Interpol
Interpol, berez International Police izenaren laburdura dena eta izen osoz euskaraz Polizia Kriminalaren Nazioarteko Erakundea - INTERPOL[1] nazioartean estatuetako polizien arteko koordinazioa erraztea helburu duen erakundea da. ICPO akronimoa ere erabiltzen da.
Interpol | |
---|---|
Connecting police for a safer world eta Relier les polices pour un monde plus sûr | |
Datuak | |
Mota | gobernu arteko erakundea, law enforcement agency (en) , nazioarteko erakundea, Telegraphic address (en) eta missing persons organization (en) |
Jarduera | |
Kide kopurua | 194 |
Enplegatuak | 756 (2013) |
Agintea | |
Lehendakaria | Ahmed Naser Al-Raisi (en) |
Idazkari orokorra | Jürgen Stock (en) |
Egoitza nagusi |
|
Legezko forma | nazioarteko erakunde |
Ekonomia | |
Aurrekontua | 113.000.000 $ (2017) |
Historia | |
Sorrera | 1923ko irailaren 7a (International Criminal Police Commission (en) ) |
Sorlekua | Viena |
Ordezkatzen du | International Criminal Police Commission (en) |
webgune ofiziala |
Ezaugarriak
1923an International Criminal Police Commission izenaren pean sortua, 1956an eman zitzaizkion orain dituen izen oso eta laburtuak.
194 estatu dira erakunde honetako kideak eta guztien artean 59 bat milioi dolarreko aurrekontua eskaintzen diote. Bere egoitza nagusia Lyonen (Frantzia) dago; lehenago Saint-Clouden (Senako Gainak) egon ziren. Nazio Batuen Erakundearen atzetik bigarren nazioarteko erakunderik handiena da.
2010ean bere idazkari orokorra lehenago Ameriketako Estatu Batuetako Ogasun Sailan ardurak izan zituen Ronald Noble da. Bere aurretik hamabost urtez (1985-2000) kargu hori okupatu zuen Raymond Kendall askoren harridurarako 2010eko martxoan Euskal Herriko egoerari buruzko Bruselako Adierazpena sinatu zutenen artean dago. Presidentziari dagokionez Jackie Selebik, Hegoafrikako Polizia Zerbitzuko arduradun gorenak 2004an kargua hartu zuen baina 2008ko urtarrilaren 13an utzi egin zuen; geroago bere herrian kondenatu zuten, ustelkeria kasuekin lotura izan eta droga trafikatzaile batengandik dirua jasotzeagatik. Arturo Herrera Verdugo txiletarrak ordezkatu zuen 2008ko urrian erakundeak egin zuen batzarra arte[2][3]; harrezkero Khoo Boon Hui singapurtarrak okupatzen du kargua.
Printzipioz politikoki neutrala izan behar duen bere lana mantentzeko, erakundearen konstituzioak ez du baimentzen zenbait estatu kidetan eraginik ez duten delituetan esku hartzea[4] ezta politika, armada, erlijioa edo arrazakeriarekin zerikusia dutenetan ere[5] Bere lana batez ere izen hauek ematen zaizkien eremu hauetan kokatzen da: segurtasun publikoa, terrorismoa, antolatutako krimena, gizateriaren aurkako krimena, ingurumenaren kontrakoa, genozidioa, gerra krimena, pirateria, droga ilegalen ekoizpena, droga-trafikoa, armen trafikoa, gizakien trafikoa, diru-zuritzea, haurren pornografia, finantza krimena, krimen informatikoa, jabetza intelektualaren kontrako krimena eta ustelkeria politikoa.
2008an Interpoleko idazkaritza orokorrak 84 estatutako 588 langile zituen. Interpolen webgune publikoak hilabetero batez besteko 2.2 milioi bisita izan zituen. Urte berean erakundearen "ohar gorriek" 718 lagunen atxiloketa ekarri zuten[6].
Historia
Erakundea sortzeko bidean eman zen lehen urrats aipagarria 1914ko Lehen Nazioarteko Polizia kriminalaren Kongresua izan zen; hamalau estatutako polizia eta abokatuak Monakon bildu ziren[7]. Hala ere Lehen Mundu Gerrak ekimen hau atzeratu zuen.
