Ipar Lappi
Ipar Lappi (finlandieraz, Pohjois-Lappi; ipar samieraz, Davvi-Lappi) Finlandia iparraldeko Lappi eskualdeko azpieskualdea da. Hiru udalerrik osatzen dute, Inari, Sodankylä eta Utsjoki udalerriek, eta, guztira, 16.440 biztanle dauzka[2]. Ipar Lappi herrialde osoko azalera handiena duen azpieskualdea da -35.121,03 km²-, eta Lappiko azaleraren %35 eta Finlandiaren %10,3 hartzen du beregan[1]. Lurraldearen %55 babestutako eremuek osatzen dute[3][4], besteak beste, Kevoko Natura Erreserba Hertsiak, eta Lemmenjokiko eta Urho Kekkonen parke nazionalek. Bestalde, Ipar Lappi samien berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta gaur egun iparlappiarren %20 inguru dira samiak. Azpieskualdea osatzen duten hiru udalerriek, Enontekiörekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuten 1973. urtean samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz[5].
Ipar Lappi | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Davvi-Lappi guovlugielda Pohjois-Lapin seutukunta | |
Herrialdea Eskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea | |
Udalerri-kopurua | 3 udalerri (kunta) | |
Lurralde historikoak | Laponia | |
Azalera - Ur-azalera |
35.121,03 km²[1] 3.227,06 km² (%9,19)[1] | |
Biztanleria Dentsitatea |
16.440 (2020)[2] 0,46 bizt/km² | |
Hizkuntza ofizialak | Finlandiera, Inariko samiera1, ipar samiera eta skolt samiera1 | |
1 Koofizialak Inari udalerrian bakarrik. |
Biztanle gehien dituzten herriguneak Sodankyläko elizatea, Ivalo eta Inari dira, baita azken urteotan turismoari esker asko hazi diren Inariko Törmänen eta Saariselkä herriak ere[6][7]. Hain zuzen ere, turismoa da Ipar Lappiren motore ekonomiko nagusia, elur-orein zaintzarekin, mugako salerosketekin, basogintzarekin eta meatzaritzarekin batera. Etorkizunean sortzeko asmoa den Artikoko korridorea da azpieskualdearen egitasmo ekonomiko handiena[8].
Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira XVII. mendeko Sodankyläko eliza zaharra -zutik dirauen Lappiko egurrezko eraikin zaharrena-[9], Pielpajärviko baseliza, Sajos Samien Kultura Etxea, sami etniaren kultura eta historiari buruzko museo garrantzitsuena den Siida[10], Utsjokiko elizaren ingurunea eta babestutako natura eremuen sarea.
Ingurunea
Ipar Lappi Finlandia iparraldeko Lappi eskualdearen ipar-ekialdeko muturrean dago; hain zuzen, Utsjokiko Njuorggán edo Nuorgam herria Europar Batasunean iparralderen dagoen herria da. Azpieskualdeak Errusiarekin eta Norvegiarekin egiten du muga ekialdean eta ipar-mendebaldean hurrenez hurren. Bizilagunak zehazki Mendebaldeko eta Ekialdeko Finnmark norvegiar azpieskualdeak, Kola eta Petxenga errusiar raionak, eta mendebaldeko Tunturi Lappi, hegoaldeko Rovaniemi, eta hego-ekialdeko Ekialdeko Lappi finlandiar azpieskualdeak dira. Guztira, 35.121,03 km²-ko azalera du eta, horregatik, hiru udalerri baino ez dituen arren, herrialde osoko azalera handiena duen azpieskualdea da[1]. Lurralde zabal honetan hainbat eremu bereizten dira. Lautada zabaletan klima azpiartikoa eta taiga edo baso boreala nagusitzen dira, eta zuhaizti ohikoenak izeidiak, sahastiak, haltzadiak, urkidiak eta pinudiak dira[11]. Hegoaldeko eta ekialdeko eremu menditsuetan, aldiz, klima polar bihurtzen da eta zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie ez-ohikoak bizi diren inguru zingiratsuak eta zohikaztegiak, herrialde osoko ugaritsuenak.
Azpieskualdea zirkulu polar artikoaren gainean dago, 40-500 bat km iparraldera lekuaren arabera[12][13]; horrenbestez, gauerdiko eguzki eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Alde batetik, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna Ipar Lappiko zeruaren jabe izaten da maiatzetik uztailaren bukaerara arte; esaterako, Sodankyläko elizatean gertakariak 47 egun irauten du[14], Ivalo herrian 62[15], eta Ohcejohkako edo Utsjokiko elizatean, azkenik, 71 egun (maiatzaren 18an hasi eta uztailaren 28an amaitzen da)[16]. Bestetik, gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia abenduan eta urtarrilean izaten da; Utsjokin 51 egun irauten du[17], Ivalon 39[18], eta Sodankyläko elizatean, aldiz, 5 egun (abenduaren 19tik 25era arte)[19]. Ipar argiak, azkenik, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[20]. Aurora borealak aztertzeko Ouluko Unibertsitatearen esku dagoen Sodankyläko Behatoki Geofisikoa sortu zen 1914an[21].
Klimari dagokionez, azpiartikoa da gailentzen dena eta, ondorioz, tenperaturak leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Orokorrean, elurrak azpieskualdeko lurzorua estaltzen du urri amaiera eta maiatza bitartean, gutxi gorabehera 175 egunez[22]; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Eremu menditsuetan, bestalde, klima polarra nagusitzen da, eta horrekin batera, zero azpiko tenperaturak. Samiek antzinetik erabiltzen duten egutegiaren arabera, Ipar Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua)[23][24]. Azkenik, aipatzekoa da azpieskualdean klima aztertzen duen gune garrantzitsua dagoela, Turkuko Unibertsitateak 1956. urtean ireki zuen Kevo Ikerketa Azpiartikoko Institutua[25].
Geavvu / Kevo | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima azpiartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | -0,1 | 1 | 1 | 7,7 | 20,6 | 21,4 | 33,4 | 31,5 | 23,2 | 12,7 | 5,2 | 2,9 | - | |
Batez besteko maximoa ºC | -8,9 | -10,5 | -6,5 | 2,8 | 13,3 | 13,2 | 25,2 | 16 | 11,8 | 2,2 | 0,8 | -4,1 | 4,7 | |
Batez bestekoa ºC | -14,6 | -15,6 | -13 | -1,3 | 7,2 | 9,5 | 18,1 | 11,5 | 7,3 | -1,2 | -2,1 | -9,4 | -0,2 | |
Batez besteko minimoa ºC | -21,1 | -21,7 | -20,9 | -6,8 | 0,3 | 5,3 | 10,9 | 7 | 2,8 | -5,3 | -5,8 | -14,2 | -5,8 | |
Minimoa ºC | -33 | -34,8 | -33,8 | -20,7 | -10,1 | 0,8 | 5,2 | -0,3 | -5,5 | -14,9 | -13,7 | -25,6 | - | |
Prezipitazio-egunak | 29 | 27 | 27 | 23 | 18 | 23 | 11 | 23 | 19 | 20 | 28 | 27 | 275 | |
Soađegilli / Sodankylä | ||||||||||||||
Klima azpiartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 0 | -1,1 | 2 | 13,3 | 25,6 | 22,5 | 32,1 | 31,2 | 20,8 | 12,5 | 5,7 | 3 | - | |
Batez besteko maximoa ºC | -6,7 | -9,2 | -4,3 | 5 | 16,5 | 15,4 | 26,4 | 18,5 | 12,5 | 3 | 1,4 | -4,7 | 6,3 | |
Batez bestekoa ºC | -11,7 | -14,9 | -10,4 | 0,2 | 10,2 | 11 | 20 | 13,6 | 8 | -0,4 | -0,6 | -8,4 | 1,5 | |
Batez besteko minimoa ºC | -17,3 | -21,3 | -18,5 | -5,3 | 2,7 | 5,9 | 12,1 | 8,4 | 3,1 | -4,6 | -3,1 | -13,6 | -4,3 | |
Minimoa ºC | -34,9 | -33,2 | -31,4 | -20,9 | -4,7 | 1,7 | 2,5 | 2,3 | -7 | -14,1 | -12,1 | -30,2 | - | |
Prezipitazio-egunak | 31 | 28 | 27 | 19 | 14 | 20 | 10 | 25 | 19 | 16 | 19 | 29 | 256 |
Ipar Lappi lurraldea ez da oso eremu menditsua; mendi gehienak Sodankylären ipar- eta hego-ekialdean daude. Hain zuzen, azpieskualdeko sabaia eta Finlandiako bosgarren goragune altuena Sokosti mendia da, 718 metrora iristen dena eta Urho Kekkonen Parke Nazionalaren bihotzean dagoena. Udalerri horretako beste mendi garrantzitsu batzuk, Sokosti goraguneko Ukselmapää gainaz aparte, 700-600 metro bitartean dauden Vuomapää, Kuikkapää, Reututunturi eta Hirvaspää, eta hegoaldeko 514 metroko Luosto eski mendia dira. Utsjokin, aldiz, 600 metro goitiko hiru tontor daude: 619 metroko Kaimioaivi, samientzat sakratua den 620 m-ko Ailigas, eta Ipar Lappiko bigarren eta Finlandiako hamaikagarren goragune altuena den Guivi edo Kuivi mendia, 640 metro neurtzen duena. Azkenik, Inariko sabaia Morgam-Viibus edo Viipustunturi muendiaren tontorra da, 599 metrora iristen dena; Inariko beste mendi garrantzitsu batzuk, 500-600 metro bitartean dauden Peäldoaivi eta Hammastunturi, eta Saariselkä eski estazioa osatzen duten Kaunispää eta Iisakkipää dira[28].
Ipar Lappiren erdialdetik hasi eta ipar-ekialderaino zabaltzen da eskualdeko aintzira gehien dauden eremua. Hala, ur gezaz estalitako azalera ehuneko altuena duen Lappiko azpieskualdea da, %9,18 (3.227,06 km²)[1]. Ipar Lappin, guztira, 10.329 aintzira daude; besteak beste, nabarmentzekoak dira aintzira handienen artean dauden Mutusjärvi, Norvegiarekin muga egiten duen Buolbmátjávri edo Pulmankijärvi, Nitsijärvi, Iijärvi, Paatari, Pautujärvi eta Rahajärvi. Dena den, ehuneko altuaren eragile nagusia Finlandia osoko hirugarren aintzira handiena den eta Inari udalerriari izena ematen dion Inarijärvi edo Inari aintzira da, bere azalera 1.084 km²-koa baita[29]; gainera, herri gehienen arteko lotura egiten duen pasabidea ere bada, udalerriaren bihotza. Inariko samien kulturan eta sinesmenean ere garrantzi handiko lekua da, eta hiru mila uharte baino gehiago ditu, zenbait gizakien aspaldiko bizitoki izandakoak.
Hegoaldean, bestetik, tamaina ertaineko hainbat aintzira daude; dena den, handienak Sodankylären iparraldean dauden Lokkako eta Porttipahtako urtegiak dira, herrialde osoko zabalenak direnak. Aintzira artifizialek, hurrenez hurren, 315,4 km² eta 148,6 km²-ko azalera dute eta 1960ko hamarkadan sortu ziren Luiro eta Kitinen ibaietako urak bilduz[30]. Ibai horien emaria kontrolatu ondoren, arroan hainbat zentral hidroelektriko eraiki zituzten, gaur egun eskualdea argindarrez hornitzen jarraitzen dutenak. Eskualdea Lappiko ibai garrantzitsuena den eta 550 km-ko luzera duen Kemi ibaiaren sorlekua da[31]. Hala ere, oro har, Inarijärvira isurtzen dituzte urak iparraldeko ibaiek; hala nola, Ivalojokik, Lemmenjokik, Vaskojokik eta luzeena den Paatsjokik. Hala ere, ibai garrantzitsuenak, eta Finlandia eta Norvegiaren arteko muga marrazten dutenak, Inarijoki edo Inari ibaia eta Deatnu edo Teno (250 km-ko luzera du) dira. Iparraldeko ibaien artean aipatzekoak dira, azkenik, Kevoko arroila sortzen duen Geavojohka/Kevojoki, eta iparralderen dagoen udalerriak izenak zor dizkion Ohcejohka/Utsjoki ere.
Azkenik, azpieskualdean dauden ur-jauzi ospetsuak nabarmendu behar dira: 26 metroko altuera duen eta herrialde osoko erorketa malda altuenetakoa duen Utsjokiko Fiellu, Inariko Ravadasköngäs eta Ritaköngäs, eta Paratiisikuru ur-jauzia, Urho Kekkonen Parke Nazionalean dagoena[32].
Ur eremu honetan, amuarrainak, karpak, koregonoak, ezkailuak, lotak, lutxoak, lutxoperkak, perkak, timaloak eta fama handiko izokinak bizi dira, urtero ur hotzetan murgiltzen diren milaka arrantzale erakartzen dituztenak[33][34][35].
- Alaköngäs, Teno ibaiko ur-lasterrak
- Inari aintzira
- Lokkako urtegia
- Fiellu ur-jauzia
- Kitinen
- Kevo aintzira
Ipar Lappiko natura basatia nahiko zaindua da, azaleraren %55 inguru babestutako lurraldeek osatzen baitute. Dena den, udalerrien ehunekoak kontuan hartzen badira, zenbakiek gorabehera handia erakusten dute; Utsjokin (%80) eta Inarin (%63) altua den bitartean, Sodankylän %28koa da[3][4].
Azken urteotan, baina, hainbat istilu eta ika-mika izan da eremu babestuen kontura. Esate baterako, 2005. urtean sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Finlandiako babestutako natura eremuak kudeatzen dituen Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Izan ere, Metsähallitusek Inariko pinu basoen %40 babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hau emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte azpieskualdeko pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Azkenean, hainbat urteren ostean, interesdunak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Udalek urtero naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen dute[36][37]. Bestetik, Sodankylän azken urteotan ireki diren bi meatzeek (Kevitsako meatzeak eta Pahtavaarako meatzeak), eta gaur egun martxan diren prospekzio lanek ere gatazka handia sortu dute hegoaldeko udalerrian[38].
Besteak beste, hiru parke nazional, sei eremu basati eta natura erreserba bi daude Ipar Lappin:
- Lemmenjokiko Parke Nazionala: Kittilä eta Inariren artean dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Mendietako tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira Lemmenjokiren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; bertan, espresuki eraikitako hamar etxola daude, parke nazionaleko itzulian atseden hartzeko ezinbestekoak direnak[39]. Guztira, 2019an, 18.300 naturazale izan zen parke nazionalean[40].
