Irakite-entalpia
Irakite-entalpia, (ikurra: ), irakite-bero eta lurruntze-bero gisa ere ezagutzen dena, substantzia baten kantitate jakin bat gas bihurtzeko behar den energia da. Substantziaren irakite-puntu normalean neurtzen da, nahiz eta sarritan balioak 298 K-eko tenperaturarekiko zuzenduta ematen diren. Zuzenketa hau txikia izan ohi da, neurtutako balioaren ziurgabetasuna baino txikiagoa askotan. Neurketa-unitate erabiliena kJ/mol da, baina badaude beste unitate batzuk ere, hala nola kJ/kg, kcal/mol, etab.
Kondentsazio-entalpia (kondentsazio-bero ere deitzen zaio) aurrekoaren berdina ba, baina aurkako ikurrarekin: irakitean entalpia-aldaketa positiboa da beti, eta kondentsazioan negatiboa da beti (substantziak beroa igortzen du).
Likido batek (edo solido batek, sublimazioa gertatzen denean) molekula arteko elkarrekintzak gainditzeko behar den energiatzat har daiteke irakite-entalpia. Helioak, esaterako, irakite-entalpia baxua dauka, 0.0845 kJ/mol-ekoa, helio-atomoen arteko Van der Waalsen indarrak oso ahulak baitira. Bestalde, ur likidoa osatzen duten molekulak oso sendoak diren hidrogeno-lotura bidez lotuta daude eta, beraz, beren irakite-entalpia, 40.8 kJ/mol, aski altua da. Dena den, kontuz aritu behar da irakite-entalpia molekulen arteko loturen indarra neurtzeko erabili nahi bada, indar hauek hein batean iraun egiten baitute gas egoeran (esaterako, hidrogeno fluoruroaren kasuan) eta orduan kalkulatutako lotura-indarra benetakoa baino txikiagoa izango baita. Metalek batez ere, gas egoeran lotura kobalentedun molekulak eratzen dituzte; kasu horietan, atomizazio-entalpia erabili behar izaten da loturaren energiaren balioa neurtzeko.
Badago fenomeno hau ikusteko beste modu bat, kondentsazio-entalpiaren bitartez. Gas bat likido fasera kondentsatzen denean gertatzen den entropia-jaitsiera konpentsatzeko, gas horrek ingurura bota behar duen berotzat har daiteke kondentsazio-entalpia. Irakite-puntuan likidoa eta gasa oreka kimikoan daudenez, (Tb), ΔvG = 0, honek zera dakar:
Ez entropia ez entalpia ez direnez tenperaturarekin askorik aldatzen, balio estandarrak, goian ez bezala, tenperaturaren araberako zuzenketarik egin gabe erabiltzen dira. Aldiz, presioa 100 kPa-koa ez bada, zuzenketa bat egin behar da, gas baten entropia bere presioarekiko proportzionala baita. Likidoen entropia gutxi aldatzen da presioarekin; beraz, alde horretatik ez da zuzenketarik behar.
Zenbait substantziaren balioak
Irakite-entalpiaren arabera ordenatutako zenbait substantzia:
Konposatua | Irakite-entalpia (kJ/mol-1) | Irakite-entalpia (kJ/kg-1) |
Amoniakoa | 23,35 | |
Butanoa | 21,0 | 362 |
Etanola | 38,6 | 841 |
Metanoa | 8,19 | 510 |
Metanola | 37,4 | 1.100 |
Propanoa | 15,7 | 356 |
Ura | 40,65 | 2.260 |