Irulegiko Eskua
Irulegiko Eskua brontzezko objektu arkeologikoa da,[1] Nafarroa Garaiko Aranguren udalerrian dagoen Irulegi mendiko Burdin Aroko Irulegiko herrixkan aurkitua,[2] Euskal Herrian. Baskoien mintzairaren hitzak dituela uste dute hainbat adituk, testuaren lehen hitza sorioneku (edo -ke[3][4]) gisa interpretatu baitute, idazkera baskonikoaz idatzia. Ezohikoa da, ez baita inon ere beste esku grabaturik aurkitu. Eskuaren interpretazioa bi eratan egin da: izan daiteke testu apotropaiko bat, etxeko sarreran jarrita zorte ona emateko edo agur egiteko; edo izan daiteke gerra trofeo bat, eskuin esku moztu bat, eta testua ere gerra giroko esker emate bat.
Irulegiko Eskua | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | K.a. I. mendea |
Aurkikuntza lekua | Irulegiko herrixka, Aranguren, Nafarroa Garaia (Euskal Herria) |
Aurkikuntza data | 2021eko ekainaren 18a |
Aurkezpen data | 2022ko azaroaren 14a |
Aurkitzailea edo asmatzailea | Leire Malkorra |
Kultura | baskoia |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | brontzea |
Dimentsioak | 127,9 () × 143,1 () × 1,09 () mm |
Pisua | 35,9 gramo |
Hizkuntza | ezezaguna |
Idazketa-sistema | ipar-ekialdeko iberiar idazketa |
Kokapena | |
Lekua | Nafarroako museoa |
Irulegiko Eskuaren "garrantzia eta berezitasuna" direla-eta, Nafarroako Gobernuak 2023ko irailaren 4an informatu zuen pieza arkeologikoa Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozesua hasia zuela.[5] Halaber, aurkikuntzaren urteurrenean, Gobernuak jakinarazi zuen Irulegiko Eskua Nafarroako Museoan jarriko dutela ikusgai, ziurrenera 2024ko udan.[6]
Aurkikuntza
Mattin Aiestaran arkeologoaren taldeko Leire Malkorra induskariak aurkitu zuen, 2021eko ekainaren 18an. Artean, esku forma zuela jakin gabe ere, garrantzizkoa izan zitekeelakoan, ingurua kontu handiz garbitu zuten eta prozesua grabaketaz dokumentatu.[7] Uztailaren 13an, eskua Nafarroako Gobernuko agintarien ardurapean geratu zen, indusketako beste pieza batzuekin batera, idazkunik zuenik inork ez zekiela.
2022ko urtarrilaren 18an, Carmen Usua zaharberritzaileak garbitzean, idatzita zegoela antzeman zuen:[8] eskuak azazkal marraztuak zituela-eta, eskuina zela igarri zuen, baina garbiketa eta «irakurketa» prozesua eskua atzamarrak gora zituela egin zuen, eta laneko mahaian zaharberritzailearen eskuen posizio logiko bera errepikatu zuen. Hizkiak ikusi zituzten lehen epigrafistek, ordea, alderantzizko irakurketa zegokiola nabaritu zuten eta, hortaz, eskuak beheranzko posizio naturala zuela.[9] Usuarekin batera, Berta Balduz zaharberritzaileak osatu zuen errestaurazio prozesua.[10] Azaroaren 14an, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak prentsaren aurrean aurkeztu zuten.[11][8]
Testuingurua
Irulegiko gazteluaren ondoko Burdin Aroko Irulegiko herrixkan aurkitu zen. Irulegi mendia (893 m) haren gainetik dago, metro batzuk goraxeago. Inguruko herrixka gotortuen adibide nabarietako bat da: kokapen geografiko bikaina du, 360 graduko ikuspegiekin Iruñerriaren gainean eta Nafarroa Garaiko hegoaldea Pirinioetako haranekin lotzen duten pasabideen gainean. Horrek eman zion defentsarako balio garrantzitsua.[12]
Gazteluaren oinarrian dagoen 2,2 hektareako kokapen primitiboa hazten joan zen mendeetan zehar, harik eta K.a. I. mendean 14 ha izatera iritsi arte, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako espazioak barne. Esparrua harresiz inguratuta zegoen. Biztanle-kopurua kalkulatzea zaila bada ere, 100 eta 200 pertsona artean bizi zitezkeela uste da.[12]
Biztanleek bizitzeko eremu altuak aukeratzen zituzten, demografiaren hazkundea eta klimaren okertzea (euritsuagoa eta apur bat hotza) medio, baliabideak urritu egiten baitziren eta haiengatik lehiatu behar baitzuten. Horren ondorioz, proto-hiri egonkorrak agertu ziren, erraz defendatzeko modukoak eta harresituak; bertan, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz bizi ziren eta, aldi berean, gerlariak ere baziren. Irulegi, beste bizpahiru kokagunerekin batera, Iruñerriko populazioa egituratzen zuten kokalekuetako bat izan zen, agian, erromatarrak iritsi eta Ponpaelo (gaur egungo Iruñea) sortu aurretik, K.a. 74 edo 75 urteetan.[12]
Herrixka hori K.a. I. mendean abandonatu zen Antzinako Erromako osteak iritsi zirenean. K.a. 82 inguruan Sertorioren gerraren eraginez hustu zen herria.[13] Inguruan aurkitutako material guztia kontuan izanda, biztanleek dena etxean utzita ihes egin behar izan zutela ondorioztatu dute.[14]
Ezaugarriak
Pieza brontzezkoa da, eta haren patinaren % 53 eztainua da, % 41 kobrea eta % 2 beruna, gauza ohikoa antzinako aleazioetan, Aranzadi Elkartekoen esanetan. Eskua 143 mm luze da, 1 mm lodi eta 128 mm zabal; 36 gramoko pisua du.[14]
Eskuineko esku baten itxura du, tamaina naturalekoa, gutxi gorabehera. Esku ahurraren eremua laua da, eta azazkalak markatuta dauzka, nahiz eta hiru hatzetakoak ez diren ondo kontserbatu: hatz nagikoa, hatz luzekoa eta erakuslekoa.
