Irlandako Errepublikako historia
Irlandako Errepublikako historia 1922an hasi zen, Irlandako 26 konterrik Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batutik at geratzean. Geratzen ziren 6 konterriek Erresuma Batuaren barruan jarraitu zuten, Ipar Irlanda izenpean. Irlandako Zatiketa hau aurreko konstituzio-garapen konplexuek eragin zuten.
- Artikulu hau Irlandako Errepublikaren historiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irlandako historia».
Aurrekari gertuena 1916ko Aste Santuko Matxinada izan zen. Orduan, irlandar boluntarioek eta Irlandako Hiritarren Armadak Dublingo eta Galwayko hainbat toki hartu zuten, Irlandako Errepublikaren Aldarrikapenean adierazten zen bezala. Aldarrikapen horren 7 sinatzaileak, beste 9rekin batera, exekutatu egin zituzten britaniarrek, Irlandako Independentziako Gerrari hasiera emanez.
Irlandak Londresko Komunen Ganberan zituen 106ko parlamentaritik 73 Sinn Féineko kideak ziren 1918ko hauteskunde orokorren ostean. Londresen bere tokia hartzeari muzin eginda, Dáil Éireann izeneko parlamentu irlandarra eratzeari ekin zioten. Parlamentu honek 1919ko urtarrilean Irlandako Errepublika aldarrikatu zuen. Aldarrikapen hau 1916koaren berdintsua izan zen, Irlanda Erresuma Batuko zatia ez zela gehituta. Irlandako Errepublika berri honek, ordea, ez zuen nazioarteko onespenik jaso, SESBena izan ezik.
Independentziako Gerra mingotsaren ondoren, Britainiar gobernuko eta Irlandako parlamentuko ordezkariek Anglo-Irlandar Ituna sinatu zuten Londresen 1921ko abenduan. Itun horren azpian, britainiarrek Irlandako Estatuaren independentzia onartu zuten (Irlandako Estatu Askea), beti ere Erresuma Batuaren mendean.
Dáil Éireann parlamentuak gutxigatik onartu zuen tratatua. Hala ere, bi alderdietan itunarekiko erabateko adostasunik ez zegoen. Britainiarrek nahi zuten baino kontzesio gehiago ematen zitzaizkien irlandarrei, baina ez ziren aski errepublikarren nahiak asetzeko. Dena den, hegoaldeko 26 konterriek Irlandako Estatu Askea osatu zuten, britainiar erregea zuen (1927tik Irlandako erregea titulupean) monarkia parlamentarioa.
Irlandako Gerra Zibila estatu honen sorreraren ondorioa izan zen. Éamon de Valera buru zuten itunaren aurkako indarrek adierazten zuten britainiar erregeari fideltasun zin egin behar zaiola, eta 1919ko Irlandar Errepublikaren Aldarrikapenaren kontrakoa zela. Michael Collins buru zuten itunaren aldekoek adierazten zuten itunak, nahiz eta nazio guztiek lortu nahi duten askatasun osoa ez eman, hori eskuratzeko askatasuna ematen zuela.
Britainiarrek lagunduta, itunaren aldekoek aise irabazi zuten gerra. 1937ko abenduaren 29an Irlandako Konstituzioa indarrean jarri zen. Irlanda zen estatuaren izen berria, nahiz eta errepublika, oraindik, era ofizialean ez izan. Izan ere, estatuburu ofiziala erregeak jarraitzen zuen izaten.
Bigarren Mundu Gerran neutral izan ondoren, 1948ko abenduaren 21ean errepublika bihurtu zen, erregeak zituen eskuduntzak Errepublikako Presidenteari pasatuz. Nazio Batuen Erakundean 1955ean sartu zen, eta Europar Batasunean 1973an.
Irlandar gobernuak uharteko batasuna era baketsuan bilatu du. Izan ere, Ipar Irlandako Gatazkan Londresko gobernuarekin kooperatu du bortizkeria amai zedin. Ostiral Santuko Hitzarmena 1998an onartu zen, mugaren iparraldean zein hegoaldean egin ziren bi erreferendumetan.