- Pyhä-Luostoko Parke Nazionala: Kemijärvi, Pelkosenniemi eta Sodankylä artean dagoen parke nazionala da, guztira 142 km²-ko azalera duena. Finlandian sortu zen lehendabiziko parke nazionala izan zen, 1938. urtean, eta Pyhätunturi izenpean ireki zituen ateak. Dena den, 2005. urtean, babestutako lurraldea zabaltzea adostu zen eta parke nazionalak Luosto natura eremuarekin bat egin zuen. Sorrera egunetik Lappi iparraldeko naturaren babesgune garrantzitsua izan da, eta bereizgarrien artean, aipatzekoak dira 220 metroko sakonera duen Isokuru euri-bidea, baso zaharrak, eremu paduratsuak eta Luosto eta Pyhä mendiak, eskualdeko eski mendi ospetsuak direnak[41]. Metsähallitus erakundearen arabera, 2019an parkeak 169.700 bisitari jaso zituen[40].
- Urho Kekkonen Parke Nazionala: Savukoski, Inari eta Sodankylä udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Lemmenjoki ondoren herrialdeko babestutako eremu zabalena dena; guztira, 2.550 km²-ko azalera du. Parke nazionala 1983. urtean sortu zen eskualdeko arro nagusiena babesteko asmoz, izan ere, Ozeano Artikora eta Botniako Golkora doazen Lappiko ibai gehienak sortzen dira bertan. Animalia aniztasuna ere garrantzitsua da; arrantza zenbait ibaitan onartua dagoen arren, ehiza guztiz debekatua dago. Gainera, oinezkoentzako, eskiatzaileentzako eta txirrindularientzako ibilbideak daude, berrehun baino gehiago[42]. Guztira, 2019an, 367.000 bisitari joan zen parke nazionalera eta, horrela, azpieskualdearen ekonomiaren pisuzko osagarri bihurtu da azken urteotan[40]. Bestetik, Urho Kekkonenen mutur batean, Sompioko Natura Erreserba Hertsia dago. 1956. urtean sortu zen 179 km²-ko eremua, eta asmoa bertako natura guztiz babestea izan zen. Hain zuzen, bisitariek bertara sartzea debekatua dute[43].
- Kevoko Natura Erreserba Hertsia: osoki Utsjokin dagoen eta 712 km²-ko eremua hartzen duen erreserba hertsia da. 1956. urtean sortu zen bertako natura berezia babesteko asmoz. Hain zuzen ere, erreserbaren barruan daude, besteak beste, 26 metroko altuera duen Fiellu ur-jauzia, 40 km-ko luzera eta 80 metroko sakonera duen Kevoko arroila, eta pasagune estutik igarotzen den Kevo ibai meharra. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, dena den, badira markatutako bi ibilbide: 64 km-ko luzera duen eta arroila inguratzen duen Geavvu edo Kevo bidea, eta eremu menditsuan barrena doan 78 km luzeko Guivi edo Kuivi bidea. Bi bideak zailtasun handikoak diren arren, urtero milaka naturazale iristen da bertara[44].
- Hammastunturiko, Kaldoaiviko, Muotkatunturiko, Paistunturiko, Tsarmitunturiko eta Vätsäriko eremu basatiak: Ipar Lappiren bereizgarri nagusietako bat dira azpieskualdean dauden sei eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta samien kultura eta bizilekuak babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Hala ere, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[45].
Natura eremu horietan ehizatzea erabat debekatua dago; beraz, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari ere badago. Ugaztunen artean, aipatzekoak dira altzeak, amerikar bisoiak, azeri gorri eta zuriak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lemingak, lepahoriak, otso arruntak, satitsu txikiak, tundrako otsoak, ur-ipurtatsak, ur-satitsu hankazuriak, eta elur-orein basati eta etxekotuak (basoko elur-oreinak)[39][42][45].
Bestalde, hegazti espezieei dagokienez, aniztasun handia dago. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, kaskabeltz handiak, Laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak dira bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak. Hala eta guztiz ere, uda pasatzera iristen diren hegazti espezieak dira nagusi; esaterako, aliota txikiak, arrano beltz eta arrantzaleak, belatz gorri, handi eta txikia motako harrapariak, basoilarrak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, erroiak, gailupa karminak, hontz gabiraiak, ipar-antzandobiak, ipar-belatzak, ipar-txioak, istingor arrunt eta txikiak, kukua, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, kurriloak, Laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, larreoiloak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltzak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, temminck txirriak, txiki-berdantzak, txio horiak, txirri hankalaburrak, txoka txikiak, ur-zozoak, urre-txirri arruntak, zingira-berdantzak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Azkenik, ur-hegazti espezieen artean, aipatzekoan dira ahate txistulariak, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, antxeta txikiak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handi eta mottodunak, zerra ertain eta txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak[39][42][45][46].
Historia
Lurralde honetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi ziren garaian iritsi zela uste da; hain zuzen ere, lehenengo biztanle horien aztarna zaharrenak Veahčajávri edo Vetsijärvi aintziratik gertu aurkitu dira eta adituek 9.500 urte inguru dutela ebatzi dute[47]. Rahajärvi eta Inari aintziren inguruan aurkitu diren arrastoek ere hipotesi hori baieztatzen dute, finlandiar arkeologo eta historialariek 9.000 urte inguruko adina dutela defendatzen baitute[48]. Lehen giza-talde horiek iparraldetik etorritako Komsa kulturako gizakiek osatu zituzten, ehiza eta fruitu-bilketatik bizi ziren, eta jatorria Ozeano Artikoko kostaldea zenez, Ipar Itsasoko Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izango zutela uste da. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorriak ezezaguna izaten jarraitzen duen, badirudi tribu horien eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara iritsi ziren eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten uraldar herrien nahasketaren ondorio direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen, eta muturreko egoera klimatikoei aurre egiteko baliabideak garatu zituzten[49][50][51].
Erdi Arora arte egoera antzekoa izan zen. Bertako biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat sami herrik edo taldek osatzen zuten; talde horiei batasuna ematen zien lotura kultura antzekotasuna eta lurralde banaketa zen. Euren artean eta mugaz haraindiko beste sami taldeen artean harremana etengabea izango zela pentsatzen dute adituek, elkar trukeak urteetan zehar sendotutako sarea. Dena den, talde edo herri bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez; beraz, horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen. Gutxienez sei sami talde izan ziren Ipar Lappin: Norvegiako zenbait lurralde ere hartzen zituzten Ohcejohka eta Deanu edo Juovssa Utsjokin; Njávdán eta Anár taldeak Inarin, eta Sodankyläko Soabbat eta Soađegilli[51][52]. Bestalde, klima hotza dela-eta, aipatzekoa da atzerriko erresumek ez zutela saiakera berezirik egin lurraldea bereganatzeko XIV. mendera arte; ondorioz, bertako biztanleek jatorrizko bizimodu eta kulturari arazo handirik gabe eutsi ahal izan ziotela uste da[47][49][50].
Hain zuzen, XIV. mendearen hasieran hasi ziren zehazten Eskandinavia iparraldeko mugak. Ipar-ekialdeko merkataritza bideak oso garrantzitsuak ziren Norvegiar eta Suediar erresumentzat, eta Novgorodeko Errepublikaren erasoek ezbaian jartzen zuten horien segurtasuna. Horrela, eskualdea bereganatzeko hainbat liskar izan zen erresuma horien eta novgorodarren artean; baina, 1323. eta 1326. urteetan, iparraldeko mugak zehaztu ziren. Ipar Lappi suediarren kontrolpean gelditu zen, eta lurraldearen mendekotasuna bermatzeko, suediarrek zerga-sistema sendoa jarri zuten martxan. Dena den, herrialdeen arteko muga ez zen horren finkoa gertatu eta eskualdea Novgorodeko Errepublikaren ondorengoa izan zen Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen hainbat mendez. XVI. mendean, azkenean, Laponia probintziaren mugak egonkortu egin ziren behin betiko eta eskualdea antzinako probintziaren esku gelditu zen[49][50].
Ordurako samien gizartea hainbat azpitaldetan banatua zegoela uste da[49]. Alde batetik, Finlandia eta Sápmi iparraldean nagusi ziren ipar samiak zeuden, elur-orein zaintzari lotutako bizimodua zutenak. Hizkuntza berezia ere bazuten, gaur egun hiztun kopuru handiena duen samiera dena, ipar samiera. Bestetik, Inariko samiak zeuden, Inari aintziraren inguruan bizi zirenak eta ekialdeko samiekin harreman estuagoa zutenak. Horiek ere hizkuntza berezia zuten, Inariko samiera edo inariera, eta aintzira erraldoiari eta arrantzari erabat lotutako bizimodua zeramaten[50]. Azkenik, hegoaldean Kemiko samien taldeak bizi ziren, Kemi ibaiaren ingurua eta Ekialdeko Lappiko baso zabalak hartzen zituztenak. Berezitasun nabarmenenak hizkuntza (kemiera edo Kemiko samiera) eta aparteko bizimodua ziren. Azken sami talde horien lekukoa XIX. mendearen bukaeran galdu zen, Kemiko samieraren azken hiztunarekin batera[53]. Hizkuntza hil horren idatzi bakarrenetakoak dira Olaus Sirma sodankylärraren "Guldnasas" eta "Moarsi favrrot" poemak, XVII. mendean Lapponia liburuan argitaratu zirenak[54].
Suediarren eragina XVI. eta XVII. mendeen artean hasi zen nabarmentzen. Kristautasunaren bultzadaz, lehen elizak eraikitzen hasi ziren Laponian. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko: Inariko lehena Pielpajärviko baseliza izan zen, 1646. urtean eraiki zena[50]; Sodankyläko lehena 1689. urtekoa izan zen (Sodankyläko eliza zaharra)[53][55]; eta Utsjokikoa, azkenik, Mantojärvi edo Máttajávri izeneko aintziraren ertzean eraiki zuten 1701. urtean[56]. Ipar Lappiko zaharrena, beraz, Pielpajärvikoa den arren, baseliza horrek XVIII. mende hasieran su hartu zuen eta gaur egun zutik dirauena 1760ko erreplika da. Dena dela, kristautasunaren etorrerarekin batera, samiek xamanismoa alde batera utzi eta iristen hasi ziren finlandiar kolonoen sinesmena bereganatu zuten; hau da, kristautzea bat-batekoa izan zen. Xamanismoa eta ohitura zaharrak mantendu zituzten samiek sorgin-ehiza latza jasan behar izan zuten eta asko erre ere egin zituzten. Samien tradizio eta sinesmen ugari galdu ziren XVII. mendean, besteak beste, joik aurre-kristauen ohitura (livđe). Gainera, sektore ekonomiko berria iparraldean sortzeko helburuarekin, samiak elur-orein zaintzan hasteko laguntzak jasotzen hasi ziren Suediar Erresumaren eskutik, eta horrek ere euren bizimodua eraldatzea ekarri zuen; lehenbiziko bizileku egonkorrak eraikitzen hasi ziren XVIII. mendearen erdialdean[49].
XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen iparraldeko mugan. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren berriro ere[49][57]. 1751. urtean Strömstadeko Akordioa sinatu zuten Norvegiak eta Suediak, eta iparraldeko muga Teno (edo Kárášjohka) ibaian zehaztu zuten; erabaki horrek ondorio kaltegarriak izan zituen lurraldean, Utsjokiko bi sami herriak (Deatnu eta Ohcejohka) bi herrialdetan banatuta gelditu zirelako: Teno ibaiaren iparraldeko ertza Kautokeinoko elizbarrutiak bereganatu zuen eta hegoaldeko ertza, aldiz, Utsjokiko elizatearen inguruan bildu zen, Suediaren eta Sodankyläko elizbarrutiaren barruan[47][58].
Azkenik, 1809. urtean, Finlandiako Gerrari esker Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu eta Inperioko Dukerri Handi bihurtu zuen. Hain zuzen ere, XIX. mende honen hasiera izan zen Ipar Lappiren hazkuntza areagotu zen garaia. Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta Tankavaaran edo Ivalo ibaian sortutako urre sukarrak herritar asko erakarri zituzten hegoaldetik[59]. Finlandiar kolonoekin batera, beste kultura desberdineko samiak ere iristen hasi ziren. Hegoaldetik, Rovaniemi eta Kemijärvi ingurutik, Kemiko samiak iritsi ziren, kolonoek bereganatutako euren jatorrizko lurrak atzean utzita. Iparraldetik, aldiz, ipar samiak iritsi ziren, 1852. urtean Norvegia eta Errusiaren arteko muga itxi ondoren. Herritar askoren etorrera ikusita eta kolonoen kokatzea bultzatzeko, eskualdea zerga-sistematik salbuetsia gelditu zen hainbat urtez[49]. Mende honetan bizi izan zituzten Sodankyläko jatorrizko biztanleek –Kemiko samiek– azken urteak, Kemiko samieraren azken hiztunarekin batera desagertu baitziren[53].
Ipar Lappi osatzen duten hiru udalerriak XIX. mendearen bukaeran sortu ziren. Lehenak Inari eta Utsjoki izan ziren, 1876. urtean, Sodankyläko elizbarrutiaren lurretatik bereizi ondoren[47]. Azkena, aldiz, Sodankylä bera izan zen, 1893an eskuratu baitzituen udalerri eskubideak[60]; dena den, bere lurraldea nabarmen murriztu zen 1916. urtean, Pelkosenniemik eta Savukoskik ere udalerri propioa sortu zutenean[61].
Errusiaren mende ehun urte igaro ondoren, Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu zuen. Administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu, eta Rovaniemi hiriburu bihurtu zuen. Izendapen horrek eragin handia izan zuen Ipar Lappin, lurraldea hiriburu berriaren eta herrialdeak eskuratu berri zuen Ozeano Artikoko lurraldearen erdibidean baitzegoen[62]. XX. mendearen hastapenetan ireki ziren, besteak beste, Sodankylä-Ivalo errepidea, lehen eskola eta farmazia, Sodankyläko Behatoki Geofisikoa eta telefono linea[49][61].