Hatzak behera begira ditu, goialdean 6,5 mm-ko diametroko zulo bat baitu, eskumuturrari dagokion inguruan. Zuloaren egoera aztertuta, pieza ez zegoela zintzilik jakin dute, euskarri bigun batean iltzatuta baizik, seguruenik, zurean. Zuloan egon zen iltzea edo dena delakoa burdinazkoa ez zela ondorioztatu dute eraberritzaileek, herdoil aztarnarik ez dagoelako.[9]
Testua
Idazkera sistema
Javier Velaza epigrafista eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak ikertu zuen testua, Joaquin Gorrotxategi EHUko hizkuntzalariarekin batera. Haren esanetan, «Irulegiko piezatik abiatuta, esan dezakegu baskoierazko berezko sistema grafiko bat bazegoela».
g/k | b | d/t | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
a | s | ś | ||||||
e | ŕ | ř | ||||||
i | l | r | ||||||
o | n | |||||||
u | ń? |
Idazkera baskonikoz idatzia dago, idazkera iberikoaren Iberiako ipar-ekialdeko aldaeraren antzekoa dena,[4] baina badu hizki bat baskoiek soilik beren hizkuntzaren soinuak jasotzeko egina bide zena, garaiko bi txanponetan agerturiko «T» itxurako bat; horregatik, euskal aldaera propio batez ari garela diote adituek, Javier Velazak adibidez. Grafema bakar horren berezitasunak idazkera propio bat definitzeko balio ote duen zalantza erakutsi dute batzuek, ordea, Ander Ros hizkuntzalariak esate baterako.[16]
Transkripzioa
Testua marraz idatzi zen, eta gero puntuz berridatzi zen marren gainetik. Bi idatzi hauen artean badira diferentzia batzuk. Marrekin egindakoa honela interpretatu da:[3]
|
sorioneke |
Transkripzio horretako oTiŕtan hitzeko «T» larriak ez du soinu jakinik adierazten: grafema ezezaguna da, eta idazkunean T larri baten forma duenez, horrela transkribatu da. T baskonikoa deitu izan zaio.
Bada beste grafema ezezagun bat, ř letrarekin transkribatu dena: bezalakoa da, baina marra horizontal bat du erdian. grafemaren aldaeratzat hartu izan da[15]. Erreprodukzio honetan bezala irudikatu da.
Joan Ferrer i Jané ikerlariak beste era batera interpretatzen du testua,[15] kontuan hartuz T grafema Can Rodoneko alfabetoan agertu zela:
|
sorioneke |
Puntuz emandako testua honela interpretatu da:[3]
|
sorioneku · |
Brontzearen garbiketaren ostean, Aiestaranek eta bere taldeak proposatu dute hasierako bigarren lerroko tenekebee beharrean kunekebee (edo kunekeře) irakurri beharko litzatekeela. Horrela, hasierako te- horrek zituen hainbat arazo baztertuko lirateke.[3]
Hizkuntza
Irulegiko Eskua baskoien lurretan aurkitu da eta horren hizkuntzari baskoniko izena eman zaio, nahiz eta hizkuntza bera ez dugun ongi ezagutzen.[4] K.a. lehen mendean baskoien inguruan bi hizkuntza lekukotu dira: zeltiberiera, batez ere Ebro ibaiaren hegoaldean, eta iberiera, batez ere Gállego ibaiaren ekialdean.
