Industria

Industria lehengaiak eraldatuz produktuak ekoizten dituzten jarduera eta prozesuen multzoa da. Ekoitzitako produktuak zein diren, industria-jarduera mota ezberdinak daude. Adibidez, automobilgintza izeneko industria-sektorean, automobilak eta automobiletarako osagaiak ekoizten dituzten jarduerak biltzen dira eta metalgintzan burdina eta beste metalak eraldatzen dituzten fabrikak biltzen dira.[1] Lehengaiez gainera, industriak lehengaiak eraldatzeko energia behar du, baita azpiegiturak ere (errepideak, trenbideak...) lehengaiak fabriketaraino garraiatu eta bertatik produktu bukatuak banatzeko.

Bethlehem Steel, Ameriketako Estatu Batuetan: burdingintza sektoreko industria-fabrika handi bat, non burdina ekoizten den.

Ekonomian, industriak bigarren sektore izenekoa osatzen du, nekazaritza eta arrantza hartzen duten lehenengo sektorearen eta zerbitzuak barne hartzen dituen hirugarren sektorearen aldean.[2] Historian zehar, Industria Iraultza izenekoa izan zen XVIII eta XIX. mendeetan zehar industria gehien garatu zen aldia, ekonomia osoaren produktua nabarmen gehituz. Dena den, munduan zehar industriaren garapena oso ezberdina da eta horrela herrialde industrializatuak eta ez-industrializatuak bereizten dira. Aldi berean, herrialde industrializatuak izaten dira ongizate material handiena izaten dutenak, oraindik nekazaritzan oinarritzen diren herrialdeen aldean.

Hala ere, herrialde aberatsetan badago joera fabrikak kostu txikiagoak dituzten herrialdeetara eraman eta bestelako jarduera espezializatuagoak (hirugarren sektorean, esaterako) sendotzeko. Industriaren garapena izan da baita ere, neurri handi batean, egungo ingurumen-arazoen sortzaileetako bat, bere ekoizpen-prozesuetan sortutako hondakinak atmosfera eta ibaietara kontrol eskasarekin isurtzeagatik besteak beste.

Historia

Gizakiaren ezaugarria da, animaliak ez bezala, lehengaiak bildu, teknika baliatu eta lan eginez bere beharrak asebetetzeko gauza izatea. Horrela, industria antzinatik erabili du gizakiak. Suaren erabilera industria-jardueraren jatorrian dagoela esan daiteke. Gizakiak harriz egindako tresnak ere duela milioi bat urtetik gutxi gorabehera egiten ditu, Paleolitiko garaiko industria litikoa erakusten duenez. Antzinako gizakiek egurrez eta larruz egindako tresnak ere industria-jardueraren hastapenak direla esan daiteke.

Industria-jarduera modernoaren ezaugarria den espezializazioa edo lanaren banaketa ere antzinatik gertatzen da. Hasierako espezializazioari ekin zioten langileak artisauak izan ziren, industria jardueran nagusi izan zirenak antzinako zibilizazioetatik XVIII. mendean Industria Iraultza abiarazi arte. Artisau bakoitzak produktu-mota zehatz bat ekoizten zuen, berezko edo ikasita zituen teknikak erabiliz eta ekoizpen-prozesu osoa hasieratik bukaerara berak bakarrik burutuz. Bere lanaren xehetasunak sekretupean edukitzen zituen, lanbidearen teknikak aitak eta amak semeari eta alabari bakarrik irakatsiz, industriak ematen zion pribilegioa ez galtzeko. Industria bereko artisau-elkarteetan (zapatariak, errementariak, ...) ere biltzen ziren Erdi Arotik aurrera bere lanbidearen interesak batera hobeto defendatzeko.

XVIII. mendean eta Ingalaterran hasita, eta Europako beste herrialdeetan eta Ameriketako Estatu Batuetan ondoren, artisau eta merkatari aske eta aberatsek sortutako gizarte-klase boteretsu bat sortu zen, burgesia izenekoa. Hazkunde demografikoak ekarri zuen langileen ugaritasunak eta, merkataritzaren garapenari esker, lehengaien eskuragarritasunak, industria-produktuak ekoizteko modu berri bat ekarri zuen, nagusi baten mendean langile asko soldata eskasekin fabrika batean bildu eta produktuak askoz ere merkeago ekoizten ziren, lehenengo artisauak ez bezala, ekoizpen-prozesuko faseak zatituz eta makineria berria sartuz. Industria Iraultzaren eta kapitalismoaren sorrera izan zen.

Sakontzeko, irakurri: «Industria Iraultza» eta «Bigarren Industria Iraultza»

Industria-motak

Ekoizpen prozesu orokorrean duten kokapenari buruz, industriak honela sailka daitezke:

  • oinarrizko industriak, lehengaiak eraldatuz produktu erdibukatuak ekoizten dituztenak, beste industria-jarduera batzeutan erabiltzeko; adibidez, siderurgiak mineralak eraldatu eta metal gordina ekoizten du, beste industria batzuetan erabiltzeko;
  • ekipo-ondasunen industriak, beste jarduera ekonomikoentzako makinak, ibilgailuak eta ekipo elektronikoak ekoizten dituztenak; adibidez, garabiak edo energia eolikoa ekoizteko errotak ekoizten dituzten fabrikak;
  • kontsumo-ondasunen industriak, familientzako ondasunak ekoizten dituztenak; hala nola, ehungintza, etxetresna elektrikoak egiten dituzten fabrikak.

Erabiltzen duten lehengaien kopuruari buruz, sailkapen hau egin daiteke:

  • industria astuna, lehengaiak era masiboan erabiltzen dituzten fabrikak; adibidez, zementugintzan kareharri kopuru handiak erabiltzen dira zementua egiteko;
  • industria erdiarina, produktu erdibukatuekin egiten dute lana baino industria astunek lehengaiekin baino neurri apalagoan; ekipo ondasunen industriak sail honetan kokatzen dira;
  • industria arina, neurri apalean erabiltzen dituzte lehengaiak edo produktu erdibukatuak; adibidez, ehungintza, arotzgintza.