Herrialdearen estatus aldaketa oraindik errotu eta egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Finlandiak subiranotasuna mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrietan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Neguko Gerrak eta Jarraipenaren Gerrak herrialdea astindu zuten. 1944ko uztailaren 14an, esaterako, sobietar soldaduek dozena bat zibil erail zituzten Lokka herrian. Bi gerra horien emaitzak ikusita, Finlandiako Gobernuak SESBekin bake-akordioa sinatu zuen. Akordioa gauzatzeko finlandiarrek sobietarren baldintza nagusia onartu behar izan zuten, alegia, Lappin zeuden 200.000 alemaniar soldaduak finlandiar lurretatik botatzea. Soldadu naziak bizilagun den Norvegiara, Hirugarren Reicharen herrialde satelitera alde egiten saiatu ziren, eta ihesa bizkortzeko finlandiarrek ordura arte kide izandako alemaniarrak jazartzeari ekin zioten. Laponiako Gerra hasi zen 1944ko irailean. Ekialdean zegoen alemaniarren XXXVI. armada-gorputzak iparraldera jotzea erabaki zuen muga Karigasniemi herritik igarotzeko. Sodankylä-Ivalo-Utsjoki bidean zehar erresistentzia handirik topatu ez zuten arren, zenbait borroka izan ziren (besteak beste Tankavaara inguruan) eta horien ondorioz hainbat herri suntsitu zituzten, hauen artean, Ivalo eta Sodankyläko elizatea[58][63][64]. Hala ere, iparlappiarrak babesean zeudenez, ez zen hildako herritarrik izan eta gerra amaitutakoan onik itzuli ahal izan ziren[65][66].
- Egurzainak Kitinen ibaiaren ertzean (XX. mende hasiera)
- Sodankyläko lizatearen 1930eko hamarkadako irudia
- Purnumukka herriko samiak urre bila Tankavaaran (1934)
- Sodankylär errefuxiatuak II. Mundu Gerran (1944)
- Sobietar partisanoa haur baten gorpuarekin Lokkan
- Laponiako Gerraren baitan alemaniar soldaduek Sodankyläko elizatea suntsitu zuten (1944)
Parisko Itunaren ondorioz, Inarik Jäniskoski–Niskakoski lurraldea galdu zuen, baina gerren ezkutuko albo-kalteak errefuxiatuak izan ziren. Neguko Gerra eta Jarraipenaren Gerra amaitu zirenean, 1939. eta 1941. urteetan, Finlandiak Ozeano Artikoan zituen lurraldeak galdu egin zituen: Ribatxi penintsula eta Petsamo udalerria. Ondorioz, bertako herritarrek bizilekuz aldatu behar izan zuten. Gehienak skolt samiak ziren, hizkuntza –skolt samiera– eta ohituragatik gainontzeko samiengandik bereizten direnak. Suonikylän bizi ziren herritarrak Näätämö eta Sevettijärvi herrietan geratu ziren; Paatsjoki ibaiaren inguruan bizi zirenak, aldiz, Keväjärvira joan ziren; eta Petsamokoak, azkenik, Nellim herrian amaitu zuten. Mugimendu fluxu horrek erabat aldatu zuen Inari udalerriaren banaketa etnikoa eta eskualdearen jatorrizko biztanleak ziren Inariko samiek euren lurrak banatu behar izan zituzten[50][67].
Gerra osteko urteetan, Finlandiak gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Iparlappiarrek suntsitutako herriak azkar berreraiki eta 1950eko hamarkadarako ekonomia berpiztea lortu zuten basogintza industriari, meatzeei eta arrantzari esker. Nekazaritza bera ere sendotzea lortu zuten eta samiek abeltzaintzatik bizirauten jarraitu zuten[49]; dena den, iraultza handienak 1960ko eta 1970eko hamarkadan iritsi ziren. Izan ere, berreraikitze lanetan, Kemi eta bere ibaiadarrak (Kitinen eta Luiro) energia hidroelektrikorako erabilgarri bihurtu zituzten, eta gerra garaian galdutako zenbait zentral elektriko ordezkatzeko eta Lappiko ekonomia sustatzeko hainbat zentral eraiki zituzten. Era berean, ur kopurua erregulatzeko, iparraldean Lokkako eta Porttipahtako urtegiak eraiki zituzten 1967an eta 1970ean, hurrenez hurren. Lan horien ondorioz, 600 pertsona inguru birkokatu behar izan zituzten eta hainbat herrixka urpean desagertu ziren, besteak beste, Korvanen, Mutenia eta Riesto[68]. Sodankyläko Sompio ingurunea behin betiko aldatuko zuten urtegiek[69][70].
Inari aintziran, bestalde, gehiegizko arrantzak Inariko samien natura baliabide aberatsenarekin amaitu zuen, eta 1970eko hamarkadan Udalak turismo berdearen aldeko apustua egin zuen. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta negu-kirolak praktikatzeko aproposak diren mendien artean dagoen Saariselkä herriak ere bultzada handia izan zuen[48]. Utsjoki udalerrian ere Kevoko Natura Erreserba Hertsia sortu zen 1956an eta horren inguruan jarduera ekonomiko berriak azaltzen hasi ziren[44].
Bestalde, XX. mendearen bukaeran sami herriaren aldarrikapenek erantzuna izan zuten. 1973. urtean, Inarik, Sodankyläk eta Utsjokik, Enontekiö udalerriarekin batera, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesten dituen Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuten. Erakundearen ardura duen Samien Parlamentua, aldiz, 1996an eraiki zen Inari herrian; 2020tik Tuomas Aslak Juuso da presidente[71][72].
Iparlappiarren kopuruak gorena jo zuen 90ekoaren lehen erdian, 1995. urtean hogei mila pasatxo izatera iritsi ziren. Dena den, harrezkeroztik biztanleria jaisten joan da urtez urte[2]. Izan ere, XX. mende bukaerako banku krisialdiak gogor astindu zuen azpieskualdea eta lan esparru zabalago baten bila bertatik atera diren herritarrak izan dira biztanle galera horren kausa nagusia. Helsinki eta Rovaniemi hiriburuak izan dira iparlappiar horien hartzaile nagusi. Hala ere, joera hori luzaroan mantendu den arren, badirudi iparraldeko udalerrietan turismoak diru-sarreretan hartu duen garrantziari esker eta Sodankylän 2012an irekitako Kevitsako meatzeak sortutako lanpostuei esker, azken urteotan azpieskualdeko biztanleria egonkorrago mantendu dela[38]. Gaur egun meatze gehiago irekitzeko hainbat prospekzio lan daude martxan eta Artikoko korridorea sortzeko egitasmoak ere azpieskualdea bultzatuko dutela uste dute adituek[8].
• • Utsjoki • • • • • • • • • • • Vuotso • Luosto • Sattanen • • Kelujärvi • Vaalajärvi • Jeesiö Lokka Porttipahta |
Administrazioa
Banaketa
Ipar Lappi azpieskualdea hiru udalerrik osatzen dute:
Ipar Lappiko udalerriak | ||
---|---|---|
Inari | Sodankylä | Utsjoki |
Udalerriak (izen ofizialak) | Azalera[1] | Biztanleria[2] |
---|---|---|
1. Aanaar / Aanar / Anár / Inari | 17.333,62 km² | 6.911 |
2. Ohcejohka / Utsjoki | 5.372,00 km² | 1.210 |
3. Soađegilli / Sodankylä | 12.415,41 km² | 8.319 |
Azpieskualdeak eta udalerri bakoitzak hartzen duen lurraldea oso zabala da, eta biztanleak sakabanatuta dauden herri askotan bizi dira. Utsjokiko herrigune nagusiak Norvegiako muga marrazten duten ibaien ertzetan daude, hauen artean, Karigasniemi, Utsjokiko elizatea eta Nuorgam[72]. Sodankyläko herri gehienak, aldiz, udalerriaren hego-mendebaldean daude, elizatearen eta aintzira txikien inguruan; besteak beste, Sattanen, Kelujärvi, Orajärvi, Vaalajärvi eta Syväjärvi-Heinäperä. Dena den, bada iparraldean, Inariko mugatik hurbil, 300 biztanle inguru dituen herri garrantzitsu bat, Vuohčču edo Vuotso, Sodankyläko samien egungo erdigunea dena[7]. Azkenik, Inariko herriek Inari aintziraren ingurunea hartzen dute, hegoaldeko eremua batik bat. Hain zuzen, hego-ekialdean pilatzen da inariarren %80 inguru, Ivalo eta Inari herriek osatzen duten ardatzean. Udalerriko beste gune garrantzitsuen artean aipatzekoak dira, esaterako, iparraldeko muturrean dauden eta samiak nagusi diren Sevettijärvi eta Näätämö herriak, eta Errusiako mugatik 9 km-ra dagoen eta skolt samien erdigunea den Nellim ere[6].
Ondorengoak dira herrigune garrantzitsuenak:
Inari | Sodankylä | Utsjoki | |||
---|---|---|---|---|---|
1. Akujärvi | 9. Näätämö | 1. Aska | 9. Petkula | 17. Torvinen | 1. Dálvadas |
2. Angeli | 10. Nellim | 2. Jeesiö | 10. Rajala | 18. Vaalajärvi | 2. Kaamasmukka |
3. Inari | 11. Partakko | 3. Kelujärvi | 11. Raudanjoki | 19. Vuojärvi | 3. Karigasniemi |
4. Ivalo | 12. Riutula | 4. Kersilö | 12. Riipi | 20. Vuotso | 4. Nuorgam |
5. Kaamanen | 13. Saariselkä | 5. Kierinki | 13. Sassali | 5. Nuvvus | |
6. Keväjärvi | 14. Sevettijärvi | 6. Lokka | 14. Sattanen | 6. Outakoski | |
7. Koppelo | 15. Törmänen | 7. Luosto | 15. Sodankylä | 7. Rovisuvanto | |
8. Menesjärvi | 16. Veskoniemi | 8. Orajärvi | 16. Syväjärvi | 8. Utsjoki |
250 biztanle baino gehiago dauzkaten herriak beltzez.
Garraio azpiegiturak
Ipar Lappi azpieskualde zabala den arren, ez dago garraio azpiegitura asko, eta ez da erraza alde batetik bestera mugitzea autoz ez bada. Finlandiako trenbide-sarea ez da horren iparrera iristen (tren-geltoki hurbilenak Kemijärvi eta Rovaniemin daude), eta Ivalo herriko aireportua da Ipar Lappi Helsinkirekin -eta neguan Rovaniemirekin- bat egiteko modu azkarrena. Baina azpieskualdea zeharkatzeko, Lappiko gainontzeko udalerrietatik bertara iristeko edo bertatik kanpora mugitzeko autoa edo busa hartu beharra dago.
Ondorengoak dira udalerria zeharkatzen duten errepide eta autobide nagusiak:
4E 75 Valtatie 4: Helsinki – Lahti – Jyväskylä – Oulu – Kemi – Rovaniemi – Sodankylä – Inari – Utsjoki
5E 63 Valtatie 5: Heinola – Mikkeli – Kuopio – Kaajani – Kuusamo – Kemijärvi – Sodankylä
80 Kantatie 80: Kolari – Kurtakko – Kittilä – Tepsa – Jeesiö – Vaalajärvi – Sodankylä
91 Kantatie 91: Ivalo – Raja-Jooseppi (– Murmansk)
92 Kantatie 92: Karigasniemi – Kaamanen – Näätämö
952955962967969970971 Seututie errepideak
Azpieskualdetik bi autobide igarotzen dira: Nelostie izenaz ezaguna den Valtatie 4a[74], eta Viitostie izenaz ezaguna den Valtatie 5a. Lehenengo autobideak Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du (herrialde osoko autobide luzeena da). E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu, Kemi eta Rovaniemi hirietatik, eta, besteak beste, Torvinen, Sattanen eta Vuotso herrietatik, Sodankyläko eta Utsjokiko elizateetatik, eta Inariko Saariselkä, Törmänen, Ivalo, Inari eta Kaamanen herrietatik igarotzen denez, iparlappiarren autobide erabiliena ere bada. Bestetik, Heinolan hasten den Valtatie 5 autobideak ekialdeko Finlandia zeharkatzen du, eta helmuga, hain zuzen ere, Sodankylän bertan du. Guztira, 907 km-ko luzera dauka eta, hala nola, Kuopio, Kajaani eta Kemijärvi hirietatik, Orakylä herritik, eta Sodankyläko elizatetik igarotzen da. Azkenik, bigarren mailako errepide ugari ere badago; esate baterako, 155 km dituen eta Lappiko Kolari, Kittilä eta Sodankylä udalerriak bat egiten dituen Kantatie 80 errepidea[75][76]; Ivalo Errusiarekin bat egiten duen 53 km-ko Kantatie 91[77]; Norvegiako mugan dagoen Utsjokiko Karigasniemitik hasi eta Kaamanen eta Näätämöra iristen den 192 km-ko Kantatie 92a[78]; eta hego-mendebaldetik ipar-ekialdera Utsjokiko mugako herri guztiak (Karigasniemi, Outakoski, Nuvvus, Dálvadas, Utsjoki, Nuorgam) bat egiten dituen Seututie 970a, 148 km dituena[79].
Autoa garraiobide erabiliena den arren, ez da errepide gainean dabilen ibilgailu bakarra. Hain zuzen, Eskelisen Lapin Linjat, Gold Line, Jbus edota Möllärin Linjat konpainien autobusek Ipar Lappi eskualdeko eta herrialdeko hiri garrantzitsuenekin eta Norvegiarekin lotzen dute[80]. Finlandia Ipar lurmuturrarekin lotzen duten bidaiak maiz egiten dira eta azpieskualdea derrigorrezko geldialdia izaten da horietan. Bestalde, Ivaloko Kukkolan Bussit erakundeak ere autobus zerbitzuak eskaintzen ditu urte osoan zehar[81][82][83].
Dena den, Ipar Lappiko garraio azpiegitura garrantzitsuena Ivalo aireportua da. Ivaloko herrigunetik 11 km-ra eta Saariselkätik 25 km-ra dago, Törmänen herrian, eta Finavia erakundeak kudeatzen du. Bidaiarien kopuruari dagokionez, Ivalo Lappiko hirugarren aireportu garrantzitsuena da (herrialdeko seigarrena); 2019an, guztira, 239.753 bidaiari aireratu edo lurreratu ziren bertan, aurreko urtean baino %1,1 gutxiago[84]. Joan-etorri gehienak neguan eta bereziki eguberrietan izaten dira, Saariselkäko azpiegiturak erakarrita negu kiroletaz gozatzera Finlandia osotik iristen diren zaleek osatzen baitute erabiltzaileen ehuneko handiena. Aireportuan Finnair eta Norwegian Air Shuttle hegazkin-airelineek egiten dute lan, eta Helsinki-Vantaa eta Kittilä aireportuetara urte guztian zehar hegaldiak eskaintzen dituzte. Neguan bakarrik lan egiten duten erakundeen artean, besteak beste, easyJet, TUI Airways eta Transavia.com airelineak daude, Amsterdamera, Kopenhagera, Londresera, Manchesterrera edota Rovaniemi hiriburura hegaldiak antolatzen dituztenak[85].
