Iqbal Masih
Iqbal Masih (urduz: اقبال مسیح) (Muridke, Pakistan, 1982 – Lahore, Pakistan, 1995eko apirilak 16) ume langilea, sindikalista eta aktibista izan zen. Pakistango tapiz lantegietako haur esklaboen askatasunaren ikur bihurtu zen.
Iqbal Masih | |
---|---|
(1992) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Muridke (en) , 1983 |
Herrialdea | Pakistan |
Heriotza | Muridke Tehsil (en) , 1995eko apirilaren 16a (11/12 urte) |
Heriotza modua | erailketa |
Jarduerak | |
Jarduerak | giza eskubideen aldeko ekintzailea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Bizitza
Iqbal Masih 1982an jaio zen. Lau urte zituela, aitak hamabi dolarren truke saldu ondoren (familiak arrebaren ezkontzako zorrak kitatzeko behar zuen diru hori), oso egoera txarreko lanean hasi zen.
Iqbal egunero ia hamabi orduz ehungailu batera kateaturik lan egitera behartu zuten. Egunean errupia bateko soldata zuen, egungo euroaren hiru zentimo, alegia. Askotan saiatu zen zuzendariarengandik ihes egiten, eta harrapatzen zutenean berak “hilobia” deitzen zuen putzu beltz batera jaurtitzen zuten, zigortzeko.
1992ko egun batean, fabrika-espetxetik ihes egitea erabaki zuen, eta Ume Langileen Askatasunerako Frontearen manifestazio batean parte hartu zuen beste ume batzuekin batera. Askatasunaren Eguna ospatzeko antolatutako manifestazio horretan, Iqbal bere kabuz hasi zen bere istorioa eta alfonbra fabrikako beste umeek jasaten zuten sufrimendua kontatzen.
Sindikatuko abokatuek haurren esplotaziotik askatzen lagundu zioten, eta Eshan Ullah Khan-ek, BLLFko idazkariak (Iqbal lurpeko zulo batean sartuta aurkitu eta fabrikako zuzendaria atxilotzea lortu ondoren) ikastera eta haurren eskubideen alde lan egitera bultzatu zuen.
Haurren eskubideen aldeko lana
1993tik aurrera, Iqbal bere herrialdeko haurrek jasaten duten eskubide faltari buruzko mintzaldiak ematen hasi zen hainbat herrialdetan: alde batetik, iritzi publikoa sentsibilizatzeko, eta bestetik, munduko esklabotzari eta haurren nazioarteko eskubideei buruzko eztabaida irekitzeko. 1994ko abenduan, Reebok zapata markak 15.000 dolarreko saria eman zion, eta diru horrekin Iqbalek bere herrialdean eskola bat finantzatu zuen.
Stockholmeko mintzaldi batean zera baieztatu zuen: “Haur batek ez luke inoiz lan tresnarik hartu beharko. Haur batek erabili beharko lituzkeen lan tresna bakarrak bolalumak eta arkatzak dira”.
Estatu Batuetako ipar-ekialdeko Walthamgo Brandeis Unibertsitateko diru laguntza jaso zuen, baina uko egin zion: Pakistanen geratzea erabaki zuen, hango haurrak laguntzen jarraitzeko eta bere esperientziatik zerbait baliagarria ateratzeko. Beraz, alfonbragileen mehatxuak jasotzen segitu zuen, haientzat arriskutsua zelako.
1995eko urtarrilean, Lahoren, haurren esklabotzaren aurkako hitzaldi batean parte hartu zuen. Hari esker, ia hiru mila esklabo infernu hartatik atera ziren: nazioarteko presioari esker, Pakistango gobernuak hainbat alfonbra-fabrika itxi zituen.
Lan gogorraren eta elikadura faltaren ondorioz, Iqbal ez zen modu egokian hazi: hamar urterekin zahar aurpegia eta eskuak hondatuta zituen, txikitatiko etengabeko lanarengatik, eta sei urteko ume baten pisua eta luzera zituen.
Hilketa
1995eko apirilaren 16an, Pazkoko egun batean, amonaren etxetik gertuko hondartza batean kometarekin jolasten ari zenean hil zuten, Chapa Kana aldean (Lahoretik gertu), hamabi urte zituela. Hiltzaileen kontrako epaiketak ez zituen hilketaren xehetasunak guztiz argitu, baina garbi geratu zen bertako “alfonbra mafia”ko sikario batek hil zuela.
Pakistango poliziak, segur aski mafiarekin elkar hartuta, zera idatzi zuen bere txostenean: “nekazari baten eta Iqbalen arteko liskarraren ondorioa izan da hilketa”.
Oinordetza
Iqbalek hasi zuen lana ez da galdu bere heriotzarekin; izan ere, Craig Kielburgerrek, bere anaia Marc Kielburgerren laguntzarekin, bere bizitza lan horri eskaintzea erabaki zuen; eta, horrela, 1995ean Free the Children izeneko elkartea sortu zuen.
Filmografia
Iqbalen heriotzak mundu osoan izan zuen oihartzun handia. Italian, 1998an, Cinzia Torrini zine zuzendariak Iqbal izeneko filma egin zuen, Marokon eta Sri Lankan filmatua.
Bibliografia
Francesco D'Adamok, 2002an, Iqbalen bizitzan oinarritutako eleberri bat idatzi zuen: Storia di Iqbal. Liburua, Lurdes Auzmendik itzulita, Aizkorri argitaletxeak argitaratu zuen euskaraz 2001ean.