Datak
- 1801eko urtarrilaren 1ean Batasuneko Ituna indarrean sartu zen. Itun honek Irlandako Erresuma ezabatu eta Britainia Handiko eta Irlandako Erresuma Batua sortarazi zuen. Garai hartan Irlandako agintariak Londresko gobernuak izendatzen zituen zuzenean.
- 1845-1849 bitartean Irlandako Gosete Handia izan zen, gehienbat patataren uzta oso txarra izan zelako. Horregatik, irlandar askok erbestera jo behar izan zuten, AEBetara, Britainia Handira edo Australiara, besteak beste. Tragedia honek neurri batean irlandar nazionalismoa berpiztu zuen.
- 1914an nolabaiteko autonomia lortu zen Home Rule delakoari esker. Honek unionistak indartu zituen, bereziki Ulsterren. Britainia Handiak Home Rule hegoaldeko 26 konderrietan aplikatu zuen, geroago Ipar Irlanda izango zena aparte utzita.
- 1916ko Aste Santuan Irlandako abertzaleak Britainia Handiaren aurka altxatu ziren Dublin eta Galwayn. Irlandar Errepublika (Irish Republic) aldarrikatu zuten. Britainia Handiak errepresio gogorra egin zuen altxatuen aurka.
- 1917ko urriaren 25ean Eamon De Varela presidente aukeratu zuten.
- 1918ko hauteskundeetan Sinn Feinek garaipen argia lortu zuen.
- 1919ko urtarrilaren 21ean Irlandako hautetsiak (Britainia Handiko Komunen Ganberarako hautetsiak) Dublinen elkartu ziren Irlandako Parlamentua (Dáil Éireann) osatuz. Honek Irlandar Errepublika aldarrikatu zuen aldebakarrez, baina ez zen nazioartean onartua izan (Leninek gidatutako SESBak bakarrik onartu zuen). Aldarrikapen honek Irlandako Independentzia Gerra sortu zuen.
- 1921eko urriaren 11n Britainia Handiaren eta Irlandako ordezkarien arteko elkarrizketak hasi ziren Londresen.
- 1921eko abenduaren 6an Irlandako ordezkariek Itun anglo-irlandarra izenpetu zuten Londresen. Itun honen bidez Irlandako Estatu Askea(Saorstát Éireann) sortu zen, Britainia Handiko koroaren menpe, baina bestelako gaietan guztiz autonomo izango zen estatua. Protestanteak nagusi ziren iparraldeko 6 konderriak Britainia Handiaren menpe jarraitu zuten.
- 1922ko ekainaren 16an Irlandako Estatu Askeko lehen hauteskundeak egin ziren. Ordurako Sinn Fein bi zatitan banatuta zegoen, batzuk Itunaren alde eta besteak kontra. Hauteskundeetako emaitzek Estatu Askeko herritarrak Itunaren alde zeudela erakutsi zuten, bere aldeko alderdiek garaipen garrantzitsua lortu zuten eta.
- 1922ko ekainaren 18an Eamon de Valerak uko egin zion gobernuan jarraitzeari, Itunaren erabat aurka zegoen eta. Arthur Griffith bihurtu zen behin-behineko gobernuburu.
- 1922ko ekainaren 28an Irlandako Gerra Zibila hasi zen, Itunaren aldekoen eta aurkakoen artean. Dublin eta hiri garrantzitsuenak Estatu Askeko tropek kontrolatzen zituzten, baina hegoaldeko Munster konderrian itunaren aurkakoek Munsterreko Errepublika aldarrikatu zuten.
- 1922ko abuztuaren 22an Irlandako Armadaren komandante buru zen Michael Collins hil zuten segada batean Corkeko konderriko Béal na mBláth herrixkan.
- 1922ko abenduaren 6an Irlandako Estatu Askeko konstituzioa indarrean sartu zen.
- 1923ko maiatzaren 24an Estatu Askeko tropak garaipena lortu zuten. Itunaren aurkakoak porrota jasan behar izan zuten; gainera, galtzaileetako asko heriotzara zigortu zituzten.
- 1926ko martxoaren 23an Itunaren aurka zeudenek Fianna Fail alderdia sortu zuten. Eamon de Valera zen bertako buru.