Azkenik, Sodankylän ere bada hegazkinak jasotzeko azpiegitura bat, alemaniarrek eraiki zuten Sodankylä aerodromoa. 1989. urtera arte Helsinkirekin lotura zuzena egin zuen, baina erabiltzaile gutxi zirela-eta, erakunde arduradunak hegaldi guztiak bertan behera uztea erabaki zuen. Gaur egun abiazio orokorrarentzat eta osasun zerbitzuentzat baino ez du eskaintzen zerbitzua[86].
Hezkuntza
Lappiko hezkuntza azpiegitura nagusiak eskualdeko hiriburuan daude, Rovaniemin; haien artean, Unibertsitatea eta Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea. Dena den, Ipar Lappiko herritarrek derrigorrezko hezkuntza euren udalerrietan bertan jasotzeko aukera dute. Hain zuzen, udalek tokian tokiko irakaskuntzaren alde egiten dute, eta hainbat herrik osatzen duten azpieskualde zabala den arren, eskaintza sarea eraginkorra da.
Guztira, Haur Hezkuntzako hamaika eskola daude Ipar Lappin, hamaikak publikoak. Sodankylän bost daude: Järvikyläko (Syvajärvin), Torvinengo, Vaalajärviko eta Vuotsoko eskolak, eta elizateko Tähtikunnan koulu edo Izar Udaleko eskola[87]. Inarin eta Utsjokin, aldiz, hiruna daude: Inari herriko, Ivaloko eta Sevettijärviko haur eskolak lehenengoan[88]; eta Utsjokiko elizateko, Karigasniemiko eta Nuorgamgo haur eskolak bigarrenean[89]. Ikastetxe horietan sei urtera arte iristen den hautazko Haur Hezkuntza eskaintzeaz gain, Derrigorrezko Hezkuntzako lehen bi mailak ere burutzen dituzte ikasleek. Aurre-eskola izena jasotzen duten bi ikasturte horietan, hain zuzen, gazteak nahitaezko hezkuntzara eta ordutegietara egokitzen hasten dira.
Hirugarren mailatik aurrera, bestalde, gazte bakoitza dagokion institutura joaten da. Udalerri bakoitzeko institutu bat dago, udalerriko herri garrantzitsuenean: Ivaloko Institutua (Ivalon lukio edo Avvila logahat)[88][90], Sodankyläko Institutua (Sodankylän lukio edo Soađegili logahat)[91] eta Utsjokiko Samien Institutua (Utsjoen saamelaislukio edo Ohcejoga sámelogahat)[92]. Ikastetxe bakarra izanik, gazte gehienek inguruko herrietatik bertara mugitu behar izaten dute egunero, hala ere, udalek herri urrunenetako ikasleen joan-etorriak errazten dituzte. Ivaloko eta Utsjokiko institutuetan ikasketak finlandieraz edo ipar samieraz egiteko aukera dago.
Bete beharreko hezkuntza bukatzean, ikasleek hiru aukera dituzte: ikasketak utzi, lanbide institutu batean ikasketak egin, edota hemeretzi urtera arte institutuan jarraitu, ondoren, unibertsitatean sartzeko. Bigarren Hezkuntzan jarraitu, baina ikasketa hauek lanbide batera bideratuak izatea nahi duten gazteek Inarin Hezkuntza Institutu bat dute:
- Samien Hezkuntza Institutua (Saamelaisalueen koulutuskeskus -SAKK- edo Sámi oahpahusguovddáš -SOG-): Enontekiö eta Inari udalerrietan dagoen lanbide heziketako institutu publikoa da, Finlandiako Gobernuak, Finlandiako Samien Parlamentuak eta Samien Lurraldea osatzen duten udalerriek kudeatzen dutena. Ipar Lappiko hezkuntza eskasia betetzeko sortu zen 1978. urtean, eta, 1993. urtean, sami herriaren nortasuna bereganatu zuen. Hain zuzen, Samien Hezkuntza Institutua, lanbide ikastetxea izateaz gain, aitzindaria da samien kultura, historia eta hizkuntzen ikaskuntza eta ikerkuntzan; erakundearen helburu nagusia da sami herriaren zerbitzu eta lan beharrak asetzea. Guztira, lau campus daude: Inari, Ivalo, Kaamanen eta Hetta (Enontekiö) herrietan. Eskaintzen diren ikasketak, besteak beste, Artisautza eta Diseinua, Sami hizkuntzak eta kultura, Turismoa, Gizarte eta Osasun zaintzak, Elur-orein zaintza, Natura eta Ingurugiro zerbitzuak, eta Babestutako Natura Eremuetako basozain eta gidari izateko ikastaroak dira. Artikoko Unibertsitatearen kidea da[93][94].
Azkenik, azpieskualdean helduentzako ikastaroak antolatzen dituen hezkuntza zentro zibiko bat dago:
- Ipar Argiak Ikastetxea (Revontuli-opisto edo Revontuli-Instituhtta): Enontekiö, Kittilä eta Sodankyläko hezkuntza zentro zibikoa da. Ikastetxeak bizpahiru hilabetetan burutzen diren ikastaroak antolatzen ditu, gazte eta helduen artean oso arrakastatsuak izan ohi direnak. Besteak beste, gitarra, historia, musika, margolaritza, errusiera eta gaztelania ikastaroak daude[95].
Lappiko Kontseilua
Eskualdea Lappiko Kontseilua izeneko batzarrak gobernatzen du; hain zuzen, batzar horrek du eskualdeko gobernu taldea osatzeko eskumena. Kontseiluko 60 batzarkideak Lappi osatzen duten 21 udalerrietako udalbatzek aukeratzen dituzte. Banaketa biztanle kopuruaren arabera egiten da; Ipar Lappiren kasuan, Sodankyläk hiru ordezkari izendatzen ditu, Inarik bi eta Utsjokik, azkenik, bat baino ez.
Ondorengoa da Ipar Lappiko udalerriek 2017-2021 aldirako Lappiko Kontseilura bidalitako ordezkaritza[96]:
Batzarkidea | Alderdia | Udalerria | Batzarkidea | Alderdia | Udalerria | ||
---|---|---|---|---|---|---|---|
-- | Pekka Heikkinen | Koalizio Nazionala | Sodankylä | -- | Arja Mäkitalo | Zentroko Alderdia | Sodankylä |
-- | Jari Huotari | Koalizio Nazionala | Inari | -- | Maire Puiko | Liga Berdea | Inari |
-- | Marjatta Kodelin | Koalizio Nazionala | Utsjoki | -- | Raimo Äärelä | Ezker Elkartasuna | Sodankylä |
Osasuna
Eskualdea bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta, bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia; azken horren barruan dago, hain zuzen ere, Ipar Lappi[97].
Familiako edo etxeko medikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta horiek udalerrietan bertan dauden osasun-etxe eta eskualde-erietxeetan egiten dute lan. Hain zuzen, osasun zentroetan laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, eta tresna bereziak izaten dituzte, eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte. Ipar Lappin, ezaugarri horiek dituzten hiru osasun-etxe daude, Ivalo herrian, eta Sodankyläko eta Utsjokiko elizateetan[98][99]. Horiez gain, Inari herrian, Karigasniemin eta Sevettijärvin eskualde-erietxe txikiagoak daude[100]. Lappi Ospitale Barrutiko erietxe nagusia (Lappiko Ospitalea), aldiz, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin[97].
Biztanleria
Ipar Lappiko azpieskualdeak, guztira, 16.440 bizilagun ditu[2]. 1990eko hamarkadan hogei mila biztanle izatera iritsi zen arren, azken urteotan biztanleria jaisten joan da eta herritar gutxien dituen Lappiko eta herrialdeko azpieskualdeetako bat da. Bestalde, Finlandia osoko azpieskualde zabalena ere bada, denera 35.121,03 km²-ko azalera du[1], eta datuek biztanle dentsitate baxuena dutenen artean jartzen dute. Samiei dagokienez, Ipar Lappi osatzen duten hiru udalerriak sami herritar gehien dituzten Lappiko bost udalerrien artean daude; hain zuzen, 3.100 iparlappiar inguru dira samiak, biztanleria osoaren %20[72]. Samiek eta haien kulturek erakundeen babesa jasotzen dute. Nahiz eta lurralde osoan ofizialak ez izan, Inariko samierak, ipar samierak eta skolt samierak finlandieraren antzeko ofizialtasun maila dute gehien erabiltzen diren eremuetan. Dena den, hizkuntza nagusia finlandiera da, herritarren %90,5en lehen hizkuntza baita[2]. Azpieskualdearen izen ofizialak "Davvi-Lappi" eta "Pohjois-Lappi" dira, ipar samieraz eta finlandieraz hurrenez hurren.
Herriak biztanleen arabera (2018)[101][102][103] | |||
---|---|---|---|
Herrigunea | Biztanleak | Udalerria | |
1. | Sodankylä | 5.533 | Sodankylä |
2. | Ivalo | 3.165 | Inari |
3. | Inari | 898 | Inari |
4. | Törmänen | 630 | Inari |
5. | Saariselkä | 343 | Inari |
6. | Sattanen | 329 | Sodankylä |
7. | Utsjoki | 317 | Utsjoki |
8. | Vuotso | 306 | Sodankylä |
9. | Vaalajärvi | 298 | Sodankylä |
10. | Karigasniemi | 295 | Utsjoki |
Bestalde, Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko azpieskualdeekin alderatuta, Ipar Lappin 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa baxua da: %13; eta 64 urte baino gehiago dituztenena, berriz, altua: %27,2. Erlijioari dagokionez, herritar gehienak sinesgabeak (%22,7) edo luteranoak (%74) dira; sinestunen kopuru handiena samiek osatzen dute. Dena den, bada Inarin eliza ortodoxoaren jarraitzaile kopuru esanguratsua, batik bat, Kola penintsulatik XX. mendean iritsitako ekialdeko skolt samiek osatzen dutena[2]. Azkenik, atzerrian jaiotakoak iparlappiarren %2,1 baino ez dira.
Atzerritarrak (2020)[104] | |||
---|---|---|---|
Herritartasuna | Biztanleak | ||
1. | Errusia | 45 | |
2. | Estonia | 30 | |
3. | Alemania | 21 | |
4. | Suedia | 20 | |
5. | Thailandia | 13 |
Azpieskualdeak eta udalerri bakoitzak hartzen duen lurraldea oso zabala da, eta biztanleak sakabanatuta dauden herri askotan bizi dira. Hala ere, iparlappiarren erdia baino gehiago, %53, bi herrigune nagusietan bizi da, Sodankyläko elizatean eta Ivalon[6][7]. Utsjokiko herri garrantzitsuenak Norvegiako muga marrazten duten ibaien ertzetan daude, hauen artean, Karigasniemi, Utsjokiko elizatea eta Nuorgam[72]. Sodankyläko herri gehienak, aldiz, udalerriaren hego-mendebaldean daude, elizatearen eta aintzira txikien inguruan; besteak beste, Sattanen, Kelujärvi, Orajärvi, Vaalajärvi eta Syväjärvi-Heinäperä. Dena den, bada iparraldean, Inariko mugatik hurbil, 300 biztanle inguru dituen herri garrantzitsu bat, Vuohčču edo Vuotso, Sodankyläko samien egungo erdigunea dena[7]. Azkenik, Inariko herriek Inari aintziraren ingurunea hartzen dute, hegoaldeko eremua batik bat. Hain zuzen, hego-ekialdean pilatzen da inariarren %80 inguru, Ivalo eta Inari herriek osatzen duten ardatzean. Azken urteotan, Ivaloren inguruan dauden herriak asko hazi dira; esate baterako, Akujärvi, Keväjärvi, Koppelo eta 600 biztanle pasatxo dituen Törmänen herria. Udalerriko beste gune garrantzitsuen artean aipatzekoak dira, esaterako, iparraldeko muturrean dauden eta samiak nagusi diren Sevettijärvi eta Näätämö herriak, Inariko turismoaren erdigunea den Saariselkä, eta Errusiako mugatik 9 km-ra dagoen eta skolt samien erdigunea den Nellim ere[6].
Iparlappiarren kopuruak gorena jo zuen 90ekoaren lehen erdian, 1995. urtean hogei mila pasatxo izatera iritsi ziren. Dena den, harrezkeroztik biztanleria jaisten joan da urtez urte[2]. Izan ere, XX. mende bukaerako banku krisialdiak gogor astindu zuen azpieskualdea eta lan esparru zabalago baten bila bertatik atera diren herritarrak izan dira biztanle galera horren kausa nagusia. Helsinki eta Rovaniemi hiriburuak izan dira iparlappiar horien hartzaile nagusi. Hala ere, joera hori luzaroan mantendu den arren, badirudi iparraldeko udalerrietan turismoak diru-sarreretan hartu duen garrantziari esker eta Sodankylän 2012an irekitako Kevitsako meatzeak sortutako lanpostuei esker azken urteotan azpieskualdeko biztanleria egonkorrago mantendu dela[38].
18801 | 18901 | 19001 | 19101 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1980 | 1990 | 1995 | 2000 | 2005 | 2010 | 2015 | Orain | |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Inari | 860 | 1.155 | 1.482 | 1.784 | 1.736 | 2.100 | 2.750 | 4.913 | 6.831 | 6.931 | 6.900 | 7.559 | 7.851 | 7.360 | 7.043 | 6.778 | 6.804 | 6.911 |
Sodankyklä | 2.695 | 3.109 | 4.153 | 5.397 | 4.590 | 5.927 | 6.958 | 8.514 | 10.768 | 10.654 | 10.117 | 10.576 | 10.736 | 9.922 | 9.216 | 8.779 | 8.782 | 8.319 |
Utsjoki | 390 | 394 | 488 | 494 | 528 | 618 | 781 | 980 | 1.209 | 1.384 | 1.479 | 1.514 | 1.568 | 1.394 | 1.363 | 1.297 | 1.250 | 1.210 |
Ipar Lappi | 3.945 | 4.658 | 6.123 | 7.675 | 6.854 | 8.645 | 10.489 | 14.407 | 18.808 | 18.969 | 18.496 | 19.649 | 20.155 | 18.676 | 17.622 | 16.854 | 16.836 | 16.440 |
11916. urtean Pelkosenniemi eta Savukoski udalerriak Sodankylätik bereizi ziren; ordura arteko kopuruetan bi udalerri horietako herritarrak kontuan hartzen dira.
