Inflazio
Inflazioa epe jakin batean ematen den ondasun eta zerbitzuen prezioen maila orokorraren igoerari deritzo. Txanpon baten eros ahalmenaren galera islatzen du. Ondasun eta zerbitzuen prezioak igo ahala, diru unitate bakoitzarekin ondasun eta zerbitzu gutxiago eskura daitezke. Alegia, soldatak edo, orokorrean, diru sarrerak inflazioaren maila berean gehitzen ez badira, erosteko ahalmena galtzen da. Prezioen igoera baino, prezio jaitsiera orokorra izateari deflazioa deritzo (inflazio negatiboa).
Neurketa
Inflazioa prezio igoeraren neurri estatistiko bat denez, ohikoan prezio-indize baten bidez neurtzen da. Arruntena, Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) da: denboran finkoa den erosketa saski baten prezioen batez besteko aldaketa, urte-arteko tasan. Estatistikan Laspeyres deritze mota hortako indizeei. KPI indizeek[1] herrialde bakoitzean gehien kontsumitzen diren ondasun eta zerbitzuak biltzen dituzte: Hego Euskal Herrirako INEk finkatzen du erreferentziazko kontsumo saskia[2] eta Ipar Euskal Herrian INSEEk; Eurogunerako indize armonizatua argiataratzen du Eurostat erakundeak. Kontsumo saskian ondasun edo zerbitzu bakoitzari pisu ezberdina aitortzen zaio, kontsumoan duen garrantziaren araberakoa eta ponderazio edo pisu horren arabera kalkulatzen da prezioen batez besteko aldaketa. Inflazio tasa deitu ohi zaio Kontsumoko Prezioen Adierazleak denboran dituen aldaketei. Erosketa saskia bera ere tarteka egokitu egiten da, kontsumo ohituretan ematen diren aldaketak islatuz, ondasun eta zerbitzu batzuk baztertuz eta berriak sartuz, edota saskian duten pisu erlatiboak aldatuz.
Barne Produktu Gordinaren deflatorea (Ekoizlearen Prezio Indizea ere deitua) inflazioa neurtzeko ohiko beste neurri bat da. Kontsumo saski jakin batera mugatu ordez, ekonomia batean urte batean ekoiztu diren ondasun eta zerbitzu guztien igoera hartzen du kontuan. Indize zabalagoa da baina, horrexegatik, neurketa zailagoa da eta maiztasun txikiagoz egin daiteke.
Indize motak: azpiko inflazioa
Zenbait neurketetan kontsumo saskitik energia eta landu gabeko elikagaiak kentzen dira, gai horien prezioak oso ezegonkorrak izan daitezkelako epe laburrean, bai nazioarteko merkatuengatik, bai eguraldi-baldintzekiko menpekotasunagatik. Aldakortasun handi hori saihestuz kalkulatzen den inflazioari azpiko inflazioa deritzo, KPI orokorra baino adierazle egonkorragoa.
Inflazioaren eraginak, estanflazioa eta hiperinflazioa
Inflazioak eragin positibo nahiz negatiboak izan ditzake ekonomian. Negatiboan artean daude txanponaren balio erreala gutxitzea, eta aurreztu nahiz inbertitzeko pizgarriak gutxitzea. Horren zergatia, etorkizunean diruak izango duen balioaren gaineko ziurgabetasunean edota ondasunen eskasian dago. Eragin positiboen artean dago kontsumoaren pizgarri dela, edo izan daitekela.
Ekonomia monetarista deritzan pentsamendu korrontearen arabera, inflazio tasa handien eta hiperinflazioaren eragilea diru eskaintzaren gehiegizko hazkundea da. Hori dela medio, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta beste hainbat banku zentralek, prezioen gehiegizko hazkundea mugatzeko asmoz burutzen duten euren moneta politika. Inflazioa neurri jakin baten bueltan mantentzeko helburua dute, jardun ekonomikoa babeste aldera.
Estanflazioa
Estanflazioa deitzen zaio inflazio altuaz gain, hazkunde ekonomiko motela edo hutsala eta, ondorioz,langabezia handia bateratzen dituen egoerarik.
Hiperinflazioa
Hiperinflazio deritzo inflazio oso altuko ezohiko egoera bati. Inflazio handiko sorgingurpila da, prezioen kontrolbako hazkundearen eragile. Adibidez, hilabete batean prezioek %50 gora egiten badute, urte arteko tasan % 13.000koa litzateke inflazioa.
Jardun ekonomiko normala erabat nahastu, baldintzatu eta deuseztu dezake neurrigabeko inflazio egoera batek, hilabeteetan baino, aste, egun edo are orduetan balio galera pairatzen baitu txanponak. Horrek agente ekonomikoen ondasun eta zerbitzu eskaria azkartzen du, diruak balio gal dezan baino lehen nahi baitute ondasun edo zerbitzurren bat lortu eta, era berean, inflazio handiagoa bultzatzen du eskari horrek berak. Horrek, ekonomiaren ahalmen produktikoa deuseztu dezake eta baita diruaren erabilera bazter utzi eta trukera jotzea ere, honek dituen eraginkortasun arazoekin. Ohikoan, hiperinflazioa sortzen da gobernu batek diru jaulkipen hutsez estaltzen baditu bere gastuak, bestelako kontrolik gabe, behar bestelako diru-sarrerarik ez duelako.