Beste alde batetik sailkapen hau ere egin daiteke ekoitzitako gaia zein den:

  • erauzketa-industriak, lehengaiak naturatik hartzen dituztenak, eraldaketa minimo batekin; adibidez, meatzaritza;
  • energia-industriak, energia ekoizteari ekiten diotenak;
  • eraldaketa-industriak, produktu bukatuak edo erdibukatuak ekoizten dituztenak, lehengaiak edo produktu erdibukatuak erabiliz;
  • muntaia-industriak, osagaiak eta bestelako produktuak osatzen dituztenak, produktu bukatu bat osatzeko; adibidez, automobilgintza.

Bere garapenari buruz, industriak puntakoak edo helduak izan daitezke:

  • puntako industriak, azkar garatzen ari diren industriak, teknologia maila aurreratu batekin; adibidez, aeronautika-industria.
  • industria helduak, teknologia egonkor batekin, garapen-muga batera heldu direnak; metalurgia esaterako.

Azkenik, industriak langile kopuruari buruz ere sailka daitezke. Horrela, industria txikiak (langile kopurua 50 baino txikiagoa denean), ertainak (50-100) eta handiak (100 langile baino gehiago) bereizten dira, langile kopuruaren mugak herrialdea zein den aldakorrak badira ere. Aldi berean, lan-indar intentsiboko industria (langile asko behar dituztenak, kapital finkoaren aldean; ehungintza, esaterako) eta kapital intentsiboko industria (makineria eta azpiegitura handiak behar dituena, lan indarraren aldean; energia-industria, esaterako) bereizten dira.

Industriaren kokapena

Industria-jarduerak ez dira uniformeki banatzen lurraldean zehar. Fabrikek bata bestearen ondoan kokatzeko joera izaten dute, beti horrela ez bada ere, azpiegiturak eta elkarrekiko osagarritasuna (aglomerazio-ekonomiak deritzenak) baliatzeko. Kokapen industrialerako kontuan harturiko faktoreak hauek izaten dira: lehengaien eskuragarritasuna, industria osagarrien gertutasuna, merkatu potentzialerako irisgarritasuna (urbanizazio-ekonomiak), lan-indarraren kostuak, azpiegiturak eta aglomerazio-ekonomiak.[3] Fiskalitatea (ordaindu beharreko zergen zenbatekoa) eta langileen prestakuntza ere kontuan hartu beharreko faktoreak izaten dira. Industria handien kasuan, faktore geopolitikoak ere erabakigarriak izan daitezke.

Kontsumo-ondasunen industrietan, fabrikak hiri handien ondoko hinterland izeneko eremuetan lekutu ohi dira, hiri handietako merkatuak eta azpiegitura-sare zabalak direla eta. Oinarrizko industrietan, ordea, lehengai-iturrien gertu izatea faktore erabakigarria izaten da; adibidez, ohizkoa da petrolio-birfindegiak petrolio-putzuetatik gertu kokatu izan dira. Egun ordea, lehengaien faktore ez da lehen bezain erabakigarria izaten; adibidez, petrolioaren, oliobide-sareei esker birfindegiak petrolio-putzuetatik urrun ere kokatzen dira. Ekipo-ondasunetan, garrantzitsua izaten da inguruko fabriken osagarritasuna: adibidez, automobilgintzako fabrikek denetariko piezak eta osagaiak ekoizten dituzten fabrikak behar izaten dituzte euren inguruan. Bertako biztanleen prestakuntza teknologia maila aurreratua duten industrietarako beharrezkoa da. Lan-indarraren kostua, herrialde batetik bestera gehienetan, gero eta gehiago kontuan hartzen den faktorea da, globalizazioa dela eta, produktuak konkurrentziak baino merkeago eskaintzeko presioa oso handia izaten baita. Horrela, deslokalizazio fenomenoa gertatzen da askotan, non bertako fabrikak itxi egiten diren, soldata merkeagoak dituzten herrialdeetan zabaltzeko. Bertako kultura industriala, antolaketa-modua eta babes politikoa ere kontuan hartzen diren faktoreak dira.

Paisaia industrialak

Industria-fabrikek euren bolumena dela eta, eta baita ere elkarrekin biltzeko duten joeragatik, eragin nabarmena dute paisaian. Gehienetan, badiak eta bailarak izan dira industria-fabriken kokagune nagusia, aurrez inguru hauetan zeuden azpiegiturak profitatuz. Lurralde hauetan industriak txertatzeko modu ezberdinak erakutsi ditu, paisaia industrial ezberdinak sortuz.

Historian zehar paisaia industrialak herri beltzak izenekoetatik teknopolis izenekoetara bilakatu dira, tartean hirigune industrialak osatuz. Lehenengo iraultza industrialean, ikatza zen energia-iturri nagusia eta horrela, fabrikak ikatz-meategien inguruan pilatzen ziren, kutsadura larria sortuz. Ondoan, langileen etxebizitzak egoten ziren, garraiorako aukerak oso murritzak baitziren. Black country edo herri beltz deitu izan zaie horrelako lurraldeei, non langileak kondizio larrietan bizi ziren, esplotaturik eta kutsadura-giroan. Black country paisaiaren adibide paradigmatikoa Birmingham inguruko lurraldea izan zen XIX. mendean. XX. mendean zehar, kapitalismoak kontsumorako produktuak merkaturatu beharra izan zuenean, hiri populatuenen inguruan kokatu ziren, euren produktuei irtenbide zuzenena emateko, etorkinak erakarriz eta hiria handituz berriz ere. Gainera, ikatzaren ordez, petrolioa energia-iturri garrantzitsuena bilakatu zen eta horrela, ia ez zegoen beharrik fabrikak ikatz-meategi inguruetan kokatzeko. Hirigune industrial deritzenak sortu ziren horrela. Hirigune industrial hauen adibide gisa Detroit, Madril eta Iruñea Euskal Herrian daude[4]. XX. mendearen bukaeran, Hirugarren Industria Iraultzaren haritik, fabrika mota berri bat garatzen da, teknologia aurreratuarekin eta prestakuntza maila handiko langileekin. Fabrika horiek gune jakin batzuetan biltzeko joera erakutsi dute, planifikazio zehatz bati jarraiki, botere politikoen babespean, elkarrekiko sinergiak baliatzeko asmoz eta hiriguneen inguruetan. Teknopolis edo teknologia-parkeak dira industria aurreratu hauek biltzen dituztenak[5].

