Irati

Iratiko oihana Euskal Herriko basorik handiena da, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena (Alemaniako Oihan Beltza baizik ez da handiagoa).[1] Guztira 17.000 bat hektarea ditu,[1] Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaian. Pirinioetako bi aldeetara dago Iratiko oihana, Orhiko gainetik Orbaizetako lurretaraino, Aezkoako mendebaldean. Pago eta izeiez gainera, ugari dira pinuak eta arteak. Hango zuhaitz espezie batzuk otsalizarra, astigarra, sahatsa, ezkia eta zumar hostozabala dira; eta, zuhaixken artean, ezpela, hurritza, gorostia, elorri zuria, ipurua eta basarana. Baso gaztea da, orain dela 12.000 urte sortua.

Artikulu hau oihanari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irati (argipena)».
Karpatoetako eta Europako beste eskualdeetako pagadi primarioak1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Iratiko oihana, Lizardoia

MotaNaturala
Irizpideak ix
Erreferentzia 1133
Kokalekua Euskal Herria
Eskualdea2Europa/Ipar Amerika
Koordenatuak 42°59′59.06″N 1°6′51.43″W
Izen ematea2017 (? bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena
Iratiko oiana mapa topografikoa

Mitologiari dagokionez, basoa Euskal Herriko elezahar eta mitoen gune garrantzitsua da, batez ere Basajaunen bizilekuetako bat.

Iratiko oihanaren eremu bat, Lizardoia izenekoa, Aztaparretarekin batera, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2017an[2], Europako beste pagadi batzuekin batera.

Fauna

Iratiko oihana.
Iratiko oihana
Iratiko oihanaren ikuspegia, zuhaitzen gainetik.

Oreinak dira oihanean bizi diren animaliarik handienak. Badira basurdeak, orkatzak, basakatuak, erbinudeak, azeriak eta azkonarrak ere, besteak beste.

Geografia

Ibaiak

Euskal Herriko ibai garrantzitsuak sortzen dira Irati inguruko mendietan. Atlantiko aldera jotzen dute Errobi ibaiak (Ezterenzubiko mendietan sortua) eta Ezterengibel (Ezterenzubiko herrian biltzen zaio Errobiri) eta Lauribar (Donibane Garazin husten du ura Errobi ibaian) ibaiek. Mediterraneo aldera jotzen du Irati ibaiak.

Irati ibaia Urtxuria eta Urbeltza ibaiek bat egin ondoren jaiotzen da. Urrio ibaiaren urak hartu eta Irabiako urtegian sartzen da. Ondoren Aezkoan sartu, Orbaizeta, Orbara, Aribe eta Orotz-Betelutik igaro, Artozkin Usozko urtegia sortu eta Agoitzen Urrobiren urak eta Aosen Errorenak hartzen ditu. Ondoren Zaraitzu ibaiaren urak hartzen ditu eta Aragoira isurtzen da. Guztira 80 km luze da.

Inguruko mendiak

Erlojuaren orratzen norabideari jarraituz, Orbaizeta herritik hartuta, hauexek dira oihanaren inguruan dauden tontorrak:

Inguruko herriak

Iparraldean, mendebaldetik ekialdera, Eiheralarre, Ezterenzubi eta Lekunberri udalerriak ditugu, Nafarroa Beherekoak. Hegoaldean, norabide berean, Orbaizeta eta Otsagabia herri nafarrak ditugu.

Naturagune babestuak

Lizardoiako natura eremu integrala

Sakontzeko, irakurri: «Lizardoia»

Zabaleta edo La Cuestión mendian, Iratiko etxeak eta Irabiako uharkaren artean dago kokatuta, 64 hektareako azalera du pago eta izeiekin. Horren barnean, 20 hektareatan ukitu gabeko basoa dago, 40 metroko altuera duten zuhaitzekin. 2017an, Europako beste pagadi batzuekin batera, UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat izendatu zuen.[2]

Mendilatzeko naturagune babestua

Mendilatzen, Iratiko oihanaren Aezkoako aldean, 119 hektarea dauka kareharrizko eremuan, euri tasa altuarekin eta pago handien basoarekin, beste espezie batzuekin batera.