Ipar Lappiko bizilagun ospetsuenak zinean lan egiten duten Anni-Kristiina Juuso eta Kari Väänänen ivaloar antzezleak, eta Johanna Sinisalo sodankylär idazlea dira. Lehenak hainbat sari irabazi ditu atzerrian azken urteotan eginiko lanengatik; ezagunenak "Kukua" eta "Kautokeinoko matxinada" filmak dira. Gaur egun, Yle Sámi Radio irrati kateko esataria da Inarin[107]. Bestetik, eskarmentu handiko Kari Väänänenek herrialdean ekoiztutako hirurogei film baino gehiagotan parte hartu du eta Finlandiako zinemetako aktore ezaguna da[108]. Johanna Sinisalo, azkenik, zientzia-fikzio eta fantasiazko nobela idazle ezaguna da, besteak beste, Finlandia Saria (2000. urtean) eta Prometheus Saria (2017an) irabazi dituena[109][110].
Era berean, Ipar Lappiko seme-alabak dira, beste beste, Andreas Alariesto sami margolaria[111]; musika munduari lotutako Angelit folk musika taldea, Guerra Norte taldeko rapero gehienak (Amoc, Stepa), 1991ko Eurovision Abesti Jaialdian parte hartu zuen Kaija Kärkinen abeslaria, eta Desert Planet taldearen sortzailea den Jukka Tarkiainen[112]; Aimo Tepsell orientazio txapelduna; 1977an borroka greko-erromatarreko munduko txapeldun bihurtu zen Pertti Ukkola[113]; Riikka Karppinen aktibista eta politikaria; eta eskualdeko ipuinetan ezaguna den Mosku abeltzaina. Azkenik, Utsjoki udalerriak ipar samierazko idazle asko ere eman ditu, hala nola, Inger-Mari Aikio-Arianaick eta Rauni Magga Lukkari olerkariak, Pedar Jalvi, Kirsti Paltto eta Jovnna-Ánde Vest.
Samiak
Azpieskualdea samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa kulturako tribuen eta beranduago (k.a. 3. milurtekoan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla[114].
Aspalditik egora klimatikoak guztiz baldintzatutako herri nomada izan da samiena. Bertako biztanleria sakabanaturik bizi ziren eta sasoiaren arabera egonlekuz aldatzen zuten hainbat herrik edo sami taldek (siida) osatzen zuten, zeinetan elur-orein zaintzak garrantzia handia zuen. Talde bakoitzak bizirauteko beharrezko guztia lortzen zuen ehizaren, arrantzaren eta bilketaren bitartez, eta horrek guztiak kanpotarrekin kontaktua izateko beharra gutxituko zuen[49]. Ipar Lappiko lurraldean bi ziren sami herri nagusiak: Inariko samiak eta Kemiko samiak. Lehenengoek Inari aintziraren eremu zabala hartzen zuten, Saariselkätik iparraldeko mugaraino, eta aparteko hizkuntza (Inariko samiera), historia eta bizimodua izateagatik bereizten dira besteengandik[115]. Kemiko samiek, aldiz, Kemi ibaiaren arroa zuten bizileku, baina talde horren lekukoa XIX. mendearen bukaeran galdu zen, Kemiko samieraren azken hiztunarekin batera. Gaur egun, Inariko samiez gain, beste bi talde gehiago bizi dira azpieskualdean: ipar samiak eta skolt samiak. Urtea zehaztea zaila den arren, badirudi Erdi Arotik aurrera ipar samiak ipar-mendebaldetik sartzen hasi zirela azpieskualdean. Gaur egun sami talde handiena da nabarmen, batik bat Sodankylä eta Utsjoki udalerrietan. Skolt samiak, aldiz, 1940ko hamarkadan Kola penintsulatik iritsi ziren samiak dira. Bigarren Mundu Gerraren eztandak euren jatorrizko lurraldetik ihes egitera behartu zituen eta Inari ekialdeko herrietan kokatu ziren[116][5].
Sami biztanleak[117][118] | ||||
---|---|---|---|---|
Udalerria | Samiak1 | Ehunekoa1 | Samiak2 | Ehunekoa2 |
Inari | 468 | %6,77 | 2.137 | %31,7 |
Sodankylä | 132 | %1,58 | 163 | %1,8 |
Utsjoki | 523 | %43,22 | 768 | %59,9 |
1 Samiera lehen hizkuntza duten biztanleak (2020ko datuak). 2 Samiak Samien Lurraldeko arduradunen arabera (2011ko datuak). |
Samien egoera desberdina da Ipar Lappiko azpieskualdea osatzen duten hiru udalerrietan. Alde batetik, Utsjokin eta Sodankylän nagusiki ipar samiak bizi diren bitartean, Inarin Inariko samiak, ipar samiak eta skolt samiak bizi dira. Bestetik, Utsjokin sami etniako herritarrak nagusi diren bitartean (%60), Sodankylän %2 baino ez da sami[72]. Dena den, oso zaila da zehaztea iparlappiarren etnia zein den, ez baitago herritarren nortasuna xehetasunez azaltzen duen datu baserik, ezta sami izateak zer esan nahi duen adierazteko irizpiderik ere. Herrialdeko datuek hizkuntza baino ez dute kontuan hartzen; hortaz, Estatuarentzat samiak lehen hizkuntza samieretako bat duten herritarrak baino ez dira, iparlappiarren %6,8[2]. Finlandiako Samien Parlamentuak, aldiz, ezaugarri gehiago hartzen ditu aintzakotzat hizkuntzaz gain: arbasoak, kultura... Azken horren arabera, gaur egun Ipar Lappiko herritarren %20 dira samiak[72].
1973. urtean Ipar Lappiko hiru udalerriek, mendebaldeko Enontekiörekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuten, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Samieren ofizialtasuna udalerri bakoitzari dagokion eskumena da; esate baterako, Utsjokiko eta Sodankyläko hizkuntza ofizialak finlandiera eta ipar samiera dira, eta, hurrenez hurren, Ohcejohka eta Soađegilli izenak jasotzen dituzte azken hizkuntza horretan. Inarin, aldiz, lau dira hizkuntza ofizialak: Inariko samiera, ipar samiera, finlandiera eta skolt samiera, eta udalerriak lau izen ofizial ditu: Aanaar, Anár, Inari eta Aanar.
Kultura
Armarriak
Azpieskualdeko hiru udalerrietako armarriek berezko ezaugarri batzuk dituzte; besteak beste, hiruetan Lappiko ikurretan ohikoak diren kolore ilunak agertzen dira, eskualdeko neguko zeruaren belztasuna irudikatzen dutenak. Gainera, autoreek bertako sinbologiaren bitartez, udalerriek naturarekin, antzinako kulturarekin eta samiekin duten harremana adierazi nahi izan zuten.
Ahti Hammar artistak sortu zuen Inariko armarrian, zelai beltz baten gainean, zilar koloreko koregono arraina agertzen da, burutik urrezko elur-orein adarrak ateratzen zaizkiona. Biak udalerriko animalia ohikoak dira, antzinako garaietatik udalerriaren motore ekonomikoaren funtsa izan direnak eta herritarren izaera markatu dutenak. Gaur egun, elur-orein zaintzak Inariko diru-sarrera nagusien iturri izaten jarraitzen du; eta koregonoa, aldiz, urtero eskualdera milaka arrantzale erakartzen dituen arraina da. Biak ala biak sami kulturan eta sinbologian eragin handia duten animaliak dira[119].
Bestetik, Aarno Liuksialak ere Sodankylären eta naturaren arteko lotura nabarmendu nahi izan zuen udalerriarentzat sortu zuen armarrian; zelai beltzaren aurrean, sei puntako zilarrezko izarra eta, aurrean suzko gar gorriztak dituen eta zilarrezkoa ere den banda horizontala daude. Sei puntako izarrak Iparrizarra irudikatzen du, neguko gau ilun, hotz eta luzeetan zerua argiztatzen duen argi nagusia; honek, era berean, udalerriaren kokapena adierazten du, herrialdearen iparraldean eta zirkulu polar artikoaren gainean. Bestalde, suzko garrak ipar argiak dira. Oso ohikoa da Finlandian fenomenoa gar bidez irudikatzea, ipar argien finlandierazko izena revontulet baita, euskaraz, «azeriaren sua»[119].
Azkenik, Gustaf von Numers autorearen Utsjokiko armarrian, Sodankylän agertzen diren ikur eta irudi berdinak agertzen dira; atzealde beltzaren gainean, zilarrezko lau puntako izarra eta Eguzkiaren garrak daude. Lau puntako izarrak Iparrizarra irudikatzen du eta Eguzkiaren garrak edo izpiak, aldiz, ipar argiak dira. Esan daiteke armarriak gau polarra adierazten duela[119].
Elkarteak eta Erakundeak
Zientzia eta ikerkuntzarekin, herrialdearen defentsarekin eta, batez ere, samiekin lotutako gune garrantzitsuak daude azpieskualdean:
- EISCAT: Eguzkia eta Lurraren arteko elkarreragina aztertzen duen europar zientzia elkartea da. Egoitza nagusia Tromsøn dagoen arren, elkarteak, guztira, lau radar ditu: hiru Eskandinavian (Kirunan, Tromsøn eta Sodankylän bertan) eta bat Svalbard uhartedian. Hain zuzen, EISCATek sakabanatze inkoherentea duten hiru radar sistemarekin lan egiten du (224 MHz, 931 MHz eta 500 MHz), eta, azken urteotan, ionosfera eta magnetosferan izan diren aldaketak aztertu ditu[120].
- Kevo Ikerketa Azpiartikoko Institutua: Lappiko klima aztertzen duen zentroa da. Turkuko Unibertsitatearen laguntzaz ireki zuen Paavo Kallio botanikoak 1956. urtean; Kallio institutuaren buru izan zen 1976ra arte. Sortu zenetik helburu nagusia klima azpiartikoa duten eremuetan ikerketak egitea izan da. Hain zuzen, natura azpiartikoa, airearen kutsadura, elur-orein zaintza, eta naturaren eta gizakien arteko elkarrekintza dira ikergai nagusiak. Egoitza Kevoko Natura Erreserba Hertsiaren mugan dago, Geavojávri/Kevojärvi aintziraren ertzean, eta horrek babestutako eremuaren ingurugiroari eta basabizitzari buruzko ikerketa ugari egitea ekarri du. Azkenik, aipatzekoa da 2291 Kevo asteroideak ikerketa zentroari zor diola bere izena[25].
- Lappiko Jaeger Batailoia: Finlandiar Armadaren Jaeger Brigada unitatearen batailoia da. Taldea soldaduak eskualdeko klimara egokitzeko asmoz sortu zen. Sodankyläko instalazio hauetan eta Rovaniemiko Lappiko Aire Defentsa Batailoiaren egoitzan urtero 1.600 errekruta inguru trebatzen dira[121].
- Lappiko Meteorologia Ikerketa Zentroa: Finlandiako Meteorologia Institutuaren ikerketa zentroa da, nagusiki Artikoaren ikerketaz arduratzen dena. Besteak beste, zoruaren hidrologia, biosfera-atmosfera elkarrekintza eta sateliteen balidazio eta kalibrazio ikerketak, eta zutabe atmosferikoen neurketak egiten ditu. Egoitza Sodankyläko Tähtela auzoan dauka[122].
- Sajos Samien Kultura Etxea: Inari herrian dagoen kultura etxea da. 2012ko apirilean ireki zituen ateak eta bertan daude, besteak beste, Samien Parlamentua, Samien Hezkuntza Institutua, Lappiko eskualde gobernua eta sami herriaren artxibo nagusia. Ouluko HALO arkitektoak enpresak diseinatu zuen eraikina eta helburua argien arteko kontrastea egitea izan zen; hain zuzen, Sajosen aurrealde beltzaren, eta barrualdeko pinu zuriaren eta neguko elurraren arteko kontrastea burutzea. Eraikina samien jatorrizko eraikuntzagintzan du oinarria eta Sajos izenak ere Inariko samieran du jatorria. Horrela, Kultura Etxea azpieskualdearen eta samien elkargune nagusia bihurtu da azken urteetan, eta Inariko ekitaldi eta ospakizun bereziak ere bertan antolatzen dira[123][124][125].
- Samien Parlamentua: sami herriak Finlandian duen erakunde politiko gorena da, egoitza Inariko Sajos Kultura Etxean duena. Samien Lurraldea osatzen duten udalerriek sortu zuten 1973. urtean, eta, hain zuzen ere, inoiz sortu den samien lehenbiziko erakunde politikoa da, Norvegiako Parlamentuaren eta Suediakoaren aitzindaria. Hala ere, 1996. urtera arte ez zuen egungo izaera ofiziala bereganatuko. Harrezkero, Parlamentuaren eginkizun nagusiak samien kultura babesteko eta sustatzeko bidea ezartzea, eta herri horren iritzi ofiziala aditzera ematea izan dira; gainera, batzarrak mozioak eta proposamenak aurkezteko eskumena du, betiere samiei dagozkien gaien ingurukoak badira. Guztira, hogeita bat ordezkarik eta lau begiralek osatzen dute batzarra, eta lau urtean behin ospatzen diren hauteskundeen bitartez hautatzen dira –azken hauteskundeak 2019an ospatu ziren eta egungo presidentea Tuomas Aslak Juuso da–[71].
- Sodankyläko Behatoki Geofisikoa (SGO): Tähtelä auzoan dagoen eta Ouluko Unibertsitateak kudeatzen duen behatoki geofisikoa da. Finlandiako Zientzien Akademiak sortu zuen 1914. urtean, eta hainbat hamarkadaren ostean, 1997an, erakundea Unibertsitatearen esku gelditu zen; gaur egun, behatokiaren zuzendaria Eija Tanskanen zientzialaria da. SGO zentroaren ikerketa esparru nagusiak Lurra eta honen inguruko espazio hurbila dira; besteak beste, Lurraren magnetismoa, pultsazio magnetikoak, eta izpi eta zarata kosmikoak aztertzen dira. Dena den, ikerketa garrantzitsuenak ipar argien eta hauek Lurrean duten eragina aztertzen dutenak dira. Egoitza nagusian lurrikarak neurtzeko sismografo bat ere bada[21].
