Isis
Isis Antzinako Egiptoko erlijioan jainkosa nagusia izan zen. Bere kultua hain zen zabala, ezen Antzinako Grezia eta Erroman ere zabaldu zen. Isisen lehen aipamenak Inperio Zaharran agertu ziren, K.a. 2686 eta 2181 artean, Osirisen mitoaren pertsonaia nagusietako baten gisa. Mito horretan Isisek bere senar eraila berpizten du, Osiris errege jainkotiarra, eta bere ondorengoa den Horus sortu eta babesten du. Osiris lagundu zuen gisa, hildakoak heriotzaren ondorengo bizitzan sartzen laguntzen zuela usten zen, eta faraoiaren ama jainkotiartzat hartzen zen, Horusen ama zen gisa. Bere amatasun babesa jende xehea laguntzeko deitzen zen. Jatorriz, tenplu eta erregetza erritualetan paper mugatua izan zuen, nahiz eta garrantzia berezia zuen heriotzari lotutako praktika eta testu magikoetan.
Isis | |||||
---|---|---|---|---|---|
Egiptoar mitologia | |||||
Ezaugarriak | |||||
Jatorrizko izena | |||||
Sexua | emakumezkoa | ||||
Familia | |||||
Aita | Geb | ||||
Ama | Nut | ||||
Ezkontidea(k) | Osiris | ||||
Bikotekidea(k) | Gambrinus (en) | ||||
Seme-alabak | Horus eta Anubis | ||||
Anai-arrebak | Set, Neftis eta Osiris |
K.a. 1. milurtekoan Osiris eta Isis Egiptoko jainkorik gurtuenak ziren. Egiptoko agintariek eta bere hegoaldeko mugakide ziren Nubiakoek Isis goresteko tenpluak eraikitzen hasi ziren, eta Filaeko tenplua erlijio zentro bilakatu zen egiptoar eta nubiarrentzat. Beste jainko batzuen zantzuak ere bereganatu zituen, bereziki Hathorrenak, lehenago gurtzen zen jainkosa nagusia. Isisen botere magikoaren ospea beste jainko guztiena baino handiagoa zen, eta erresuma etsaiengandik babesten zuela esan ohi zen; zeruan eta mundu naturalean agintzen zuela uste zuten eta etorkizuna bera agintzeko boterea zutela esaten zen.
Garai helenistikoan (K.a. 323 - K.a. 30) Egipto greziarren agintepean egon zen, eta Isis greziar zein egiptoarrek gurtzen zuten, beste jainko berri batekin batera, Serapis. Bien gurtza Mediterraneo osoan zehar hedatu zen, askotan elkarrekin. Greziar Isisen jarraitzaileek Greziar mitologiako hainbat ezaugarri gehitu zizkioten, adibidez bere ezkontza asmatu zuten eta itsasoan zeuden itsasontzien babesa. Hala ere, Egipton garai helenistikoan garrantzitsu izan ziren beste jainko batzuekin, tartean Osiris eta Harpokrates batera ezaugarri egiptoarrak mantendu zituen. Kultura helenistikoari Erroma gailendu zitzaionean K.a. I. mendean, Isisen gurtza Antzinako Erromako erlijioan txertatu zen. Bere jarraitzaileak proportzio txikia ziren Erromako Inperioan, baina lurralde osoan zehar hedatu zen gurtza hori. Navigium Isidis bezalako jaialdiak garatu zituzten bere jarraitzaileek, eta iniziazio erritualak ere ezarri zituzten, greziar-erromatar beste misterio batzuen pareko. Jarraitzaileek uste zuten antzinako munduko botere jainkotiar guztiak biltzen zituela.
Isisen gurtza kristautasunaren areagotzearekin amaitu zen, IV. eta V. mendeen artean. Isisen erritualek, hala ere, kristau sinismen batzuk bultzatu edo eragin izan zituztela uste da, bereziki Mariaren gurtza. Hala ere, honen aldeko ebidentzia ez da ziurra eta, askotan, eztabaidagarria da. Isis gaur egun agertzen da Mendebaldeko kulturan, bereziki esoterismo eta paganismoan, askotan emakumearen edo naturaren pertsonifikazio jainkotiar gisa.
Izena eta jatorria
Egiptoko jainko batzuk K.a. 3100. urtea baino lehen, Egiptoko Aro aurredinastikoan, sortu baziren ere, Isis zein Osiris senarra ez ziren agertu argiki V. dinastiara arte, K.a. 2494-2345 inguru[1][2]. Isisen aipamena izan daitekeen lehen idazkuna Nyuserra-Iny faraoiaren agintaldian zehar agertu zen[3], eta batez ere Piramideetako Testuetan agertu zen. Testu hauek dinastiaren amaiera aldera hasi ziren idazten, baina bere jatorria zaharragoa izan liteke[4]. Piramideetako Testuetako hainbat pasartek Behbeit el-Hagar eta Sebennitos Niloren Deltako eskualdearekin lotzen dute, eta bere gurtza hor sortu izana posible da[3].