Erakundearen aitzindaria 1923an sortu zen Austrian, "Nazioarteko Polizia kriminala" (International Criminal Police, ICP) izenaren pean. 1938ko Anschlussaren ostean erakundea Hirugarren Reicharen menpean jausi zen eta batzordearen egoitza Berlinera lekualdatu zen 1942an; bere artxiboak nazien eskuetan egoteak zein eragin izan zuen ez dago argi. Edozein kasutan 1938 eta 1945 arte Interpoleko presidenteen artean Otto Steinhäusl, Reinhard Heydrich ("Azken Konponbidea" bultzatu zuen Wannsee Bileran garrantzi handia izan zuena), Arthur Nebe (Einsatzgruppen taldeetako liderra) eta Ernst Kaltenbrunner (Nurenbergeko epaiketen ostean exekutatutako SSko gradurik gorena) SSetako general alemaniarrak egon ziren.
1945ean Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, Europako aliatuek erakundea International Criminal Police Organization izenarekin bersortu zuten; Belgika, Frantzia, Eskandinavia eta Erresuma Batuak esku hartu zuten. Bere egoitza berria Parisko aldirietan dagoen Saint-Clouden ezarri zen eta bertan egon zen 1989 arte; urte horretan egun Lyonen duen egoitzara lekualdatu zen.
Kideak
Bere 188 estatu kideak NBEn onartutako gehien-gehienak dira. Kide ez direnak batez ere Ozeaniako estatu batzuk (Kiribati, Mikronesiako Estatu Federatuak, Palau, Salomon Uharteak, Tuvalu, Vanuatu) dira, eta horiez gain Ipar Korea.
NBEko kideak izan gabe Interpolen dauden beste herrialde batzuk:
- Onarpen osorik gabeko estatua: Kosovo.
- Autonomia zabala dutenak: Aruba, Holandarren Antillak.
- Erresuma Batuaren menpekoak: Angila, Bermuda, Birjina uharte britainiarrak, Gibraltar, Kaiman uharteak, Montserrat, Turks eta Caicos uharteak.
- AEBen menpekoak: Puerto Rico, Amerikar Samoa.
- Txinaren menpekoak: Hong Kong, Macau.
Arduradun gorenak
Bi goi-kargu daude erakundean:
Idazkari nagusiak
Oskar Dressler 1923-1946
Louis Ducloux 1946-1951
Marcel Sicot 1951-1963
Jean Népote 1963-1978
André Bossard 1978-1985
Raymond Kendall 1985-2000
Ronald Noble 2000–gaurdaino
Presidenteak
Johann Schober 1923-1932
Franz Brandl 1932-1934
Eugen Seydel 1934-1935
Michael Skubl 1935-1938
Otto Steinhäusl 1938-1940
Reinhard Heydrich 1940-1942
Arthur Nebe 1942-1943
Ernst Kaltenbrunner 1943-1945
Florent Louwage 1945-1956
Agostinho Lourenço 1956-1960
Richard Jackson 1960-1963
Fjalar Jarva 1963-1964
Firmin Franssen 1964-1968
Paul Dickopf 1968-1972
William Leonard Higgitt 1972-1976
Carl Persson 1976-1980
Jolly Bugarin 1980-1984
John Simpson 1984-1988
Ivan Barbot 1988-1992
Norman Inkster 1992-1994
Björn Eriksson 1994-1996
Toshinori Kanemoto 1996-2000
Jesús Espigares Mira 2000-2004
Jackie Selebi 2004-2008
Arturo Herrera Verdugo 2008ko urria arteko behin-behinekoa
Khoo Boon Hui 2008–gaurdaino
Europolekiko lehia
Europaren eraikuntzaren ikuspegitik Interpolek izan duen bilakaera aztertzea interesgarria da. 1999 europar hutsa den egitura bat sortu zen, Europol. Erakunde horrek 1976an sortu zen TREVI taldearen erreleboa hartu zuen.
Europol ez da Interpolen adar bat, erabat aparteko erakundea baino; Europar Batasunaren estatu kideen borondatez sorturikoa da. Hala ere beste faktore batzuek ere zerikusia izan dute Europolen sorreran; Europako estatuek batzuetan AEBek mundu mailako erakundean mantentzen duten jarrerarekin ez dute beti bat egiten. Edozein kasutan bi taldeek kolaborazio estua dute.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Webgune ofiziala.
- (Ingelesez) Deflem, Mathieu. 2000. Bureaucratization and Social Control: Historical Foundations of International Policing artikulua, Law & Society Review aldizkaria, 34(3) zkia., 601–640.or.
- (Ingelesez) Deflem, Mathieu. 2002. The Logic of Nazification: The Case of the International Criminal Police Commission (Interpol) artikulua, International Journal of Comparative Sociology aldizkaria, 43(1) zkia., 21–44.or. Pdf bertsioa.