Lurralde batean industria jarduera nagusia denean, fabrikak pilaturik azaltzen direlarik, paisaia konplexu industrial motakoa dela esaten da. Konplexu industrialak bailara batean edo portu baten inguruan kokatzen dira. Industria-fabrikak hain ugariak ez direnean, gehienetan hiri ertainen inguruan, industrialdeetan eta parke teknologikoetan biltzeko joera izaten dute. Azkenik, egungo garraio-sarearen garapenari esker, industria-fabrikak kokatzeko ez da hain faktore garrantzitsua garraio-kostua eta honenbestez fabrikak lurraldean sakabanatzeko joera hautematen da batzuetan.

Industriaren aglomerazioari buruzko industria-paisaia ezberdinak: konplexu industrialak industria asko (handiak eta ertainak batez ere) lurralde zehatz batean biltzen dituzten guneak dira; puntu zehatzetan bildutako fabrikak (ertainak eta txikiak, gehienetan) hirigune ezberdinetatik gertu kokatzen direnean, industrialdeak sortzen dira. Fabrikak lurralde osoan barreiaturik ere ager daitezke, industria-paisaia sakabanatua sortuz.

Euskal Herrian, Bilboko itsasadarra izan da konplexu industrialaren adibide garbiena, XX. mendearen azken urteotan bertako industria asko desegin baziren ere. Bertako ertzeetan Bizkaiko Labe Garaiak, La Naval ontziola eta beste industria asko daude, askotan elkarren osagarriak. Hirigune industrialen adibide gisa, Gasteiz, Gamarrako industrialdearekin, eta Iruñea, Landabengo industrialdearekin, aipa daitezke. Gipuzkoan batez ere eta ibar estuetako ibilbideetan pilaturiko fabrikez osaturiko hirigune industrial berezien adibideak, herrietan bertan edo hauetatik oso gertu, Eibar, metalgintzako fabrikekin, eta Beasain dira, azken hau CAF fabriken inguruan[6]. Bizkaiko Parke Teknologikoa, Zamudion kokatua, Euskal Herriko teknopolis handiena da.

Industriaren kontzentrazioa

Industriaren kontzentrazioa enpresa edo enpresa-talde batek hainbat industria bere mendean hartzen duteneko fenomenoa da. Egun, ugari dira industria ezberdinen elkartzeak eta erosketak, jarduera bera duten enpresen artean, elkar loturik dauden enpresen artean zein elkarrekin zer ikusirik ez duten jardueretan. Kontzentrazio horizontala izango da, enpresa bakar batek industria-jarduera bereko fabrikak edo enpresak biltzen dituenean. Kontzentrazio horizontala burutzearen arrazoiak merkatuan posizio menderatzaile bat osatzea (prezioak kontrolatuz neurri batean) edota eskala-ekonomiak sortzea, tamaina egokiago bat lortu eta kostuak murrizteko. Kontzentrazio bertikala ekoizpen-prozesu berean kokatzen diren industrien elkartzea da, lehengai eta produktu erdibukatuen hornikuntza modu egokian ziurtatu eta industria-taldeko tarteko fabriken merkatua bermatuz horrela. Elkartzen diren industriek zuzenean loturik ez daudenean, konglomeratua osatu dela esaten da[7].

Aldi berean, cluster edo industria-sare izeneko industria-enpresa multzoak ere osatzen dira. Cluster direlakoetan ezaugarri komunak (bezeroak, hornitzaileak, teknologia) dituzten industria biltzen dira enpresa-estrategiak, erakunde publikoekiko harremanak eta azpiegiturak partekatzeko, besteak beste. Cluster hauen helburua kostuak murriztu, konkurrentzia-ahalmena handitu eta sinergiak sortzea da [8].

Industriaren ekoizpen-metodoak

Masako ekoizpenerako industriak ekoizpen-kateetan oinarritzen dute bere lana. Langile bakoitzak zeregin zehatza du ekoizpen-katean eta lan egiteko erritmoa askotan ez du berak kontrolatzen.

Industria Iraultza aurreko artisauek produktuaren ekoizpen-prozesu osoa, goitik behera, beraiek egiten zuten, eskuko lanaz nagusiki eta urtetan bildutako esperientziari esker. Industria-iraultzak industriara teknologiaren erabilera intentsiboa edo makinismoa ekartzeaz gainera fabriketako lan-antolakuntza metodo berriak ekarri zituen, espezializazioan eta kontrolean oinarriturik. Artisauak burutzen zuen lanean ez bezala, masako ekoizpenak produktibitatearen gehikuntza eskatzen zuen eta horretarako espezializazio eta lanaren zatiketarako metodoak asmatu ziren, taylorismo izeneko antolaketa-modua osatuz. Horrela, langile bakoitzari zeregin zehatza emanez fabrikan, langileak bere lana burutzeko behar duen denboraren kontrol zorrotzarekin batera. XX. mendearen hasieran ekoizpen-lerroak garatu ziren, non produktua ekoizteko fase guztiak bata bestearen ondoren kokatzen diren. Ekoizpen-kateak Henry Ford automobilgintza-enpresaburuak garatu zituen XX. mendearen hasieran. Fordismoak produktu homogeneo baten serie handiak ekoizteko beharra ikusten zuen gainera kostuak murriztu, ekoizpena gehitu eta etekin handiagoak lortzeko. Taylorismoan, fabrika barneko antolaketa zen helburu nagusia, denborak eta kostuak murriztuz; fordismoan, merkatua ere jartzen du bere ikusmiran, merke eskaini, asko saldu eta etekin oparoak lortzeko. Horrela, taylorismo ekoizpen-ekonomia bat den bitartean, fordismoa, eskaria-ekonomia bat da funtsean[9].