- Sompio Liburutegia: Pelkosenniemi, Savukoski eta Sodankylä udalerriek adostutako akordio bati esker 2009. urtean sortu zen liburutegia da. Erakundeak hiru udalerrietan egiten du lan, baina egoitza nagusia Sodankyläko elizatekoa da. Guztira, ia ehun mila liburuko bilduma du; hala, Finlandia iparraldeko liburutegi handienetakoa da. Inariko Udal Liburutegiarekin batera Lappiko Liburutegia elkartearen parte da[126][127][128].
Kirola
Azpieskualdeko kirol elkarte nagusiak negu kirolei lotua dauden Inarin Yritys, Sodankylän Pallo (SoPa) eta Tunturi-kiekko (TuKi) dira.
1978. urtean sortu zen Sodankyläko elkarteak emakumeen, gizonen eta juniorren taldeak dauzka eta kirol eskola arrakastatsua du hiru kiroletan, bandyan, futbolean eta izotz hockeyan[129]. Ivaloko TuKi izotz hockey taldea, aldiz, 1983. urtean sortu zen eta herrialdeko 5. mailan jokatzen du SoParekin batera, Lappi-liiga izeneko multzoan[130].
Eski azpiegiturak
Ipar Lappiko kirol azpiegitura nagusiak Inari hegoaldean dagoen Saariselkä eta Sodankyläko Luosto eski estazioak dira.
Lehena da bietan handiena eta Inari hegoaldeko Saariselkä herrian dago, Urho Kekkonen Parke Nazionalaren alboan. Hurrenez hurren 438 eta 416 metro dituzten Kaunispää eta Iisakkipää mendien artean dago, eta, guztira, hamabost eski pista ditu –zortzi Kaunispään eta zazpi Iisakkipään–. Pista hauek luzera eta tamaina askotakoak dira; alde batetik, hasiberrientzako pista errazak (urdinak) eta oso errazak (berdea) daude, zazpi urdin eta bi berde; bestetik, maila ertaina duten eskiatzaile edo snowboarderrentzako lau pista daude (gorriak); eta, azkenik, adituenentzako bi pista beltz[131]. Gainera, 1.200 metroko luzera duen jaitsiera bat ere badago, lera bidez botatzeko gordea dagoena. Pista horietatik zazpi argiztatuta daude, gauez ere ibili ahal izateko, eta Kaunispää mendian hasten diren pistetara igotzeko, aldiz, 950 metroko luzera eta hiru pertsonentzako lekua duen teleaulkia dago. Mendiaren tontorrean Saariselkä eski estazioko jatetxea dago.
Sodankyläko eski estazioa, aldiz, 514 metroko garaiera duen Luosto mendiaren magalean dago. Pyhä-Luostoko Parke Nazionalaren sarrera atea da, Pelkosenniemin dagoen Pyhä eski estazioraino iristen dena; ondorioz, bisitari ugari jasotzen ditu urte guztian zehar. Guztira, hamabi eski pista daude: pista berde bat, bost pista urdin, bi pista gorri eta lau pista beltz. Lau horien artean, Kilparinne (euskaraz, «Lehiaketa jaitsiera») izeneko jaitsiera dago, 900 m-ko luzera duena eta txapelketetarako erabiltzen dena. Mendia igotzeko eta bertako eski pistetaraino iristeko hiru teleski daude. Luoston, gainera, hiru jatetxe, hotela, bungaloak eta karabanentzako aparkalekua daude[132].
Arrakasta handiena duten kirolak iraupen eskia, jaitsierako eskia, snowboarda, elur-erraketekin ibiltaritza eta orientazioa dira; izan ere, eski pistez gain, iraupen luzeko ibilbide sare zabala dago. Bestalde, azpiegiturak urria erdialdean ireki eta maiatza inguruan itxi ohi dira. Dena den, urte osoan zehar, Saariselkä eta Luosto herrietan, kirola eta naturarekin lotutako ekintza ugari eskaintzen dituzte, esate baterako, elur-motor safariak, husky txakurrek gidatutako lera safariak, arrantza eta txirrindularitza ikastaro eta lehiaketak, ametista meategira bisitak, izotzean eskalatzen hasteko ikastaroak, elur-orein basetxeak ezagutzeko bisitak, natura ibilaldiak, eta ipar argiak ikusteko txangoak[133].
Museoak
Ipar Lappiko museo garrantzitsuenak samiak eta azpieskualdeko historia eta artea gaitzat dutenak dira:
- Alariesto Galeria-Museoa: Andreas Alariesto sami margolariari buruzko museoa da. Egoitza nagusia Sodankyläko elizatean dago, eliza zaharraren eta «Elur-oreina eta samia» estatuaren artean, eta 1986. urteko uztailean ireki zituen ateak, Alariesto hil baino hiru urte lehenago. Museoak erakusketa bakarra du, «Andreas Alariesto (1900–1989)» izenekoa, eta bertan, margolariaren bizitzako artelan nagusiak biltzen dira. Guztira, ehun margolanek eta Lapin kylä edo «Lappiko herria» izeneko eskultura txiki batek osatzen dute erakusketa, artistaren haurtzaroko bizitzaren eta Lappiko paisaien berri ematen dutenak. Museoaren jabeak Riikka eta Andreas Alariestoren Lappiko Irudien Fundazioa, eta Sodankyläko Udala dira[134][135][136].
- Siida edo Samien Museoa: sami etniaren kultura eta historia azaltzen dituen museoa da, Inari herrian dagoena. Museoa Lappiko jatorrizko herriaren erakustoki nagusia da. Bertan daude erakusgai, besteak beste, samien jantziak, harribitxiak, lan eta ehiza tresnak, etxebizitzak, margolanak, musika instrumentuak, baita Izotz Arotik hona eskualdean aurkitu diren aztarna arkeologiko nabarmenenak ere[137]. Gainera, samien kultura, arte eta bizimodu tailerrak antolatzen dira, eta iparraldeko beste hainbat herriren erakusketak ere jasotzen dira, hala nola, inuitenak eta nenetsenak. Ateak 1998an ireki bazituen ere, aitzindaria 1959. urteko Inariko Samien Museoa da. Urte horretan, sustatzaileak museoak eskainiko zituen bildumak, eraikinak eta objektuak biltzen hasi ziren eta, azkenean, 1963an zabaltzea lortu zen; Museo Nazional izendapena eta Siida deitura 1999an eskuratu zituen[10].
- Sami herriaren erakusleiho nagusi izateaz gain, museoa sami kulturaren hauspoa ere bihurtu da azken urteotan; izan ere, museoa kudeatzen duen elkarteak etnia honen gaineko ikerkuntza zientifikoak eta, babesteko eta sustatzeko ekintza garrantzitsuenak antolatzen ditu. Egoitza nagusia Inari aintziraren ertzean dago, mendeetan Inariko samien bilgune izan den aintziraren ertzean, hala ere, eraikin nagusiaz gain, udaran estalperik gabeko museoa irekitzen da ondoko lursailean, Inariko Samien Museoa izenekoa. Bestalde, Sevettijärvi herrian skolt samien kultura eta historiari buruzko gune bereizi bat dago: Skolt Samien Etxea. Bertan daude jatorria Kola penintsulan duen sami talde horren erakusketa nagusiak[138][139][140].
- Urre bilatzailearen Museoa: Tankavaaran dagoen urre sukarrari buruzko museoa da. 1973. urtean sortu zen, Finlandiako urre bilaketaren historia gorde eta ikertzeko asmoz, eta, hain zuzen, urre bilaketa gaitzat duen mundu osoko museo bakarra da. Erakusketa iraunkor bakarra Lappiko urrearen historiari buruzkoa da, urre bilatzaileen bizimoduaren kronika, dokumentuak, tresneria eta irudiak biltzen dituena. Udan, bestetik, Auraria izeneko gunea irekitzen da; bertan, bisitariek ibaian urrea bilatzeko saiakera egiteko aukera dute. Museo eta ikerketa gunearen kudeatzailea gobernuaren diru-laguntza jasotzen duen Goldmuseum Fundazioa da[59][134].
- Utsjokiko elizaren ingurunea: Utsjokiko Mantojärvi aintziraren ertzean dagoen aire zabaleko museoa da. 2010. urtean sortu zen, urtebete lehenago Finlandiar Ondarearen Erakundeak ingurunea "Interes Nazionaleko Eraikitako Ondare" izendatu ondoren. Museoak barnean hartzen ditu Utsjokiko eliza, apaizetxea eta inguruan dauden egurrezko etxolak[56][141]. Hain zuzen, ingurunearen bereizgarri nagusiak elizaren magalean dauden egurrezko etxolak dira. Utsjoki hain udalerri zabala denez, herritarrek distantzia luzeak egin behar izaten dituzte elizaraino iristeko, eta hori aspaldian buruhauste handia zen. Hala, Mantojärvi aintziraren ertzean etxolak eraikitzen hasi ziren, herritarrak elizkizunetan, azoka garaian, eta ospakizun berezietan bertan gelditu ahal izateko; festa egun garrantzitsuenetan, bi astez ere gelditu ohi ziren bertan. Egun horietan utsjokiar samiak elkartzen ziren: bataioak eta ezkontzak ospatzen zituzten, trukeak eta erosketak egiten ziren, eta zergak ordaintzen zituzten. Guztira, 30 bat etxola izan ziren bertan eta Bigarren Mundu Gerra arte erabili zituzten. Dena den, gaur egun 14 baino ez dira zutik gelditzen, zaharrenak XVIII. mendean eraikitakoak. 70eko eta 80ko hamarkadan Finlandiar Ondarearen Erakundeak lan handia egin zuen etxolak berriztatu eta udalerriaren galdutako ondarea berreskuratzeko[142][143].
Era berean, aipatzekoak dira Sodankylän dauden Kakslauttanen Arte Galeria eta Sodankyläko Herriko Historia eta Kulturaren Museoa ere, urtero bisitari asko jasotzen dituztenak[144][145].
Ondasun nabarmenak
Azpieskualdeko ondasun nabarmenak erlijioarekin lotura duten leku eta eraikinak dira, besteak beste, udalerrietako eliza nagusiak (Inari herrikoa, Ivalokoa, Sodankyläko eliza berria eta Utsjokikoa) eta Inari ipar-ekialdean dauden skolt samien eliza ortodoxoak ere.
Gainera, aipatzekoa da bertako eraikinen balio historiko eta kultural handiari esker, Angeli, Dálvadas, Kierinki, Lisma, Nellim eta Seipäjärvi herriak Finlandiako eraikitako kultur inguruneko zerrendan sartu zirela 1993. urtean. Horiekin batera, babestuak izan ziren Ivalo ibaiko urre ingurua -1868an egin zen urrearen aurkikuntzaren ondorioz garatutako meatzaritza eta urre sukarraren aztarna dena-, Lohisaariko eta Utsjoki ibai ertzeko arrantzaleen txabolak, Mantojärvi aintzira inguruko etxolak, aspaldian garraiorako erabiltzen zen Nivajoki-Alajalve bidea, Petsikkotunturi eta XIX. mendeko Sallivaara elur-orein haztegiak, XVIII. mende hasierako Pielpajärviko baseliza, mugan dagoen Raja-Joosepi etxaldea, Sodankyläko eliza zaharra, XX. mende hasierako Suomujokiko etxaldea eta Inari aintzirako Ukonsaari uhartea -samien sakrifizio gune garrantzitsua zena-[146].
Denen artean, ondokoak dira Ipar Lappiko ondasun nabarmenenak:
- Pielpajärviko baseliza: Inari herritik 10 bat km iparraldera dagoen baseliza da, zutik dirauen udalerriko eraikin zaharrena. Baseliza basoaren erdian dago, Pielpajärvi aintziratik hurbil, eta 1646. urtean eraiki zuten arren, gaur egungo eraikina 1760. urteko erreplika da. Ingurunea aspalditik inariarren elkargune nagusia izan da; hain zuzen, Inariko samiak, sasoiaren eta arrantza eta ehizaren arabera, egonlekuz aldatzen ziren, eta neguko hilabete luzeak igarotzeko geldialdia egiten zuten bertan. Pielpajärviko neguko herria sami gizartearen gune garrantzitsua izan zen hainbat mendez. Elizaren nagusitasuna zehazki XVII. eta XVIII. mendeetan eman zen, harik eta Inari herria finkatu zen arte[50]. Utzikeriaren ondorioz, XIX. mendearen erdialdean hondatzen hasi zen, eta 1888. urtean, Inariko eliza eraiki zenean, alde batera utzi zuten. Hala ere, XX. mendean susperraldia etorri zen. Neguko Gerrako bonbardaketa batean Inariko eliza suntsitua izan zen, eta baselizak ateak ireki behar izan zituen berriro ere 1940. urtean. Gaur egun herrigunean eliza berria eraiki den arren, Pielpajärvikoa oso baseliza maitatua bihurtu da inariarrentzat, eta urtero Aste Santuko eta udako elizkizunak, ezkontzak, bataioak eta beste hainbat ospakizun bertan burutzen dira. Eraikinak greziar gurutze itxurako oinplanoa du, 14 m-ko luzera eta 13,6 metroko zabalera, eta egurrezkoa da guztiz[147][148][149].
- Sami zubia: Teno ibaia zeharkatzen duen zubi tenkatua da. Elizatean dagoen zubiak Utsjoki eta Tana udalerrien arteko eta Finlandiaren eta Norvegiaren arteko muga markatzen du. Egitura 1993. urtean eraiki zen eta, guztira, 316 metroko luzera eta 12 m-ko zabalera du; argi luzeena, aldiz, 155 m-koa da. Zubi gainetik igarotzen da E75 errepidea, Europako iparraldea eta hegoaldea lotzen dituen autobidea[150].
- Sodankyläko eliza zaharra: udalerrian eraiki zen lehenbiziko eliza eta zutik dirauen Lappiko egurrezko eraikin zaharrena da[55]. Tenpluak 1689. urtean ireki zituen ateak, Suediar Inperioak abian jarritako egitasmo baten eskutik; hain zuzen, XVII. mendean, Inperioak ipar-ekialdeko mugan zeuden menpeko lurraldeetan agintea indartzeko asmoz, bertan bizi ziren samiak kristautzeko neurriak hartu zituen. Aurreneko elizekin batera, suediar kultura, lege eta aginpidea hedatzea lortu zuten. Horrela, Lappiko kultura eta historian duen lekukotasunagatik, Sodankyläko eliza zaharra eskualdeko ondare nabarmenetakoa da. Eraikinak garaiko ostrobotniar egurrezko elizen diseinu bera du; hortaz, erdi aroko finlandiar arkitektura erlijiosoaren eredu garrantzitsua ere bada. Eliza zaharra hainbat aldiz eraberritu behar izan den arren, jatorrizko diseinu eta egitura mantentzen ditu; azken berritzea, hain zuzen, 90eko hamarkadan egin zen. Gaur egun, ondasuna zaintzeko asmoz, udan eta ospakizun berezietan baino ez da erabiltzen tenplua. Guztira, 220 pertsona ingururentzako eserlekua dauka[151][152].
