Itoiz

Itoiz musika taldea izan zen, 1978an Mutriku eta Ondarroa inguruan sortutakoa, eta hainbat estilo landu zituzten, hala nola, folk, pop, rock progresiboa.

Artikulu hau musika taldeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Itoitz».
Itoiz
Datuak
JatorriaMutriku-Ondarroa
Musika motaPop rock
Urteak1978 - 1988
Produkzioa
Diskoetxea(k)Xoxoa - Elkar
Lehengo taldekideak
Juan Carlos Pérez
Jose Garate "Foisis"
Antton Fernandez
Estanis Osinalde
Joseba Erkiaga
German Ors
Jimmy Arrabit
Jean-Marie Ecay
Xabi Pery
Informazio gehigarria
http://www.itoiz.es
Badok: itoiz Spotify: 374CMEgFxOe0LvYBBbeb9u iTunes: 199825325 Last fm: Itoiz Musicbrainz: 6a9dc7f8-6bd3-4288-b729-dbf24f15b7f3 Discogs: 1634241 Allmusic: mn0001434369 Musikasten: itoiz Edit the value on Wikidata

Historia

Sorrera

"Indar Trabes" izenarekin bost gazte berbena eta ezkontzetako musika talde moduan hasi ziren 1974an. Hala ere, haien hasierako helburua rock progresiboa egitea zen. Horrela, 1978. urtean, Durangoko Disko eta Liburu Azokarako diskoa ateratzeko aukera izan zutenean, izena aldatzea erabaki zuten, aurreko izena berbena-emanaldiei lotuegia zegoelakoan. Bestalde, izen laburra nahi zuten eta hortik Itoiz, ez Nafarroako haranagatik[1]. Diskoak rock progresiboa, abesti barnerakoiak eta surrealistak dakartza, batzuetan ulertzeko zailak diren hitz poetikoak dituela.

Taldearen lehenengo garai honetan, rock progresiboa, jazza eta estilo desberdinen esperimentazioko soinua nagusitzen da. Taldearen izen bereko lehenengo diskoak kritika itzelak izan zituen eta Errobi lehenengo euskal rock taldeak utzitako soinu-lorratza nabaritzen zaio (nazioarteko beste talde batzuen artean, hala nola, Jethro Tull, Mike Oldfield, Santana etab.). Aldiz, kritikaren aldetik harrera beroa izan arren, taldearen ibilbidea ez zihoan ildo beretik: zenbait taldekide soldadutzara joan beharra, taldeak zuzenekoan ez zuen diskoaren neurria ematen, Juan Carlos Perez taldeburua, abeslari eta konposatzailea, ez zegoen gustura emanaldiekin (kantu oso bereziak zirela eta, barnerakoiak, jendaurrean defendatzeko zailak...)[2].

Joera progresibotik popera

1980an etorri zen hurrengo diskoa (Ezekiel), disko kontzeptuala inondik ere, koherentea. Alkoleak (1982) hobetu egin zituen aurreko diskoetako gabezi teknikoak eta estilo sinfonikoari eutsi zion; Marilyn abesti entzunerraz eta politaz, ordea, aurreratu egin zuen hurrengo etaparako irekitzen ari ziren bidea: pop rockari heltzea.

1983 urtean Jean-Marie Ecay gitarra-jotzailea gehitu zitzaion taldeari. Donibane Lohizuneko musikari gaztea guztiz trebea zen gitarrarekin, sortzailea eta ideia berrien ekarle; berehala mamitu zuen harreman estua eta sortzailea Juan Carlos Perezekin. Etapa berri honetan, alde batera utzi zuten musika sinfonikoa eta rock progresiboa, popari heldu zioten bete-betean. "Guk rock progresiboko erritmika bat erabiltzen genuen kantak egiteko, eta Jean Mariek ekarri zuen beste bat, Fleetwood Mac erritmoa, pop erritmo binarioa, guk ordu arte ezagutzen ez genuena. Eta harekin lotuta, kantuaren kontzeptua ekarri zuen, hiru minutukoa eta leloarekin. Guk ordu arte obra kontzeptual txikiak egiten genituen, garapen luzeko kantuak"[3], J.C. Perezek dioen bezala. Diskoaren harrera bikaina izan zen, nola entzuleen aldetik hala kritikaren aldetik, eta abesti gogoangarriak utzi zituen ("Marea gora", "To Alice"...).

Hurrengo pausoa Espaloian LParen argitalpena izan zen, disko poperoa hori ere, baina naturalagoa eta barnerakoiagoa. Ordurako hasiak ziren J.C. Perez eta Jean-Marie Ecayren arteko desberdintasun artistiko eta profesionalak eta, ondorioz, azkenean, bigarrenak taldea utzi zuen (bere bi abesti utzi zituen diskoan hala ere). J.C. Perezek ez zuen espero aurreko diskoaren arrakasta gainditzea; aldiz, areagotu egin zuen; Bilboko La Casilla kiroldegian egindako aurkezpen-kontzertuan, euskal talde batek ordu arte inoiz bildutako jendetza handiena erakarri zuen: 7.000 pertsona.

1980ko hamarkadaren erdialdera nabarmena zen euskal rock erradikaleko musika-taldeen goraldia eta nagusitza eszenatokietan; Itoiz, ordea, ez zen giro horretan ondo egokitzen. Hainbatetan jo behar izan zuen kontzertuetan horrelako taldeekin (Hertzainak, Kortatu etab.), eta hainbat kritika eta gogorkeria ere jasan zituzten: "RRVko taldeentzat, guk ordezkatzen genuen sistemak ezarritakoa, komertzialtasuna, politikoki zuzenak ginen. Oso egoera deserosoa zen. Jendearen erasoak jasan behar izan genituen"[4], adierazten du J.C.Perezek.

Amaiera

1987an J.C. Perez nekatuta zegoen ordurako, taldeko giroa ere ez zen ona. Hala ere, 6 kantuko LP bat (Ambulance) ateratzeko beta izan zuen oraindik. Poperoa zen hori ere, baina rockeroagoa eta zikinagoa. Harrera ona izan zen, eta Frantziatik ere ibili ziren itzuli batean (FR3ko programa batek erreparatu egin zien, eta saio bat dedikatu), baina ordurako utzikerian erortzen hasia zen taldea, ilusioa galtzen. J.C. Perezek modu dotorean bukatzea erabaki zuen eta, horretarako, Getxon kontzertua egin eta zuzeneko album bikoitza (Eremuko Dunen Atzetik Dabil...) argitaratu zuen taldeak 1988an.

Taldekide esanguratsuenak

Diskografia

Erreferentziak

  1. Eskisabel, Jon. (2005). ITOIZ, Hari xingle bat. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 51 or. ISBN 84-933423-8-6..
  2. Eskisabel, Jon. (2005). ITOIZ, Hari xingle bat. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 69 or. ISBN 84-933423-8-6..
  3. Eskisabel, Jon. (2005). ITOIZ, Hari xingle bat. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 138 or. ISBN 84-933423-8-6..
  4. Eskisabel, Jon. (2005). ITOIZ, Hari xingle bat. Soraluze: Gaztelupeko Hotsak, 156 or. ISBN 84-933423-8-6..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.