Intersekzionalitate

Intersekzionalitatea 80ko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuetan garatu zen teoria eta tresna analitikoa da. Sexua eta generoa beste ezaugarri/identitate batzuekin nola gurutzatzen diren eta elkargune horiek diskriminazio-esperientzia konplexu eta bakanei laguntzeko moduak aztertu, ulertu eta horiei erantzuteko bideak jorratzen ditu.[1] Ikuspegi horrek azpimarratzen du generoa, etnia, klase edo orientazio sexuala, beste kategoria sozial batzuk bezala, naturalak edo biologikoak izan beharrean, eraikiak direla eta elkarri lotuta daudela.[2] Intersekzionalitatea botere-harremanen pertzepzio gurutzatuaren edo inbrikatuaren berri eman nahi duen ikuspegi teorikoa eta metodologikoa izendatzeko erabiltzen den adierazpena da.[3] Kontzeptua modu ezberdinetara ulertu izan den arren, korronte guztiak bat datoz adieraztean botere-sistemen artean sortzen diren elkarrekiko loturak konplexuak direla, une bakoitzean, testuinguru bakoitzean eta pertsona bakoitzarengan ezberdin eragiten dutela eta, ondorioz, horrela aztertu behar direla. Intersekzionalitatearen ideia Estatu Batuetako borroka politikoko esparruetan garatzen hasi zen, gehientsuenetan emakume beltzek. Terminoa bera, Kimberle Crenshaw legelari beltzak erabili zuen lehen aldiz 1989. urtean.[4]

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
bell hooks eta intersekzionalitatea

Definizioa

Venn

Intersekzionalitatea kategoria sozialak eta kulturalak nola lotzen diren aztertzeko teoria gisa defini daiteke. Generoaren, arrazaren, etniaren, desgaitasunaren, sexualitatearen, klasearen eta nazionalitatearen arteko harremanak aztertzen ditu.[5] Intersekzionalitatea klase, genero, arraza, etnia, sexualitatea eta bestelako egituren arteko elkarreraginen ondorioz jasotako zapalkuntza eta pribilejio harreman konplexuez solasten da. Baliagarria izan da desberdintasun soziorrazialen kontzeptualizazioa gainditzeko, emakumeen diskriminazio-irizpideak bateratzearen, bat egitearen edo gehitzearen emaitza gisa. Era berean, baliagarria izan da "emakume" unibertsalaren eredu hegemonikoari aurre egiteko, eta emakume pobreen eta arrazializatuen esperientziak ulertzeko, historikoki eraikitako menderatze-testuinguruetan sexu/generoaren, klasearen eta arrazaren arteko intersekzio dinamikoaren emaitza gisa.[3]

Intersekzionalitatea ohiko pentsamoldeak nahasteko erresistentzia jakintza mota bat da (…) Justizia sozialaren aldeko borroketan errotua, dominazioari aurre egiteko, imajinario kritikoak bultzatzeko, eta aldaketarako modelo kolektiboak eratzeko tresna bat. (Vivian M. May) [6]

Pertsona baten elementu edo ezaugarri bakoitza beste elementu guztiekin batera ikusteak norberaren identitatea osoki ulertzen lagunduko du, bai eta dimentsio anitzeko oinarri batetik bidegabekeria sistematikoak eta desberdintasun sozialak nola gertatzen diren ere.[7]

Ikuspegi intersekzionala gure egiten badugu, jabetzen bagara diskriminazio-ardatzak gure gorputzean nola gurutzatzen diren, horrek “bakarrak” egiten gaituela ohartuko gara.[8]

Azterketa intersekzionalek bi gai uzten dituzte agerian: lehenik eta behin, emakume desberdinek bizi izan dituzten sexismo-esperientzien ugaritasuna, eta, bigarrenik, marjinazioa eta diskriminazioa pairatzen ez dituzten posizio sozialak, araua bera gorpuzten dutelako, hala nola maskulinitatea, heteronormatibitatea edo zuritasuna. Bi alderdi horiek azaltzean, azterketa mota horrek ikuspegi berriak eskaintzen ditu. Ikuspegi horiek ez dira aprobetxatuko, baldin eta horien erabilera mugatzen bada menderatze gurutzatuaren ikuspegi juridiko eta formalistara, edota gizarte-harremanetara — generoa, arraza, klasea —, esku-hartze sozialeko sektore gisa.[3]

