eskuratuz play-offetarako sailkatu zen. Play-offetan traineru onena izan zen eta TKE Ligara igotzea lortu zuen bere historian lehen aldiz.
TKE Ligan
2018 denboraldia bikain hasi zuen, aurreneko lau estropadatan ohorezko txandan aritzeraino. Azkenean bosgarren postuan amaitu zuen denboraldia. Kontxako Bandera jokatzeko ere sailkatu zen 23 urteren ondoren eta seigarren egin zuen. 2019. urtean puntan kokatu zen. Juan Mari Lujanbio eta Cristian Garma patroiak fitxatu ditu eta arraunlari bloke sendoa osatu zuen. TKE Ligako banderak irabazteaz gain Espainiako Txapelketa eskuratu zuen 34 urte eta gero. Kontxako Banderan eta TKE Ligan hirugarren postuan gelditu zen. 2020. urtean Asier Zurinagaren gidaritzapean TKE Liga irabaztea lortu du.
2021 denboraldia bikaina egin zuen, batel eta trainerilletan titulu guztiak irabazi baitzituen, Bizkaikoak, Euskadikoak eta Espainiakoak. Denboraldiaren amaieran bigarren TKE Liga eta Kontxako Bandera berri bat etorri ziren, azken garaipenetik 36 urtetara. Denboraldia ezin hobea izan bazen ere diru arazo larriak azaldu ziren eta Iker Zabala entrenatzaileak eta hainbat arraunlarik kluba utzi zuten. Zuzendaritza ere berria sartu zen. Urte zaila espero zen baina azken estropadan TKE Ligan mantentzea lortu zuen. Urte kaxkarra borobiltzeko, deskuido baten ondorioz Kontxako Banderan aritzeko izenemate epea pasatu egin zitzaion. Antolakuntzak ez zuen parte hartze eskaera onartu eta horrela azken garaileak ezin izan zuen titulua defendatu.
2023an arazo handiak izan ditu Ligan, itxura txarreko hainbat istilu ere bai, eta 11. eginez jaitsiera play-offak jokatu zituen. Maila galdu zuen eta KAE Ligara jsitsi zen.
Palmaresa
Kontxako Bandera
- Txapelduna (4): 1977, 1979, 1985 eta 2021.
- Bigarrena (4): 1980 eta 1984.
- Hirugarrena (6): 1920, 1922, 1976, 1988, 2019 eta 2020.
- Sailkapen estropadako irabazlea (1): 2021.
- Sailkatua (17): 1976, 1977, 1979, 1980, 1981, 1982, 1984, 1985, 1988, 1989, 1990, 1991, 1995, 2018, 2019, 2020 eta 2021.
TKE Liga
- Txapelduna (2): 2020, 2021
- Bigarrena (0)
- Hirugarrena (1): 2019
- Irabazitako estropadak (2022 barne): 16
- Patroirik onena (1): 2020 (Asier Zurinaga)
- Parte hartzeak (5): 2018, 2019, 2020, 2021, 2022
- KAE 1 maila (1): 2010.
- Euskal Liga (0): Zazpigarren 2001ean.
- Euskal B Liga (1): 2000.
Espainiako Traineru Txapelketa
- Txapelduna (5): 1977, 1979, 1980, 1985 eta 2019.
- Bigarrena (1): 1978.
Euskadiko Traineru Txapelketa
- Txapelduna (0)
- Bigarrena (2): 1979 eta 1981.
Bizkaiko Traineru Txapelketa
- Txapelduna (11): 1979, 1981, 1983, 1984, 1985, 1987, 1989, 1992, 1995, 2020 eta 2021.
Estropada zaharrak
- Bilboko estropada zaharrak (4): 1917, 1921, 1930 eta 1933.
Aro modernoko estropadak
Trainerillak
- Espainiako Trainerilla Txapelketa (2): 2019, 2021.
- Euskadiko Trainerilla Txapelketa (1): 2021.
- Bizkaiko Trainerilla Txapelketa (3): 1977, 1991, 2021.
- Bermeoko trainerilla estropadak (2): 1950, 1972.
