Jean Auguste Dominique Ingres

Jean Auguste Dominique Ingres (Montauban, 1780ko abuztuaren 29aParis, 1867ko urtarrilaren 14a) Frantziar margolari neoklasikoa izan zen. Neoklasizismoaren pintore nagusitzat hartzen da, Jacques-Louis Daviden ondoren. David eta Poussin margolarien tradizioari eutsita, historiari buruzko margolanak egiten bazituen ere, azken urteetako erretratuak izan ziren haren lanik nagusiak.

Jean Auguste Dominique Ingres

Bigarren Inperioko senataria

1862ko maiatzaren 25a - 1867ko urtarrilaren 14a
director of the French Academy in Rome (en) Itzuli

1835 - 1840
Horace Vernet - Jean Victor Schnetz (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaMontauban, 1780ko abuztuaren 29a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaParis, 1867ko urtarrilaren 14a (86 urte)
Hobiratze lekuaPère Lachaise hilerria
Heriotza modua: pneumonia
Familia
AitaJean-Marie-Joseph Ingres
Ezkontidea(k)Madeleine Chapelle  (1813 -  1849)
Delphine Ramel  (1852ko apirilaren 15a -  ezezaguna)
Hezkuntza
HeziketaInstitut supérieur des arts de Toulouse (en) Itzuli
(1791 - 1796)
Arte Ederren Goi Eskola Nazionala
(1799ko urria - 1801)
French Academy in Rome (en) Itzuli
(1806 - 1810)
Hizkuntzakfrantsesa
Irakaslea(k)Guillaume-Joseph Roques (en) Itzuli
Jacques-Louis David
Jean Suau (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, politikaria, biolin-jotzailea, marrazkilaria, grabatzailea, artista grafikoa, arkitektoa eta arkitektura proiektuen marrazkilaria
Lantokia(k)Dampierre-Saint-Nicolas
Meung-sur-Loire
Paris
Tolosa Okzitania
Versailles
Ancona
Florentzia
Napoli
Orvieto
Ravenna
Erroma
Siena eta Urbino
Enplegatzailea(k)Orchestre national du Capitole de Toulouse (en) Itzuli
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakRafael
KidetzaArte Ederren Akademia (Frantzia)
Mugimenduaerromantizismoa
neoklasizismoa
Genero artistikoamargolaritza historikoa
erretratua
biluzia
erretratua
Orientalismoa
Musika instrumentuabiolina

Musicbrainz: 220c7a73-bc8e-4a12-b6f3-a0e3aa2b1b05 Discogs: 2245027 Find a Grave: 6155 Edit the value on Wikidata

Lehenaldiarekiko begirunez, akademiako ortodoxiaren zaintzailetzat jo zuen bere burua, batik bat Eugène Delacroix eta gisakoen erromantizismoaren aurrean.[1] Hala ere, geroago ikusi zen Ingres, eta beste neoklasiko batzuk ere, garaiko izpiritu erromantikoaren eraginpean zeudela[2]. Halaber, Ingresen forma eta espazioaren distortsioak arte garaikidearen aurrekari garrantzitsuak dira.

Biografia

Aita pintorea eta eskultorea zuen, musikaria izateaz gainera, eta berarekin egin zituen lehen ikasketak artearen munduan. Eskola ikasketak, berriz, sei urterekin hasi zituen. Lau urte geroago, ordea, Frantziako Iraultzak sortutako giro nahasia zela eta, eskola itxi egin zuten, eta hala bukatu zen Ingresen heziketa akademikoa. Ikasketak hala eten beharrak atsekabe handia sortu zion, eta bizitza osoa eman zuen bere burua ahalik eta hobekin prestatu nahian. 1791n aitak Tolosara bidali zuen, bere jaioterrira, marrazki ikasketak egitera. Hiru urtez, 13tik 16ra, bigarren biolin gisa lan egin zuen hiriko orkestran bizimodua ateratzeko.

1797ko uda bukaeran Parisa joan zen, eta Jacques-Louis Daviden estudioan hasi zen ikasten. Bi urte geroago Arte Ederretako Eskolako pintura sailean onartu zuten. 1800eko otsailean eskolako lehenengo saria irabazi zuen gorputz enbor batez, eta urrian bigarren geratu zen Erromako Sariketan. Hurrengo urtean sariketa irabazi zuen Les Ambassadeurs d'Agamemnon (Agamenonen mandatariak, École des Beaux-Arts, Paris) izeneko koadroarekin. Frantziak, Napoleonen gerretan murgildurik, ezin izan zuen koadroa erosi, eta horren ordez lan egiteko leku bat eta diru kopuru txiki bat eman zioten.

