Industria kimiko
Industria kimikoa deritzo produktu kimikoak ekoizten dituzten enpresen multzoari. Industria kimikoak lehengaien erauzketan eta prozesamenduan dihardu lanean. Lehengaiak naturalak edo sintetikoak izan daitezke; horietatik abiaturik eta hasierako substantziak transformatuz, industria kimikoan haiek ez bezalako propietateak dituzten materialak ekoizten dira, gizakien erabilpenerako egokiagoak izateko asmoz; izan ere, industria kimikoaren helburua kalitate oneko produktu berriak prestatzea da.
Historia
Industria kimikoaren historian abiapuntua eta hedapena bereiz daitezke.
Industria-iraultza, industria kimikoaren abiapuntua
Gizakiak betidanik erabili ditu nolabaiteko produktu kimikoak, baina industria kimikoaren hedapena eta garapena industria-iraultzan hasitako zurrunbiloarekin dago lotuta. Hain zuzen, 1736. urtean azido sulfurikoa kantitate handietan ekoizten hasi zen prozesu industrialen laguntzarekin. Beste produktu bat sodio karbonatoa izan zen, beira eta papera, beste gauzekin batera, ekoizteko erabiltzen delako.
Hedapena
Jadanik XIX. mendearen amaieran, izugarrizko booma izan zuen industriak, gero eta produktu gehiago ekoizten hasi zirelako eta kantitate oso handietan. Alemania dirutza inbertitzen hasi zen industrian, eta horrek industria kimikoaren hazkunde itzela ekarri zuen. Geroago, Estatu Batuak ere bide beretik abiatu ziren.
Hemeretzigarren bigarren erdialdean, metalekin lan egiten zuen Alexander Parker ingelesak lortu zuen lehenengo plastikoa industrialki ekoiztea eta tratatzea. Gainera, 1856. urtean, parkesina izeneko plastikoa patentatu zuen. Plastiko hau gogorra baina malgua zen, geroago etorriko zen zeluloidearen aurrekaria.
Hogeigarrren mendean, industria kimikoak garapen handia izan du hainbat arlotan; besteren artean, aipatzekoa da petrokimikaren eta nekazaritzarako ongarrigintzak izandako hedapena.
Gaur egun, badakigu industria kimikoa, puntako industria dela teknologian, eta bertako konpetitibitatea inbertsioan eta garapenean oinarrituta dagoela.
Bi motatako industria kimikoak
Industria kimikoak bertan erabilitako lehengaien jatorriaren arabera sailka daitezke. Horiek animalia-jatorrikoak, landareetatik ateratakoak, mineralak edo beste industria kimiko batean sortutakoak izan daitezke. Hori dela eta, lehenengo maila batean bi motatako industria kimikoak kontsidera ditzakegu:
Oinarrizko industria kimikoa. Oinarrizko lehengaiak erabiltzen dituzte, aldez aurretik elaboratu gabeak, horiekin beste industria batzuetarako lehengai izango diren bitarteko produktuak sortzeko.
Transformaziorako industria kimikoa. Hauetan oinarrizko industria kimikoetan prestatutako bitarteko produktuak erabiltzen dituzte, transformatu ondoren pertsonen kontsumorako erabiltzeko produktuak fabrikatzeko. Hainbat espezialitatetako industriak daude, produktu bereziak fabrikatzeko, hala nola medikamentuak, ongarriak, plagizidak, koloratzaileak eta abar.
Produktuak
Polimeroak
Polimeroak eta plastikoak industria kimikoak ekoizten dituen dituen % 50 inguru dira; adibidez, polietilenoa (PE), polipropilenoa (PP), polinilo kloruroa, polietilenoa tereftalatoa, poliestirenoa eta polikarbonatoa bezalakoak. Produktu kimiko horiek, oro har, kontsumo-ondasun askotan erabiltzen dira, baina azkenaldi honetan bestelako sektoreetan ere hasi dira horrelakoak erabiltzen: ekoizpenean, eraikuntzan eta nekazaritza-sektoreetan gehien bat. Bestalde, gaur egun, bezeroek kautxoa, plastikoa eta petrolio-findegietako produktuak eskatzen dituzte.
Bizitzako zientzietarako produktuak
Bizitzako zientzietan industria kimikoak ekoitzitako produktuen % 30 inguru kontsumitzen dira; adibidez, sustantzia kimikoak, biologikoak, farmazeutikoak, diagnostiko-produktuak, animalien osasunerakoak, bitaminak eta landare-botikak. Normalean, produktu horiek ezaugarri eta espezifikazio askorekin ekoizten dira, eta gobernuak gidatutako agentziek ikertzen dituzte, elikagaiak eta medikamentuak batez ere.
Etxerako kontsumo-produktuak
Askotarikoak dira industria kimikoak ekoizten dituen etxerako kontsumo-produktuak, hala nola xaboiak, detergenteak eta kosmetikoak. Horiek barne-produktu gordinaren (BPG) % 0,8-1 izaten dira. Ohiko kontsumitzaileak, normalean, ez dira oinarrizko produktu kimikoekin kontaktuak jartzen, baina gure eguneroko bizitzan etengabe jartzen gara kontaktuan polimeroekin, esate baterako, plastikoak, garbiketarako materialak, kosmetikoak, margoak, aparatu elektronikoak, autoetarako materialak… erabiltzean. Kontsumo-produktu ia guztiak industria kimikoak ekoizten ditu, edota manufaktura-industriak. Horien artean daude pestizidak, polimero bereziak, produktu kimiko elektronikoak, eraikuntzarako produktu kimikoak, garbiketa-produktuak, zaporeak eta fragantziak gehitzekoak, inprimatze-tintak, uretan disolbatzen diren polimeroak, elikagaietako aditiboak, papera, petrolio-findegietako produktu kimikoak, kosmetikarako produktu kimikoak, ura tratatzeko produktu kimikoak eta katalizatzaile moduan erabiltzen direnak. Dena den, industria kimikoak ez dira zuzenean harremanetan jartzen kontsumitzailearekin, kontsumo-produktuak fabriktzen dituzten enpresekin baizik.
Euskal Herriko Industria kimikoa
"La Dinamita" fabrikaren sorkuntzak (Galdakao, 1872) inflexio-puntu bat eragin zuen Bizkaiko industria kimikoaren garapenean. Alfred Nobel-ek sortutako patetentean oinarrituta, munduko bosgarren dinamita-fabrikarik handiena bilakatu zen. Modu honetan, Bizkaian industrializazio-prozesua hasi zen, denborarekin oso oparoa izan zena.
Dena den, beste industriekin konparatua, Bizkaian berandu abiatu zen sektore kimikoa, inbertsioak garestiak zirelako eta erakunde ofizialek ez zutelako erraztasunik jarri sektorea garatzeko. Produktuen eskari baxuen erruz, ez zen erraza dirulaguntzak lortzea. Gainera, esan behar da, kimikan oinarritutako fabrika gehienak sortu zirela beste ekoizpen-sektoreen premiengatik, alegia, oinarrizko produktu kimikoak eskatzen hasi zirelako.
Historikoki hainbat indusria kimiko egon dira Euskal Herrian kokatuta, baina, azken hamarkadetako desindustrializazioarekin, horietako asko desagertu egin dira. Gaur egun daudenen artean, aipatzekoa da Petronor-en findegia, duen eragin ekonomikoagatik eta ingurumenean sortzen dituen ondorioengatik.