XX. mendearen bukaeran, fordismoa baztertu eta toyotismo izeneko antolaketa-metodoa garatzen da industrian, aldi berean robotika eta automatizazioa garatu direlarik. Japoniako Toyota fabriketan abiarazitako toyotismoa fordismoa baino malguagoa da, fabrikan ekoizpen-kate bat izan daitekeen arren, langile-taldeek, kalitate-zirkulu moduan antolaturik askotan, langileek denboraren kontrol handiagoa izan eta tarea anitzagoak egiten baitituzte, edozein unetan langileak geldiarazi ditzakeen makineriari esker, prozesuari eta produktuari buruz duten ezagutza profitatuz kalitatea hobetzeko. Just-in-time, biltegietako tamaina gutxitzeko; kanban, ekoizpena era ordenatuan burutzeko; kaizen, kalitatearen hobekuntzarako eta poka-yoke segurtasunerako dira, besteak beste, ekoizpen-antolaketa berriaren tresna zenbait.

Industrialismoaren ondorioak

XIX eta XX. mendeetan izandako hazkunde ekonomikoa industriaren garapenari zor zaio neurri handienean eta egun ere herrialde askotako ekonomia-jarduera nagusia izaten jarraitzen du. Garapenerako jarduera eraginkorrena izatetik urrun, industriaren garapenak ideologia zehatz bati jarraitzen dio, industrialismo izenekoa, kapitalismoarekin estu loturik:

« Ekoizpen-sistema feudala, non ekoizpena artisau-elkarteen esku zegoen, ia ez zen nahikoa merkatu berriaren beharretarako. Industriak hartu zuen bere lekua. Industriaren klase ertainek jauntxoak baztertu eta elkarte ezberdinen arteko lan zatiketak lekua utzi zion fabrika berneko lanaren zatiketari.

Bitartean, merkatuan etengabe hazten zien, eskaria beti gora. Artisau-lana ez zen ia nahikoa. Orduan, lurrunak eta makineriak ekoizpen industriala irauli egin zuten. Ekoizpen-gunea industria handiaren erraldoiak, industriaren klase ertainek, aberatsek, ejerzito industrialen zuzendariek eta burges modernoek hartua izan zen. (...)

Ikusten dugu, beraz, burgesia modernoa garapenaren bide luzearen ondorioa dela, ekoizpen-modu eta trukaketetan izandako iraultza andana baten ondorioa alegia. Burgesiaren garapenaren pauso oro, klase horren aurrerapen politiko egoki batekin batera etorri zen.

 »

—Karl Marx eta Friedrich Engels: Manifiesto Komunista (Burgesak eta Proletarioak) - 1850

Industrialismoaren aurka, ordea, zenbait mugimendu sortu zen, ludditak eta Arts and Crafts mugimenduaren jarraitzaileak kasu. Marxismoaren sorreran, gainera, zerikusi handia izan zuen hiri industrialetan bizi ziren langileen egoera larria. Gizarte arloan ez ezik, ingurumenean ere ondorio larriak ekarri zituen. Industrialismoaren alde ilun hauetaz honela idazten zuen Alexis de Tocqueville frantziar idazleak 1835 urtean:

« Zulo zikin honetatik giza industriaren fluxu handiena dator mundu osoaren ongarri gisa. Zulo zikin honetatik, urre garbia. Honela gizateriak bere garapen erabatekoa lortzen du, eta basatiena ere. Honela zibilizazioak mirariak egiten ditu eta gizaki zibilizatua ia basati bihurtu.  »

—Alexis de Tocqueville: Voyages en Angleterre et en Irlande

Industria eta ingurumena

Industria kutsadura atmosferikoaren sortzaile nagusia da toki askotan.

Industrialismoak aldaketa handia ekarri zuen ekoizpen-faktoreen erabileran. Horietarik, natura baliabideak izan ziren modu intentsiboan erabiltzen hasi ziren faktoreetako bat. Horren ondorioak nabarmenak izan dira: industriarako beharrezkoak diren lehengai naturalen gehiegizko erauzketak (basogintza intentsiboa, esaterako), ekoizpen-prozesuetan inguruko aire, ur eta lurraren kutsadura, kasu askotan inguruko gizakien bizitza-egoera nabarmen kaltetuz eta beste batzuetan osasun-larriak sortuz (erakusgarri nabarmenen artean, Indiako Bophal hirian industria kimiko bateko gas pozoitsu baten ihesi batek milaka lagun hil zituen 1984 urtean, 1986 urtean zentral nuklear batek eragindako Txernobylgo hondamendiak ere giza eta ingurumen-ondorio larriak ekarri zituen) eta industria-produktuak kontsumitu ondoren naturan isuri edo botatzearen ondorioak (zabortegiak, esaterako).

1970eko hamarkadatik industriak dakartzan ingurumen-arazoek erakunde ofizialen arreta erakarri zuen. Erromako Kluba izeneko aditu-taldeak hazkunde industrialak dakartzan kutsadura eta baliabide naturalen urritzea nabarmendu zituen. Geroztik eta askotan herriaren ekimenez [10], gobernuek kezka horiek bereganatu eta ingurumenarekiko errespetua dakarten politika industrialak eratu dituzte. Nolanahi ere, askotan industria kutsatzaileen lekualdatze hutsa gertatu da, arrisku industriala zuten jarduerak eta hondakin toxikoak Hirugarren Munduko herrialdeetara eramanez [11]. XXI mendearen hasieran, kezka hau mundu osora zabaldu da, industriak aldaketa klimatikoan duen eragina dela eta. Horrela, garapen iraunkor kontzeptua ere definitu da, industria-ekonomia ingurumenarekiko erlazio berri bat bilatu nahian besteak beste.