Ikerlari asko saiatu dira Isisen izena ikertzen bere jatorria ezagutzeko. Bere egiptoar izena ꜣst edo Aset zen, eta hortik sortu zen koptoerazko ⲎⲤⲈ (Ēse) eta azken honetatik antzinako grezierazko Ἰσις. Gaur egungo izena antzinako grezieratik datorkio, beraz. Hieroglifoetan bere izena tronu batekin adierazita agertzen da, eta Isisek buruan darama tronu hori, bere identitatea ezaugarritzeko. Bere sinboloa bera fonograma bat da, bere izenean dagoen st soinua ahoskatuz, baina hau ere benetako tronu batekin lotuta egon liteke. Antzinako Egiptoko hizkuntzan tronu kontzeptuak eta Isisen izenak etimologia bera izan lezake, eta Kurt Setheren ustez Isis, hasiera batean, tronuen pertsonifikazio bat izango litzateke[2]. Henri Frankfortek ere iritzi bera du, eta uste du tronuarekin erregearen ama adierazi nahi dela, hau da, jainkosa bat, bere botereak gizakia errege bilakatzen duelako[5]. Beste ikerlari batzuek, adibidez Jürgen Osing edo Klaus P. Kuhlmannek interpretazio hau ukatzen dute[2], Isisen izena eta tronu hitzaren artean ez dagoelako lotura sendorik, eta ez dagoelako tronuaren gurtza edo jainkoztatzearen inguruko ebidentziarik[6]. Hasiera dena delakoa izanda ere, Isis guztiz lotuta dago erregetzarekin Piramideetako Testuetan, bere natura adierazten duten lehen testuak[7].
Ikonografia
Isis emakume bezala irudikatzen zen, Ast "tronu"aren hieroglifoa buru gainean zuela. Beste batzuetan, eserita ageri da, eguzki diskadun buruko bat erakutsiz, Raren alaba baita. Miru hegoekin ere ikus daiteke, bere fededunak eta semeak bedeinkatzeko besoak irekiz, bere amatasunaren ikur gisan, baita zuhaitz jainkosa eran ere, faraoiari titia emanez.
Bere bertsiorik errealistenean, Isis jantzi estu bat zeraman emakume bat bezala irudikatzen zen, "tronu" batekin koroatua. Egiptoko XVIII. dinastiaren hasieran eta aro berantiarrean, adarrekin eta, haien artean, eguzki diska batekin ageri zen, Hathor jainkosa bezala, azken jainkosa horrengandik hartutako ezaugarriak dtuela. Sistroa eta menata ere badaramatza, Hathor jainkosaren ikurrak eta, eskuetan, ankha eta papiro formako zetro bat.
Mitologia
Mitologikoki garrantzitsuagoa zen Osirisen emazte eta arreba eta Horusen ama bezala, eta ereduzko ama eta emazte bezala gurtua izan zen. Plutarkok jainkosaren istoria kontatzen zuen honako istorio hau idatzi zuen:
Osirisek, Isisen senar eta nebak, Antzinako Egipton bakez, harmoniaz eta jakinduriaz gobernatzen zuen. Nilo ibaiak lurra emankortzen zuen, eta uztak ugariak ziren. Bere mendekoak zoriontsuak ziren. Behin batean, Osiris bidaian irten zen beste zibilizazio batzuk ezagutzeko, eta erresuma, bere arreba eta emazte Isisen agindupean utzi zuen. Seth, bere anaia bekaiztia, iraindua sentitu zen, erresuma berak gobernatu behar zuela uste baitzuen, eta ez Isisek.
Osiris jainkoa itzuli zenean, Sethek, ongietorri jaialdi handi bat egin nahi izan zuen, eta gonbidatuei erronka bat bota zien: Sethek ekarri zuen kutxan sartzen zenak, Sethen errespetu eta leialtasun froga gisa, kutxa bera jasoko zuen. Asko saiatu ziren, baina kutxa, handiegia edo txikiegia zen. Osirisek, jakinminak jota, froga egin nahi izan zuen, eta egoki sartu zen bertan. Sethek ondo ezagutzen zuen bere anaiaren tamaina, eta horregatik sartu zen hain egoki kutxa barnean. Berehala, Sethek, beste 72 gaizkiderekin batera, metalezko kutxa hermetikoki itxi eta Nilora jaurti zuten.
Isisek, maitasunarekin eta konfidantzarekin, bere senar eta nebaren gorpua berreskuratzeko bidaia hasi zuen. Egipton zehar eginiko ibilaldi luze eta neketsuen ondoren, jainkosak, Osirisen hondarrak dituen kutxa aurkitu zuen. Baina dramak, bere mugagabeko gaiztotasuna erakutsiz, bere anaiaren gorpua lapurtu eta 14 zatitan banatzen duenean jarraitzen du, hamalau zati hauek, berriz, erresuma osotik sakabanatuz. Isisek ez du amorerik ematen, eta, bere ahizpa Neftisekin batera, Sethen emaztea ere badena, erresumako toki bakoitza zeharkatzen du. Azkenik, bien artean, zati guztiak aurkitzea lortzen dute, zakila izan ezik. Hala ere, Isisek Osiris berregin zuen Anubis eta Neftisen laguntzarekin, eta, berataz "bustia", Horus umea edo Harpokrates izan zuen, nork, beranduago, bere aita mendekatuko zuen Sethen aurka borrokatuz.