Zeltiberiera hizkuntza indoeuroparra da, eta horren deklinabidea ongi ezagutzen dugu, hala nola hitz asko eta aditzak. Hala ere, Eskuan ez da aurkitu zeltiberieraren trazarik.[17] Gainera, zeltiberierak r bakarra du, Irulegiko Eskuan bi edo hiru r desberdin ditugula.[4]
Iberiera ez da ongi ezagutzen, 2500 inskripzio aurkitu badira ere.[4] Kasu honetan letra multzoak konparatzea baino ezin da egin, eta bide honetatik Irulegiko Eskuarekin ez da lotura argirik aurkitu.[15]
Bi mende beranduago baskoien lurraldean beste testigantza batzuk aurkitu dira, kasu honetan jainko eta pertsona izenak latinezko testuetan: ummesahar, belteso, sesenco, eta abar. Antroponimo hauek euskararekin eta antzineko Akitaniako izenekin lotura dutela ematen du, eta horiei ere baskoniko izendapena eman zaie. Baina Irulegiko Eskuan ez da antroponimorik identifikatu.[3]
K.a lehen mendeko eta K.o. lehen mendeko hizkuntza baskonikoen artean loturarik ez da egin, testu gutxiegi baitago.[18] Dena den, euskararekin harremana izan dezakeela uste dute aditu batzuek: lehendabiziko hitza sorion euskarazko zori on hitzekin lotu da, eŕaukon formak zeraukon (=zion) aditza gogorarazten du, eta oTiŕtan hitzean euskal leku desinentzia -n ikusi izan da.[4] Beste aditu batzuek, aldiz, euskararekiko balizko harreman hauek ez dituzte onartzen.[17][18][19][20][21]
Adituen iritzia
Irulegiko Eskuko idazkuna lehenik aztertu zuten adituek nabarmendu zuten, alde batetik, aurkikuntzaren garrantzia, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik; bestetik, testua baskoien hizkuntzaz dagoelako ziurtasuna.
Lehen begiratu baikorrak
Joakin Gorrotxategi EHUko hizkuntzalariak azpimarratu zuen Irulegiko Eskuaren aurkikuntza eta indusketa berme osoz egin zirela, lurretik ateratzeko prozesua bideoz eta argazkiz grabaturik geratu zelako. Idazkunari dagokionez, Gorrotxategik nabarmendu zuen, lau lerro izanagatik ere, testu osoa dela, ez zatikia: «Lau lerro, bere hasierarekin eta bere bukaerarekin. Hori oso garrantzitsua da: idazkun osoa daukagu. Ez dugu topatu euskarriaren zati bat inskripzioaren zati batekin». Gainera, testuaren hizkiak argi irakur daitezke, haren ustez: «Hizki bat edo asko jota bi kenduta, irakurri egin daiteke, ondo identifikatzen dira hizkiak».[22]
Javier Velaza nafar epigrafistak azaldu zuenez, aurkikuntzak espero gabeko bide bat zabaldu zuen, idazkuna garaiko euskaraz idatzia dela zalantza gabekotzat jo baitzuen: «Ezusteko bat dago: lehen hitza sorioneku da, eta, testua transkribatzeko orduan, oso azkar eta garbi irakurri eta interpretatzen da euskaraz dagoela idatzia».[23]
Mattin Aiestaran arkeologoak uste osoa azaldu zuen Irulegiko aztarnategian ondare baliozko gehiago aurkituko zirela: «Zalantzarik ez dugu, horrela jarraituz gero, Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela».[24][25]
Ikuspegi zuhurrak
Aurkikuntzaren lehen uneetako baikortasunari uko egin gabe, tentuz aritzea gomendatu zuten Blanca Urgell eta Borja Ariztimuño hizkuntzalariek. Haien ustez, sorioneku lehen hitza zorioneko dela esateko behar adina froga ez dago oraindik: «Akitanierazko izenetan, ba omen dago sori, eta on ere bai. Gainera, baskoierazko pertsona izenetan, badago Onso eta badago Onse; beraz, bi zati horiek ontzat eman daitezke orain artean genekienarekin», argitu zuen Urgellek.[26]
Iritzi berberekoa da Asier Gabikagojeazkoa hizkuntzalaria. Sorioneku eta zorioneko lotzea zaila bada ere, <sori> eta <on> agertu izan dira lehenago onomastikan:[3] Sori, Soris eta Sorinus pertsona izenak (Gorrotxategik berak zori —«txori», «zorte»— hitzarekin lotzen ditu), Soriako Tierras Altas eskualdean aurkitutako hilarrietako Onso eta Onse pertsona izenak, bai eta <bon> osagai moduan hainbat izenetan (Bonbelex, Boncoxsi, Bonnexis, Bonnoris, Bonnoxus, Bonsilex, Bontar, Bonten, Bonxoni, Bonxorius, Bonxus, Cissonbonnis).[27]
Ariztimuñoren iritziz, sorion ulertzen da eta posible izan liteke, baina <eku> arazotsuagoa da, testu berean <ko> ere agertzen delako, eta zaila delako batetik bestera fonetikoki aldatzea, beste elementuak ere aldatu gabe. Gainera, <garri> eta <ese> ere badaudela diote, baina -garri eta ez (< *eze) izatea eztabaidagarria da, eta areago bigarren hori etxe interpretatzea.
