Eritrea Italiarra

Eritrea Italiarra Italiako Erresumako kolonia bat izan zen egungo Eritrean. Lehendabizi 1890ean sortu zen arren, lekuko lehen italiar finkapenak 1882an ezarri ziren, Assab inguruan. Italiar kolonia 1920-30eko hamarkadetan heldu zen bere gorenera.

Eritrea Italiarra
1890  1947
Probintzia
Eritrea Italiarreko bandera

Eritrea Italiarreko armarria

Eritrea Italiarraren kokapena
Geografia
HiriburuaAsmara
Ekonomia
DiruaEritrear tailleroa
Kultura
Hizkuntza(k)Italiera (ofiziala), tigrinyera, Al-Hijazko arabiera
Erlijioakristau katolikoa, musulmana, eritrear kristautasun ortodoxoa
Historia
Aurrekoa
Otomandar Inperioa
Ondorengoa
Etiopia

Ekialdeko Afrika Italiarrean kokatuta, II. Mundu Gerrak bertan behera utzi zuen italiarren nagusitza eta, trukean, britainiarrek hartu zuten koloniaren kontrola, ofizialki 1947 arte indarrean egon zen arren. Urte horretan, independentziaren aldeko gatazka batean murgilduta bada ere, Etiopiak xurgatu zuen.


Koloniaren ezarpena

Itsaso Gorriko italiar ekimenen historia goiztiarreko pertsonaia garrantzitsuena Giuseppe Sapeto izan zen. Mojea zen, eta Kairotik Abisiniara (Etiopiara) igorri zuten 1837an eta, geroztik, europar interbentzioaren zale porrokatu bilakatu zen, frantsesak izango baziren ere. 1866an, Italia (ia) osoki bateratu ondoren, italiar eragina handitzea bilatu zuen. Suezko Kanala amaitu ondoren, ikatzaren bilketa eta garraiorako gune eta portu bat ezartzeko asmoa umotu zuen, lurrunontzientzat. Italiako gobernuak Raffaele Rubattino ekintzaile eta kolonoarekin harremanetan jarri eta haren konpainia, lurrak erosi ondoren, haiek erresumaren interesen pean jar zitzala adostu zuen harekin. 1870ko maiatzean, italiar garraio konpainia bat Assab badiaren iparraldeko lurraldea beretzat erreklamatu zuen. Hala ere, italiarrak 1880 arte ez ziren hasi bertan finkatzen, eta bi urte geroago Italiak kolonia hasiberriaren jabetza hartu zuen formalki merkatari jabeengandik.

Assab 1880. urtean
1888ko irudikapen kolonial bat

1889ko Gallabateko Guduan Johanes IV.a Etiopiako enperadorea hilik atera zen, eta Oreste Baratieri italiarrak geroko Eritreako kostaldeko mendialdea okupatu zuen; izan ere, italiarrek orduan aldarrikatu zuten kolonia baten ezarpena, Eritrea deitua (Itsaso Gorriaren latinezko izena). Etiopiako Menelik II.ak, hegoalderago kokatuta, aitortu egin zuen bere etsaiei kendutako lurretatik sortutako kolonia berria, laguntza ekonomikoaren eta europar arma hornikuntzaren truke, beste errege-nahien aurrean abantaila eman ziona.

Hala ere, Italiak gehiago nahi zuen. Wuchaleko Ituneko italierazko bertsioak, baina ez amharerazko bertsioak, eragotzi egin zioten Etiopiari botere arrotzekin negoziatzerik eta, beraz, horrek protektoratu bihurtzen zuen de facto Etiopia. Menelikek, orduan, arbuiatu egin zuen hitzarmena eta, Djibuti hiritik eta Hararetik bideratutako arma bidalketen bitartez, aurre egin zien italiarrei: Lehendabiziko Italia-Etiopia Gerra piztu zen. Zorionez etiopiarrentzat, Adwako Gudua hondamendia izan zen italiarrentzat, eta bertan behera utzi behar izan zuten Etiopia menpean hartzeko asmoa.

Hemeretzigarren mende amaieran, Assab bihurtu zen Etiopiako portu nagusi bat, baina are garrantzi handiagoa izan zuen Djibutik, hari Etiopiako Inperioko Burdinbideaz lotua. Aldi berean, Italiako gobernuak bere garapen egitasmoak hezurmamitu zituen, bereziki Eritreako Burdinbidea Saatiraino 1888an eta mendialdean kokatutako Asmararaino 1911n. Italiar administrazioak hobekuntza batzuk ekarri zituen Eritreako gizarteko osasun eta nekazaritza arloetan. Italiarrek lege arrazistak ezarri zituzten, baina hirietako eritrearrek osasun zerbitzu eta ospitale modernoetan jaso zezaketen arreta. Garai horretan, italiar gobernariek kohesioa eta ordena publikoa mantentzen jakin izan zuten neurri handi batean, adibidez, eritrearrak integratu zituzten zerbitzu publikoetan, polizian eta lan publikoetan.

