Intsumisio mugimendua Espainian
Intsumisioa Espainiako armadari desobedientzia zibileko gizarte mugimendua izan zen, 1980ko hamarkadatik soldadutzaren desagerpena arte iraun zuena, 2000ko hamarkada arte alegia.
Kontzientzia Eragozpen Mugimendua aurrekari zuzena izan zuen, eta Euskal Herrian oihartzun handia izan zuen. Milaka gaztek ezetz esan zioten soldaduska egiteari, horietako askok intsumisioaren bidea hartuz. Ehunka gazte kartzelan sartu zituzten, eta hainbat euskal erakunde publikok euren sostengua aurkeztu zion mugimenduari.[1][2]
Aurrekariak
Espainiako Indar Armatuak, Europako indar armatu gehienek bezala, armada profesionala izan zuten XV. mendetik aurrera, normalki kargua ematen zitzaion aitoren semeren batek biltzen zituen bere soldaduekin. XVIII. mendetik aurrera sistema honek arazoak ditu eta bi figura sortzen dira: leba ondratua, udal bakoitzak izendatzen zituen herritarrekin, zozketaz; eta leba derrigortua berariaz kondenatutako herritarrekin. Argien Mendean sistema hau aldatu eta kintak deitzen hasi ziren, gerra garaietan bereziki. Kinta hauetatik salbuetsita zeuden kleroa eta noblezia eta Katalunian eta Hego Euskal Herrian zentsatutakoak[3]. Sistemak emaitzak ematen zituela eta, 1770an Ordenanza para el Reemplazo Anual argitaratu zen, kinta erregularrak ezartzen zituena. Sistema hau Prusiako ereduan oinarrituta zegoen, Karlos III.a Espainiakoak imitatu nahi zuen eredua[4]. Ordenantza hau 1800ean eta 1837an berritu zen, eta soldaduska formalari hasiera eman zion, urteroko deialdiekin[5]. 1808an nobleziaren eta kleroaren salbuespena kendu zen, eta aukera eman zen diruaren truke soldaduskatik libratzeko; honela, familia askok euren dirua galdu zuten seme bat ez galtzeko, ahalik eta 1912an aukera hau kendu zen arte[3][6].
Kronologia
- 1937ko abuztuaren 18an Antonio Gargallo Mejía Jehovaren Lekukoa Jacan (Huesca) fusilatu zuten, armadan sartzeari uko egin ondoren.
- 1960ko hamarkadan ehundaka Jehovaren Lekuko kartzelaratu zituzten Espainian, desobedientziagatik.
- 1971n Pepe Beunza militarki epaitu zuten Valentzian.
- 1975ean lehen kontzientzia eragozleen taldeak sortu ziren.
- 1976an 285 kontzientzia eragozle zeuden Espainiako espetxeetan.
- 1977an Manuel Gutiérrez Mellado defentsa ministroak "incorporación aplazada" agindua eman zuen. Urte hartan bertan Movimiento de Objetores de Conciencia (MOC) elkartea sortu zen.
- 1979an MOCen lehen kongresua antolatu zen Landan (Araba).
- 1981ean Espainia NATOn sartu zen.
- 1982an PSOEk hauteskunde orokorrak irabazi zituen. Urte hartan bertan eragozpen fiskalaren lehenengo kanpaina egin zuten.
- 1984an "Mili KK" elkartea sortu zuten Katalunian, eta urte berean Kontzientzia Eragozpenaren Legea espainiar legebiltzarrean onartu zuten.
- 1986an, Espainia NATOn sartu eta bost urtera, sartzeko erabakia baieztatzeko, ontzat hartzeko, erreferendum bat egin zen. Erreferendumean sartzearen aldeko jarrerak irabazi zuen, Espainiako garai hartako alderdi politiko handienen babesarekin. Hego Euskal Herrian, baina, NATOn segitzearen aldeko jarrerak ez zuen irabazi[7], ez EAEn ezta Nafarroan ere[8].
- 1987an MOCek lehendabiziko intsumisio ekintzak egin zituen, Ordezko Prestazio Sozialaren (OPS) aurkakoak.
- 1989ko otsailaren 20an lehen aldiz intsumisoak publikoki aurkeztu ziren, banaka edo taldeka, 28 Hego Euskal Herrian eta 30 Espainiako beste leku batzuetan. Bitartean, Enrique Múgica justizia ministroak mugimendua gogor kritikatu zuen eta lehen bi intsumisoak epaitu zituzten.
- 1990ean 386 kontzientzia eragozle OPS betetzen ari ziren. Bitartean, Espainian 2.450 intsumiso zeuden, haietatik 130 atxilotuta.
- 1991n Golkoko Gerra hasi zen, eta horrek mugimendu antimilitarista biziki areagotu zuen.
- 1992an intsumisoen aurka 107 epaiketa egin ziren.
- 1993an Eusko Legebiltzarrak eta Kataluniako Parlamentuak intsumisioaren zigorgabetzea eskatu zuten.
- 1993 Kojon Prieto y los Huajalotes taldeak geroago intsumisio mugimenduari buruzko dokumental guztietan agertuko zen abestia argitaratu zuten: "Insumisión!" Euskarazko gai hori buruzko abestirik entzunena, ziur aski, "Intsumisioarena" izan zen. Jon Sarasuaren hitzekin eta Oskorriren ekoizpenarekin.
- 1994an Kakitzat elkarteak "Intsumisio Eguna" urtero antolatzeari ekin zion.
- 1996an Euskal Udal Intsumisoen Mankomunitatea (EUDIMA) sortu zuten. Bitartean, Espainian 348 preso zeuden, euretako asko euskal herritarrak, eta urte hartan PPk hauteskundeak irabazi zituen.
- 1997an EHUk eta Aragoiko unibertsitateak uko egin zioten intsumisoen aurkako zigorrak betetzeari.
- 1998an soldadutza eta OPS denboraz berdindu zituzten.
- 1999an espainiar armadak parte hartu zuen Jugoslavian bonbardaketetan.
- 2000n soldaduskaren azken deialdia egin zuten.
Erreferentziak
- Elizondo, Edurne. (2011). «EZ DUGU NAHI. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian.» Berria (Txalaparta) (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- Elizondo, Edurne. (2011). Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian.. Txalaparta ISBN 978-84-8136-624-2..
- «Implantación del servicio militar en Navarra: el precio de la derrota» Iura Vasconiae 4: 415-435. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- Puell de la Villa, Fernando. (1995). «La ordenanza del reemplazo anual de 1770» Hispania: Revista española de historia 55 (189): 205–228. ISSN 0018-2141. (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- (Gaztelaniaz) historiayculturasrepublicanas. (2017-12-10). «Las odiosas quintas y el republicanismo» Historia y Culturas republicanas (Noiz kontsultatua: 2021-05-19).
- (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1986-03-13). «Los votantes de Euskadi rechazaron por la mayoría permanencia en la OTAN» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
- (Gaztelaniaz) Ruiz, David. (2002). Historia de España, 3er. milenio. Editorial Síntesis, 256 or. PMC 46928747. (Noiz kontsultatua: 2020-03-09).
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz)Intsumisioa.com
- (Gaztelaniaz)Kartelak eta argazkiak
- (Gaztelaniaz)Movimiento de Objetores de Conciencia