Urgell eta Ariztimuño hizkuntzalariek bat egin zuten baina: esanahia interpretatzera iristeko, hitzak ongi banatzea ezinbestekoa dela diote, espero izatekoa baita testua hitz laburrez osatua izatea, Urgellen ustez. Horretarako, Irulegiko Eskuak idazkunaren hornigarri dituen marrak eta puntuak aintzat hartu behar direla dio Ariztimuñok,[26] eta banaketa horiek nolakoak ziren ondo aztertu, Gabikagojeazkoaren iritziz.[27]
Fontes Linguæ Vasconum aldizkariaren dosierra
Denborak aurrera egin ahala, proposamen zuhurrak[28] eta ez hain zuhurrak[29][30] argitaratu ziren. Guztien oinarrian Mattin Aiestaranek, Joakin Gorrotxategik eta Javier Velazak 2023ko abenduaren 27an Paleohispánica aldizkarian argitaratutako funtsezko txostena zegoen.[31]
2023ko abenduaren 28an, Fontes Linguæ Vasconum hizkuntzalaritza eta filologia aldizkarian bederatzi artikuluko sorta bat argitaratu zen, Irulegiko Eskuaren interpretazioaz, Joakin Gorrotxategi (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Ekaitz Santazilia (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) irakasleen ediziopean.[32] Aurkezpenean argitzen zutenez, dosier hori 2023ko otsailaren 24an EHUn egindako mintegi baten emaitza zen, bertan bildu baitzuten paleohispanista eta euskararen historiako aditu talde bat, Irulegiko Eskuaren sinbologia eta interpretazioa aztertzera.
Esan daiteke, oro har, adituek zalantza sakonak aurkeztu zituztela Irulegiko Eskuaren testuaren hizkuntza baskoierarekin edo euskararekin lotzeko eta, orobat, eskuaren esanahia argitzeko.
- Joakin Gorrotxategi (EHU) eta Javier Velaza (Universitat de Barcelona): eskua 2023ko udan garbitu ondoren esaldi esgrafiatuaren eta puntuz emandakoaren arteko irakurketa zalantzak uxatu zirela aitortu arren (bi bertsioetan, hirugarren lerroa «oTiřtaneseakaŕi» eta «oTiŕtan · eseakaŕi» dela baieztatu zuten), zalantzan jartzen zuten eskuaren asmoa abegi onekoa zenik. Aitzitik, gerra ikurtzat hartu behar da, haien iritziz, eskuin esku moztu bat garaipenaren ikur gisa ageri baita garai bereko eta hurbileko (Huesca, Teruel) testigantzetan. Testuaren interpretazioaz, testu oso bat dela zioten, baina ulertu ahal izateko elementu aski ez zuten ikusten.[33]
- Francisco Beltrán Lloris (Zaragozako Unibertsitatea): eskuin eskuaren sinbologia aztertzen zuen artikuluan, mundu zabaleko aztarnetan eta, batez ere, hurbileko hiru adibideetan oinarrituta (Puyalcaláko eskua, Alcubierre, Huesca; La Vispesako monumentua, Tamarite de Litera, Huesca; El Palaoko hilarria, Alcañiz, Teruel). Ondorio gisa, argudiatzen zuen gerra garaikur gisako esku moztu bat dela, eta ezaugarri horretara egokitu beharko litzatekeela testuaren interpretazioa.[34]
- Joan Ferrer i Jané (Grup Littera,Universitat de Barcelona): bat egiten zuelarik Gorrotxategik eta Velazak dossier berean egindako irakurketarekin (bereziki, lehen lerroa «sorioneke» izatea), zalantza edo arazo batzuk planteatzen zituen zenbait zeinuri buruz (dardarkari anizkunak, T grafia). Testuaren adskripzio linguistikoaz, agertutako lekuaren argudioan oinarrituta zentzuzkoena baskoierarekin lotzea izanik ere, arazo gordinak ikusten zituen aitzineuskararen bitartez (zer esanik ez, iberieraren bitartez) interpretatu ahal izateko.[15]
- Eduardo Orduña Aznar (Grup Littera,Universitat de Barcelona): ikur batzuen interpretazioa eztabaidatu ostean, baieztatzen zuen eskaintza edo dedikazio testu baten egitura duela, aitzineuskararen edo baskoieraren morfosintaxiarekin bateragarri izan daitekeena.[35]
- Iván Igartua (EHU): euskararen laguntzaz uler ez daitekeenez, bi aukera ikusten zituen: edo euskararekin nekez lotu daitekeen hizkuntza batean dago testua (iberieraz, agian), edo baskoieraz badago, ez zeukan antz handirik Koldo Mitxelenak berrosatutako aitzineuskararekin. Testuaren antolamendu sintaktikoaz hipotesi batzuk eginda, testuaren hizkuntza zein den jakitea ezinezkotzat jotzen zuen.[17]
- Eneko Zuloaga (EHU) eta Borja Ariztimuño (EHU): euskalaritzaren ikuspegitik aztertzen zuten testua, euskara historikotik edo aitzineuskaratik abiatuta. Zenbait osagai lexiko (besteak beste, hasierako «sorioneke») aztertu ondoren, ondorioztatzen zuten ezinezkoa dela testua argitzea, euskara historikoari eta aitzineuskarari buruz metatuta dagoen jakintzaren arabera.[18]
- Julen Manterola (EHU) eta Céline Mounole (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea): euskal interpretazioaren hipotesia aztertzen zuten, bereziki idazkuneko «sorion» segidaren eta euskarazko «zori on» esamoldearen lotura, «on» adjektiboa duten sintagma lexikalizatuen bilakaera fonetikoaren bidez. Ondorio argitzat jotzen zuten ezin dela baieztatu testua euskaraz edo haren ahaide batean idatzia denik.[19]
- Joseba A. Lakarra (EHU): euskararen historiako adituak zalantza gabe azaltzen zuen «sorioneku/ke» ez dela euskarazko «zorioneko»-ren baliokide, ezta «zorion»-ekin lotzeko ere. Oro har, Manuel Larramendiren eraginez ―XVII. mendean, beraz― lortu zuen «zorion»-ek Hegoaldeko euskara idatzian eta ahozko modernoan hedatzea. Gainera, izatekotan ere, «zorion»-en paradigma determinatukoa denez «zorioneko» (< * zorion-e-ha-n), euskararen historiaren arabera X. mendeaz gerokoa izan behar du.[20]
- Mikel Martínez-Areta (EHU): ikerlariaren arabera, ezin liteke euskal filiaziorik baieztatu testuaren ezein elementurentzat, hastapeneko «sorioneke» ere zalantzazkoa baita. Testua paleoeuskaraz idatzita egonda ere, ebidentzia historikoen arabera ez dago jarraitasunik baskoien lurraldean egiten ziren hizkuntzen eta euskara historikoaren artean.[21]
Antzeko objektuak
Arkeologian ohikoa denez, gertuko testuinguru geografiko eta kronologikoak antzeko piezak aipatu izan dira, antzekotasunak bilatzeko eta esanahi funtzionala edota kulturala erdiesteko helburuarekin. Oraingoz, ez da ikerketa burutu eta benetako antzekotasunak finkatzeke daude.
