Erakunde
Erakundeak edo instituzioak erreproduzitu egiten diren egitura sozial iraunkorrak dira, hala nola eskolak, unibertsitateak, ospitaleak, enpresak eta ordenamendu juridikoak, arau, rol, jarrera eta balio egonkorrak dituztenak euren funtzionamenduari eta gizartean duten integrazioari buruz.[1]
1.1 Erakundeak
Erakundeek ingurunearen ezaugarriak baldintzatzen dituztenez gizabanakoengan, komunitatean, gizarte estratifikazioan, gizarte egonkortasunean eta aldaketetan dute eragina. Hau azaltzeko bi ikuspegi daude: Soziologikoa eta Psikologikoa.
- Ikuspegi soziologikoa: alderdi formaletan zentratzen da, erlazio sozialetan.
- Ikuspegi psikologikoa: Indibiduoetan zentratzen da, partaideek erakundeari ematen dioten zentzuan.
Hau dela eta, Hall-en (1984) arabera erakunde bat kolektibitatea da, helburu multzo berdinagatik profesional batzuk lotzen dituena. Erakundeko partaideek mugak, arau-ordenak, aginte-mailak, komunikazio eta pertenentzia sistema koordinatuak partekatzen dituzte.
1.2 Erakundeak irudikatuz: ikuspegi sistemikoa
Sistema elkarreraginean dagoen elementu-multzoa da. Sistemen eraginez edo sistemizitatearen ondorioz, elkartearen osagai batean aldaketak egiten direnean, ondorioek gainontzeko elementuetan eragingo dute. Lehen aipatu bezala, ingurunearekiko erlazioa dutenez, sistemak bi motatakoak izan daitezke:
- Sistema hertsiak: Helmugak eta egiturak oso zurrunki zehaztuak eta ezarriak, ahalik eta efikazia gehien lortzeko.
- Sistema irekiak: Helmugak bigarren maila batera pasatzen dira eta prozesuari ematen zaio garrantzia, horregatik, inguruaren eraginez erakundeek haien egitura, ekintzak eta helburuak aldatu ditzakete.
Erakundeetan garrantzi handia dute bigarren mailako konpromisoek, hauei esker egonkortasuna lortzen delako eta pixkanaka erakundeko partaideek ezagupenak, esperientziak eta balioak partekatzen hasi ahal direlako. Bronstein, Gaillard eta Piscitelliren (1999) arabera erakundeak sare kognitiboak dira eta elkarrizketetan existitzen dira. Bi elkarrizketa mota:
- Nodoak: gizabanakoetan eta gizataldeetan sortzen dira
- Nodoen arteko harremanak: elkarrizketetan sortzen dira elkarteak.
1.3 Erakundeen garapena: taylorismo, burokrazia, gaur egungo egoera
Burokrazia Max Weberrek eratutako erakundeen tipologia bat da, zeregin desberdineko espezialistetan oinarritzen dena. Burokraziaren oinarrizko printzipioak: egitura hierarkikoa, lanaren zatiketa, arauetan oinarritutako kontrola, harreman inpertsonalak eta lanaren promozioa. Antolaketa metodo honek alde positiboak eta negatiboak ditu:
- Abantailak: Objektibotasuna lortzen da eta honek egonkortasuna eskaintzen du, aginte eta ardura mailak oso argi ikusi daitezke eta zereginen konplexutasuna gutxitzen da.
- Ahuleziak: Sistema honek berrikuntza prozesuak zailtzen ditu, ustekabeko kontuetan porrot egin dezake ez dagoelako sare egoki bat, lorpen minimoa lorpen onargarria bihurtzen da eta zereginak pertsonak baino garrantzitsuagoak dira.
Gaur egungo informazioaren gizartean, burokrazia zaharkitua geratu da (leku askotan erabiltzen den arren). Erakundeak irekiak izan behar dira gizartearekin etengabe aldatzeko. Hau lortzeko erakundearen kideen espektatiben eta interesen oreka lortu behar dute, beste erakunde batzuekin sare-funtzionamenduan egon behar dira eta erabiltzaileen beharrak ezagutu behar dituzte erantzun pertsonalizatu bat emateko.
Honetaz gain, erakundearen funtzionamendua ona izan dadin, erakunde birtuala, elkarrizketa, konpromisoa eta funtzionamendu gardena izatea beharrezkoa da. Honi esker, kideek balore eta kultura partekatuko dute eta erakundeak bere izaera propioa izango du. Erakunde irekiak behar bezala funtzionatzen jarraitzeko, ebaluazioa eta etengabeko ikaskuntza nahitaezkoak dira, lana ondo aztertzeko eta hobetzeko zein eraldatzeko prest egoteko.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Social institution» Stanford Encyclopedia of Philosophy.