Industria eta gizartea

XIX. mendeko hiri industrialetan langileak egoera larrian bizi ziren. Ordu askotako lanegunak burutu behar zituzten eta zigorrak jasaten zituzten nagusiak euren errendimendua nahikoa ez zela uste zuenean. Soldatak ere oso kaskarrak ziren. Auzo txiroetan bizi ziren, zerbitzu publiko eskasekin. Industriaren garapenak behar zuen inbertsio-tasa altuak errendimenduak ere altuak izatera behartzen zuen eta horren zama langileen gainean jartzen zen. XIX. mendeko langile industrialen bizimodua irudikatzen duen lan famatua Charles Dickensek idatziriko Hard times (Garai latzak, euskaraz) eleberria da. Langileen egoera larri honek pentsamendu sozialista eta marxista garatu zuen, langileak industrialismoaren gehiegikerien aurka antolatzen ziren bitartean. Langilea beste makina bat balitz bezala hartzen zuen industriako metodo zientifikoak, alienazio kontzeptua sortzera eraman zuen teoria marxistaren baitan: antzinako artisauek ez bezala, langileek euren lanaren fruituarekin duten harremana arrotza da, langilea bere gizatasuna galduz horrela. Azken hamarkadetan aldatu egin da industrialismoak gizartean duen eragina. Langileen baldintzak, oro har, hobetu egin dira lehenengo munduan, teknologiaren produktibitate-aurrerapenei eta ongizatearen estatuaren zabalkuntzari esker. Industriaren eta ekonomia osoaren euskarri den kontsumismoa bilakatu da, ordea, gizakiaren alienazio iturri nagusi. Horren inguruan, azpimarratzekoak dira, beste batzuen artean, Herbert Marcuse filosofo eta soziologoaren lanak [12].

Industria arloz arlo

Egur-industriako azpiarloen arteko loturak (basogintza, ordea, ez da industria arloan kokatzen). Industria-arloek balio-kate bat osatzen duten elkarren artean. Horrela, produktu bukatuan denek dute parte bat.

Industrian arlo ezberdinak bereizten badira ere (automobilgintza, zementua, elektronika-produktuak, ...), industria-produkzioaren balioa kate moduan osatzen da industria ezberdinen artean, lehengaietatik hasi, oinarrizko gaiak, produktu erdibukatuak eta osagaiak tartean eta kontsumo-produktuekin bukatzeko.

Industria-jardueren oinarrian meagintza eta energia-industria daude, nekazaritza-sektoreak ematen duen hainbat lehengairekin batera. Meagintza makineria astuna behar duen sektorea izaten da. Aldi berean, kokapen zehatzak dituen jarduera da, meategiak non, han kokatuko baitira meakgintza-fabrikak, mea erauzi eta haren oinarrizko eraldaketa egiteko.

Energiaren sorrera eta banaketa burutzen dituen energia-industria da oinarrizko industriarik garrantzitsuena, beste ekonomia-arloek, industria guztiak barne, energia hornikuntzaren mendean baitaude. Energia-industriek azpiegitura eta instalakuntza konplexuak behar dituzte eta enpresa handien esku egoten da. Energia-iturria zein den, jarduerak ezaugarri ezberdinak ditu, ordea. Adibidez, petrolioaz sortutako energia-fabrikak petrolioaren hornikuntza bermatzen duten azpiegituren inguruetan daude (portuak, oliobideak). Zentral nuklearrek, berriz, ur-hornikuntza ziurra duten tokietan kokatu behar dira; erregai gisa erabiltzen duten uranioaren zuzeneko hornikuntza, ordea, ez da hain erabakigarria hauen kasuan. Garapen bidean dauden energia berriztagarrien industriak, berriz, iturburu-mota zein den kokatuko dira (haize handia jotzen duen tokietan kokatuko dira energia eolikoaren instalakuntzak, ibaietan energia hidraulikoa, toki eguzkitsuetan eguzki-energia). Energia berriztagarrien instalakuntzetarako egin beharreko gutxieneko inbertsioa petrolioaren eta energiaren nuklearraren kasuan baino askoz txikiagoa da, euren errendimendua txikiagoa dela kontuan hartu behar bada ere.

Ekoizpen-kate industrialeko bigarren fase batean, eraldaketa-industriak kokatzen dira: metalgintza eta lehengaietatik oinarrizko eta bitarteko gaiak ekoizten dituzten bestelako industriak daude (kautxua, plastikoak, zementua eta bestelako gaiak). Industria horiek ekoitzitako gaiak beste industrietarako izaten dira eta erabilera anitz dute. Hori dela eta, bere ekoizpena masiboa izaten da eta fabrika handietan burutzen da, oso gai berezien kasuan ezik (egurraren eraldaketan, esaterako). Eraldaketa-maila ezberdinak daude gainera: adibidez, metalgintza sektorean burdina gordina ekoizten duen siderurgia, labe garaiak (mea burdina bihurtzeko) eta ijezketa edo laminazio-trenak (burdina gordinari txapa edo bestelako eitea emateko) izanik bere instalakuntza nagusiak, eta metalaren eraldaketa xeheagoa (material mota jakinak eta zehatzak eraldatzen dituzten tailer txikiak) bereizten dira. Hala ber, kimika-industrian birfindegiak dira fabrika nagusiak eta bigarren maila batean petrolioa jatorri ez duten gai kimikoak edo petroliotik birfindutako oinarrizko gaiak ekoizten dituzten beste kimika-fabrika batzuk ere badaude atal honetan (plastikoak, zuntz sintetikoak eta ongarri kimikoak ekoizten dituztenak, esaterako). Beste alde batetik, siderurgiak eta kimika-industriak energia asko behar izaten dute euren jardueretako; hau dela eta, arlo hauetako fabrika handi askotan ekoizpen-prozesua etenik gabe garatzen da gau eta egun, prozesua hutsetik abiarazteak ekarriko lukeen energia-bultzada aurrezteko. Eraldaketa-maila honetan gero eta garrantzi handiagoa duten birziklapen-industriak ere barneratu behar dira, papergintza, beiragintza eta plastikogintzan batez ere. Siderurgian ere ohikoa da meaz gainera txatarra erabiltzea metal berria ekoizteko.

Hirugarren fase batean koka daitezke ekipo-ondasunen industriak, kapital-industria izenez ere ezagunak. Automobilgintza, makina-tresna, aeronautika-industria, ontzigintza dira sail honetan biltzen diren sektore nagusietako batzuk. Industria hauetan osagai zehatzen ekoizpena eta ondorengo muntaia[13] dira fabrikako jarduera nagusiak, horretan trebetasun berezia duen lan-indarra erabiliz. Sektore hauetako produktuak epe luzerako inbertsio moduan erabiltzen dituzte beste industriek. Hori dela eta, industria osoko bilakaeraren aurreikuspen gisa erabiltzen da industria hauetako egoera.