Beste esku batzuk
Paralelo hurbilena Alcubierreko Eskua da.[4] Huescako Alcubierre herrian, El Puy de Alcalá izeneko ilergeteen iberiar aztarnategian, esku formako berunezko objektu bat aurkitu zen, K. a. II. mendean kokatua; 162 mm altu da, 1020 mm zabal,[36] eta zuloa du, eskumuturra egon litekeen lekutik gertu, agian eskegitzeko egina. Ilergeteak baskoien mugakideak ziren. Huescako museoan erakusgai dago.
Esku bat moztuta agertzen da, hareharrian grabatua, eta beste gerla irudi batzuekin batera, Teruelgo El Palao de Alcañiz oppidum iberiar-erromatar estelan ("El Palaoko 1 zenbakidun estela"). Estela hori Alcañizeko Centro Iberos del Bajo Aragón (CIBA) interpretazio zentro-museoan ikus daiteke. Eskua beherantz irudikatuta dago.[37][38]
Azkenik, Huescako La Vispesa ilergeteen herrian, eskuak erliebean dituen estela kubikoa agertu zen. Esku guztiak eskuinak dira eta azkazalak ondo markatuta dituzte. Aurrekoan bezala, gerla-eszena batean ageri dira. Ignasi Garcés Estalloren iritzira, estela-zutabea buruz behera erakusten da Huescako museoan,[39] eta beraz, Irulegikoa bezala, eskuak hatzak beherantz dituztela irudikatu ziren jatorrian. Iberiarrek etsaiari eskuak eta burua mozten zizkioten, eta buruen kasuan, jakina da erakusgai jartzen zituztela. Uste da, iberiarren irudietan, etsaiari moztutako eskua irudikatzen zuela,[38] eta garaipena adierazteko erabili zirela.
Abegi oneko teserak
Irulegiko eskuak Erromatarren garaiko eta aurreko beste brontzezko objektu batzuk gogorarazten ditu, abegi oneko teserak, nahiz eta itxura eta funtzio aldetik oso desberdinak izan.[34] Tesera horiek hainbat formatakoak dira, eta normalean erditik zatituta daude. Esku gurutzatuen formakoak ere badaude.[40] Sarri, elkar ahokatzen zuten bi pieza egiten ziren, adibidez, Paredes de Navako (Gaztela) bi esku.[41] Abegi oneko teserak txikiagoak izaten dira, eta gehienetan, mukulu biribilekoak.[42]
Funtzioari dagokionez, objektu horiek bi hiri, tribu edo gizabanakoren arteko itun instituzionalak islatzen zituzten: abegikortasun teserak dokumentuak dira, elkarrekiko prestazio eta betebeharretan oinarrituak.
Aurkikuntzaren oihartzuna
Euskal Herriko hedabideetan
Naiz komunikabideaz streamingen bitartez zuzenean eman zuten horren berri.[43] Albistea berehala zabaldu zen Euskal Herriko egunkari eta hedabideetan, hala nola Berrian,[44][45] Argian,[46] EITBn,[47] Deian[48] eta Noticias de Navarran,[49] besteak beste.
Nazioarteko hedabideetan
Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak mundu zabaleko hedabide ugaritan izan zuen oihartzuna. Besteak beste, Frantziako France Bleu taldeak,[50] Portugalgo CNN kateak,[51] Espainiako EFE albiste agentziak,[52] Brasilgo Correio Braziliense egunkariak,[53] Time News webguneak[54] edo Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah24 albistegiak[55] jaso zuten aurkikuntzaren berri.