Adibide bat, Alemaniako hiperinflazioaren ondorioak
Azpiko testuko azken paragrafoan ondo azaltzen ditu inflazioak gizartean izan ditzaken ondorio latzak. Horren adibidetzat jotzen dira Alemanian XX. mende hasieran bizitakoa (hamarkada luzez gogoratua eta Alemaniako Banku Zentrala (Bundesbank) inflazioaren aurkako sutsu bihurtu zuena), edota Latinoamerikako zenbait herrialdeetan XX. eta XXI. mendean bizitakoak, Argentina edo Venezuelan kasu:
« | Ruhren okupazioa arte, inflazio-politikaren kezka nagusia langabezia zen. Orduan, langabezia erruz hasi zen, eta naziotasun-izpirituaren berpizteak neurri batean haren ondorioak arindu bazituen ere, inflazioak inoiz baino indar handiagoa zuen (...).
Delitu txikiak, etsipenezko delituak, edonon gertatzen ziren (...). Alemaniako leku gehienetan, teilatuetako hodiak desagertzen hasi ziren, gauez. Gasolina ere autoen tanketatik atera egiten zuten, gomak baliatuz. Trukea bihurtu zen merkataritza modurik ohikoena, eta metalak nahiz erregaiak erabiltzen hasi ziren, ohiko dirutzat eta ordainketak egiteko. Zinemarako sarrera batek ikatz zati bat balio zuen. Botila bat petrolioarekin alkandora bat erosi zitekeen, eta alkandora batekin familia batek behar zituen patatak eros zitezkeen. 1922. urtean, Herr von der Ostenek hilean libera erdi bat gurin behar zuen bere lagun baten etxea ordaintzeko, probintziako hiriburuan; baina 1923ko udan, jada libera osoa ordaindu behar zuen. "Erdi Arora itzultzen ari ginen", esaten zuen Erma von Pustauk. (...) Lapurretak izan zituzten merkatari batzuk ohartu ziren lapurrek eramandako diru-zorro eta maletetako billeteak lurrean botata utzi zituztela. |
» |
Inflazioaren eragileak
Ez dago inflazioaren jatorriari buruzko teoria bakar bateraturik. Inflazio altua edo baxua eragin dezaketen faktore ezberdinak daude. Ondasun eta zerbitzuen eskariaren gorabeherak, hornikuntza-gaien kostuenak (lehengaiak, energia, soldatak, eta abar), diru eskaintzaren hazkundea bera eta baita inflazioaren gaineko espektatibak ere. Ekonomiako agente ezberdinek inflazioaz dituzten espektatibak garrantzitsuak dira, kasu soldata negoziaketetan edota kontsumo erabakietan. Horregatik, banku zentralak inflazio-espektatiben gainean eragiten ere saiatzen dira.
Diru eskari eta diru eskaintzaren gorabeherek inflazioan eragiten dute. Gehiegizko eskaintza izan daiteke goranzko eragile, baina diru eskariaren jaitsiera azkar bat ere bai, kapitalen ihesa gertatzen den kasuetan. Hala gertatzen da, adibidez, herrialde bateko ekonomian edo txanponaren gaineko mesfidantza hedatzen denean: herrialdeko txanponaren debaluazioa eragiten du horrek (sendoagotzat jotzen diren dibisen eskaria handitzen da) eta inportazioen garestitzearen bidez, herrialdeko inflazioa handitzea dakar horrek.
Gaur egun, banku zentralek txanpona jaulkitzeko monopolioa izaten dute eta pentsaera korronte nagusiak inflazio txiki eta egonkorra izatea hobesten du (positiboa, beti ere). Moneta politika erabliz, teorian, atzeraldi eta goraldi ekonomikoak leundu daitezke, lan merkatuan krisi garaietan egokitzapenak azkartuz eta likidezia-tranpa sortzeko aukera murriztuz. Horretarako, moneta agintaritzak (banku zentralek) txanponaren jaulkipena kontrolatzen dute, bai dibisen salerosketa bidez, bai banku komertzialen erreserbetan eraginez eta bankuei eskaintzen zaizkien gordailuen prezioan eraginez.
Inflazioa jatorri edo zergatiaren arabera
- Moneta politikagatiko inflazioa: banku zentralaren politikek eragindakoa. Diru-jaulkipena ekonomiako diru-eskari erreala baino gehigo hazten bada epe batean, txanponaren eros ahalmena txikituko da eta prezioak, moneta unitate gisa adieraziak, igo egingo dira.
- Kontsumo edo eskari inflazioa: eskari eta eskaintza legearen araberakoa. Ondasunen eskaria, produkzio edo inportazio ahalmenaren gainetik hazten bada, prezioak igo egiten dira.
- Kostu inflazioa: lehengaien (edo soldaten) garestitzeak eraginda, ekoizleak, dirua edo irabazi marjinak ez galtze aldera, salmenta prezioak igotzen dituenean gertatzen da.
- Inflazio espektatibek eragindako inflazioa: langileek inflazioa igotzea espero dutenean, eros ahalmenik ez galtzeko, soldata igoera handiagoak eskatzen dituzte. Soldatak igotzeak, kostu inflazioa bultzatzen du.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- «Euskal AEko KPI» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-14).
- «Sección prensa / Índice de Precios de Consumo (IPC)» www.ine.es (Noiz kontsultatua: 2019-10-21).