Ionako abadia
Ionako abadia Eskoziako mendebaldean dagoen Hebridak uhartediko Iona uhartean dagoen abadia bat da. A mailako eraikina izendaturik dago.
Ionako abadia | |
---|---|
Iona Abbey | |
Ionako abade-etxearen irudi orokorra. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Erresuma Batua |
Herrialdea | Eskozia |
Eskoziako kontseilu gunea | Argyll eta Bute |
Koordenatuak | 56°20′06″N 6°23′29″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 563 |
Kudeatzailea | Historic Environment Scotland |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Arkitektura | |
Ondarea | |
LB12310 | |
Webgune ofiziala | |
Erdi Aroan Mendebaldeko Europako erlijio gune garrantzitsuenetako bat izan zen. Honen adibide garbiena, abadia honetako fraideek burututako Kellseko liburua da. Eskozia, Irlanda, Norvegia eta Frantziako hainbat errege-erregina abadia honetako hilerrian lurperatuak daude, ustez, denera 48 monarken hilobiak daudelarik.
Historia
563. urtean San Kolunba leku honetara ailegatu zen hamabi jarraitzailerekin, eta monasterioa sortu zuen. Piktoen eta eskoziarren artean kristautasuna hedatzeko erdigunea izan zen. Kellseko liburuaz gain Irlandako Kronika ere bertan idatzi zen 740 arte.
795ean bikingoek eraso egin zioten abadiari eta IX mendean eraso gehiago etorri ziren. 806an esate baterako 68 monje hil zituzten gaur egun Martirien badia deitzen den tokian. Eraso hauek zirela eta, monjeek Kellseko abadiara (Irlandara) egin zuten ihes babes bila, eta liburuak beraiekin eraman zituzten, hortik Kellseko liburuaren izena. Beste monje batzuek Europara egin zuten alde, Belgika, Frantzia edo Suitzara. Ionan jarraitzea erabaki zutenek bikingoen eraso gehiago jasan zituzten eta, abadia erre egin zuten arren, komunitate batek bertan jarraituko zuela uste da.
1164an Somerled gerlariak berreskuratu zuen. Irlandarrak ekarri zituen eta hauek katedrala eraiki zuten. Somerleden seme Ranald Uharteetako Jaun bihurtu zen, eta 1203an monasterioa eraikitzeko baimena eman zien beneditarrei, bai eta komentu bat ere agustindarrei. Kolunbaren jarraitzaileek eragina galdu zutela ikusita, hurrengo urtean, monasterioak eraso latza jasan zuen, bi apezpiku irlandarrek gidatuta.
XV mendean komentua berreraiki zuten, bai eta abadiako eliza ere, baina 1560ko Eskoziako Erlijio Erreforman bertan behera utzi ziren eraikinak.
1899an Argylleko dukeak abadia eta komentuaren hondarrak Iona Cathedral Trust erakundeari eman zizkion eta honek abadiako berrizte lanak hasi zituen 1938an. Ian Gordon Lindsay arkitektoak gidatu zuen berreraikuntza. XX mendean inguruko beste hainbat eraikin berreraiki ziren. 2000 urtean Historic Scotland erakundeak hartu du berau kudeatzeko ardura.
Iruditegia
- Ionako abadia.
- Klaustroa.
- Klaustroa.
- Barnealdea.
- San Joanen gurutzea.
Kanpo estekak
- Ionako komunitatearen webgunea (Ingelesez)
- Iona abadia Scotland Historic webgunean ikusgai (Ingelesez)