Zabalkunde nabaria izan zuen halaber The Guardian egunkariko artikulu batek egindako lehen albisteak: haren izenburuan aldaketa egon zen, izenburuan hasieran «antzinako artefaktu espainiarra» idatzi baitzuten,[56] baina ordu batzuen buruan aldatu, «brontzezko antzinako artefaktua», alegia.[57] The Smithsonian Magazine agerkariak[58] eta The Economistek ere jaso zuten albistea lehen egunetan,[59] biek euskararen antzinatasunari erreferentzia eginez.
Britainia Handiko HeritageDaily aldizkari digitalak Irulegiko Eskua 2022ko lehen hamar aurkikuntza arkeologikoen artean sartu zuen.[60]
Herri kulturan
Aurkikuntzaren berri eman eta oso egun gutxira, sorioneku hitza han-hemenka agertu zen, elastikoetan, jatekoetan eta apaingarrietan, besteak beste. Erabilera hori egiteko jabetza nori dagokion galdetu zuten askok, izan ere, marka erregistratzeko eskaerak pilatzen hasi ziren.[61] Kontu horrek liskar juridikoa sortu zuen eta azkenean, aurkikuntza ezagutarazi eta urtebetera, Patenteen eta Marken Espainiako Bulegoak arrazoia eman zion Nafarroako Gobernuak eginiko eskaerari, eta ebatzi zuen Irulegiko Eskua ezin izanen dela marka komertzial gisara erregistratu.[62] Hau da, aurkikuntzaren irudia eta izena libre erabili ahal izanen dira.
- Aurkikuntza jendaurrean ezagutarazi eta lau egunera, 2022ko azaroaren 18an, Bulego taldeak Irulegiko esku izenburuko kanta argitaratu zuen YouTube plataforman, Tomas Lizarazuk konposatu eta idatzia.[63]
- 2023ko apirilean, Denon Artean argitaletxeak Irulegiko eskua izenburuko haurrentzako ipuina karrikaratu zuen, Bakarne Atxukarrok eta Izazkun Zubialdek idatzia eta Asun Egurzak ilustratua.[64] Liburuak gaztelaniazko bertsioa ere badu.
Dibulgazioa
Aurkikuntzaren berri eman eta hilabete eta erdira, 2022ko abenduaren 29an hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak aukera eman zuen Irulegiko Eskua Iruñeko planetarioan edonork ikus zezan.[65] Pieza arkeologikoa 16:30etik 20:00etara ikusgai egon zen, eta ateak ireki baino anitzez ere lehenago ilara handia sortu zen eraikinaren inguruetan. Azkenean, sei mila pertsona inguruk baliatu zuten eskua gordetzen duen beira-arasatik zentimetro gutxira egoteko parada.[66]
Urte erdi geroago, 2023ko ekainaren 20an, Irulegiko udako indusketa kanpainaren aurkezpenean, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Arkeologia ataleko ordezkari Jesus Garcia Gazolazek jakinarazi zuen Irulegiko Eskua zaharberritzeko lanak bukatzear zirela eta pieza «laster» izanen dela Nafarroako Museoan ikusgai.[67]
Hori baino lehenago, apirilaren hasieran, Aranzadi zientzia elkarteak Irulegi izeneko liburua argitaratu zuen; Irulegiko Eskua, K. a. I. mendeko lekukotasun epigrafiko bat Aranguren ibarrean da liburuaren azpititulua, 112 orrialde ditu eta euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak ditu.[68]
Argazki galeria
- Irulegiko Eskua Iruñeko planetarioan, alde batetik ikusia.
- Jende ilara Iruñeko planetarioaren aurreko plazan, Irulegiko Eskua ikusteko zain.
- Irulegiko Eskua Iruñeko planetarioan, aurrez aurre ikusia.
Oharrak
- Gorriz Irulegiko Eskuan dokumentatu ez diren zeinuak (Ferrer i Jané, 2023).
- Antzinatean, lusitaniarren, iberiarren eta beste herri batzuen artean, etsaiaren eskua moztea eta publikoki erakustea ohikoa izan zen testu iturri klasikoen arabera. Ikus: Marco Simón, Francisco; Baldellou Martínez, Vicente. «El monumento ibérico de Binéfar (Huesca)». Pyrenae, 1976, 12 Zk., 91-115 or. + I-II.
Erreferentziak
- «Euskaltzaindiaren Arauak - 191.- Araua: Artelanen izenak. Historiaurreko eta Antzinaroko artelanen izenak. (Onomastika).» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
- (Gaztelaniaz) Aiestaran, Mattin; González, Daniel Ruiz; Sesma, Jesús Sesma; Gazólaz, Jesús García; Alustiza, José Antonio Mujika; Avilés, Eneko Iriarte; Mauleon, Juantxo Agirre. (2021). «Trabajos arqueológicos en el yacimiento de Irulegi (Valle de Aranguren) 2021» Trabajos de arqueología Navarra (33): 103–111. ISSN 0211-5174. (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- (Gaztelaniaz) Aiestaran, M; Gorrochategui, J; Velaza, J. (2023). «La inscripción vascónica de Irulegi (Valle de Aranguren, Navarra)» Palaeohispanica 23: 267-293. doi: . ISSN 1578-5386..