Italiarrak Colonia Primogenita ("lehendabiziko kolonia") deitzen hasi zitzaizkion lurraldeari, Somalia Italiarrari eta Libia Italiarrari kontrajarria. Eritreak, izan ere, bertan finkatutako italiar kolonia handiagoa zuen beste lurraldeetan baino. Italiar-eritrearren komunitatea I. Mundu Gerran 4.000 izatetik II. Mundu Gerran 100.000 ingurukoa izatera pasa zen. Italiarrek katolizismoa sustatu zuten eta elizak eraiki zituzten, bereziki Asmara eta Keren inguruan. 1940ko hamarkada hasieran, erlijio katolikoa lurraldeko biztanleriaren % 28 zela baieztatzen zuten iturri batzuek.

Faxismoaren garaia

Ekialdeko Afrika Italiarra; Eritrea Italiarra 1936tik 1941era heldu zen hedadura handienera, italiar armadak Etiopia konkistatu zuenean

Benito Mussolini 1922an heldu zen boterera italian, eta horrek aldaketa sakonak eragin zituen Eritreako gobernu kolonialean. Duceak Italiar Inperioaren sorrera aldarrikatu zuen 1936ko maiatzean eta, Etiopiarekin zein Somalia Italiarrarekin batera, Ekialdeko Afrika Italiarra (Africa Orientale Italiana) lurralde administratiboa eratu zen.

Italiako erregimenak Eritrea hautatu zuen Ekialdeko Afrika Italiarreko erdigune izateko. Eritreako hiriburuan biztanleria izugarri areagotu zen: 1935ean, 4.000 italiar eta 12.000 eritrear bizi ziren bertan; 1938an, berriz, 48.000 italiar eta 36.000 eritrear zituen. Gian Luca Podesta historialariak idatzi zuenez, "Asmara ia italiar hiri bat bilakatu da" ("in pratica Asmara era diventata una citta' italiana").[1]

« Herrialdean garraio eta komunikazio bide berriak ezarri ondoren, italiarrak fabrika berriak ere ezartzen hasi ziren, eta horrek, aldi berean, merkataritza jarduerak hobetu zituen. Fabrika sortu berriek botoiak, janaria prestatzeko olioa, pasta, eraikuntzarako materialak, paketatutako haragia, tabakoa, larruak eta etxetresnak ekoitzi zituen. 1939. urtean, 2.198 fabrika inguru zeuden, eta enplegatu gehienak bertako eritrear herritarrak ziren; haietako batzuk herrisketatik lekuladatu ziren bertara, fabriketan lan egiteko. Industriaguneak ezarriz, italiarrak eta eritrearrak hirietan bizitzen jarri ziren. Herrialdean bizi ziren italiarrak 4.600 izatetik 75.000ra pasa ziren bost urtean; eta, eritrearrak industriaguneetan parte hartuz, merkataritza eta fruta plantazioak zabaldu egin ziren naziotik, plantazio batzuk eritarrearen jabetzak ziren.[2]  »
Fiat Tagliero Eraikina, Asmarako art deco estiloko gasolindegia
Gobernariaren jauregia, 1940an eraikia (egungo Presidentearen Jauregia da)

Italiar gobernuak jarraitu egin zuen nekazaritzako erreformak egiten, batez ere italiar kolonoen etxaldeetan; kafe esportazioak goraldi bat izan zuen 1930ko hamarkadan. Asmarako eskualdean, 1940ko hamarkadan tamaina txiki eta erdiko 2,000 industria konpainia zeuden, ondorengo arloetakoak: eraikuntza, mekanika, ehungintza, janari prozesamendua eta elektrizitatea. Ondorioz, 1939an, Eritreako bizi baldintzak kontinenteko onenetakotzat jotzen ziren, bai tokiko eritrearrentzat, bai italiar kolonoentzat.[3]

Mussoliniren gobernuak kolonia base estrategikotzat zeukan etorkizunean handitzeko. Ondorioz, Eritrea baliatu zuen 1935-1936ko Etiopiaren konkista eta kolonizazioa abiatzeko. II. Mundu Gerran, italiarrek Eritreatik atera ziren Sudani eraso egin eta Kassala eskualdea okupatzeko; izan ere, italiar tropa kolonialak eritrear askariak ziren, Rodolfo Graziani mariskal italiarrak eta Amedeo Guillet ofizialak adierazi zutenez.[4] Are, I. Mundu Gerraren ondoren, Ascariekin egindako zerbitzua bihurtu zen Eritreako bertako gizonezko biztanleriaren ordaindutako enplegu nagusia. 1936an Etiopiari gerra egiteko, armadan sartutako eritrearretatik % 40 tropa kolonial horietan aritu ziren.[5] 1939ko italiar erroldaren arabera, Asmara hiriak 98,000 biztanle zituen eta, horietatik 53.000 italiarrak ziren. Horrenbestez, Asmara zen Afrikako 'italiar' hiri handiena. Eritrea osoan, italiarrak 75.000 ziren urte horretan.[6]

