Ioi

Ioi bat elektroiak galdu edo irabazi dituen eta, beraz, positiboki edo negatiboki kargatu den atomo edo molekula bat da. Karga positiboa duten ioiei katioi deritze (Na+, Ca2+, NH4+, H3O+ adibidez) eta katodoek erakartzen dute. Karga negatiboa dutenei, berriz, anioi (Cl, OH, CO32−, C6H5 adibidez) eta anodoek erakartzen dute. Ioien tasunek ez dute zerikusirik jatorrizko atomo edo molekulen tasunekin, kargak eragin handia baitu gai baten jokaeran. Ioiak solidoetan, isurkarietan eta gasetan izaten dira. Sukaldeko gatza, adibidez, solidoa da, eta bere kristalek sodio eta kloro atomo kopuru berdina dute, baina ez dituzte molekulak eratzen. Sodio klorurozko kristal horiek elkar erakartzen duten sodio katioiez (Na+) eta kloro anioiez (Cl) daude eratuak. Horrela daude eratuta ioi izaerako solido guztiak (CaCl2, AgNO3, FeCl3, PbBr2, adibidez).

Nitrato-ioiaren (NO3-) potentzial elektrikoaren mapa. Gorriz markatutako areek horiz markatutakoek baino energia gutxiago daukate

Irrada ioitzaile batzuen eraginez (deskarga elektrikoak, izpi ultramoreak, X izpiak, izpi kosmikoak, gai erradioaktiboek jaurtikitako alfa, beta eta gamma izpiak eta abar) gas batzuen atomo batzuk aldatu eta ioiak eratzen dira. Gasen ioitze hori atomoei dagokie beti eta ez molekulei. Gasean sortzen diren ioi horiek hautsa eta lainoaren tantatxoak oso erraz erakartzen dituzte. Ezaugarri hori elektrizatutako gorpuzkien ibilbidea eta gasen ioitze prozesua aztertzeko erabili izan da.

Atomo bakarraz osatutako ioiari ioi monoatomiko deritzo, eta atomo bi edo gehiago badauzka, ioi poliatomiko. Oxigenoa osagaitzat daukatzen ioi poliatomikoei, esaterako karbonato edo sulfatoei, oxianioi deritze.

Ioien izenak elektrikoki neutroak diren atomoenak bezala idazten dira. Salbuespen bakarra dago: karga elektriko netoa adierazteko, plus edo minus ikur bat eta galdu edo irabazi duten elektroi-kopurua idazten zaie superindize gisa, esaterako, H+ edo SO42−.

Lotura ionikoa

Sakontzeko, irakurri: «Lotura ioniko»

Lotura ioniko (edo Ioi lotura) lotura kimiko mota, sarritan lotura elektrostatiko izenez ezagutzen dena. Lotura honen bidez gai bakun desberdinen atomoak bata besteari elektroi bat edo gehiago pasatuz elkartzen dira, eta gai polarra edo ioi erakoa eratzen dute. Adibidez, elektroien azken geruzan elektroi bakar bat duen potasio atomoa oso erraz lotzen da azken geruzan zazpi elektroi dituen kloro atomoarekin, horrela biak zortzi elektroiekin geratzen baitira; egoera hori da energia ikuspuntutik egonkorrena. Potasioak elektroi bat galtzen du eta positiboki kargatuta geratzen da, eta aldi berean kloroak elektroi hori irabazten du eta negatiboki kargatua geratzen da. Era honetako loturak lotura kobalenteak baino egonkortasun txikiagokoak dira. Eratzen diren konposatuak ioietan zatitzen dira uretan urtzean.

Ioi trukea

Ioi trukea disoluzio bateko katioi bat edo anioi bat karga berdineko beste batez ordezkatzea da. Horretarako, ioiak dituen disoluzioa erraz ioitzen diren sail azidoak edo basikoak dituen sare molekular batetik pasarazten da. Disoluzioko ioiak sare molekularrera batzen dira, eta bertan dauden ioi askeak edo higikorrak ordezkatzen dituzte. Sare molekular horiei ioi trukatzaileak deitzen zaie. Ioi trukatzaile gehienak solidoak dira, eta horietakoak dira adibidez aluminosilikatoak (buztinak), polimero organikoak (erretxina trukatzaileak), zelulosa, lurzorua eta abar. Ioi trukea ura biguntzeko (permutitak erabiliz), analisi kromatografikoan, hondakin ionikoak desagerrarazteko (desmineralizazioa), lur arraroak bakantzeko, azidoak desagerrarazteko eta abarretarako erabiltzen da. Sendagai gisa ere erabiltzen dira erretxina ioi trukatzaileak, bihotzerrea gutxitzeko adibidez.

Erreferentziak

    Kanpo estekak

    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.