- (Ingelesez) Aiestaran, M; Velaza, J; Gorrochategui, J. (2024). «A Vasconic inscription on a bronze hand: writing and rituality in the Iron Age Irulegi settlement in the Ebro Valley» Antiquity 98(397): 66-84. doi: ..
- «Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozesua hasi du Nafarroako Gobernuak - Nafarroa» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-09-04).
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-11-14). «La Mano de Irulegi será expuesta en el Museo de Nafarroa desde el segundo semestre de 2024» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-11-16).
- «Leire Malkorrak aurkitu du hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena | berria TB ataleko azken bideoak» www.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
- Imaz, Andoni. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K. a. I mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrenaren aurkikuntza (azpitituluekin). (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- Gorraiz, Uxue Rey. ««Zalantzarik ez dugu Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Gaztelaniaz) «Aranzadi presenta un «importante hallazgo arqueológico» recuperado en Irulegi» naiz: 2022-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- cc-by-sa-3.0 lizentziapean: «Irulegi mendian K.a. I. mendeko brontzezko esku bat aurkitu dute, eta orain arte ezagutzen den euskarazko inskripziorik zaharrena du» Nafarroa.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- «"Irulegiko eskua komunitate barnetik datorren ahots bat da"» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- Aranguren, Andoni Imaz-. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- (Gaztelaniaz) Ferrer i Jané, Joan. (2023). «La inscripción vascónica de la mano de Irulegi desde la perspectiva ibérica» Fontes Linguae Vasconum (136): 515–538. doi: . ISSN 2530-5832..
- Ros, Ander. «Irulegiko Eskuaren poz-tristurak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Gaztelaniaz) Igartua, Iván. (2023-12-28). «Un enigma envuelto en un misterio: la interpretación lingüística de la mano de Irulegi» Fontes Linguae Vasconum (136): 551–563. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Zuloaga, Eneko; Ariztimuño, Borja. (2023-12-28). «Sobre la lengua de la mano de Irulegi: apuntes y conjeturas» Fontes Linguae Vasconum (136): 565–581. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Ingelesez) Manterola, Julen; Mounole, Céline. (2023-12-28). «An assessment of the Basque Interpretation Hypothesis on the inscription contained in the hand of Irulegi» Fontes Linguae Vasconum (136): 583–595. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Lakarra, Joseba A.. (2023-12-28). «Zorioneko y zorion: lo que nos dice de ellos la historia de la lengua vasca» Fontes Linguae Vasconum (136): 597–615. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Martínez-Areta, Mikel. (2023-12-28). «¿Es la lengua de la mano de Irulegi la antecesora directa del euskera histórico?» Fontes Linguae Vasconum (136): 617–637. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- Imaz, Andoni. ««Ematen du hizkuntza asko aldatu dela, eta ematen du ez dela batere aldatu»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- «Ia sinetsita geunden euskaldunak analfabetoak zirela Antzinaroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- Gorraiz, Uxue Rey. ««Zalantzarik ez dugu Irulegin emaitza gehiago ere izanen dela»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
- «'Irulegiko eskua komunitate barnetik datorren ahots bat da'» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
- Imaz, Andoni. «'Sorionaren' osteko lokatzetan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
- «Irulegiko Eskuaren garrantziaz eta zalantzaz -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
- «La mano de Irulegi: reflexiones desde la paleohispanística y la vascología [Dosier»] Fontes Linguae Vasconum 136: 485-637..
- Bizkaiko Filologo Taldea (Bizkaiko euskal filologo taldea hauek osatzen omen dute: Joseba Butroe, Jokin De Pedro, Juan Manuel Etxebarria, Alberto Mardones eta Pilare Baraiazarra). «Irulegiko Eskuko testuaz (I): aurkikuntzak eta posibilitateak -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-01).
- Bizkaiko Filologo Taldea (Bizkaiko euskal filologo taldea hauek osatzen omen dute: Joseba Butroe, Jokin De Pedro, Juan Manuel Etxebarria, Alberto Mardones eta Pilare Baraiazarra). «Irulegiko Eskuko testuaz (II): aurkikuntzak eta posibilitateak -» Alea.eus (Noiz kontsultatua: 2022-12-14).
- (Gaztelaniaz) Aiestaran De la Sotilla, Mattin; Gorrochategui, Joaquín; Velaza Frías, Javier. «La inscripción vascónica de Irulegi (Valle de Aranguren, Navarra)» Paleohispánica (Institución «Fernando el Católico») 23: 267-293. doi: . ISSN 1578-5386..
- (Gaztelaniaz) Gorrochategui (ed.), Joaquín; Santazilia (ed.), Ekaitz. (2023-12-28). «La mano de Irulegi: reflexiones desde la paleohispanística y la vascología [Dosier»] Fontes Linguae Vasconum (136): 485–637. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Gorrochategui, Joaquín; Velaza, Javier. (2023-12-28). «La mano de Irulegi: edición y comentarios epigráficos y lingüísticos» Fontes Linguae Vasconum (136): 491–502. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Lloris, Francisco Beltrán. (2023-12-28). «Una mano cortada» Fontes Linguae Vasconum (136): 503–514. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Aznar, Eduardo Orduña. (2023-12-28). «Observaciones sobre la inscripción de la mano de bronce de Irulegi» Fontes Linguae Vasconum (136): 539–549. doi: . ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
- (Gaztelaniaz) Red digital de museos.. Ministerio de Cultura y Deporte..