Batelak
- Espainiako Batel Txapelketa (2): 1979, 2021.
- Euskadiko Batel Txapelketa (5): 2001, 2002, 2004, 2019, 2021.
- Bizkaiko Batel Txapelketa (10): 1976, 1979, 1989, 1992, 1993, 1995, 2004, 2005, 2019, 2021.
Azken denboraldiak
Urtea | Liga | Kontxa |
---|---|---|
2003 | Federazio Liga, 7.a | - |
2004 | Federazio Liga, 13.a | - |
2005 | Federazio Liga, 10.a | - |
2006 | KAE 1 Liga, 9.a | - |
2007 | KAE 1 Liga, 10.a | - |
2008 | KAE 1 Liga, 10.a | - |
2009 | KAE 1 Liga, 3.a | - |
2010 | KAE 1 Liga, 1.a | - |
2011 | KAE 1 Liga, 6.a | - |
2012 | KAE 1 Liga, 2.a | - |
2013 | KAE 1 Liga, 3.a | - |
2014 | KAE 1 Liga, 8.a | - |
2015 | KAE 1 Liga, 10.a | - |
2016 | KAE 1 Liga, 10.a | - |
2017 | KAE 1 Liga, 2.a | - |
2018 | TKE Liga, 5.a | 6.a |
2019 | TKE Liga, 3.a | 3.a |
2020 | TKE Liga, 1.a | 3.a |
2021 | TKE Liga, 1.a | Txapelduna |
2022 | TKE Liga, 10.a | - |
2023 | TKE Liga, 11.a | - |
B trainerua
Itsasoko Ama B | |
---|---|
Sorrera | 1977 |
Herria | Santurtzi, Bizkaia |
Entrenatzailea | Javier Escobar |
Kolorea(k) | morea |
Trainerua | Karmeleko Ama |
Palmaresa | 0 KAE Liga 0 KAE 2 Liga |
2022: Liga | 9.a (KAE 2 Liga) |
2023 | ez |
Santurtziren garai onenetan bigarren traineru bat atera zuen Karmeleko Ama izena hartu zuena. Emaitza onak lortu zituen, tartean Kontxako Banderarako sailkapen bat ere bai.
1977an atera zuen lehen aldiz bigarren trainerua El Corte Ingles Banderako bizkaitarren promozio estropada jokatzeko. 1980an benetako denboraldia egin zuen, 16 estropada, "Kino" txopan zuela. 1981ean Kontxarako sailkapen harrigarria lortu zuen, eguraldi aldaketa bortitz baten erruz talde nagusiaren lekua hartu baitzuen. 1982an jokaturiko hiru estropadak izan ziren Karmeleko Ama traineruaren azkenak.
1999 urtean berriz atera zuen bigarren trainerua eta Bizkaitarren Ligako estropadetan aritu zen. 11 trainerutatik 10. bukatu zuen. 2013an lortu zuen berriz ere bigarren traineru bat osatzea KAE 2 Ligan aritzeko. 2014an ere atera zuen. Hainbat urteren ondoren 2020an itzuli da.
- Kontxako Bandera:
- Seigarrena 1981ean.
Urtea | Liga | Kontxa |
---|---|---|
2013 | KAE 2 Liga, 8.a | - |
2014 | KAE 2 Liga, 9.a | - |
2015 2019 | ez | |
2020 | KAE 2 Liga, 9.a | |
2021 | ez |
Santurtziko Bandera
1980. urtetik aurrera Santurtziko Bandera antolatu du elkarteak. Garai batean sona handiko bandera izan zen, Kontxako Bandera baino astebete lehenago jokatzen baitzen, baina elkartearen maila jeitsierarekin batera Bandera ere liga handietatik kanpo gelditu zen 2001ean. Azken edizioak Karmengo Amaren egunean jokatu dira, uztailaren 16ean, herriko festetan.
Aulki mugikorra
- Espainiako zortziko txapelketa (1): 1980.
- Espainiako lauko txapelketa (1): 1985.
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz) Itsasoko Amaren webgunea