Ipar Kosovo

Ipar Kosovo (serbieraz: Северно Косово/Severno Kosovo; albanieraz: Kosova Veriore), gehiengo etnikoki serbiarra duen Kosovoko eskualde bat da, lau udalerrik osatua: Iparraldeko Mitrovica, Leposavić, Zvečan eta Zubin Potok. Ibarski Kolašin izenarekin ere ezaguna (Serbieraz zirilikoz: Ибарски Колашин; albanieraz: Koloshini i Ibrit).

Ipar Kosovo
Txantiloi:Herrialde info Serbia, Kosovo
Administrazioa
Izen ofizialaСеверно Косово / Severno Kosovo
Kosova Veriore
HiriburuaKosovska Mitrovica (hiria)
Geografia
Koordenatuak43°06′14″N 20°48′10″E
Azalera1,007 km²
Demografia
Biztanleria79.910
Dentsitatea79.354,52 bizt/km²
Hizkuntza ofizialaserbiera eta albaniera
Ordu eremuaUTC+01:00
Ipar Kosovo. Handitu Mitrovica hiria nola zatitzen den ikusteko.

Praktikan, Kosovoko gobernu independenteak kontrolatzen ez duen eskualdea da. Aginte burujabe autonomo bat dago Ipar Kosovon bertako serbiarrek osatua, Kosovoren independentzia aldarrikapenetik (2008). Aginte-erakunde horrek izen hau du serbiarrek emana: Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoko Udalerrien Erkidego Biltzarra (serbieraz: Скупштина Заједнице општина Аутономне Покрајине Косово и Метохија, Skupština Zajednice opština Autonomne Pokrajine Kosovo i Metohija).

Geografia

Kosovoren iparraldean egonik, mugakide da eskualdea Serbiarekin, eta horrek erraztu egiten du bertako serbiarrek burujabetza izatea, praktikan Serbiarekin lurreko garraiobide eta konexio zuzenak baitituzte.

Herri hauek osatzen dute Ipar Kosovo:

Udalerriak Barrutia Azalera (km2) Biztanleria
Iparraldeko Mitrovica Mitrovica 11 29.460
Leposavić 539 18.600
Zvečan 122 16.650
Zubin Potok 335 15.200
Guztira 1.007 79.910

Hiriburua Iparraldeko Mitrovica da, Kosovoko Gerrak eta ondorengo independentzia prozesuak sorrarazi duen hiri edo entitate bereizia. Izatez, Mitrovica hiri zaharra guztiz zatitu zuten gerrak eta indeoendentziak. Ibar ibaiaren hegoaldera geratu den hiriaren zatia albianarren kontrolpeko Kosovon dago, eta Ipar Mitrovica, serbiarren esku, Ipar Kosovo praktikan burujabearen kontrolpean dago. Ibar ibaia zeharkatzeko hirian dauden zubiak, kontrol polizialekin zaindutako mugak dira praktikan.

Kosovoko serbiarren %60 bizi dira Ipar Kosovon, gutxi gora-behera. Ipar Kosovon, bestalde, gehienak serbiarrak dira (70.300, %88), eta %9 albaniarrak (6.970), bosniar musulmanak eta beste batzuk %2 dira. 2015eko datuak dira hauek.

Historia

Kosovoko Gerra amaitu zenean, 1999an, eskualde hau gerra irabazi zuten indar albaniar independentisten kontroletik kanpo geratu zen.

2008ko maiatzean Serbian udal hauteskundeak izan ziren, eta Ipar Kosovon ere egin egin ziten hauteskunde horiek. Hautatutako agintariek osatu zuten Kosovo eta Metohiako Probintzia Autonomoko Udalerrien Erkidego Biltzarra. Izenaren bigarren parteak adierazten du, bertako serbiarren aburuz Kosovo osoa "probintzia autonomoa" dela, Serbia zaharraren parte, beraz.

Udalerrien Erkidego Biltzar horrek Serbiaren ezagupena bakarrik izan zuen 2008-2013 urteen artean.