Tristuibartea edo Ariztibarrenako naturagune babestua

Pettuberro mendian, Hiriberrin, 55 hektarearekin. Haritzak daude beheko aldeetan eta pagoak goikoetan.

Historia

Iratiko lurretako aberastasunen erabilerak gatazka ugari sorrarazi du historian zehar. XVI. mendean hasi ziren Frantziako eta Espainiako koroen arteko eztabaidak Iratiko mugak zehazterakoan.

XVIII. mendean, Frantziako eta Espainiako errege borboitarrek baso hustuketa neurrigabe bati ekin zioten, itsasontzietarako zur eske, eta garrantzi berezia hartu zuen Iratiko oihanak (masta ederrak eskaintzen zituzten, besteak beste, Iratiko izei tantai luzeek). XVIII. mendearen bukaeran, Karlos III.a Espainiako erregeak Orbaizetako burdinolan armaola handi bat egiteko asmoa agertu zuen, eta Aezkoako mendien ustiapena berarentzat izatea lortu zuen, bertakoei egin zien zerga arintze baten truke. 7.593 ha ziren, pagoz eta izeiez estaliak gehienbat. Garrantzi handia izan zuen XIX. mendean Orbaizetako Armaolak.

1856. urtean zehaztu zituzten Frantziako eta Espainiako estatuek Iratiko mugak. Bestalde, berrehun urteren ondoren berreskuratu ditu Aezkoako ibarrak bere mendiak (1982). Gaurko egunean, arriskuan jartzen dute Iratiko oihana alde bateko eta besteko gehiegizko zuhaitz mozteek.

Kablegintza Iratin

Jean Morettiren aita eta osaba italiarrak izan ziren egur kableak Euskal Herrira lehen aldiz ekarri zituztenak. Bixente Eskisabel (1899-1955) ataundarra beste aitzindari bat izan zen mendi inguruetan egurra eta beste lehengai batzuk garraiatzeko kableen sistemen instalakuntzan, besteak beste Irati aldean. Historiako lehenengoa zonalde honetan 1934an ezarri zuten Hiriberrin, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian. Besteak beste Martxate-Berrendi-Azpilingua, Mendilatz-Etxalastoa, Txangoamendi-Etxesakeseko Erreka-Txangoa, Txangoamendi-Nabalako Bidea, Egurgio-Mozoloartea, Kakollako Erreka-Gibelea eta Mozoloak-Iribiatxikia egur kableak eraiki zituzten Aezkoa aldean.

Mendibetik (Nafarroa Beherea) Iratiko oihaneraino zihoan 18 kilometroko kable azpiegitura airetik.

Ponte izena

Azken urteotan, Aneren ondoren Irati da Euskal Herrian gehien erabilitako emakumezko izena. Horrela deituta, pertsona ezagunak dira gaur egun Irati Jimenez eta Irati Elorrieta idazleak, Irati Anda eskalatzailea eta Irati Zubizarreta mendi lasterkaria eta Irati Sarasua kazetaria, besteak beste.

Kirola

Eskia

GR 11 ibilbidea

Pirinioetako hegoaldeko isurialdea aldenik zeharkatzen duen GR 11 ibilbidea bertatik igarotzen da. Hiru etapa hartzen dute barne ibilbideak zonalde honetan:

  • Otsagabia - Iratiko etxeak (4 ordu)
  • Iratiko etxeak - Orbaitzetako Ola (4 ordu 10 min)
  • Orbaitzetako Ola - Auritz (5 ordu).

Irudiak

Ikus, gainera

Erreferentziak

  1. «Iratiko Oihana» Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2018-02-01).
  2. Tubia, Iker. (2017-09-13). «Bi tanta baso zabalean» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.