Isisen epitetoak
Jainkosa honek jaso zituen epitetoetako batzuk "Azti handia", "Jainkosa ama handia", "Jainkoen erregina", "Naturaren indar ernaltzailea", "Amatasunaren eta jaiotzaren jainkosa", "Andere handia", "Jainkosa ama", "Zeruko, Lurreko eta Behe munduko Anderea" (Filen), "Isis bere agerpen guztietan", "Raaneferreko Anderea", "Mesengo erregina", "Hebeteko anderea", "Abatoneko Anderea", "Hegoaldeko herrialdeetako Anderea", "Piramideetako Anderea" Gizan, "jainkotiarra, bakarra, jainko eta jainkosen artean handiena, jainko guztien erregina", "Raren begia, Ra-Heruren koroa, Sept", "Urte Berriaren Anderea" etab... izan ziren.
Gurtza
Bere jatorria ez da ezagutzen, baina, uste denez, Niloren deltatik etorri zen. Isisi buruzko lehen aipamenak, Egiptoko V. dinastiaren garaikoak dira, non lehen idazkun literarioak aurkitzen diren, baina bere gurtza, garrantzitsu, Antzinako Egiptoren historian beranduago egin zen, beste jainkosa baten gurtzak xurgatzen eta sinkretatzen hasi zirenean. Denboraren igaroan, Egiptotik kanpo hedatu zen, Ekialde Hurbila eta Erromatar Inperiotik, berari eskainitako urruneko tenpluen eraikuntzarekin, Britainiar Uharteetan kasu. VI. menderarte, bere gurtzaren arrastoak aurkitu ahal izan ziren Europa kristauan.
Bere gurtzari eskainitako tenplurik garrantzitsuena, File uhartean zegoen. Denderan, urtero erakusten zen Hathor jainkosaren tenpluko kiosko batean eguzkiaren izpien aurrean, birsortzeko. Gizan, "Piramideetako Anderea" bezala gurtua izan zen.
Bere gurtza, Mediterraneo itsasoko herri guztietatik hedatu zen, kristautasunaren zabaltzeari aurre eginez, eta Fileko tenpluan mantendu zen Erromatar Inperioaren garaian Justiniano I.a Bizantziar Enperadorearen garaian, 535. urtean debekatua izan zen arte.
Isisen gurtza Hispanian
Isisen gurtzaren zantzuak daude Hispanian, merkatariek, militarrek edo hiritar greziar edo erromatar soilek igorria. Hasieran, bere gurtza, jende herrikoiaren artean hedatzen da, ondoren, klase altuenetaraino iristeko. Gurtza antolatua Emerita Augustan (Merida, Igabrumen (Cabra, Valentia (Valentzia) eta Baelo Claudian (Bolonia, Cadiz), non Isis jainkosari eskainitako II. mendeko tenplu baten hondakinak geratzen diren, fededunak Legion (Leon), Asturica Augustan (Astorga), Accin (Guadix), Saguntum (Sagunt) eta Tarracon (Tarragona) egon ziren. Isisen Hispaniako gurtzari buruzko aurkitutako azken dokumentuak, III. mendearen lehen erdialdekoak dira.
Kristautasunak Isis "amatasunaren jainkosa"ren gurtza beretzat hartu zuen, Andre Maria Birjinarekin identifikatuz, zeinen amatasunezko eta babeseko irudiak, bere ikonografian inspiratuak dauden. Birjina Beltzak, Isisen antzinako iruditzat hartzen dira, beranduago, erritu katolikora egokituak.
Erreferentziak
- H.,, Wilkinson, Richard. The complete gods and goddesses of ancient Egypt. ISBN 9780500051207. PMC 51668000..
- 1911-2004., Griffiths, J. Gwyn (John Gwyn),. (1980). The origins of Osiris and his cult. E.J. Brill ISBN 9789004060968. PMC 7092046..
- Münster, Maria. (1968). Untersuchungen zur Göttin Isis vom alten Reich bis zum Ende des neuen Reiches. Hessling (Noiz kontsultatua: 2018-03-04).
- Geraldine., Pinch,. (2004). Egyptian mythology : a guide to the gods, goddesses, and traditions of ancient Egypt. Oxford University Press ISBN 9780195170245. PMC 52937806..
- 1897-1954., Frankfort, Henri,. (1978). Kingship and the gods : a study of ancient Near Eastern religion as the integration of society & nature. (Phoenix ed. argitaraldia) University of Chicago Press ISBN 9780226260112. PMC 4468160..
- (Ingelesez) P., Kuhlmann, Klaus. (2011-03-04). Throne. (Noiz kontsultatua: 2018-03-05).
- 1945-, Hart, George,. (2005). The Routledge dictionary of Egyptian gods and goddesses. (2nd ed. argitaraldia) Routledge ISBN 9780203023624. PMC 61241714..