Munduko geografia industriala

Industriaren banaketa munduko herrialdeen artean ez da inoiz uniformea izan. Iraultza Industriala Ingalaterratik abian jarri eta handik Europako mendebaldean eta Ipar Amerikan soilik zabaldu zen hasiera batean. XX. mendean zehar, Sovietar Batasuna, Japonia eta Europako beste zenbait herrialde ere (Espainia eta Italia, esaterako) industria-jarduera garrantzitsu bat garatzen hasi ziren. Horrela, herrialde industrializatu eta ez-industrializatuen sailkapena egin zen, herrialde bakoitzean industriak zuen pisuari buruz, tartean industrializazio bidean dauden herrialdeak ere aipatuz. Horrela, nazioarteko ekonomia-egitura nahiko garbia izan zen XX. mendean, herrialde industrializatuak ipar hemisferioan eta herrialde ez-industrializatuak hego hemisferioan kokatuz. XX. mendearen bukaera aldera, Ekialdeko Asiako herrialdeen industrializazio-prozesua azkartu (Hego Korea, Taiwan, Singapur eta, batez ere, Txinan) eta munduan industria-herrialde garrantzitsu bilakatu dira. Aldi berean, herrialde industrializatu tradizionalen lerratze nabarmen bat izan zen zerbitzuen ekonomiaruntz, herrialde industrializatu berrien produktu merkeen konkurrentziari aurre egin ezinik eta etekin handiagoak ematen dituzten sektoreak garatuz (finantzak, bioteknologia) . Ildo honetatik, Txina munduko fabrika bilakatu dela aipatu da [14]. Hego hemisferioko herrialde batzuk ere, herrialde gainerakor izenpean (India, Brasil), industria-garapen nabarmen bati ekin diote XXI. mendearen hasieran, petrolioaren eta beste lehengai eta nekazal produktuen ustiapenaren inguruan kasu batzuetan eta siderurgia bezalako industria-jarduera helduekin loturik beste batzuetan, industrializazio hau herrialde garatuen mendekotasunezko harreman batez garatu izan bada ere, multinazionalen bitartez esaterako.

Hala ere, egun Europako mendebalde osoan industria-jarduerak garrantzi handia izaten jarraitzen du. Bertako industria-eskualde nagusienetakoa da Alemanian kokatzen da, Ruhr ibaiaren arroaren inguruan batez ere. Saxonian, Frantziako iparraldean eta Rodano ibaiaren arroan eta Po ibaiaren inguruan Italian kokatzen dira beste industria-eskualde garrantzitsu batzuk. Ipar Amerikan, Estatu Batuen ipar-ekialdean da industria-eskualde nagusia, Aintzira Handien inguruan. Kalifornian industria aurreratuak dituen eskualde bat da. Asiako Ekialdean, Japonia, Hego Korea, Taiwan eta Hong Kong hiritik Beijingera doan eskualdea, Txinan azken hau, dira industria-eskualde trinkoenak. Hego Amerikan São Paulo hiri inguruko eskualdea industria anitz biltzen ditu.

2007 urteko datuen arabera, hauek ziren industria-ekoizpena handiena zuten 12 herrialdeak, modu ordenatuan: AEB, Txina, Japonia, Alemania, Italia, Britania Handia, Frantzia, Errusia, Brasil, Hego Korea, Kanada, Espainia, Mexiko eta India. Erlatiboki, Estatu Batuek munduko ekoizpen osoaren %28 hartzen zuten 1990ean. 2008an %24ra jeisi zen bere partaidetza. Txinak, berriz, %4tik %18ra igo du bere partaidetza 1990-2008 urteetan, Japoniaren industriak ekoizpen osoaren %22tik %14ra jeitsi den bitartean. Urte bitarte horretan, Brasil eta India herrialdeek ere nabarmen igo dute euren partaidetza[15][16].

Euskal Herrian

Sakontzeko, irakurri: «Industrializazioa Euskal Herrian»

XX. mendearen hasieran kokatzen da industriaren garapena Euskal Herrian, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Ordura arte, Bizkaian burdina-meagintza jarduerako gaiak esportatzeari ekiten bazitzaion ere, laster hasiko ziren siderurgia-fabrikak garatzen. 1902 urtean Bizkaiko Labe Garaiak industria-enpresa handia sortu zen, inguruan siderurgia-enpresa txikiagoekin batera. Ohartu behar da burdina-ekoizpenaren zatirik handiena esportatu egiten zela Europako beste herrialdeetara. XX. mendean zehar ere nagusitu den sektorea izan da siderurgia, Bilboko itsasadarraren inguruetan. Ontzigintzan Euskalduna sortu zen 1900 urtean Bilbon bertan. Industria garapenaren lehenengo urte haietan, Bizkaian siderurgia nagusi zen bitartean, Gipuzkoan industria anitzagoa garatu zen, papergintzan (Papelera del Araxes, 1858, Tolosan; Papelera Española, 1901, Tolosan eta Errenterian, esaterako), metalgintzan (Construcciones Metálicas, 1901, Beasainen; Unión Cerrajera, 1902, Arrasaten eta 1926an Bergaran, esaterako), ehungintzan (Textil Movilla, S.A., 1902, Bergaran, esaterako), larrugintza Antzuolan, elikagai-industria (La Ibérica, 1866, Errenterian, Olibet gailetak ekoizten zituena). Gipuzkoan ere aspalditik zegoen garatuta meatzaritza, Zerainen, Legorretan, Irunen eta Oiartzunen nagusiki. Araba industria iraultzatik kanpo geratuko zen hasiera batean, Bizkaia ondoko Laudion ezik. Nafarroan, elikagai-industriak (irina, azukrea, kontserbak) lekutu ziren Iruñea inguruan. Iparraldean, 1882. urtean Bokalen sortutako Forges de l'Adour siderurgia-fabrika handia izan zen industria-gune bakarra, Landetako langile asko erakarri zituena, 1965 urtean itxi zen arte. Maulen 1850 urte inguruan garatu zen espartinen industria ere aipagarria da, gaur egun ere lanean jarraitzen duena.

