Isolamendu termiko
Isolamendu termikoa eroankortasun bidezko beroaren transmisioari aurka egiteko materialek daukaten gaitasuna da, eta material horrek duen erresistentzia termikoaren bidez ebaluatzen da. Erresistentzia termikoaren neurketa, hau da, termikoki isolatzeko gaitasuna, Nazioarteko Unitate Sisteman (SI) m².K/W-tan (metro karratu eta kelvin watt-eko) unitatearen bidez egiten da.
Material bat isolatzaile termikotzat jotzeko bere eroankortasun termikoaren koefizientea (λ) 0.10 W/m2K baino txikiagoa izan beharko da, neurketak 20 °C-tan eginda (derrigorrez). Bestela, Sistema Tekniko zaharrean 0,085 kcal / m2.°C baino txikiagoa izan beharko da.
Erresistentzia termikoa eroankortasun termikoarekiko alderantziz proportzionala da.
Material guztiek egiten diote aurka, gutxi-asko, beroaren transmisioari beraien gorputzean zehar. Metalek erresistentzia nahiko ahula dute beroaren transmisioarekiko, eta honen ondorioz eroale onak direla esaten da. Eraikuntzan erabilitako materialak, hala nola igeltsuak, adreiluak eta morteroak, beroarekiko erresistentzia ertaina dute. Aldiz, beroarekiko erresistentzia altua duten materialei isolatzaile termiko zehatzak edo, laburki esanda, isolatzaile termiko deritze.
Hauek dira isolatzaile termiko zehatzen adibide batzuk: zuntz minerala (arroka-zuntzak, beira-zuntzak), petroliotik deribatutako apar plastikoak (poliestireno zabaldua, piloetileno zabaldua, PURa, poliuretanozko aparra, poliuretano zabaldua), paper erabilitik erreziklatutako zelulosadun isolatzaileak eta ardi-artilea eta bejetalak (lastoa, zuraren txirbilak, kortxo naturala eta abar).
Isolamenduan “zulo” bat egiten denean zubi termiko deritzo. Fenomeno hau hainbat arrazoiengatik gerta daiteke, hala nola eroankortasun handiko material batek egindako zuloagatik edo zulo fisiko batengatik.
Isolatzaile termikoa
Isolatzaile termikoa eraikuntzan eta industrian erabiltzen den materiala da, eta bere ezaugarri nagusia erresistentzia termikoa da. Egoera normalean tenperaturak berdinduko liratekeen bi egoeren artean beroaren transmisioaren aurkako oztopo bat da, beroak sistemako bereizleen gainditzea saihesten duena (etxebizitza edo hozkailu batean bezala).
Orokorrean material guztiek daukate beroaren transmisioarekiko erresistentzia, baina isolatzaile termikoaz hitz egitean erresistentzia oso handia duten materialei buruz hitz egitea esan nahi du, material horren loditasun txiki batekin eman behar zaion erabilera modu egokian betetzen duena. Beraz, material hauentzako izen egokiena isolatzaile termiko zehatza izango litzateke. Isolatzaile termiko zehaztzat jotzeko eroankortasun termikoa λ<0,08 W/m·°C izan beharko da.
Isolatzaile termikorik hoberenetarikoa hutsa da, beroa erradiazioaren bidez bakarrik transmititu daitekeelako. Baina egoera hau lortzeko eta mantentzeko zailtasunak direla eta, oso gutxitan erabiltzen den metodoa da. Normalean hezetasun gutxiko airea erabili ohi da, eroankortasunaren bidezko beroaren transmisioa galarazten baitu bere eroankortasun termiko baxuari esker, eta baita erradiazioaren bidezkoa ere, bere xurgatze-koefiziente baxuari esker.
Aireak beroa konbekzio bidez transmititzen du, bere isolatze-gaitasuna gutxituz. Horregatik, isolatzaile termikoetan zuntzeko materialak eta material porotsuak erabiltzen dira, aire lehorra bere gelaxka itxien barruan finko mantentzeko gai baitira. Kasu gehienetan mantendutako gasa aire arrunta izaten da. Hala ere, poro itxietako isolatzaileetan, hau da, elkarrekin komunikaziorik ez duten burbuilez osatutakoetan (poliuretano proiektatua, adibidez) agente apartzaile moduan erabilitako gasa da barruan geratzen dena. Badago gasen beste konbinazioak erabiltzeko aukera, baina bere erabilera ez dago batere zabaldua.