Inguma (datu-basea)

Inguma euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea da. Datu-baseak euskara batuaren garaian unibertsitate mailan euskaraz zer egin den eta nork egin duen azaltzen du. Argitalpenak, hitzaldiak, ikastaroak, tesiak eta irakasgaiak biltzen ditu.[1]

 Inguma (datu-basea)
Jatorria
Sorrera-urtea2000
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa
Kokapena
JabeaUdako Euskal Unibertsitatea
Ekoizpena
GaratzaileaUdako Euskal Unibertsitatea
Euskaraz
EuskarazBai
inguma.eus

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 2000. urtean sortutako web-aplikazio honetan unibertsitate mailako jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen da. Euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea da bere helburua. Nahiz eta 40.000 dokumentu baino gehiago dauzkan oraindik ez du helburu hori bete osotasunean.[2]

Bilakaera

Xabier Isasi eta Karmele Artetxe Inguma datu-basearen bigarren bertsioa aurkezten (Egunkaria, 2003-01-24)[3]

2000. urteko Durangoko Azokan aurkeztu zuten publikora. 1986tik aurrerako erakundeen produkzioa aztertu eta bildu zuten. Hutsune batzuk zeudenez, informazio asko osatu gabe zegoenez, egileen izen-abizenen inizialak bakarrik zeudenez... UEUk orduan elkarlanerako hainbat hitzarmen lotu zituen unibertsitateekin, informazio hori guztia jasotzeko eta osatzeko. Egileekin ere harremanak izaten hasi zen, haien datuak kontrastatzeko. Karmele Artetxe izan zen hasierako arduraduna.[1]

Hiru urte geroago datu-basean 28.000 bat erregistroren gaineko bilaketak egin daitezke. Mota askotako dokumentuak biltzen dira datu-basean: 7.757 artikulu; 2.574 liburu-aipamen, hitzaurreak, liburu-atal edo edizio kritiko; 197 doktorego-tesi; 14 ikerkuntza-proiektu; 933 liburu; 319 itzulpen; 6.644 hitzaldi; 975 ikastaro; eta 2.338 irakasgai.[4] Uxune Martinez izan zen Ingumaren arduraduna 2004tik 2015era, geroago Euskampus Fundazioko zabalkunde zientifikorako arduraduna izan da.

« Ingumak erakusten digu txikiak garela, baina ez kaskarrak  »

Jose Ramon Etxebarria

2014ko otsailean plazaratu zuen bertsio berrian guztira 42.632 erregistro batzen zituen, horien artean 34.387 dokumentu eta 8.245 egile. Dokumentu horiek honela banatzen ziren:

  • 12.333 artikulu
  • 4.442 liburu-aipamen, hitzaurre, liburu-atal edo edizio kritiko
  • 418 doktorego-tesi
  • 93 ikerkuntza-proiektu
  • 1.889 liburu
  • 688 itzulpen
  • 8.307 hitzaldi
  • 1.520 ikastaro
  • 4.697 irakasgai

Etengabeko eguneratzearen ondorioz 2018an guztira 194 erakunderen lana katalogatuta zegoen. 40.680 erreferentziatik gora (2.504 liburu) eta 10.731 egileen lana eskaintzen zituen. Bi urte geroago datu-basearen 20. urteurrenean 203 erakunde, 11.835 egile, 43.541 dokumentu eta 16.609 artikuluren datuak jasotzen zituen.

20. urteurrena ospatzeko INGUMAren webgunea berritu zuten eta bilaketak errazteko.[5]

Datuen azterketa eta erabilerak

Karmele Artetxek 2010ean bere tesian komunitate zientifikoa euskaldunaren azterketa historikoa eta bibliometrikoa egin zuenean Ingumako datuak erabili zuen azterketarako oinarri gisa.[6] 2006an adierazle-sistema bat jarri zuten abian Euskal Unibertsitate Sisteman. Sistema horren barruan euskarazko produkzioan neurtu behar diren adierazleak Inguman egiaztatzen dira: zenbat lan, zenbat tesi...

Ziurtagirien zerbitzua eskaintzen du datu-baseak. Egileek ziurtagiria eskatu dezakete CVan jartzeko. 2005-2006an, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen lanpostuak bermatze aldera, haien produkzioa aztertzeko prozesu bat abiatu zuten. Orduan hainbat irakaslek jo zuten Ingumara, prozesuan beren euskarazko produkzioa justifikatzeko. EHUk Ingumakoak ziurtagiri ofizial gisa onartu zituen.

Euskarazko produkzioaren berri emateaz gain komunikazioa ere ahalbidetzen du datu-baseak, euskarazko komunitate zientifikoko egileekin harremanetan jartzeko aukera baitauka. Artizarra sare sozialean kide bakoitzaren produkzioaren datuak ikus daitezke, aplikazio biak elkarren artean koordinatuta daude eta

Oinarri informatikoa

Dokumentazio zentroetan eta liburutegietan erabiltzen diren datu-base tipiko bat aukeratu zuten Iñaki Alegria eta Emilio Delgado informatikariek. Hasieran aplikazioak bi zati oso bereiziak zituen: eguneratzen zen datu-basea eta Interneteko interfazean baliatzen zena. Baina biak sinkronizatzea, batetik bestera datuak pasatzea, ez zen lan erraza. Handik urte gutxira, sistema aldatu zutenean, eguneratu ahala Interneten ere ikusten ziren aldaketak. Geroago hasi ziren metadatuak bakarrik ez, ahal zela datuak, estekak, eta digitalizatutako materialak ere eskaintzea.[1] 2020an webgunea berritu zutenean bilaketak errazteaz gain, datu-basera igotako azken sarrerak zeintzuk ziren ere ikusi zitezkeen, bilaketak inprimatu eta hainbat estatistika eskuratu.[5]

Erreferentziak

  1. Goikoetxea, Jakes. ««Ingumak baieztatu du badagoela komunitate bat»» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  2. Artetxe Sánchez, Karmele. (). «Euskaltzaindiaren ekoizpen zientifikoa inguma-n: Euskal komunitate zientifikoaren datu-basearen aurkezpena Euskaktzaindian» Euskera: Euskaltzaindiaren lan eta agiriak = Trabajos y actas de la Real Academia de la Lengua Vasca = Travaux et actes de l'Academie de la Langue basque 50 (1): 189–203. ISSN 0210-1564. (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  3. (Ingelesez) Berria.eus. (2003-01-24). «Inguma datu baseak 13900 bisita izan zuen iaz. (Euskaldunon Egunkariaren hemeroteka. 1990-2003)» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  4. Sustatu. (2004-03-30). «Inguma datu-basea: 28.000 erregistroren gaineko bilaketak egiteko aukera» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  5. Izagirre, Gaizka. (2020-11-19). «Inguma euskal komunitate zientifikoaren datu baseak 20 urte bete ditu» Gaztezulo (Gaztezulo) (Noiz kontsultatua: 2020-12-11).
  6. Artetxe Sanchez, Karmele. Komunitate zientifiko euskalduna. Azterketa historikoa eta bibliometrikoa. Doktorego-tesia. UPV-EHU 2010.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.