Lucas Plateroren aburuz, intersekzionalitatea pribilejioak eta zapalkuntzak ulertzeko eta horiei aurre egiteko tresna analitiko erabilgarria da, haren bitartez, lau elementuri heltzen laguntzen duelako:[6]

  • errealitatea aztertzeko darabiltzagun kategoria analitikoak kritikoki aztertzen
  • kategoria edo egitura sozialen artean ematen diren harremanak nolakoak diren azaltzen
  • pentsaezinak diren errealitate eta arazo sozialak ikusezinak direla erakusten
  • edozein begiradak botere harremanetan ezkutatzen duen kokapena kontutan hartzen eta horren inguruko ardura hartzen.

Intersekzionalitateak badu transformatzeko ahalmena, ohartzen zaren neurrian ez zarela zeu bakarrik, baizik eta zu, ezaugarri batzuekin, abagune batean, beste pertsona batzuekiko harremanean... Beraz, aukera ematen du norbere buruaz beste modu batera pentsatzeko. (Lucas Platero)[9]

Elsa Dorlin filosofoarentzat intersekzionalitatearen teoriak dominaziorako bi hurbilketen artean mugitu dira: analitikoa bat eta fenomenologikoa bestea. Lehen ikuspegitik, dominazio oro, definizioz, klasearen, sexuaren eta arrazaren menderatzea da, eta zentzu horretan, berez, intersekzionala da, generoa ezin baita arraza eta klasetik koherenteki bereizi. Bigarren ikuspegitik, dominazioaren esperientzia da intersekzionala dena. Dominazio oro definizioz intersekzionala dela dioen ideiak esan nahi du, adibidez, genero, arraza eta klase harremanek sortzen dituztela emakume zuri eta aberatsak zein emakume pobre eta beltzak. Hau horrela denik onartzeko zailtasunak dituzte lehenengoek, klase eta kolore pribilegiodunak, horiek sortzen dituzten klase, arraza eta sexu erlazio inbrikatuak ez dituztelako hautematen ezta esperimentatzen ere; bigarrenek, aldiz, bai.[3]

Emakumeen Eskubideen eta Garapenaren aldeko Elkartearentzat (AWID ingelesez) genero-justiziarako eta justizia ekonomikorako tresna analitikoa da eta generoa beste identitate batzuekin nola gurutzatzen den eta gurutzaketa horiek zapalkuntza- eta pribilegio-esperientzia bakunak sortzen nola laguntzen duten aztertzeko, ulertzeko eta erantzuteko balio du. Identitate sinpleko politiken alternatiba bat da, talde barruko ezberdintasunen eta gizarte-kategorien arteko erlazioen berri ematen duena. Era berean, diskriminazio asko jasaten dituzten subjektuen bazterketa-jardunbideak bistaratzeko eta salatzeko tresna politikoa da.[10]

Jatorria

80. hamarkadan Estatu Batuetan aktibismo antiarrazistek eta arrazismo erakundetuak astindutako testuinguru nahasietatik proposatu zuen Kimberlé Williams Crenshaw-k intersekzionalitatearen metafora. Ekarpena Teoria Kritikoaren koordenadetan kokatzen da, hain zuzen ere Black Feminism [Feminismo Beltza] eta Critical Race Theory [Arrazaren Teoria Kritikoa] pentsamendu eta aktibismo tradizioan. [6] Jurista eta irakasle afroamerikarrak intersekzionalitatea pertsona bakoitzak, kategoria sozial ugaritako kide izateagatik, zapalkuntzak jasan edo pribilegioak izateko fenomeno gisa definitu zuen.[11] Lege-kasu zehatz baten eztabaidaren esparruan sortu zen, General Motors konpainia estatubatuarreko emakume langile beltzek izandako zapalkuntza-dimentsio anitzen ikusezintasun juridikoa agerian uzteko helburuarekin. Ideia horrekin, Crenshawk-ek nabarmendu nahi izan zuen Estatu Batuetan emakume beltzak arraza- eta genero-arrazoiengatiko indarkerien eta diskriminazioen eraginpean zeudela, eta, batez ere, kategoria juridiko zehatzak sortu nahi zituen, askotariko diskriminazioei aurre egiteko tresnak izateko. Crenshawk argitu izan du berak intersekzionalitatearen aplikazio praktikorako erabiltzen duela, eta bere asmoa ez zela inoiz zapalkuntza orokorraren teoria bat sortzea izan, baizik eta ez-egite juridikoak eta desberdintasun zehatzak aztertzeko erabilera praktikorako kontzeptu bat.[3]

Paradigma

Intersekzionalitatea edota zapalkuntza anizkoitzak - Patricia Hill Collins.

