Irlandako kolonizazioa
Irlandako kolonizazioa (irlanderaz Plandálacha na hÉireann eta ingelesez Plantations of Ireland) XVI. mendean eta XVII. mendean Ingalaterrako Erresumak burututako Irlandaren kolonizazioa izan zen. Hiberniar-normandiarrek gaeldar klanen lurraldeak okupatu eta bereganatu zituzten, nagusiki Munster eta Ulster probintziak.
Kolonizazio prozesua Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren erregealdian hasi, Maria I.a Ingalaterrakoa eta Elisabet I.a Ingalaterrakoaren erregealditan zehar mantendu, Jakue I.a Ingalaterrakoa eta VI.a Eskoziakoa eta Karlos I.a Ingalaterrakoa eta Eskoziakoaren erregealditan bizkortu, eta Oliver Cromwellek amaitu zuen.
XVI. mendeko kolonizazioak kolonia txikia ezartzeko joera zuen. Ondorengo koloniazazioetan irlandar lurjabeen lursail handien desjabetze handiak burutu ziren, horrek Ingalaterra, Eskozia eta Galestik kolono kopuru handia erakarri zuen.
1650ean Oliver Cromwellen zuzendaritzapean azken kolonizazio handia gauzatu zen, haren eskutik Irlandan milaka eta milaka gerlari parlamentarista ezarri ziren. Kolonizazio hauetaz gain, XVIII. mendean Erresuma Batua eta Europatik Irlandara zihoan inmigrazio bat ere ezarri zen.
Kolonizazio honek orduko nahiz gaur egungo irlandar demografia eta gizartean eragin handi eta sakona izan zuen, izaera britainiar eta protestantea zuten komunitate handiak sortu baitziren. Komunitate hauek uhartean gehiengoa ziren jatorrizko irlandar katolikoen interesen aurka azaldu ziren. Bestalde, irlandar ekonomian ere eragina izan zuen, ordurarte herrialdean oso zabalduak ez zeuden jabetza, merkataritza eta kreditu kontzeptuak ere hedatu zituelako. Aldaketa guzti hauek Irlandan klase sozial berri baten agerpena eragin zuten, alegia, lurjabe protestanteena.