Napoléon Ier sur le trône impérial, 1806,Musée de l'Armée, Paris.

1804an, Liejako hiriak hala eskatuta, Napoleon Bonaparteren erretratu bat egin zuen (Musée des Beaux-Arts, Lieja), eta orobat egin zuen bere aitaren erretratu bat (Montauban), eta autoerretratu bat (Musée Condé, Chantilly). 1805ean Riviere familiaren hiru erretratu egin zituen, aita, ama eta alabarenak, eta hurrengo urtean egin zuen bere lan bitxienetako bat, Napoleonen erretratu bat handitasun jarreran: Napoléon Ier sur le trône impérial (Musée de l'Armée, Paris).

1806ko urrian Erromara joan zen, han egonaldi bat egiteko dirulaguntza jasota. Urte hartako Parisko Erakusketan xelebretzat eta iraultzailetzat hartu zituzten haren koadroak. Kritika haiei kasurik egin gabe lau urte oparo eman zituen Erroman, non, beste lan askoren artean, 1808an La Baigneuse Valpinçon (Louvre, Paris) ospetsua egin zuen. Dirulaguntza bukatuta ez zen Frantziara itzuli, aldiz, Erroman bertan gelditu zen.

Lagun baten bidez, Erroma okupatuan agintari zeuden frantses ofizialak ezagutu zituen, baita lagun handiak egin ere haietako batzuk. Agintari haiek eskatuta, bi mihise handi egin zituen historiako gertakariei buruz: Romulus vainqueur d'Acron (1812) eta Le Rêve d’Ossian (1813). Ingresek, Erromako aldi hartan, egin zituen lapitzezko erretratu gehienak oso gutiziatuak dira gaur egun, berak erdipurdikotzat bazituen ere. Izan ere, Ingresek ez zuen parerik erretratatzen zituen pertsonak zehaztasunez irudikatzen, haien nortasuna eta are gizarte maila edo naziotasuna ere koadroan azaltzen. 1813an Madeleine Chapellerekin ezkondu zen. Napoleonen porrotaren ondoren (1815), ez zioten lan eskaera ofizial gehiago egin, harik eta enbaxadore berriak, zenbait hilabete geroago, Jésus remettant à Saint Pierre les clés du Paradis (Jesus San Pedrori Paradisuko giltzak ematen) egiteko eskatu zion arte.

L'Odalisque à l'esclave, 1842, Walters Art Museum, Baltimore

1816 eta 1817 urteetan Erromara bisitan joandako ingeles askoren erretratuak egin zituen. Parisko 1819ko Erakusketan aurkeztu zituen lanak —La Grande Odalisque (Louvre, Paris), Philippe V donnant l'ordre de la Toison d'or au maréchal de Berwick (Albako dukea, Madril), eta Roger délivrant Angélique (Louvre, Paris)— aurreko erakusketakoak bezain zorrotz eta gogor kritikatuak izan ziren. Tristeturik, Florentziara joan zen lagun batek gonbidatuta, eta han bizi izan zen 1820-1824 bitartean. Adiskideen erretratuak marrazten eta pintatzen, jaioterriko katedralerako margolan handi bat —Le Vœu de Louis XIII— margotzen, eta beste lan txikiago batzuk egiten, zeregin handia izan zuen Ingresek urte horietan.

1824. urteko udazkenean, Montaubango katedralerako margolana besapean hartuta, Parisa joan zen. Bere harridurarako, izugarrizko harrera ona izan zuen lanak, eta Karlos X.ak berak kondekoratu zuen. Hurrengo urtean, ekainean, Arte Ederretako Akademiako kide aukeratu zuten, eta geroxeago estudio bat zabaldu zuen ikasleentzat.

1827an L'Apothéose d'Homère (Homeroren apoteosia) egin zuen Louvrerako. 1829an Arte Ederretako irakasle izendatu zuten, eta 1834an lehendakari. Urte horren bukaeran, Parisko Erakusketan Le Martyre de Saint Symphorien margolanari egin zioten harrera hotzak mingosturik, Erromara joan zen, hango Académie de Franceko zuzendaritza eskaini baitzioten. Erroman oso ongi etorri beroa egin zioten, bai ikasleek, bai langileek, eta zuzendari egon zen urteetan (1835-1841) akademia berritu eta zabaldu zuen, liburutegia osatu zuen eta arkeologia ikasketak sartu zituen. Bien bitartean zenbait lan burutu zuen, hala nola, lagun batentzat L'Odalisque à l'esclave (Fogg Art Museum, Cambridge, Massachusetts), Orleansko dukearentzat Antiochus et Stratonice (Musée Condé, Chantilly), eta Nikolas I.a tsarrarentzat Vierge à l’hostie (Ama Birjina ostiarekin, Puxkin Museoa, Mosku).

