Ingude
Ingudea errementaritzako lanabesa da. Tenplatutako gainazala duen metalezko bloke bat da, finko ezartzen dena lurrean edo euskarriren batean tinkatuta, eta bere gainean beste metalezko elementu batzuk moldatzeko erabiltzen dena.
- Artikulu hau tresnari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ingude (argipena)».
![](../I/Blacksmith_at_work02.jpg.webp)
Etimologia
Latinezko incus/incude hitzetik dator euskarazko terminoa, zeinak tokian tokiko aldaera asko dituen euskararen eremuan[1]: Enkude, inguda, txinburi, txingura, txungurre, ukude, ungide, unguru, ünküdü, jungura, xingudi, xinguri, zinguri...
Motak eta erabilpena
Ingude ohikoena pieza handi eta pisutsua da, burdina eta altzairua forjatzeko erabiltzen da. Gori-gori jarritako metala ingudearen gainean jartzen da eta mailu batekin kolpekatuz metalari itxura ematen zaio.
Beste ingude txikiago batzuk badaude. Barrikagileek erabilitakoa T formakoa izan ohi da, eta forma honetatik eratorritakoak dira ingude altxatzearen herri kirolean erabiltzen direnak. Sega-ingude edo sega pikatzeko ingudea berriz, are txikiagoa da, aldean eraman dezake segalariak, jotzeko duen goiko partea txikia da, eta sega zorroztu edo pikatzeko erabiltzen da.
Erreferentziak
- Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia. «OEH - Bilaketa - Ingude» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).