- Ukonkivi (euskaraz, «Ukkoren arroka»): Inari aintzirako Ukonsaari uharte harritsuan dagoen leku sakratua da. Izenak berak dioen moduan, finn herriaren Ukko jainkoaren edo samien Äijih baliokidearen uhartea da, alegia, zeruaren, gertaera klimatikoen, eta beste hainbat erabilera naturalen jainko gorenaren arroka. Guztira, uharteak 30 metroko altuera eta 50 metroko zabalera du; luzera, aldiz, 100 bat metrokoa. Inariko samientzat sakrifizio gune garrantzitsua izan zen eta XIX. mendera arte erabili zutela uste da. Bi seita edo sakrifizio leku aurkitu dira bertan; lehena 1873. urtean aurkitu zuen Sir Arthur Evans britainiar arkeologo ospetsuak, uharteko kobazulo batean antzinako hainbat harribitxirekin topo egin zuenean; bigarrenaren berri, aldiz, finlandiar arkeologoek eman zuten 2007. urtean. Uharteko kobazueloetan, hain zuzen ere, elur-orein hezurrak, harribitxiak eta txanponak aurkitu izan dira urte hauetan. Ukonsaari Inari herritik 11 km-ra dago eta Siida museoak bertatik gidatutako bidaiak antolatzen ditu[153][154].
Ospakizun bereziak
Azpieskualdean antolatzen den ospakizun garrantzitsuena Sodankyläko Gauerdiko Eguzkia Zinemaldia da. Film jaialdia Mika eta Aki Kaurismäki anaiek sortu zuten 1986. urtean, eta beraien asmoa film moderno eta klasikoak eskainiko zituen zinemaldia sortzea izan zen. Ekitaldi honek ekainaren bigarren asteko bost egun hartzen ditu eta ez da lehiakorra. Bereizgarri nagusia gauerdiko eguzkia da, izan ere, filmak ekaineko eguzkiaren etengabeko argiarekin batera proiektatzen dira, goizez zein gauez. Urte hauetan izan diren film zuzendari ezagunen artean daude, besteak beste, Jonathan Demme, Bertrand Tavernier,Krzysztof Kieślowski, Terry Gilliam, Francis Ford Coppola, Miloš Forman, Fernando Trueba eta Fernando Meirelles[155]. 2019an, guztira, 31.000 zinemazale gerturatu ziren aretoetara eta 100 film baino gehiago proiektatu zituzten[156][157].
Udako klima epela aprobetxatuz, hainbat ekintza eta lehiaketa antolatzen da uztailean eta abuztuan. Hala nola, aipatzekoak dira Gauerdiko Eguzkia zaldi lasterketak, Tankavaarako Urre Bilaketa Txapelketa, Kitinen ibaiko ur-motor lasterketa, musika klasikoa eta natura uztartzen dituen Luostoko Soinuak jaialdia, eta iraileko azoka. Abuztuan ere Artikoko Artearen Astea nazioarteko arte sinposioa antolatzen da Kakslauttanen turismo herrian[158]. Bestetik, neguan ere zenbait ekitaldi izaten da; esate baterako, Luostoko PoroCup eta Sattanengo elur-orein lasterketak, txakurrek tiratutako leren Urre Sukarra Lasterketa, Martinpilkki eta Lokan Aurinkopilkki arrantza lehiaketak eta Iparrizarra Rock 'n Roll & Blues Gauak[157].
Bestalde, samien kultura eta usadioekin lotura duten ospakizun ugari daude, batik bat Inarin; hala nola, aipatzekoa da martxoaren bukaeran Inari herrian antolatzen den elur-orein txapelketa, Paliskunnat izenekoa. Partaideak, samiak izan ohi direnak, soka batzuen bitartez euren elur-oreinetara lotzen dira eta eskiak soinean dituztela helmugaraino lehen postuan iristen saiatzen dira[159]. Bestetik, uztaileko Inariviikot edo Inariko astea izeneko ospakizuna dago. Astebete irauten duen udako jaialdi honek ekintzaz betetzen du Inari herria; antzerkiak, dantza ikuskizunak, umeentzako jarduerak eta jokoak, ibilaldiak, ur-motoen txapelketa, folk musika emanaldiak, kanoa irteerak, inariar istorio kontakizunak eta arte erakusketak antolatzen dituzte[160]. Azkenik, samiekin zerikusia duten eta oso arrakastasuak diren beste bi ospakizun ere badira: Ijahis idja herri indigenen musikaldia, abuztu erdialdean ospatzen dena, eta Skábmagovat herri indegenen film eta telebista produkzioen jaialdia, 2019ko urtarrilean hogeigarren urteurrena ospatu zuena[161][162].
Saariselkä herrian, bestalde, turismoari begira antolatzen diren hainbat ospakizun daude. Guztietan arrakastatsuena azaroko gau ilun eta luzeak girotzeko sortu zen KaamosJazz jaialdia da; bertara, herrialdeko jazz musikari ospetsuenak joan ohi dira eta entzule nagusiak, jazz zaletuez gain, eski estaziora joaten diren elurzaleak dira[163]. Gainera, ahulagoa izan ohi den udako turismoa berpizteko, azken urteotan abuztuan antolatzen hasi diren bi bilkura aipatu behar dira: Ipar Finlandiako motorzaleen batzar nagusia, Jänkhällä Jytisee, eta Rautaa Rajalle, autozaleen festa nagusia[164][165]. Abuztuaren 31n hasi eta irailaren 1ean bukatzen den Saariselkä MTB mendiko bizikleta txapelketa, azkenik, uda sasoia agurtzeko antolatzen den ospakizuna da[166].
Ekonomia
Lappiko gainontzeko azpieskualdeen antzera, Ipar Lappiko jarduera ekonomiko nagusia zerbitzu-sektorean dago; guztira, langileen %74,85ek egiten du lan hirugarren sektorean, bai zerbitzu publikoetan, bai pribatuetan. Kopurua izugarri hazi da azken urteotan, batik bat, turismoak eta salerosketak Inarin eta Utsjokin izan duten hazkuntzari esker. Sodankylän, aldiz, ehunekoa ez da beste udalerrietakoa bezain altua, batik bat meatzaritzak herrian sortzen dituen lanpostuen ondorioz. Hain zuzen, bigarren sektorean lan egiten dutenak Ipar Lappiko langileen %16,47 dira, batik bat Sodankylä udalerrian. Azkenik, lehen sektoreko langileak %6,74 dira[167]. Aipatzekoa da samien artean abeltzaintzak betetzen duen funtzioa, izan ere, elur-orein zaintza euren kulturaren bereizgarri garrantzitsua da[10]. Langabezia tasa %8,1ekoa da (2020), eskualdeko baxuena Tunturi Lappikoaren ondoren[168].
XIX. mendera arte Ipar Lappi lehen sektoreko lurraldea izan zen. Samien elur-orein etxaldeak ziren herritarren diru-sarrera nagusia, eta arrantzak eta egoera klimatikoak guztiz baldintzatutako nekazaritzak irabazi horiek osatzen zituzten[49]. Alabaina, mende hartan Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta Tankavaaran edo Ivalo ibaian sortutako urre sukarrak herritar asko erakarri zituzten hegoaldetik[59]. Hazkundearen eta Rovaniemi hiriburu izendatu berriaren eskutik lehen azpiegituark eraikitzen hasi ziren azpieskualdean; hala nola, Sodankylä-Ivalo errepidea[61].
Bigarren Mundu Gerrako etenaldiaren ostean, 1950eko hamarkadan basogintza industria hazi eta garatu egin zen, eta Inari aintziraren eta iparraldeko ibaien (tartean, Utsjokiko Teno) ustiapena hasi zen. Azpieskualdeak oparoaldi ekonomikoa izan zuen, arrantzaren inguruan zerbitzuak eta azpiegiturak iritsi ziren, eta herritarren kopurua hazi zen. 60ko hamarkadan, bestalde, Lokkako eta Porttipahtako urtegiak eraiki zituzten (1967an eta 1970ean hurrenez hurren), eta horiekin batera Kemi, Kitinen eta Luiro ibaien ertzetako zentral hidroelektrikoak[69][70]. Dena den, Inari aintziraren ustiapen jasanezinaren ondorioz, arrainen kopuruak behera egin zuen nabarmen. Egoera larria zen, eskala txikiko arrantzak garrantzi handia baitzuen egunerokoan, eta herritarrak baliabide naturalak babestearen beharraz ohartu ziren; horrenbestez, 70eko hamarkadatik aurrera, Inarin aintzira eta natura basatia babesteko ekintzak jarri ziren abian. Horrela, parke nazionalak eta eremu basatiak sustatzen hasi ziren eta, eski estazio eta azpiegitura berriekin batera, turismoa inariarren enplegu-emaile nagusi bihurtu zen. Birmoldaketa horren ikurra Saariselkä da, herri txiki zena 13.500 bisitari jasotzeko prestatu baitzen[48].
XX. mendearen azken hamarkadako banku krisialdiak, baina, gogor astindu azpieskualdea. 90eko hamarkadan iparlappiarren kopuruak gorena jo zuen, 1995. urtean hogei mila pasatxo izatera iritsi ziren. Hala ere, harrezkeroztik biztanleria jaisten joan da urtez urte[2]. Lan esparru zabalago baten bila bertatik atera diren herritarrak izan dira biztanle galera horren kausa nagusia. Helsinki eta Rovaniemi hiriburuak izan dira iparlappiar horien hartzaile nagusi. Dena den, joera hori luzaroan mantendu den arren, badirudi iparraldeko udalerrietan turismoak diru-sarreretan hartu duen garrantziari esker eta Sodankyläko Pahtavaarako eta Kevitsako meatzeek sortutako lanpostuei esker azken urteotan azpieskualdeko biztanleria egonkorrago mantendu dela. Hain zuzen, Kevitsako meatzeak 2012. urtean ireki zituen ateak eta kobrea eta nikela erauzten dituen herrialdeko meatze handiena da; 2016an Boliden AB suediar enpresak bereganatu zuen[38]. Gaur egun meatze gehiago irekitzeko hainbat prospekzio lan daude martxan Sodankylän eta Artikoko korridorea sortzeko egitasmoak ere azpieskualdea bultzatuko dutela uste dute adituek[8].
Etorkizunean meatze gehiago irekitzeko egitasmoak eta basogintza industriak ezinegona sortu dute eskualdean[38]. Besteak beste, aipatzekoak dira azken urteotan babestutako eremuen kontura Ipar Lappin izan diren hainbat istilu. 2005. urtean sami abeltzainek eta Greenpeace erakundeak bat egin zuten Metsähallitus enpresaren aurka egiteko. Metsähallitusek Inari udalerriko pinu basoen %40 babestea erabaki bazuen ere, babestutako eremu hori emankorrak ez ziren eta sartzen zailak ziren basoek osatzen zutela salatu zuten talde ekologistak eta samiek. Hain zuzen ere, sami abeltzainek euren aspaldiko kultura mantentzeko eta neguan elur-oreinak elikatu ahal izateko ezinbestekoak dituzte pinudiak eta zuhaitzen azalak; eta neurri horren ondorioz, eskura zeuden eta aspalditik samien egonleku izandako basoak babesgabe gelditzen ziren. Erabakiak Inariko pinu basoak herrialdeko papergintza enpresa nagusien esku gelditzeko erraztasuna ematen zuela salatu zuten aldarrikatzaileek. Azkenean, hainbat urteren ostean, interesdunak akordio batera iritsi ziren eta babestutako eremua %40tik %80ra zabaltzea adostu zuten 2010ean[36][37]. Negoziazioan parte hartu zuten alderdi guztiak ados agertu baziren ere, Inariko Udalak urtero udalerriko naturaren gainean eskumena zabaltzeko aldarria egiten jarraitzen du.
Azkenik, Teno ibaiko muga igaro eta udalerrira erosketak egitera iristen diren norvegiarrek ere pisu handia dute azpieskualdeko ekonomian. Finlandia 1995ean Europar Batasuneko herrialde bihurtu zenean, Norvegiaren eta Finlandiaren egoera ekonomikoa aldatu zen. Nahiz eta 1996. urtean bi herrialdeak Schengen eremuan sartu, 2002an euroa iritsi zenean produktuen prezioek gorabehera handiak izan zituzten. Ordutik, muga zeharkatu eta Utsjokiko dendetan erosketak merkeago egiten dituzten norvegiarrek diru-kopuru handia uzten dute[169]. Irabazi gehien dituena Nuorgam eta Karigasniemi herrietan dendak dituen Alko enpresa da[170].
