Ismailismo
Ismailismo edo ismaelismoa (arabieraz: الإسماعيليون, al-Ismāʿīliyyūn; persieraz: إسماعیلیان, Esmāʿiliyān) Islam xiitaren korronteetako bat da[1]. Haren jarraitzaileei septimaniar deitzen zaie, xiismoaren lehenengo zazpi imamak baino ez dituztelako onartzen.
Jatorria
Ismailismoaren jatorria 765. urtean dago. Urte horretan hil zen Jafar as-Sadiq, xiiten seigarren imama, eta eztabaida piztu zen haren oinordekotzaren inguruan. Jafar as-Sadiqek bere seme zaharrena Ismail ibn Jafar izendatua zuen oinordeko, baina hau aita baino urte batzuk lehenago hila zen. Xiiten talde batek, beranduago imaniarrak deitutakoek, Musa al-Kazim izendatu zuen oinordeko, imamaren beste semea. Ismaildarrek, ordea, ez zuten onartu Ismail hilik zegoenik eta ezkutaturik zegoela esan zuten. Beren ustetan munduaren bukaeran itzuliko da mahdi gisa.
Historialari ez ismaildarren arabera, ezkutatze horrek imamaren figurak sortzen zituen arazo politikoak konpontzeko erabili zen. Garai hartan Bagdadeko kalifek gogor egiten zuten imam xiiten aurka eta hauek hilik edo gartzelan bukatu ohi zuten. Ezkutatzean imamak dimentsio espiritual berria jaso zuen eta fededunek aukera gehiago zituzten politikoekiko jarrera ezberdinak hartzeko. Oso jazarriak izan ziren ismaildarrak, baina beren fedea zabaltzen jardun zuten indar handiz, lehenik Ekialde Hurbilean, eta ondoren mundu osoko musulmanen artean. Tunisian, amazighen laguntzaz, estatu txiki bat sortu zuten eta hortik Egipto konkistatzeari ekin zioten, Fatimitar Kalifa-herria sortuz. Beste ismaildar batzuek, karmata izenekoek, kalifa eta imam fatimitarren autoritateari uko egin eta estatu bat sortu zuten Bahrainen. Oso ezagunak izan ziren garai hartan, beren jarrera bortitza zela-eta.
Fatimitarrek, berriz, banaketa handia izan zuten 1094. urtean, Al Mustansir kalifaren heriotzaren ondoan. Erregeordeak Al-Mustali seme txikia jarri zuen, Al-Nizar seme nagusiaren ordez, bi talde sortuz: nizariak eta mustaliak.
Dotrina
Ismailiarrek dotrina konplexuak dituzte, neoplatonismo, gnostizismo eta manikeismoren eragin handiekin. Haientzat Islamak bi printzipio osagarri ditu: zahiria, profeta, Korana bere zentzu literalean eta xarian oinarritua; eta batinia imamarengan eta Koranaren interpretazio mistikoan oinarritua. Ismaildarrek uste dute Korana beste mezu ezkutu baten alegoria dela, eta hau, aldi berean, beste alegoria bat mezu ezkutu batekin. Horrela jarraitzen dute zazpi ezkutatze mailatara iritsi arte, azken horretan biltzen delarik benetako egia. Alamuten (Iran) nizariek ismailismoa aldatu zuten eta Asasino deitu zioten aldaerarekin erritual islamiko guztiak alde batera utzi zituzten, fedearen alde esoterikoan bakarrik oinarrituz.
Erreferentziak
- Ismailism. in: Encyclopædia Iranica. iranicaonline.org (Noiz kontsultatua: 2016-7-18).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) The Ismaili webgunea, theismaili.org