Espainiako Guda Zibilaren ondoren, gerrak industria-azpiegiturak desegin ez bazituen ere, industria-ekoizpena nabarmen jeitsi zen Hego Euskal Herrian, frankismoaren lehenengo urteetako politika ekonomiko autarkikoaren ondorioz. Zehatzago, 1951-52 urtera arte ez zen gerra aurreko ekoizpen industrialaren maila berriz ere lortu[17]. Autarkia baztertu eta 1960eko hamarkadaren hasieratik hazkunde ekonomiko azkar bati ekin zitzaion, industriari esker batez ere. Hego Euskal Herria izan zen gainera Espainia osoan gehien garatu zen erregioetako bat, Kataluniarekin batera. Industria-lanak erakarrita, Espainiako nekazari-eskualdeetatik milaka eta milaka etorkin heldu ziren Hego Euskal Herrian osatzen ari ziren herri industrialetara [18]. 1973 urtean bukatu zen industriaren hazkunde-aldi hau. Baina ordurako Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban (eta ordena horretan) industria zen ekonomiaren sektore nagusia, produkzio osoaren %50etik gora hartzen zuela. Nafarroan ere industria zen nagusi produkzio osoaren %40ko pisu batez. Espainia osoan, berriz, industria ez zen ekonomia osoaren %40ra heltzen[19][20]. 1973ko petrolio-krisialdiaren ondorioz, euskal industriak kinka larrian egon zen 1980ko hamarkadako erdialdera arte. Petrolioaren krisialdiak kostuen igoera handia ekarri zuen eta fabrika askok itxi behar izan zuten, bere produktuei irteera eman eta inflazioak ekarritako finantza-zorren gehikuntza kitatu ezinik. Aldi berean, industriak egitura-arazo larriak zituen: beste herrialde batzuetan merkeago ekoizten ziren produktu zaharkituak ekoizten zituen (metalgintza sektorean, batik bat), azpiegitura-arazoak, kudeaketa desegokia eta gehiegizko langile-kopurua . Irtenbidea 1980ko hamarkadako industria-birmoldaketa izan zen. Gizarte-sektoreetatik kritikatua izan zen politika horren ondorioz, industria fabrika asko itxi eta milaka langile euren lanpostuetatik erauziak izan ziren [21] baina aldi berean ez zen sortu industria-sare berri eta sendo bat, gobernuetatik eskainitako laguntzak gorabehera[22]. 1985 urtetik industria berpizten hasi zen. Urte horietan Espainia Europar Batasunean sartu izanak industria-produktuetarako merkatu berriak ireki eta industriarako sustapen tinkoagoa ekarri zuen. Industrian eragin nabarmena izan zuen 1992-93 urteetako nazioarteko beherakada ekonomikoaren ondoren, industriak indarberritu eta nabarmen egin zuen aurrera, nazioarteko suspertze ekonomiko nabarmenari eta eraikuntza sektoreak eragindako bultzadari esker[23], gobernuetatik abiarazitako berrikuntzarako eta industria-sareak osatzeko klusterizaziorako politika estrategikoak tarteko [24], azpiegituren garapen nabarmen batekin batera. Ildo horretatik, altzairugintza berezia, elektrogailuak, ardogintza, papergintza, makina tresna, automobilgintzarako osagaiak eta energia eolikoa izan dira Hego Euskal Herrian bultzatu diren cluster industrial nagusiak.[25]

Cluster bidezko espezializazioa eta globalizazio-inguru batean nazioarteratzea (esportazio-tasa nabarmenekin) dira egun euskal industriaren ezaugarri nagusiak, 2008ko krisialdi ekonomikoak aurreko urteotako baikortasuna zalantzan jarri badu ere. Egun, Hego Euskal Herriko industriak Europan baino pisu handiagoa du ekonomia osoan. Iberdrola energia sektorean, besteak beste Pasaiako portuko zentral termikoarekin; Petronor petrokimikan, besteak beste Muskizeko birfindegiarekin eta MCC kooperatiba industrialen multzoa dira talde industrial handienak. Bilboko itsasadarrean, altzairugintza arloan, eta Iruñea ondoko Landabengo industrialdea, automobilgintzaren inguruan. Aldi berean, fabrika txiki eta ertain asko agertzen dira barreiaturik lurraldean zehar, askotan industrialdeetan bilduta. Industrialdeetan, Gasteiz ondoko Jundizeko industrialdea eta Irungo Zaisa industrialdea, azpiegitura zabaletarako lotura zuzena dituztenak, agertzen dira adibide gisa.

Industria jarduera ekonomikoen sailkapenetan

Jarduera ekonomikoen sailkapenetan industria sail ezberdinak biltzen ditu gehienetan, atal berezi bat osatu gabe. Nazio Batuen Erakundeko Industrien Nazioarteko Sailkapen Uniformea hartzen bada [26], industria-jarduerak honako hauek dira, bertan emandako kodifikazioarekin batera, sailkapen xeheagoa ere eman daitekeela kontuan harturik:

  • B: Meategi eta harrobiak
    • 05 - Ikatz eta lignitoaren erauzketa
    • 06 - Petrolio gordinaren eta gas naturalaren erauzketa
    • 07 - Mineral metalikoen erauzketa
    • 08 - Bestelako industria erauzleak
    • 09 - Meagintzarako jarduera osagarriak
  • C - Manufakturazko industria
    • 10 - Elikagaien ekoizpena
    • 11 - Edarien ekoizpena
    • 12 - Tabako produktuen ekoizpena
    • 13 - Ehunezko produktuen ekoizpena
    • 14 - Jantzien ekoizpena
    • 15 - Larruaren industria eta osagarriak
    • 16 - Zurgintza eta kortxoa, altzarigintza, saskigintza eta espartoaren industriak ezik.
    • 17 - Papergintza
    • 18 - Inprimagintza eta grabagintza
    • 19 - Koke eta petrolio berfinduen ekoizpena
    • 20 - Gai eta produktu kimikoen ekoizpena
    • 21 - Botika produktuen ekoizpena
    • 22 - Kautxu eta plastikoaren ekoizpena
    • 23 - Mineral ez metalikoen ekoizpena
    • 24 - Metal arrunten ekoizpena
    • 25 - Produktu metalikoen ekoizpena, makineria eta ekipoa ezik
    • 26 - Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen ekoizpena
    • 27 - Ekipo elektrikoen ekoizpena
    • 28 - Makineria eta ekipo mekanikoaren ekoizpena
    • 29 - Motor-ibilgailune ekoizpena, erremolkeak eta erdi-erremolkeak
    • 30 - Bestelako garraio-ibilgailuak
    • 31 - Altzarigintza
    • 32 - Bestelako manufakturak
    • 33 - makineria eta ekipoaren instalakuntza eta konponketa
  • D - Elektrizitatea, gas, lurruna eta haize egokitua
    • 35 - Elektrizitatea, gas, lurruna eta haize egokitua
  • E - Ur-hornikuntza, saneamendua, hondakinen eta kutsaduraren kudeaketa
    • 36 - Ur bilketa, arazketa eta banaketa
    • 37 - Estolderia
    • 38 - Bilketa, tratamendua eta ezabapena; materialen berrerabilpena
    • 39 - Hondakinen eta kutsaduraren kudeaketa