Iruditegia
- Sami abeltzainen etxola
- Ur-hegazkinak Inari aintziran
- Nellimgo eliza ortodoxoa
- Elur-motorrak Inarin
- Kevo ibaia
- Elur-orein taldea
- Sami abeletxea
- Militarren egoitza Sodankylän
- Sodankyläko eliza berriaren barrualdea
- Geavvuko edo Kevoko arroila udaran
- Nuorgam herria
- Enbor multzoa Ivalon
- Kaunispää mendiko jatetxea (Saariselkä)
- Ipar argiak
- Sodankyläko eliza berriaren atzealdea
- Kuikkapää mendiaren gaina
- Rumakuru etxola Urho Kekkonen Parke Nazionalean
Erreferentziak
- "Suomen Pinta-ala kunnittain (Excel) 1.1.2020". Maanmittauslaitos. 2020.05.02
- "Statistics Finland's PxWeb databases". Tilastokeskus. 2020.05.02
- "Inari - Facts and statistics". Inari. 2020.05.02
- "Sodankylä on Suomen toiseksi suurin kunta". Saariselän Sanomat. 2020.03.23
- "The Sámi in Finland". Sámediggi. 2020.05.03
- "Väestö ikäryhmittäin Inarin kunnassa 31.12.2017". Inarin kunta. 2020.04.19
- "Talousarvio 2019". Sodankylän kunta. 2020.03.28
- "Growth through Arctic resources". Arctic Corridor. 2020.05.03
- "Sodankylän vanha kirkko". Sodankylän seurakunta. 2020.04.09
- "About us". Siida - Sámi Museum. 2020.05.03
- "Vascular flora of Inari Lapland". Kevo Subarctic Research Station. 2019.01.16
- "Tankavaara (...) 196,2 km north of the Arctic Circle". Minube. 2019.10.31
- "(Utsjoki) Located 450 km north of the Arctic Circle". Saami Village. 2018.12.10
- "Nature of the North – Keskiyön aurinko". Visit Sodankylä. 2019.10.31
- "Lapland Midnight Sun – An Arctic Summer". Rayann Elzein Photography. 2019.01.02
- "Lapland's midnight sun sets". Yle. 2018.12.04
- "Polar Night Counter". Expedia. 2018.12.04
- "Polar night". Siida. 2019.01.02
- "Nature of the North - The Polar Night". Visit Sodankylä. 2019.10.31
- "On the hunt for northern lights". Visit Finland. 2018.12.04
- "Sodankylä Geophysical Observatory". University of Oulu. 2019.11.01
- "No snow in Lapland could spell a festive flop". CNN Travel. 2018.12.10
- "8 Jagiáiggi". Siida. 2019.01.12
- "8 seasons". Visit Sodankylä. 2020.04.12
- "Kevo Subarctic Research Institute". University of Turku. 2020.04.15
- "Kevon ilmasto". Tu Tiempo. 2019.01.07
- "Sodankylän ilmasto". Tu Tiempo. 2019.08.12
- "Pohjois-Lappi". Kansalaisen karttapaikka. 2019.12.13
- "Pohjois-Lappi". JärviWiki. 2020.05.03
- "Sodankylä". JärviWiki. 2019.12.13
- "Kemijoki oli aikoinaan Euroopan parhaita lohijokia.". Yle. 2019.12.13
- "Top 10 waterfalls of Finland". Suomen vesiputouket. 2020.04.28
- "Kemijoki". Eraluvat. 2019.12.13
- "Utsjoki Area - Natural Features of Utsjoki". nationalparks.fi. 2018.12.10
- "Utsjoki wilderness". Eraluvat. 2018.12.10
- "Lapland state of conflict". Greenpeace. 2013.04.20
- "80,000 Hectares of Finnish Forest Protected in Landmark deal". Greenpeace. 2013.04.10
- "Numerous exploration activities going on in Sodankylä". Mining Metal News. 2020.05.03
- "Lemmenjoki National Park". Luontoon. 2020.05.03
- "Käyntimäärät kansallispuistoittain 2019". Metsähallitus. 2020.03.07
- "Pyhä-Luosto National Park". Luontoon. 2020.05.03
- "Urho Kekkonen National Park". Luontoon. 2020.05.03
- "Sompio Strict Nature Reserve". Luontoon. 2020.05.03
- "Kevo Strict Nature Reserve". Luontoon. 2020.05.03
- "Wilderness Areas". Luontoon. 2020.05.03
- "Sodankylässä havaitut lajit". Linnut Sodankyla. 2020.03.07
- "Utsjoen alueen historia". luontoon.fi. 2018.12.13
- "Inari - ihmisten ja kulttuurien kohtauspaikka". Luontoon. 2019.06.30
- "Lapin historia". Lappi. 2018.12.11
- "Inarin historia". Sami Museum. 2019.07.02
- "Sodankylän esihistoria". Sodankylän historia. 2020.03.21
- Rasmussen, Siv. "Churches in Finnmark County and the Torne Region in the Early Modern Period". The Arctic University of Norway. 2018.12.13
- "Lapinkylät ja Uudisasutus". Sodankylän historia. 2020.03.21
- "Johannes Schefferus (1621 - 1679) / «The Northern Lights Route» Tromsø University Library. 2020.03.23
- "Sodankylän kirkko - Historiaa ja taustaa". Museovirasto. 2020.03.23
- "Utsjoen kirkkotuvat". Inari Lapland. 2018.12.14
- Lehtola, Teuvo (1998). «Inarin historia 1500-luvulta jälleenrakennusaikaan». S.22.
- "Lapin historiaa". Suonttavaara.se. 2019.07.08
- "The Gold Story". Kultamuseo. 2020.05.04
- "Sodankylän kunta". Lappi. 2020.03.23
- "Tapahtumia Sodankylässä... Suomessa ja Maailmalla". Sodankylän kunta. 2020.03.23
- "Lappi maailmansodan vuosina". Suomi80. 2021.07.03
- "Suomen sotahistoria - Lapin Sota". Sotahistoria. 2020.03.23
- Ahto, Sampo (1980). Aseveljet vastakkain – Lapin sota 1944–1945 [Arma Anaiak Aurrez Aurre Borrokan – Laponiako Gerra 1944–1945] (finlandieraz). Helsinki: Kirjayhtymä. ISBN 978-951-26-1726-5
- Ursin, Martti (1980). Pohjois-Suomen tuhot ja jälleenrakennus saksalaissodan 1944–1945 jälkeen. Väitöskirjatutkimus. Rovaniemi: Pohjois-Suomen historiallinen yhdistys. ISBN 951-95472-0-7. (383-385. orr.)
- "Vuotso". Lapin sota. 2020.03.25
- Lehtola, Veli-Pekka (1997). «Saamelaiset - historia, yhteiskunta, taide». Gummerus: Jyväskylkä. ISBN 951-97541-2-1.
- "Lokan Allas". Sodankylän historia. 2020.03.25
- "Lokka-Porttipahta tekojärvet". Sodankylän kunta. 2020.03.27
- "1900-luvun Sompio". Sodankylän historia. 2020.03.25
- "The Sámi Parliament – The representative self-government body of the Sámi". Samediggi. 2018.12.14
- "Tenonlaakson Rantaosayleiskaavat Utsjoen Osa - Alueen Osayleiskaava (2018)". Utsjoen kunta. 2020.05.05
- "Kartat". Fonecta. 2020.04.19
- "Nelostie E75 ry". Nelostie. 2018.12.24
- "Transport Network". Väyla - Finnish Transport Infrastructure Agency. 2020.03.28
- "Tie & Liikenne". Suomen Tieyhdistys. 2020.03.28
- Grönroos, Matti: "Kantatie 91 Ivalo-Raja-Jooseppi, 52 km". mattigronroos.fi. 2019.02.10
- Grönroos, Matti: "Kantatie 92 Karigasniemi–Kaamanen–Näätämö, 192 km". mattigronroos.fi. 2018.12.24
- Grönroos, Matti: "Seututie 970 Karigasniemi–Utsjoki–Nuorgam, 148 km". mattigronroos.fi. 2018.12.24
- "Timetables". Matkahuolto. 2020.03.28
- "Timetables and routes". Eskelisen Lapin Linjat. 2018.12.24
- "Company: Gold Line". Lapland Saariselkä. 2019.02.10
- "Bus Info". Kukkolan Bussit. 2019.02.10
- "Passengers 2019". Finavia. 2020.04.17
- "Ivalon lentoasema". Finavia. 2019.02.10
- "EFSO Sodankylä Finland". Sodankylän lentokenttä. 2020.03.28
- "Varhaiskasvatus ja koulutus". Sodankylän kunta. 2020.03.29
- "Inarin koulut". Inarin kunta. 2019.02.12
- "Sivistystoimen hallinto". Utsjoen kunta. 2018.12.24
- "Ivalon lukio". peda.net. 2019.02.26
- "Sodankylän lukio". Sodankylän kunta. 2020.03.29
- "Utsjoen saamelaislukio". Utsjoen kunta. 2018.12.24
- "Tiedot-SOG/SAKK". Saamelaisalueen koulutuskeskus. 2019.03.02
- "Sami Education Institute". University of the Arctic. 2019.03.02
- "Sodankylä". Revontuli-opisto. 2020.03.29
- file:///C:/Users/IAKI~1/AppData/Local/Temp/https%20__www.lapinliitto.fi_wp-content_uploads_2020_12_Lapin-liiton-valtuuston-jasenet-2017-2021.pdf "Lapin liiton valtuusto 2017-2021"]. Lappi. 2021.07.03
- "Lapland Hospital District". Lapin Sairaanhoitopiiri. 2020.03.30
- "Sosiaali- ja terveyspalvelut". Sodankylän kunta. 2020.03.30
- "Sosiaali- ja terveystoimi". Utsjoen kunta. 2018.12.15
- "Terveyspalveluiden yhteystiedot". Inarin kunta. 2019.03.03
- "Väestö ikäryhmittäin Inarin kunnassa 31.12.2017". Inarin kunta. 2020.04.19
- "Talousarvio 2019". Sodankylän kunta. 2020.03.28
- "Tenonlaakson Rantaosayleiskaavat Utsjoen Osa - Alueen Osayleiskaava (2018)". Utsjoen kunta. 2018.12.26
- "Population 31.12. by Area, Nationality, Sex, Year and Information". Tilastokeskus 2020.04.21
- "Väestö iän (1-v.) ja sukupuolen mukaan alueittain, 1972-2019". Tilastokeskus. 2020.04.02
- "Väestön elinkeino". Helsinki 1979. 2020.04.03
- "Anni-Kristiina Juuso". IMDb. 2019.03.23
- "Kari Väänänen". IMDb. 2019.03.23
- "Finlandia-palkinto". Kirjasaatio. 2020.04.06
- "The Core of the Sun". Libertarian Futurist Society. 2020.04.06
- "Andreas Alariesto". Artnet. 2020.04.06
- "Amoc is rapping the Sámi language onto the map". Embassy of Finland. 2019.03.23
- "Pertti Ukkola". Olympian Data Base. 2020.04.06
- Aikio, Ante (2012). "An essay on Saami ethnolinguistic prehistory". Finno-Ugrian Society. 2018.12.27
- "The Sámi People & Reindeer Husbandry". Visit Inari. 2019.03.24
- "The Skolt Sámi in Finland". Sami Museum. 2019.03.24
- "Statistics Finland's PxWeb databases". Tilastokeskus. 2020.05.02
- "Tenonlaakson Rantaosayleiskaavat Utsjoen Osa - Alueen Osayleiskaava (2018)". Utsjoen kunta. 2020.05.05
- Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto ISBN 951-773-085-3..
- "EISCAT Sodankylä site". EISCAT. 2020.04.07
- "Jääkäriprikaati". Maavoimat. 2020.04.07
- "Arctic Space Center". Ilmatieteen laitos. 2020.04.12
- "Sajos Saamelaiskulttuurikeskus". Sajos. 2019.06.27
- "Sajos". Inari-Saariselkä. 2019.06.27
- Jenni Leukumavaara, Saamelaiset saivat komean kodin, HS 2012.02.06 s. C1
- "Sodankylän kirjasto". Sompion kirjasto. 2020.04.07
- "Inarin kunnankirjasto". Inarin kunta. 2020.04.18
- "Tapahtumat". Lapin kirjasto. 2020.04.18
- "Info". Sodankylän Pallo. 2020.04.07
- "Seura". Tunturi-Kiekko. 2020.05.06
- "Slopes". Ski Saariselkä. 2019.04.01
- "Hiihdä ja Laskettele". Luosto. 2020.04.07
- "Ski & Sport Resort". Ski Saariselkä. 2019.04.01
- "Sodankylän museot". Rovaniemi. 2020.04.08
- "Museum-gallery Alariesto". Visit Sodankylä. 2020.04.08
- "Museo-Galleria Alariesto". Museot. 2020.04.08
- "Museum Collections". Sámi Museum Siida. 2020.05.07
- "Skolt Sámi Heritage House". Lapinmuseot. 2019.04.20
- "Kolttien perinnetalo (Sevettijärvi)". Siida. 2019.04.20
- "Kolttien perinnetalo". Luontoon. 2019.04.20
- "Utsjoki's Church Huts". National Parks. 2018.12.29
- "Utsjoen kirkkomaisema". Valtakunnallisesti merkittävät rakennetut kulttuuriympäristöt RKY. Museovirasto. 2018.12.29
- "Utsjoen kirkkomaisema". Utsjoen seurakunta. 2018.12.29
- "Kakslauttanen Art Gallery". Visit Sodankylä. 2020.04.08
- "Sodankylän kotiseutumuseo". Visit Sodankylä. 2020.04.08
- 1993: Säilyttäminen lista "Rakennettu kulttuuriympäristö". Museovirasto. 2020.05.08
- "Pielpajärven erämaakirkko". Inarin seurakunta. 2019.06.27
- "Pielpajärvi Wilderness Church". Luontoon. 2019.06.27
- "Walk to one of the oldest buildings in Lappi". Gerald Zojer - Blog. 2019.06.27
- "Saamen silta". Inari Lapland. 2018.12.29
- "Sodankylän vanha kirkko". Sodankylän seurakunta. 2020.04.09
- "Sodankylän vanha kirkko". Visit Sodankylä. 2020.04.09
- "Ukonkivi". Life in Lapland. 2019.06.27
- "Saamelainen maailmankuva ja mytologia". Luontoon. 2019.06.27
- "History". Midnight Sun Film Festival. 2020.04.10
- "Midnight Sun Film Festival reaches record audience". Midnight Sun Film Festival. 2020.04.10
- "Events". Visit Sodankylä. 2020.04.10
- "Arctic Art Week". Kakslauttanen. 2020.04.10
- "Paliskuntain yhdistys". Paliskunnat. 2019.05.28
- "Kullan kimallusta Inariviikoilla 19.-28.7.2019". Inariviikot. 2019.06.28
- "Info". Ijahis idja. 2020.05.08
- "What". Skábmagovat. 2020.05.08
- "KaamosJazz - Saariselkä". KaamosJazz. 2013.09.09
- "Jänkhällä Jytisse". Inari. 2019.06.28
- "Rautaa Rajalle". Inari Saariselkä. 2019.06.28
- "Saariselkä MTB Stages". Saariselkä MTB. 2019.06.28
- "Kuntien avainluvut". Tilastokeskus. 2020.04.17
- "Lappi - Työllisyyskatsaus". Työllisyyskatsaus. 2020.04.11
- "Kuntatietoa". Utsjoen kunta. 2018.12.25
- "Stores". Alko. 2018.12.31
Kanpo estekak
- Ipar Lappiko Azpieskualdea - Lappiko Eskualdea (Finlandieraz)(Ingelesez)
- Inariko Udalerria (Finlandieraz)(Samieraz)(Suedieraz)(Ingelesez)(Errusieraz)
- Inari-Saariselkä - Informazio turistikoa (Finlandieraz)(Ingelesez)
- Sodankyläko Udalerria (Finlandieraz)
- Utsjokiko Udalerria (Finlandieraz)(Samieraz)
- Visit Sodankylä - Informazio turistikoa (Ingelesez)(Finlandieraz)