Ino Galparsoro
Maria Inocencia Galparsoro Markaide (Beasain, Gipuzkoa, 1947) politikaria da. Arrasateko alkatea eta Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria[1] izan zen, EAE-ANV alderdiaren ordezkari, 2007 eta 2011 urteen artean. Arrasatek inoiz izan duen lehen alkate emakumezkoa.
Ino Galparsoro | |||
---|---|---|---|
2007 - 2011 | |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Beasain, 1947 (76/77 urte) | ||
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | politikaria |
Mozioa
2008ko martxoan mozio-zentsura baten bitartez kaleratzea proposatu zuten, Isaias Carrascoren hilketa ez gaitzesteagatik. Dimisioa eskatu ondoren, ez zen aurrera atera eta alkatetzan segitu zuen. Zalaparta handia sortu bazen ere, azkenean PSE eta EAJk baino ez zuten egin mozioarekin bat. PP, EB eta EAko hautetsiak abstenitu ziren, eta Aralar, Zutik eta EAE-ANVkoek aurka bozkatu.
Espetxeratzea
Baltasar Garzón epaileak, 2008ko apirilaren 25ean, hartu zuen Arrasateko alkatea deklaratzera deitzeko erabakia, PSE-EEk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako mozioa bozkatzeko Arrasaten egin zen ezohiko osoko bilkuraren hurrengo egunean.[2]
2008ko apirilaren 30an, Baltasar Garzón epailearen aginduz kartzelan sartu zuten EAE-ANV alderdiaren jarduerak eteteko agindua urratu izana eta desobedientzia delitua leporatuta.[3] Madrilgo Soto del Real kartzelara eramateko agindu zuen epaileak.[4]
Maiatzaren 14an Baltasar Garzonek atzera bota zuen defentsak jarritako helegitea. Kartzelan mantentzea erabaki zuen epaileak, "EAE-ANVko kide gisa ETA-Batasunaren aginduak jarraitzeko asmoa" duela argudiatuz.[5]
Mobilizazioak
Maiatzaren 1ean Ezker Abertzaleak prentsaurrekoa egin zuen herriko plazan. Bertan Iñaki Errazkin, Azpeitiko alkateak adierazpenak egin zituen ezker abertzaleko hainbat buruzagi – Tasio Erkizia, Kepa Bereziartua, Juan Mari Olano, Miren Legorburu, Shanti Kiroga eta Xabier Mikel Errekondo, besteak beste– eta herritar ugariren babesarekin.[6] Agerraldiaren ondoren, manifestazioa egin zuten herriko kaleetan ehunka lagunek. Tentsioa unean bizi izan ziren Garibai etorbidean Ertzaintzaren hiru furgoneta agertu eta kartela zeramatenei identifikatzeko eskatu zienean. [6]
Maiatzaren 3an manifestaldia egin zen Arrasaten. Guardia Zibilek autobidean eta San Prudentzion kontrolak jarri zituzten eta hainbat autobus eta auto geldiarazi eta bidaiariak identifikatu zituzten. Hala ere, milaka herritar bildu ziren Arrasateko plazan, Ino Galparsoro aska zezaten eskatzeko.[7] «Salbuespen egoerari stop - Euskal Herriak autodeterminazioa» zioen pankartaren atzean Juanjo Olaizola, Miren Legorburu, Xabier Zubizarreta (Arrasateko alkate ohia), Iñaki Olalde, Miren Legorburu, Arantxa Urkaregi, Iñaki Errazkin, Idoia Ibero eta Oihana Aranburu (jarduneko alkatea [8]) zihoazen.
Maiatzaren 6an Arrasateko herritar talde handi batek greba orokorra deitu zuen maiatzaren 8rako Arrasaten, alkateari babesa emateko eta espetxeratzea salatzeko. Euskal Herriko gainontzeko herrietan, berriz, mobilizazioak egin zituzten. Prentsaurrekoan Ertzaintza agertu zen eta hizlariak identifikatu zituzten.[9]
Maiatzaren 8an greba egin zen Arrasaten. Grebaren jarraipena handia izan zen, batez ere herriko zentroan. Halaber, MCCren hainbat enpresa handitan eta enpresa txikitan greba egin zen.[10]
Atxikimenduak
Maiatzaren 7an Arrasateko udal langileek atxikimendua adierazi zioten Ino Galparsoro alkateari. [11] «Ino udaletxera» dioten afixak udal eraikinetan jarrita izan zituzten, sinbolikoki besterik ez bazen ere udaletxeko bulegoetan presente egon zedin, eta bulegoetara jotzen zuten herritarrak horretaz jabetu zitezen.