- (Gaztelaniaz) .
- (Gaztelaniaz) Marco Simón, Francisco. (1976). «Nuevas estelas ibéricas de Alcañiz (Teruel)» Pyrenae 12: 73-90+I-IV..
- (Gaztelaniaz) Garcés Estallo, Ignasi. (2007). «Nuevas interpretaciones sobre el monumento ibérico de La Vispesa (Tamarite de Litera, Huesca)» Cæsaraugusta 78: 337-354. ISSN 0007-9502..
- «Tesauros - Diccionarios del patrimonio cultural de España - Tesera de hospitalidad» tesauros.mecd.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-22).
- (Gaztelaniaz) León, Junta de Castilla y. «Pieza del Mes: "Tésera de hospitalidad"» MUSEO DE PALENCIA (Noiz kontsultatua: 2023-04-22).
- «Mundo Romano : Ref. 117 Tessera Hospitalis de Paredes de Nava (Palencia)» www.broncesromanos.com (Noiz kontsultatua: 2023-04-22).
- (Gaztelaniaz) «Así hemos retransmitido la presentación de la Mano de Irulegi» naiz: 2022-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- Aranguren, Andoni Imaz-. «Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrena aurkitu dute Nafarroan, K.a. I. mendekoa: 'sorioneku'» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- Urgell, Blanca. «Irulegiko trolak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
- Narbarte Hernandez, Josu. «Euskara, brontzean idatzia» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-11-16).
- «Baskoien hizkuntzan idatzitako testu zaharrena aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa: "Sorioneku"» EITB 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- (Gaztelaniaz) Eulate, Josu Álvarez De. (2022-11-14). «Mano de Irulegi: hallan el texto más antiguo en lengua vascónica, precursora del euskera» Deia (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- (Gaztelaniaz) Eulate, Josu Álvarez De. (2022-11-14). «La Mano de Irulegi: descubierto el texto más antiguo en 'euskera'» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-11-14).
- (Frantsesez) «Une ville oubliée et le plus vieux texte en langue basque découverts en Navarre» ici, par France Bleu et France 3 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Portugesez) «Descoberto no norte de Espanha texto mais velho em ‘basco antigo’ conhecido até agora» CNN Portugal (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Gaztelaniaz) Ruiperez, Javier Rodrigo. (2022-11-14). «La Mano de Irulegui, el texto más antiguo en lengua vascónica» EFE Noticias (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Portugesez) France-Presse', 'Agence. (0320-11-14). «Texto basco mais antigo já conhecido é encontrado em Navarra; confira» Mundo (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Ingelesez) «They discover “the oldest written testimony in the Basque language” in a bronze from the 1st century BC found in Navarra» Time News 2022-11-14 (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Ingelesez) «Oldest known text in ancient Basque discovered in Spain» www.sharjah24.ae (Noiz kontsultatua: 2022-11-15).
- (Ingelesez) «Hand of Irulegi: ancient Spanish artefact...» Twitter (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Ingelesez) «Hand of Irulegi: ancient bronze artefact could help trace origins of Basque language» the Guardian 2022-11-15 (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Ingelesez) Magazine, Smithsonian; Kuta, Sarah. «This 2,000-Year-Old Inscription Changes Our Understanding of the Basque Language» Smithsonian Magazine (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Ingelesez) «Written Basque may be 1,000 years older than anyone thought» The Economist ISSN 0013-0613. (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).
- (Ingelesez) Milligan, Markus. (2022-12-08). «Top 10 Archaeological Discoveries of 2022» HeritageDaily - Archaeology News (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
- «Nori dagokio Irulegiko eskua eta "sorioneku" hitza erabiltzeko eta ustiatzeko eskubidea?» EITB 2022-11-20 (Noiz kontsultatua: 2022-11-21).
- Gorraiz, Uxue Rey. (2023-11-14). «Irulegiko Eskua ezinen da marka komertzial gisara erregistratu» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
- «Bulegok 'Irulegiko eskua'-ri eskainitako abestia, entzungai -» Maxixatzen.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-28).
- (Gaztelaniaz) «La mano de Irulegi en la versión infantil de Bakarne Atxukarro» EITB 2023-05-17 (Noiz kontsultatua: 2023-06-29).
- Gorraiz, Uxue Rey. «Irulegiko Eskua ikusgai izanen da ostegunean Iruñeko Planetarioan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
- (Gaztelaniaz) Aduriz, Pablo. (2022-12-29). «Las colas para ver la Mano de Irulegi desbordan las previsiones: más de 6.000 personas en una tarde» Diario de Noticias de Navarra (Noiz kontsultatua: 2022-12-29).
- Gorraiz, Uxue Rey. (2023-06-20). «Irulegiko aztarnategian inoiz egin den indusketa kanpainarik luzeena abiatu du Aranzadik» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-06-20).
- (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-03-22). «Aranzadi condensa en un libro el hito de la Mano de Irulegi y organiza visitas al yacimiento» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-09-11).