Interpretazioa Nurembergeko epaiketetan
Nurembergeko epaiketetan izan zuen sorrera interpretazio profesionalak. Nurembergeko prozesua edo epaiketak (alemanez: die Nürnberger Prozesse) Bigarren Mundu Gerraren ostean Aliatuek nazi erregimeneko buruzagi nagusienetarikoen aurka egin zituzten epaiketak dira. Epaiketak 1945ean hasi eta 1946an amaitu ziren Alemaniako Nurembergeko hirian. Bakearen aurkako krimenak, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zitzaizkien epaituei. Herrialde eta hizkuntza askotako jendea zegoen eta elkar ulertzeko beharra.
Epaiketa hauetan, hain zuzen ere, erabili zen lehen aldiz aldibereko interpretazio sistema. Ordura arte, esan osteko interpretazioa (hitzaldia amaitutakoan beste hizkuntza batean errepikatzea) erabiltzen zen. Baina kasu honetan epaiketak gehiegi luzatuko zirelakoan, aldibereko interpretazioa (hitzaldia ahal bezain laster itzultzen du mezua sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara) erabiltzea erabaki zen.
Hizkuntza guztiak zuzenean transmititzeko sistema konplexu bat behar zen. Horregatik, 1945eko abuztuan, Leon Dostert (1904-1971) koronel estatubatuarra, Charles A. Horskyrekin (Jackson magistratuaren idazkaria Washingtonen) harremanetan jarri zen interpretazio sistema berria erakusteko. Bill Jacksonek eta Robert Gilek ere gomendatu zioten sistema jartzeko, eta horrela Jackson magistratuak halaxe egiteko agindua eman zuen. Gainera, Dostert koronela Nurembergeko itzulpengintza eta interpretazio zerbitzuen buru bilakatu zen. Interprete aritzeko, Genevako Unibertsitateko Interpretazio Eskolako ikasle eta irakasleak kontratatu zituen, baita hizkuntza ugari zekizkiten pertsonak ere bai.
IBM enpresa, Filene-Finlay izeneko sisteman eta 1931n Nazioen Elkartean erabilitako sisteman oinarritu zen itzulpen sistema sortzeko. IBM bera arduratu zen instalazioaz eta Aurelio Pilon ingeniari kanadarrak hobetu zuen tresneria. Horrela, mikrofonoz eta aurikularrez osatutako sare konplexua abiarazi zuen aldibereko interpretazioa eraginkorra izan zedin. Epaiketak hasi baino lehenagoko bi asteetan, lau hizkuntzatako interpreteak (alemana, frantsesa, ingelesa eta errusiera) probak egiten egon ziren justizia-jauregian. Azaroan, epaimahaikideen eta prentsaren aurrean ere entsegua egin zen. Epaiketetan hiru interprete talde egon ziren lanean. Bi taldek txandak egiten zituzten eta hirugarrena ordezkoa zen, eta ondoko gela batean egoten zen auzia entzuten.
Epaiketa hauek aldibereko interpretazioaren sorburutzat jotzen dira, lehen aldiz interpretazio mota hori lanbide kontsideratu zelako. Gainera, lan-baldintza batzuk ezarri ziren eta gaur egun erabiltzen jarraitzen dira. Kabinetan lan egiten da, bikoteka eta txandak egiten dira.
Jatorrizko hizkuntzako hitzaldia bakarrik grabatu zen, ez ordea interpreteen lana, presiopean egiten zutelako eta akatsak egitea saihestezina delako. Arrakasta handia izan zuen eta une horretatik aurrera interpretazio mota hau mundu mailako erakundeetan erabiltzen hasi zen; NBE edo EBean, esaterako. Baita konferentzia eta mota guztietako bileretan ere.
Erreferentziak
- [https://www.pri.org/stories/2014-09-29/how-do-all-those-leaders-un-communicate-all-those-languages
- [https://www.bootheando.com/2010/02/06/la-interpretacion-en-nuremberg/
- [http://acantho.eu/es/los-juicios-de-nuremberg-y-el-nacimiento-de-la-interpretacion-simultanea
- [https://blogs.comillas.edu/comillasbabel/2016/11/20/nuremberg-interpretacion-y-justicia/
- [https://malapartiana.wordpress.com/2009/11/20/los-interpretes-de-nuremberg/