Iruña kafetegia (Bilbo)

Iruña Kafetegia (gaztelaniaz Café Iruña) Bizkaiko Bilbo hiriburuko Berastegi eta Kolon Larreategi kaleen arteko elkargunean dagoen kafetegi bat da.

Artikulu hau Bilboko kafetegiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Iruña Kafetegia».
Iruña Kafetegia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Bilboko Iruña Kafetegiaren barnealdea eta barra.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°16′N 2°56′W
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1903
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea279
Webgune ofiziala

    Historia

    Ledesma kaletik hurbil dauden Albia lorategietan dago, eta aipatutako Berastegi eta Kolon Larreategi kaleetatik sarbide bikoitza du. 1903ko uztailaren 7an Severo Unzue Donamaria nafar sustatzaileak ireki zuen.

    300 metro karratuko oinplanoaren banaketa deigarria da, hau bere lauza, mudejar estiloko apaingarri, sapail polikromatu eta oraintxuki zaharberritutako hormairudien kalitateaz nabarmentzen diren hainbat eremutan banaturik dago.[1]

    Joaquín Rucoba arkitektoak apaindu zuen, hain zuzen ere, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoa apaindu zuen berberak.

    Iruña Kafetegia politika, gizarte eta kultura gertakizun eta jarduera ugariren lekuko izan da, bai eta hainbat euskal herritar olerkari, idazle eta politikari ospetsuen topagunea ere, tartean Pio Baroja, Miguel de Unamuno eta Indalecio Prieto.

    Urtero, Iruñeko Sanfermin bezperako eguerdiko 12etan nafar hiriburuan bezalaxe txupinazoa jaurtitzen da, ospakizun honetara Bilboko alkateak bertaratu ohi direlarik.[2]

    Ezaugarriak

    Igeltsulan neo-arabiarrak
    Azulejozko jatorrizko publizitatea.

    Eraikina Luis Landetxo arkitektoak egina da, 1892ko proiektu batean oinarrituta. Etxea honela eratuta dago: behe-solairua, garaiuera handikoa eta bao handiz irekia; lehenengo solairua, solairuarte modura erabilia, eta haren gainean fatxadaren zati nagusia, zeinak bigarren eta hirugarren solairuak batzen baititu; bigarren solairuari printzipalaren tratamendua eman zaio, eta duen balkoi luzera irekitzen dira bao guztiak. Bigarren eta hirugarren solairuen artean pilastra handi batzuk jarri dira. Laugarren solairuak, zeinak jatorrian eraikinari errematea ematen baitzion, balkoi luze batera zabaltzen ditu baoak eta bao horien gainean triangelu formako frontoi txiki batzuk ditu burualdean, eta balkoiaren hegaldiaren oinarriko dentikuluekin batera, horiek dira fatxaden dekorazioari egindako emakida bakarrak. Eugenio Aginaga arkitektoak eraikina gorantz zabaltzeko proiektu bat egin zuen 1965ean, eta bi solairu berri gehitu zizkion. Gorantz zabaltzea dagoeneko zegoen fatxada luzatzeko proposatu zen eta eraikinaren gainerako lengoaia historizistara egokitzen da. Fatxadak kantoi ebaki baten inguruan artikulatzen dira; solairuetan aldizkatzen diren bao sinple batzuek eta balkoi indibidualek okupatzen dute kantoi ebakia. Nabarmentzekoa da balkoietako balaustraden forja-lana. Etxe horrek etxebizitza handiak zituen, barruko bi patioren inguruan artikulatzen zirenak, eta bi igogailu ditu. 2012an, eraikinaren eremu osoa bulego bihurtzeko proiektua gauzatu zen.

    Eraikin horren etxabetako batean, iparraldera ematen duenean, kokatuta dago gaur egun Café Iruña. Luis Lertxundi dekoradorearen obra da, eta 1921ean zabaldu zituen ateak. 1982an, zaharberritu egin zen.

    Café Iruñaren kanpoaldeko diseinuak beheko solairuko baoak nabarmentzen ditu, non kristalezko leiho-zabal handiak ezarri baitira, gillotina-arotzeria minimoekin eginak. Barrualdean, erdiko barra batek bi eremu desberdin antolatzen ditu: ezkerretara, taberna, eta, eskuinera, kafetegia, ate batez bereiziak.

    Tabernan, amerikar erako barra batek hartzen du leku gehiena. Barrak diseinu eklektikoa dauka. Hormak zeramikaz dekoratuta daude, zeinek garai hartako edarien ikonoak biltzen baitituzte. Dekorazio zeramikoak agerian jartzen du eragin modernista, lore-motiboak erabiltzen baititu. Eskuinaldeko horman, barraren gainean, pintura batzuk daude, tabernako eszena herrikoiak erreproduzitzen dituztenak. Zoruko lauza hidraulikoa ez da jatorrizkoa, 1987an berriztatu zen. Tabernaren eta kafetegiaren artean, barraren gainean, bi eremuetara ematen duen agertoki bat dago. Bi arku angrelatuk artikulatzen dute haren ahokadura eta iztuku urreztatuz eta polikromatuz dekoratuta dago. Haren barandaren arotzeria-lana azpimarratu behar da, aire exotiko zamarra emateko ariketa eklektikoa.

    Kafetegira sartzeko atea birakari erakoa da eta diseinu zaindua du. Kafetegia estilo neoarabiarrekoa da. Honako hauek dira erabili diren baliabide arabiartzaileak: igeltsulanak eszenografia arkitektonikoa sortzeko, eta azulejoak hormak altuera erdiraino estaltzeko. Bi hormarte ditu, non arku angrelatuzko arkutegiak jarri baitira. Dituen urre-koloreko polikromia eta gehiegizko ornamentazioagatik bereizten da margotutako iztukozko igeltsu-plakaz egindako artifizio hau. Giropen exotikoa bestelako baliabide batzuk erabiliz osatu zen: beirateak; ispiluak, zabaltasun handiagoaren sentsazioa emateko; diseinu eklektikoko altzariak, ekialdetartze-puntu bat dutenak; azulejo neoarabiarrezko frisoa, hormei azken ukitua emateko; Bizkaiko eta Nafarroako armarriak, barra markoztatzen duten arku angrelatuen pean ezarrita, eta Granadako Alhambrari buruzko hiru pintura-panel, Luis Lertxundik eginak.

    Era berean, kafetegiak bi jangela bereizi, azulejo geometrikoak, eskaiolazko dekorazioak, igeltsulanak eta kalitatezko iztuku neoarabiarrak ditu. Bigarren jangelak Art Déco estiloko beiratea dauka, erronboide-motiboak dituena.

    Sariak

    Orain arte bi sari garrantzitsu jaso ditu:

    • Monumento singular en 1980ean Monumentu Singularra izendatua izan zen.
    • Londres hirian Roy Ackerman-en zuzendaritzapean argitaratu ohi den "Café Crème Guide to the Cafés of Europe" aldizkariak 2000ko Espainiako Kafetegi Onenaren Sari Berezia eman zion.

    Iruditegia

    Ikus gainera

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Bilbo
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.