Bruselako akordioen ondoren

Serbiar Udalerrien Erkidegoa, Bruselako akordioak betez gero Ipar Kosovo egitura honen barruan legoke, Kosovoko gobernu independentearen agintepean, baina mapa honetako Erkidegoa ez da praktikan gauzatu.

2013an, Bruselako Akordioa izenpetu zen Kosovoko eta Serbiako gobernuen artean (Europako Batasunak sustatu zuen akordioa, baina ez du erakunde honen izenperik), eta horren arabera, Udalerrien Erkidego Biltzarra ofizialki ezagutzeari utzi zion Serbiak[1].

Akordioaren ondorioz, Ipar Kosovo beste egitura batean integratzekoa zen, Serbiar Udalerrien Erkidegoa osatu behar zen[2]. Izenak oso antzekoak dira, Udalerrien Erkidego-Biltzarra bata, eta Serbiar Udalerrien Erkidegoa bestea; baina oso desberdinak dira adierazten dutena izatez. Lehena de facto eratutako eskualde sezesionista bat da, eta bigarrena Kosovoko gobernuaren azpikoa izan behar zuen egitura bat.

Bigarren egitura horretan (Serbiar Udalerrien Erkidegoan, alegia), Ipar Kosovok bat egin beharko zuen Kosovoko beste eskualde batzuetan gehiengo serbiarra duten udalerri batzuekin. Hala ere, Erkidego berri hori ez da praktikan gauzatu, eta Ipar Kosovon serbiarrek burujabe jarraitzen dute, Pristina Kosovoko hiriburuan dagoen agintetik at. Beste serbiar udalerrietan ere ez da egitura berria eratu.

Ekonomia

Eskualdearen ekonomia oso desegituratua geratu zen Kosovoko Gerraren ondorioz, eta ez da praktikan asko zuzendu. Eskualdeko aberastasun nagusia Trepča-ko mehategiak ziren (4.000 lagunentzako lanpostuak zeuden bertan), baina gerra garaian itxi egin ziren, eta gerora ez zen onartu berriz irekitzea, ingurugiro kalteengatik.

Eskualdean serbiar dinarra erabiltzen da, eta ez Kosovon moneta ofiziala den euroa.

Ipar Kosovoko elektrizitate kontsumoa eta Europako erlojuen atzerapena

2018an, eskualdearen energia kontsumoak eragindako arazo bitxi baten berri jakin izan zen: Europako sare elektrikora lotutako elektragailuen erlojuak sei minutuz atzeratu ziren 2018ko lehen hiruhilekoan[3]. Arazoaren jatorrian zera dago: Kosovo independenteko sare elektrikoaren ardura duen erakundeak, KOSTT delakoak, utzi egin zion Ipar Kosovoko argindarraren kostuak asumitzeari, eskualde horretatik ordainketarik egin ez zitzaiola argudiatuta. Ondorioz, 113 gigawatt-orduko energia multzo baten ordainketa dantzan geratu da Serbairen eta Kosovoren artean, eta horrek Europako sare elektrikoetan desorekak eragin ditu. Sarearen frekuentzia normala, 50 Hertz-ekoa (Hz) to 49.996 Hz-tara jaitsi da, eta horrek erlojuen atzerapena eragin du, elektragailu askok sarearen frekuentziaren erregulartasuna erabiltzen dutelako bere barne erlojuen zikloak zenbatu eta doitzeko.

Kanpo estekak

  1. (Gaztelaniaz) «Bruselas recomienda negociar la adhesión de Serbia tras el acuerdo sobre Kosovo - RTVE.es» RTVE.es 2013-04-22 (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  2. (Ingelesez) «Community of Serb Municipalities in Kosovo to be formed | InSerbia Today» inserbia.info (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
  3. «Kosovo finds temporary fix for energy glitch slowing Europe's clocks» Reuters Tue Mar 13 18:07:43 UTC 2018 (Noiz kontsultatua: 2018-03-21).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.