Asmara bereziki hiri modernotzat jotzen zen, eta ez bakarrik arkitekturagatik; izan ere, Asmarak Erromak baino semaforo gehiago zituen. Hiriak baditu planifikatutako hiri baten ezaugarri asko. Alde horretatik, Brasiliaren inspirazio-iturrietako bat izan zen. Hala ere, italiarrek ez zuten eritrearrentzat eraiki, batez ere berentzat baizik. Italiarrek Asmara eta Massawako industria inbertsio asko babetu zituzten, baina II. Mundu Gerraren hasierak Eritreako industrializazioa eten zuen.[7]

Britainiar okupazioa eta koloniaren amaiera

Behin II. Mundu Gerra piztuta, britainiar armadak Eritrea konkistatu zuen 1941eko urtarrilean. Industrialde eta azpieigurak gehienak oso kaltetuta atera ziren, eta salbu geratutakoak eraginkortasunez kanporatu zituzten bertatik, Indiara eta britainiarren menpeko Afrikako domeinuetara.[8] Ondoren, gerrilla gerra bat hasi zen, eritrear tropa koloniarrek zuzenduta (tartean zela Hamid Idris Awate, geroko independentziaren heroia).[9] Egoera horrek Italiaren 1943ko iraileko armistizio arte iraun zuen. Eritrea, orduan, britainiarren administrazio militarraren pean geratu zen.

Vincenzo di Meglio (bigarren eskuinetik) 1949ko Eritrearen Independentziarako Konferentzian, Batikanoan

Eritreako italiarrak herrialdetik alde egiten hasi ziren Italiako Erresumak aliatuei amore eman ondoren; britainiarrek 1949ko errolda prestatu zutenean, Asmaran 17.183 italiar eritrear zituen, 127.579 biztanleetatik. Italiako kolono gehienak Italiar alde egin zuten; beste batzuek, berriz, Estatu Batuetara, Ekialde Hurbilera edota Australiara. britainiarrek Eritreako italiar administrazioari eutsi zioten hasieran, baina luze gabe herrialdeak independentziaren bidea hartu zuen, gatazka giroan murgilduta: britainiarrengandik askatzeko, berrogeiko hamarkadaren amaieran, eta etiopiarrengandik urruntzeko 1952tik aurrera, urte horretan Etiopiak berera atxiki baitzun.

II. Mundu Gerran, zenbait italiar eritrearrek, adibidez, Vincenzo Di Meglio doktoreak, italiarrak Eritrean geratzea defendatu zuen, eta Eritrearen independentzia bultzatu zuten.[10] Erromara joan zen, Batikanoak sustatutako Eritrearen independentziaren aldeko konferentzian parte hartzera. Vicenzo Di Megliok "Partito Eritrea Pro Italia" sortzen parte hartu zuen 1947ko irailean, italiarrak Eritrean jarraitzearen aldeko alderdi bat, eta 200.000 bazkide lortu zituen hilabetean.

Italiar eritrearrek gogor egin zioten Eritrea Etiopiari atxikitzeari. Alderdi hori 1947an Asmaran sortu zen, eta bazkide gehienak eritrear askari askotako italiar soldadu ohiak ziren. Italiako gobernuaren babesa izan zuen. Alderdiaren helburu nagusia Eritrearen 'askatasuna' zen, baina aurrebaldintza bat jartzen zuten: Eritrea aske izan baino lehen, 15 urtez Italiak gobernatu beharko zuela gutxienez. 1947ko bake hitzarmenaz, baina, Italiak koloniaren amaiera onartu behar izan zuen. Ondorioz, italiarren komunitatea desagertzen hasi zen, batez ere Etiopiako gobernuak Eritreako kontrola hartu ondoren.

Erreferentziak

  1. Gian Luca Podesta: "Le citta' dell'impero" (in Italian)
  2. Italiako administrazioa Eritrean
  3. Eritrea 1940
  4. Amedeo Guillet in Eritrea Artxibatua 2008-05-09 hemen: Wayback Machine
  5. Ascari: the brave Italian soldiers of color
  6. Italians in 1939 Eritrea Artxibatua 2009-02-20 hemen: Wayback Machine
  7. Italian industries and companies in Eritrea Artxibatua 2009-04-29 hemen: Wayback Machine
  8. Chapter on Eritrea under the British
  9. Rosselli, Alberto. Storie Segrete. Operazioni sconosciute o dimenticate della seconda guerra mondiale. second chapter
  10. Franco Bandini. Gli italiani in Africa, storia delle guerre coloniali 1882-1943 67. or.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.