Madame Paul-Sigisbert Moitessier, 1856, National Gallery, Londres

Parisa itzulita oso harrera ona egin zioten oraingoan: bazkari handi bat egin zuten haren omenez, Luis Filipe I.a Frantziakoari bisita egitera gonbidatu zuten Versaillesera eta Neuillyra, eta Comedie-Francaisen bizi guztian doan sartzeko baimena eman zioten. 1843an Luynesko dukeak bi horma irudi eskatu zizkion Dampierreko gazteluko galeria batean jartzeko: L’Âge d’or eta L’Âge de fer. 1849an, artean amaitu gabe zituela, emaztea hil zitzaion, eta Ingresek ez zuen adorerik izan Dampierrera lana bukatzera itzultzeko[3]. 1850ean Luynesko dukeak bertan behera utzi zuen kontratua.

1852ko udaberrian Delphine Ramelekin ezkondu zen. 1853an L'Apothéose de Napoléon egin zuen Parisko Udaletxeko Enperadoaren aretoko sabairako. Margolan hori 1871ko maiatzean, Komunako istiluetan sortu zen sutean galdu zen. 1850 aurreko eta ondoko urteetan, emakume eta gizonen erretratu asko eta bikainak egin zituen (Madame Moitessier, 1845, La Vicomtesse d’Haussonville, 1853, La Princesse de Broglie, 1856[3]), eta baita bere buruaren bat ere, hirurogeita hemezortzi urterekin (Uffizi Galeria, Florentzia). 1862an senadore izendatu zuten eta 1865ean Belgikako Arte Ederretako Errege Akademiako kide.

Latinez gutxi, eta grekoz batere ez bazekien ere, bere margolari kutun Rafaelen margolanak bezain ongi ezagutu zituen, itzulpenen bidez, Homero eta Virgilio poeten lanak. Izan ere, Ingresek bizitza guztian segitu baitzuen ikasten, bere burua prestatzen, jakintsu jendearen lagunartean, bere hezibide goizegi etenak utzitako hutsunea bete nahiz. Adituak ere duela gutxi ohartu dira Ingresen zenbait koadrotan egiten diren aipamenen eta agertzen diren alegoria eta ikurren esanahiaz. Adin handiko zela ere, ikasten eta lanean segitu zuen.

Parisen hil zen, 1867ko urtarrilaren 14an, 87 urte zituela, pneumoniak jota. Azken marrazkia, Giotto di Bondone florentziar margolariaren lan baten argazki baten gaineko kalkoa, hil baino astebete lehenago egin zuen.

Ingresek bere lanetako asko utzi zizkion bere jaioterriari oinordetzat: lau bat mila marrazki, hainbat margolan, hala nola Le songe d'Ossian (Ossanen ametsa, 1813) eta Jésus au milieu des docteurs (Jesus doktoreen artean, 1842-1862), biluziaren gaztetako oliozko estudioak, han eta hemen lortutako zenbait margolan, zirriborro eta ohar liburuak, bere biolina eta abar. Hau guztia Montaubango Ingres museoan dago egun gordeta[4].

Ingres marrazkilari bikaina izan zen, marrazki sendoa eta delikatua zuena aldi berean, margo argiak erabili zituen eta konposizioan oso orekatua zen. Delacroix erromantikoaren margokera arbuiatu zuen, argiilunaren erabilera dramatikoagatik, mugimenduaren zurrunbiloagatik eta testuinguruaren tinkotasunagatik, batez ere. Denboraren joanak moteldu egin du bere garaiko liskarren garraztasuna eta agerian utzi du, aldiz, artistaren bikaintasuna. Gaur egun, ahobatez onartzen zaio sartaldeko tradizioko maisu handienetako bat izan zela.

Iruditegia

Erreferentziak

  1. Bere ustez, ereduak ziren "mende gogoangarrietan loratu ziren maisu handiak, Raphaelek arte arloan ezinhobearen muga ukiezinak eta betierekoak jarri zituenean... Beraz, eredu ona gordetzeari ekin diot, ez berritzeari". Patricia CONDON, Marjorie B. COHN, Agnes MONGAN (1983): Ingres, in pursuit of perfection: the art of J.-A.-D. Ingres. Louisville: The J. B. Speed Art Museum. ISBN 0-9612276-0-5
  2. J. TURNER (2000): From Monet to Cézanne: late 19th-century French artists. Grove Art. New York: St Martin's Press. ISBN 0-312-22971-2
  3. Ingres 1780-1867 erakusketaren katalogoa Louvre.fr
  4. Musée Ingres Montauban.com

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.