Patricia Hill Collins izan zen intersekzionalitateaz paradigma gisa hitz egiten lehena.[3] Aldaketa sozialaren beharraren ikuspuntutik egiten du lan. [4] Soziologo afroamerikarrak proposatu zuen dominazio-matrizearen figurak (2000, 2017) intersekzionalitatearen dimentsioetan sakondu zuen. Matrizeak egiturari egiten dio erreferentzia, agerian jarriz zein modutara antolatzen diren testuinguru zehatzetan taldeen arteko botere harremanak eta hiru premisa hartzen ditu oinarri:

  • erresistentzia eta dominazioa testuinguru desberdinetan era desberdinean antolatzen dira.
  • testuinguru partikular batetan egitura edo kategoria batzuk beste batzuk baino gehiago gailenduko dira.
  • erresistentzia eta dominazioa aldi berean aritu daitezke, pribilejio eta opresio harreman kontraesankorrak jarriz agerian.

Dominazio-matrizeak opresio intersekzionalak ulertu eta kokatzeko testuinguruaren zentralitatea adierazten du eta, gainera, testuinguru bakoitza prozesu historiko eta sozial partikularren produktu da, pribilejio eta opresio harremanen antolaketa baldintzatuz.[6] «Matrix of domination» izenez ezagutzen duen honek gizarte batean dagoen boterearen antolakuntzari egiten dio erreferentzia eta zapalkuntza ezberdinak modu dinamikoan erakutsi nahi ditu. Collinsek gaineratzen du testuinguru, leku bakoitzak matrize ezberdinak dituela, baina, zerbait konkretua diseinatu nahi baldin bada, hau da, zapalkuntzak irauliko dituzten ekinbideak eraiki nahi baldin badira, matrizea aurkitzea ezinbestekoa dela. Matrizearen barruan, sistemek elkarri eragiten diotela dio eta matrize horrek hiru maila ezberdinetan eragiten duela: pertsonalean, taldekomunitatekoan eta instituzionalean.[4]

Ange Marie Hancock izan zen paradigma honen formalizazioa proposatu zuena, aldi berean teoria arauemailea eta ikerketa enpirikoa biltzen dituen multzo bezala ulertua. Horretarako, Hancockek oinarrizko sei oinarri identifikatu zituen, banaketa-justiziaren, boterearen eta gobernuaren arazoei erantzun eta egoera zehatz eta espezifikoak aztertzeko: 1. Arazo eta prozesu politiko konplexu guztietan, desberdintasun bat baino gehiago dago inplikatuta. 2. Kategoria guztietan jarri behar da arreta, baina kategorien arteko erlazioak aldakorrak dira eta galdera enpiriko irekia izaten jarraitzen dute. 3. Kategoria bakoitza askotarikoa da. 4. Diferentzia-kategoriak faktore indibidual eta instituzionalen ekoizpen dinamiko gisa kontzeptualizatzen dira, eta bi mailetan zalantzan jartzen eta ezartzen dira. 5. Ikerketa intersekzional batek kategoriak aztertzen ditu hainbat analisi mailatan eta horien arteko elkarrekintzak galdekatzen ditu. 6. Intersekzionalitateak, paradigma gisa, garapen teorikoak eta enpirikoak behar ditu.[3]