Erreferentziak

  1. Adiera zabalean, zinemaren industria, bideo-jokoen industria eta industria turistikoa aipatzen dira, besteak beste; baina hertsiki hauek ez dira industria-jarduerak, industriaren definizio zorrotzari jarraituz.
  2. Laugarren eta bosgarren sektoreak ere definitu dira ekonomian.
  3. Alfred Weber ekonomialaria izan zen kokapen industrialaren teoria bat eratu zuen lehena 1909 urtean.
  4. (Gaztelaniaz) “De la ciudad-fábrica a la ciudad-global. El caso de Madrid” , Entrevista a Emmanuel Rodríguez, Caosmosis webgunean. 2010-01-25.
  5. (Gaztelaniaz) Tecnopolis, www.atributosurbanos.es webgunean. 2009-01-25.
  6. Horrela, Gipuzkoan ibar-ekonomia bat osatu dela aipatu da. Ikus: (Gaztelaniaz) Francisco Letamendia: Fordismo y postfordismo. GARA egunkaria. 2010-02-03.
  7. (Gaztelaniaz) Comisión Nacional de Defensa de la Competencia. Argentina. El control previo de las concentraciones y fusiones y la defensa de la competencia en los mercados. .
  8. (Ingelesez) Rosenfeld, Stuart A.. (1997). «Bringing Business Clusters into the Mainstream of Economic Development» European Planning Studies, 5 (1).
  9. (Gaztelaniaz) José Rodríguez de Rivera: El fordismo, Cambio social y cultural ikastaroan. 2009-01-27.
  10. Alderdi ekologista izenekoen gorakada nabarmena izan da herrialde batzuetan 1980 eta 1990eko hamarkadetan.
  11. (Gaztelaniaz) Castleman, Barry. (1995eko urria). «Migración de riesgos industriales» Revista del Sur (49).
  12. Besteak beste Gizarte industriala eta marxismoa (1968) eta Agresibitatea gizarte industrial aurreratuan (1979).
  13. Adibidez, automobil bat milaka osagai ezberdinek osatzen dute. Horrek langilearen trebakuntza eta ekoizpenaren antolakuntza handia eskatzen du. Ikus: (Gaztelaniaz) Clemente, Joaquim. (2003). «El coche, un puzle de miles de piezas» Cinco Dias.
  14. (Gaztelaniaz) China rompe los esquemas a Occidente, www.elpais.com. 2003-11-09.
  15. (Ingelesez) Curious cat. Investing and Economics Blog.. Data on the Largest Manufacturing Countries in 2008. ., Nazio Batuek osatutako datuetan oinarrituta.
  16. Industrian eta, oro har, euren ekonomietan ere XXI mendearen hasieran hazkunde azkarra duten herrialde handienei buruzko BRIC (ingelesez, Brazil, Russia, India, China) multzoari buruzko aipamenak ugariak dira azterketa ekonomikoetan.
  17. (Gaztelaniaz) Mendizabal, Arantza; Serrano, Felipe. (1988). «La política industrial del franquismo: su influencia en la economía vasca» Ekonomiaz (9-10)..
  18. Adibide gisa, garapen industrial honen ondorioz, Errenteriak ia laukoiztu egin zuen bere biztanleria 1950-1980 urte bitartean.
  19. (Gaztelaniaz) Caja Laboral Popular. (1976). Aproximación a la estructura industrial del País Vasco. , 102 or...
  20. Beste datu adierazgarri bat hau da: Gipuzkoak Espainiako produkzio industrialaren %4.85 burutu zuen 1973 urtean, bere biztanleria Espainiako biztanleriaren %2ra heltzen ez zelarik.
  21. 1980ko hamarkadan entzutetsua izan zen Bilboko Euskalduna ontziolako langileen borroka, urtetan zehar, ontziolaren itxieraren aurka.
  22. (Gaztelaniaz) Pérez de Calleja, Antton. «La reconversión industrial: el cuento de nunca acabar.» Ekonomiaz (20)..
  23. Adibidez, 1997-2000 epean eta Euskal Autonomia Erkidegoan, industriaren balioak urteko batez beste %9 gehitu zen urteko eta industrian ari ziren langileen kopurua %3 urteko. Ikus:(Gaztelaniaz) EUSTAT. CUENTAS INDUSTRIALES Y DE LA CONSTRUCCION Año 2001. ..
  24. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak 1981 urtean sortutako SPRI industria birmoldaketarako elkarte instituzionalaren altzotik sortutako EVE (efizientzia energetikoaren arloan), Intersarea (nazioarteratzea), Garapen (garapenerako agentzia), Euskalit (kalitate arloan), IHOBE (ingurumenean) berrikuntza industrialaren eragile nagusiak izan dira Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian.
  25. (Gaztelaniaz) Azua, Jon Imanol. [www.enovatinglab.com/doc/libros/techint.pdf Política industrial y competititvidad: el caso del País Vasco. ]..
  26. Ingelesez, ISIC edo International Standard Industrial Classification. Ingelesez industry terminoan jarduera ekonomiko guztiak biltzen direla kontuan hartu behar da, industriarekin zerikusirik ez duten hezkuntza eta finantza-zerbitzuak barne. Ikus: (Ingelesez) Nazio Batuen Erakundea. International Standard Industrial Classification of All Economic Activities, 4. berrikuspena. ..

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.