- 1927ko abuztuaren 27an egindako hauteskundeetan Cumann na nGaedheal alderdiak (Ituna eta Estatu Askea babesten zituenak) garaipen argia lortu zuen.
- 1932ko martxoaren 9an Fianna Failek hauteskundeak irabazi eta Eamon de Valera izendatu zuten gobernuburu. Honek Irlandako Estatu Askearen eta Britainia Handiaren arteko harremanak moteldu nahi izan zituen.
- 1933ko irailaren 3an Cumann na nGaedhael eta beste alderdi batzuek Fine Gael alderdia sortu zuten. Tradizioz Itunaren aldeko zirenak sartu ziren bertan.
- 1937ko abenduaren 29an konstituzio berri bat onartu zen. Konstituzio honen arabera, Irlandako Estatu Askearen ordez Irlanda deituriko estatua jaio zen. Irlandako Presidentea kargua sortu zen arren, ez zen ofizialki errepublika izendatu.
- II. Mundu Gerran neutral mantendu zen.
- 1949ko apirilaren 18an Irlandako Errepublika deskripzioa hartu zuen. John A. Costello Taoiseach-ak (Fine Gael alderdikoa) proposatutako lege aldaketa baten bidez, Errepublika ezarri zen eta Erresuma Batuko monarkak zituen botere guztiak galdu zituen. Erabaki horren ondorioz, Britainia Handiko kolonia ohiek osatutako Commonwealth erakundetik atera zen eta estatu guztiz independente bihurtu zen.
- 1950 inguruan Gaeltacht lurralde gaelikoaren mugak finkatu zituzten.
- 1955ean Nazio Batuen Erakundeko kide bihurtu zen.
- 1960ko ekainaren 1ean Radio Telefís Éireann (RTÉ) irrati-telebista talde elebiduna sortu zuten.
- 1973an Europako Ekonomi Erkidegoan sartu zen.
- 1976ko irailaren 25ean U2 musika talde arrakastatsua izango zena Dublinen sortu zuten.
- 1985eko azaroaren 15ean, Erresuma Batuko eta Irlandako gobernuek Akordio Anglo-Irlandarra izenpetu zuten.
- 1989an aurreko hamarkadetako egoera ekonomiko txarra gainditu asmoz, Fianna Fáil-Demokrata Progresistak koalizio gobernuak eraldaketa ekonomiko sendoa abiarazi zuen, oposizioko Fine Gael eta Alderdi Laboristaren babesarekin. Besteak beste, zergak jaitsi, ongizate estatua erreformatu eta konpetentzia handitzea lortu nahi zuten. Ondorengo urteetan gobernu desberdinek (Fianna Fáil-Laboristak, Fine Gael-Laboristak-Ezker Demokratikoa edota Fianna Fáil-Demokrata Progresistak koalizioek) bide beretik jarraitu zuten.
- 1990eko abenduaren 3an Mary Robinson hautatu zuten presidente, kargu horretako lehen emakumezkoa.
- 1998ko maiatzaren 23an Ostiral Santuko Akordioari buruzko erreferenduma egin zen, bai Irlandako Errepublikan eta baita Ipar Irlandan ere. Irlandako Errepublikan %56ko parte hartzearekin %94ak babestu zuen Akordioa.
- 2001eko ekainaren 7an egindako hiru erreferendumetan, heriotza zigorra guztiz ezabatu zen, Nazioarteko Zigor Auzitegia onartu zen eta Nizako Ituna berretsi zen.
- 2005ean bere per capita Barne Produktu Gordina munduko bigarren altuena izatera iritsi zen (Suitzaren atzetik).
- 2008ko ekainaren 12an egindako erreferendumean, Lisboako Itunari uko egin zioten.
- 2011ko otsailaren 25eko hauteskundeetan, historian lehen aldiz, Fine Gael alderdiak lortu zituen boto gehien. Fianna Fáil hirugarren postuan gelditu zen, Alderdi Laboristaren atzetik. Ondorioz, Enda Kenny izendatu zuten lehen ministro (Taoiseach), FG-Lab gobernuarekin.