Jose Maria Iparragirre
Jose Maria Iparragirre Balerdi (Urretxu, Gipuzkoa, 1820ko abuztuaren 12a – Itsaso, Gipuzkoa, 1881eko apirilaren 6a) olerkaria, euskal abeslari eta musikagilea izan zen, "nazio olerkigile"tzat hartua. Hark sortuak dira, besteak beste, Gernikako Arbola eta Agur Euskalerria kantuak. Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanak berritzaileak eta sakonak izan ez baziren ere, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan, Polonian Adam Mickiewiczek eta Italian Alessandro Manzonik izandakoaren antzekoa.
Jose Maria Iparragirre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Urretxu, 1820ko abuztuaren 12a |
Herrialdea | Euskal Herria |
Heriotza | Ezkio-Itsaso, 1881eko apirilaren 6a (60 urte) |
Heriotza modua | : pneumonia |
Familia | |
Aita | Jose Agustin Iparragirre |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania frantsesa italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria, musikaria eta idazlea |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Lehen Karlistaldia |
Haren bizitzako 60 urtean izan zituen Euskal Herriak bere historiako eraldaketa garrantzitsuenetariko batzuk. Eraldaketa horiek Erregimen Zaharraren krisialdiarekin hasten dira, gero krisi horren ondorioz karlistaldiak etorri ziren, eta Iparragirreren bizitzaren hondarrean Euskal Herriko industrializazioa izan zen. Arteari dagokionez, Erromantizismoaren arrakasta garaian bizi izan zen Iparragirre, eta horrek haren estiloan eragin nabarmena izango zuen, gizabanakoaren errealizazio pertsonalerako eta askatasun kolektiborako sentimendua eta irrika indartuta. Hori islatuta ageri da Jose Maria Iparragirreren jarduera guztietan, hala nola haren olerki eta abestietan. Bertsolaritza zaharrean Euskal Herriko Erromantizismo artistikoaren pertsonaiarik nabarmenena da, eta haren Gernikako Arbola ereserkia euskaldunen nortasun ikur bilakatu da.[1]
Bizitza
Urretxuko (Gipuzkoa) antzinako kale nagusiko Altzola etxean jaio zen, Bere gurasoak Jose Agustin Iparragirre Aranburu eta Francisca Manuela Balerdi Eskorta ziren. 1820. urtean. Aita, gozoki denda baten jabea zen. Zerainen maisu ziharduen osaba batekin egin zituen lehen ikasketak. Hamaika urterekin Gasteiza bidali zuten gurasoek ikastera, baina laster itzuli zen. Hamahiru urte zituela gurasoak Madrila aldatu ziren, baina berehala, 1833. urtean, Lehen Karlistaldia piztu zen, eta ihesi gurasoei ezer esan gabe osabaren etxera joan zen.
1834. urtean karlisten gudari talde batean sartu zen, Gipuzkoako lehen batailoian, 1839 arte. 1835eko uztailean, zauriturik atera zen Jose Maria nerabea Mendigorriko Guduan. Berriz zauritu zuten 1836ko apirilean Castejongo Guduan, zubiaren defentsan. Karlos erregenahiaren guardiako kide izan zen, eta erbesteko bidea hartu zuen harekin batera 1839ko irailean, Endarlatsatik.[2] Frantzian jauntxo baten babesa izan zuen, eta Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantua ikasten, horretarako zituen berezko dohainak jorratzen. 1848an, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzen giro nahasian jendaurrean Marseillesa abestu zuela eta.
Frantzia, Italia, Suitza eta Alemanian barrena ibili ondoren, Londresen azaldu zen 1851n, abeslari. Mazarredo jeneralak abesten entzun zion, eta zigorrik gabe sorterrira itzultzea proposatu. Bilbora iritsi eta Madrila joan zen. Hantxe abestu zuen lehen aldiz, 1853. urtean, San Luis kafetegian, Juan Maria Blas Altuna piano-jotzailea lagun, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola.
Euskal Herrira itzulita, 1855ean preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. Tolosako justizia jauregiko kartzelan Jose Maria Iparragirre kantariak bere ama gogoan zuen, "Nere amak baleki" izeneko zortziko hunkigarria osatu zuen.[3] Tolosako Topic Zentroan (Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa) Iparragirreren txotxongiloa topatzerik dago, Enkarni Genuak opari.[4] Euskal Herritik erbesteratu eta Espainian zehar ibili zen. Euskal Herrira itzuli eta Angela Kerexeta neska gaztea ezagutu zuen. Argentinara alde egitea eta han berarekin ezkontzea proposatu zion Iparragirrek.
Hartara, 1858ko abuztuaren 29an, Baionatik itsasontziz abiatu ziren Argentinara. Han ezkonduko ziren 1859ko otsailaren 26an, Iparragirrek 36 urte eta Angela Kerexetak 17 urte zituztela. Argentinan eta Uruguain artzain ibili zen 19 urtez, Euskal Herria beti gogoan. Azkenik, hango adiskide batzuek egindako diru ekarpenei eta haren omenez antolatutako kontzertu bati esker, Euskal Herrira itzuli ahal izan zen 1877. urtean.
Sorterrian berriro, eskean ibili arren, inoren laguntzarik gabe herriz herri kantatzen atera zuen bizimodua. Itsasoko (Gipuzkoa) baserri batean aurkitu zuen aterpe, harik eta 1881. urtean euripean lo egin ondoren pneumoniaz hil zen arte. Angelarekin zortzi seme-alaba izan zituen: Benigno, Frantziska, Angela, Luzia, Juan, Felisa eta Dominga.
Abestiak
Zerrenda
Iparragirreren bertso edo abestien zerrenda ikusgai
- Agur Euskal Herria ("Gazte gaztetandikan" bezala ere ezaguna)
- Ameriketatik Urretxuko semeei
- Errukarria
- Ezkongaietan
- Francisco Esquivel jaunari
- Gernikako arbola (Gernikako Arbolaren omenez)
- Glu, glu, glu!
- Gora Euskera
- Hara nun diran
- Kantari euskalduna
- Nere amak baleki edo Zibilak esan naute[5](Tolosako Justizia-jauregian preso zela idatzia).[5]
- Nere etorrera
- Nere izarra
- Nere ongile maiteari
- Trapu zaharrak
- Ume eder bat edo Nere maitearentzat[6]
- Zugana Manuela[7]
Erreferentziak
- «Jose Maria Iparragirre» euskonews&media topictolosa.
- Uranga, Amagoia Gurrutxaga. «Gidoia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-16).
- «Patrimonio. Euskal Herria Plaza» tolosaldea.eus.
- «Txotxongilo berria Topic Museoan, 2018ko maiatzaren 30an» topictolosa.
- «Zibilak esan naute - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- «Ume eder bat - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- «Zugana Manuela - Wikiteka» eu.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
Ikus, gainera
- Iparragirre abila dela, Xenpelar bertsolariaren bertsoak.
- Jose Maria Iparragirre Patxi Andion'en era
Kanpo estekak
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak: Jose Maria Iparragirre |
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Jose Maria Iparragirre |
- Iparragirreren lanak Klasikoen Gordailua webgunean.
- Ainhoa Arozamena Ayala: «Jose Maria Iparraguirre Balerdi», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
- (Gaztelaniaz) Artikulu luzea "Eusko News" webgunean
- Gandiagaren bertsoak Iparragirreri
- Joseba Aurkenerena: Anjela Kerexeta, Ameriketan betiko gelditu zena.