Harreman sozialen izaera dinamikoa eta sexu, arraza, klase triptikoaren azpian oso azkar subsumitzen diren antagonismoen konplexutasunaren berri emateko, Daniele Kergoatek, ikuspegi feminista materialista batetik, harreman sozialak konsubstantzialak eta koestentsiboak direla kontuan hartzeko beharra planteatu zuen. Konsubstantzialak dira, efektu analitikoetarako ez bada, sekuentzialki zatitu ezin diren esperientziak sortzen dituzten heinean, eta koestentsiboak dira, elkarren artean koproduzitzen direlako. Batzuetan, generoak klasea sortzen du, genero-desberdintasunek lan-eremuan estratifikazio sozialak sortzen dituztenean bezala. Beste batzuetan, genero-harremanak arrazaren gizarte-harremanak indartzeko erabiltzen dira, hala nola gizon indigenak feminizatzen direnean edo gizon beltzak hipermaskulinizatzen direnean; alderantziz, arraza-harremanek genero-harremanak dinamizatzeko balio dute, hala nola arraza-irizpideetatik abiatuta feminitateen eta maskulinitateen arteko hierarkiak sortzen direnean.[3]

Afroamerikarrez gain beste jatorri etniko batzuetako emakumeek ere ekarpenak egin dizkiote intersekzionalitateari eta genero-harremanekin batera, klase-harremanak, arrazakeria, lesbofobia, kolonizazioaren eraginak, deskolonizazioa, nazioz haraindiko migrazioak eta beste hainbat gai ere aztertu dituzte. Maria Lugonesek gogoratu du modernitatean hasitako eraldaketa zibilizatorioak memoriaren kolonizazioa eragin zuela, eta ondorioz, pertsonek beren buruari buruz zuten ideiarena, subjektuarteko harremanarena, mundu espiritualarekikoa, lurrarekikoa, errealitatearen ikusmoldearena eta erakunde sozial, ekologiko eta kosmologikoena. Generoa dekolonizatzeak zapalkuntza versus erresistentzia harreman historikoa ulertzea esan nahi du, bai eta jakitearen eta izatearen arrazializazioaren aurkako jardunbideak, kolonialismoak, heterosexualitatea, patriarkatua eta kapitalismoa ulertzea ere, esperientzia soziala eraldatzeko helburuarekin.[10]

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) «intersectionality» European Institute for Gender Equality (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  2. (Gaztelaniaz) Méndez, Raquel (Lucas) Platero. (2014-05-31). «Metáforas y articulaciones para una pedagogía crítica sobre la interseccionalidad» Quaderns de Psicologia 16 (1): 55–72.  doi:10.5565/rev/qpsicologia.1219. ISSN 2014-4520. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  3. (Gaztelaniaz) «La interseccionalidad: una aproximación situada a la dominación» Debate Feminista 52: 1–17. 2016-10-01  doi:10.1016/j.df.2016.09.005. ISSN 0188-9478. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  4. Zubillaga Herran, Nerea. (2019). «Herri-ekimenen erronkak feminismotik indartzen» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 111): 5–24. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2021-08-07).
  5. Susanne V. Knudsen. Intersectionality - A Theoretical Inspiration in the Analysis of Minority Cultures and Identities in Textbooks. 2006
  6. Zugaza, Uxue. «Intersekzionalitatea: ibilbideak eta tresnak tradizio intelektual kritikoetatik - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  7. Crenshaw, Kimberle. (1989). «Demarginalizing the Intersection of Race and Sex: A Black Feminist Critique of Antidiscrimination Doctrine, Feminist Theory and Antiracist Politics» The University of Chicago Legal Forum 140: 139–167. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  8. Biglia, Barbara; Curiel, Ochy; Galarza, Mari Luz Esteban. (2015). «Ikerkuntza feministarako epistemologiari eta metodologiari buruzko gogoetak» Cuadernos de trabajo Hegoa = Lan Koadernoak = Working papers (67): 1–55. ISSN 2340-3187. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  9. Lozano, Maite Asensio. ««Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan»» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-09).
  10. Yolanda Jubeto Ruiz, Mertxe Larrañaga Sarriegi eta Luísa de Pinho Valle. "Lurraldeen despatriarkalizaziorako eta deskolonizaziorako eta bizitza sarearen aldeko proposamen feministak". Bakearen Aldeko Ikerketarako Elkartea Gernika Gogoratuz, 2019.
  11. (Gaztelaniaz) «INTERSECCIONALIDAD: DEFINICIÓN Y ORÍGENES» PeriFéricas (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.