Intza

Intza Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko kontzeju bat da, Araitz udalerrikoa. Aralarko Malloen pean dago, Araitz haranean, itsas mailatik 321 metro gorago. 8,97 km² ditu, eta 2016ko erroldan 64 biztanle zituen.

Intza
 Euskal Herria
Intza eta, atzealdean, Aralarko Malloak
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa
UdalerriaAraitz
Administrazioa
Posta kodea31891
Herritarraintzatar
Geografia
Koordenatuak43°00′52″N 1°59′38″W
Azalera8,97 km²
Garaiera321 m
Demografia
Biztanleria68 (2020:  3)
Dentsitatea7,58 bizt/km²

Bilakaera demografikoa

Intzako biztanleria
Datu iturria: (Gaztelaniaz) Espainiako Estatistika Institutua: «Nomenclátor. Relación de unidades poblacionales». Eskuratze data: 2018-01-06.

Herria hondatu zuen luizia

1714an hasi eta 1715ean bukatutako luiziak erabat sakabanatu zuen Intza herriaren egitura. Mallopean Lizetako harriak erorita, Maikosasi izeneko tokian ubidea itxita geratu zen, eta urak pilatzen joan ziren. Urte hartako abuztu eta irailean izandako euriteek egoera larriagotu zuten. 526.000 lur mugitu ziren, 1400 metroko bidea eginda. Orain eliza berria dagoen tokiraino zeuden etxe eta baserri guztiak lurperatu zituen. Intzako «herri zaharra» deritzona lurpean geratu zen, baina inork ez zuen bizia galdu hondamendi hartan; izan ere, luizia maldan behera poliki-poliki etorri zenez, etxeetako altzariak eta berrerabiltzeko teilak ere erretiratzeko aukera izan zuten.[1][2]

1715eko apirilerako, 38 etxe, Santiagoko eliza, errota, udaletxea, bordak, ikuztegia, eta orduko Larraundik Gipuzkoako Goierrira zihoan errege bidetik igarotzen zirenei harrera egiteko zerbitzuak ere desagertu ziren. Sakabanatuagoak zeuden beste 30 etxe eta baserrik ez zuten kalterik izan.

Herri zaharraren inguruan zeuden bordak konpondu eta haietan hartu behar izan zuten bizitokia intzarrek. Pixkanaka, orain ezagutzen den Intza herria osatuz joan ziren auzolanean: 1715ean aurrena errota eraiki zuten, 1721erako udaletxea eraiki zuten, eta 1725erako eliza berria (lehengo elizako erretaula baliotsua hara eraman zuten). Familiek bere baserri zaharren izenak jaso zituzten Intza berrian, toponimiari dagokionez kontraesan batzuk sortuz. Elizalde baserria adibidez eliza berritik urrun, Errotalde baserriak ez zuen errekastorik inguruan edo Ubitartek muino baten gainean zuen bere kokaleku berria.[3]

Geroztik beste luizi batzuk izan dira, sekulako kalterik utzi ez arren, aipatzekoak: 1866 eta 1999koak. Nafarroako Gobernuak lurrak egonkortzeko proiektuak egin zituen.

Ondarea

  • Santiagoko eliza: 1725. urtean eraikia, aipagarria da Pizkunde garaiko erretaula nagusia, hainbat gai dituzten pintura eta eskulturekin harmoniatsuki egina.
  • Santa Kruz ermita, Auntzin auzoan. XV. mendean erakia. Mende bereko Done Jakueren irudia dago barruan, eta XVII. mendeko erretaula.

Ikus, gainera

Iruditegia


Erreferentziak

  1. «Intza herriko hondamendia», Araizko Udalaren webgunea.
  2. Jesus ELOSEGI: «El "terremoto" de Inza», Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra, ISSN 0590-1871, 8. urtea, 24. zenbakia, 1976, 373-404. orrialdeak.
  3. Juan Mari Ansa Munduate, Las Malloas de Aralar (ISBN 978-84-614-5237-8. Aralarko Adiskideak. 2010).


Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Nafarroa

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.