Maiatzaren 8an, Arrasaten greba deituta zegoen egun berdinean, haur eta nerabe talde bat Biteri plazan elkartu zen, eta Ino Galparsororen aldeko murala margotu zuten. Inoren aurpegiaz gain, hizki handitan «Ino maite zaitugu» ageri zen. Ondoan, «Ino etxera», «kartzelak apurtu», «aurrera bolie» eta «muxu bat» mezuak zeuden, besteak beste.
Maiatzaren 9an Debagoieneko Mankomunitateak Ino Galparsoro askatzeko deia egin zuen.[12]
Oñatiko Udalak maiatzeko osoko bilkuran Ino Galparsoro aske uzteko mozioa onartu zuen. EAJ, EA eta Oñati Ezkerretik koalizioko zinegotziek aho batez onartu zuten.[13]
Kaleratzea
2008ko uztailaren 28an, Espainiako Entzutegi Nazionaleko Pedraz epaileak Galparsoro askatzeko agindua eman zuen, behin 30.000 euroko bermea ordaindu ondoren, "iheserako arriskua gutxitu" zelakoan. Galparsorok, hala ere, ezin zuen Espainiar estatuko lurraldetik atera. Egun horretan bertan irten zen kalera Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxetik Arrasateko alkatea.[14]
Erreferentziak
- «Ino Galparsoro, Mankomunitateko lehendakari», Goiena.net, 2007-09-12.
- «Apirilaren 30ean deklaratu beharko du Ino Galparsorok Garzonen aurrean», Goiena.net 2008-04-28.
- «Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelatzeko agindu du Garzonek», Berria, 2008-04-30.
- «Ino Galparsoro Arrasateko alkatea baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du Garzonek», Goiena.net, 2008-04-30.
- (Gaztelaniaz) «Garzón desestima el recurso contra el encarcelamiento de Ino Galparsoro», Gara, 2008-05-15.
- «Manifestazio nazionala gaur eta eguenean greba orokorra deitzea aztertuko da», Goiena.net, 2008-05-01.
- «Milaka euskal herritarrek Ino askatzeko exijitu eta salbuespen egoerari STOP esan diote Arrasaten», Mondraberri.com, 2008-05-03.
- «Oihana Aranburu izango da jarduneko alkatea», Goiena.net, 2008-05-06.
- «Greba orokorrerako deia, alkatearen askatasuna eskatzeko», Mondraberri.com, 2008-05-05.
- (Gaztelaniaz) «Arrasate cierra la persiana y el cariño a su alcaldesa afloran en la calle», Gara, 2008-05-09.
- «Udal langileek atxikimendua adierazi diote Ino Galparsoro alkateari», Goiena.net, 2008-05-07.
- «Debagoieneko Mankomunitateak Galparsororen askatasuna galdegin du», Gara, 2008-05-09.
- «Ino Galparsoro aske uzteko mozioa onartu zuen Oñatiko Udalak», Goiena.net, 2008-06-03.
- «Ino Galparsoro baldintzapean aske utzi du Pedraz epaileak», Berria, 2008-07-29.
Kanpo loturak
- Ino askatu! aurrera bolie!.
- «Ino Galparsoro, Arrasateko alkatea: "Udalean normaltasunez lanean jarraitzea da gure asmoa"» (BIDEOA), Goiena.net, 2008-01-09.
- «Ino Galparsoro: "EAJ eta PSE-EEk adostutako mozioa hurrengo hauteskundeetarako interesen arabera planteatu dute"» - BIDEOA, Goiena.net, 2008-04-11.
- «Ino Galparsoro: "Guretzat garrantzitsua da ezkerretik zuzendutako udaletxea izatea; horren bila joango gara orain ere"» (Bideoa), Goiena.net, 2008-04-25.