Indus haraneko kultura

Indo haraneko kultura indiar azpikontinenteko zibilizazio antzinakoena da, K.a. 2500an inguruan sortua.

Indo haraneko kulturaren hedadura

Ia ehun herriz eta bi hiri garrantzitsuz (Harappa eta Mohenjo-Daro) osaturik zegoen. Hiri hauek antzinako zibilizazioen artean lurralde zabalena menperatzen zuten: miloi bat kilometro karratu baino gehiago. Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioak bezala, ibaiaren beharrean zeuden. Nilo bezala, Indo urtero gainezkatzen zen, zona zabalak urgaineztatuz eta sedimentu emankorrak utziz.

Nekazaritzako potentzial neurrigabe hau Indo ibaiaren inguruan garatutako hirigintzaren oinarria izan zen.

Lehenengo nekazariak

Egindako hondalanek adierazi zuten lehenengo nekazariak K.a. 3. milurtekokoak zirela, Balutxistango mendixken eta lautada indogangetikoaren arteko lurralde batean. Lurralde honek lur garaiak (udan larratzeko aproposekoak ) eta Kacchiko lautadan isurtzen duten ibai iraunkorrak zituen.

K.a. 6000an inguruan adreilu eta buztinezko etxeak eraikin zituzten eta hezurrezko tresnak eta sukarri eta aizkora leunduak egiten zituzten. Mehrgar-en tresna hauen aleak aurkitu dira.

Indoko zibilizazioa

Ehun herri inguru eta bi hiri garrantzitsu hartzen zituzten: Bi hiri garrantzitsu horiek, Harappa eta Mohenjo Daro dira.

Kacchiko lautadako lehenengo askotariko gizarte horiek Indo haraneko azkeneko kolonizazioaren hasiera izan ziren. Hasieran nekazarien taldeak bizi izan ziren. Geroago hiri gotortuak agertzen hasi ziren. Aro honi “Indoko Hasierako Aroa” deitzen zaio.

Fase osagarri hau “Indoko Aro Garatua”-n (K.a. 2800-2500) bukatu zen, lehengo lurraldez-lurraldetako aniztasuna kultur-terrenteria bihurtu zela eta Indoko lautada osoa bereganatu zuen probintzia bakarra sortu zela.

K.a. 2500an inguruan garatutako hiritar zibilizazio konplexua Egiptoko eta Mesopotamiakoaren parekagarria zen.

Ekonomia-baliabideak

Nekazaritza

Elikadura-hazte nagusiak garia eta garagarra ziren, udaberrian ereinak, uholdeko urak atzeratzen zirela eta erraz hazten ziren. Sesamoa, lekaleak, datilak eta meloia ere hazten zituzten.

Leku batzuetan arroza ere hazten zuten, baina ez zen nagusietarikoa K.a. 1500tik aurrera kokalekuak Ertain- eta Behe-Ganges ibairaino zabaldu zirenen arte.

Ehungintza

Mohenjo-Daro-tik jatorritako kotoi ehundu zati bat antzinako munduan kotoizko oihalen erabilpenaren froga zaharrena da, egun Indiako oihal garrantzitsuena izanez.

Abeltzaintza

Indoko zibilizazioaren gizakiek etxeko abere-sorta anitza hazi zuten, besteak beste, astoa, idiak, Indiako konkordun abereak, ibaiko bufaloa, elefantea, garai hartatik indiar landako zati tipikotzat hartutako animaliak.

Industria

Metalgintza eta eltzegintza nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin bateratzen zituzten. Garraioan zein goldean abereen indarraz baliatuz, lehengaiak eta barne-kontsumo eta merkataritza-trukatzerako ondasunak zamatzen zituzten.

Merkataritza

Indoko hiriak nekazaritzako ekoizkinez gain, metalak (urrea, zilarra, beruna, eztainua…), harri bitxi eta erdi-bitxiak (lapis lazuli eta turkesa), tresneria eta zeramika ere salerosten zituzten. Merkataritza honen aztarnak sumertar eta akadiar agirietan agertu dira.

Politika eta gizarte antolakuntza

Tamalez zibilizazio honen politika eta gizarte antolakuntzaz gutxi ezagutzen da, ezta ere haren sineste erlijiosoez ere, bereziki geroko garaietan India bi erlijio handi (Hinduismoa eta Budismoa) eta santu ospetsu anitzen sorleku bilakatu zelako. Entzute hau antzinatik dator, zeren eta India bere gizon santuengatik ospetsua baitzen Alexandro Handia K.a. 327an haren mugetara iritsi zenean eta indiar jakitunak haien filosofia berari aurkeztera gonbidatu zituen.

Kultura

Zibilizazio hauek hiri zuhurki pentsatuak eta planifikatuak eraiki zituzten. Lehenago aipatutako hazteez gain, berezko idazkera garatu, bitxiak diseinatu eta terrakotazko irudiak moldeatu zituzten.

Idazkera

Merkataritzarekin batera, buztin egosizko zigiluetan inskribatutako karaktere eta zeinuekiko idazkera sortu zen. Indoko idazkera deitzen da eta oholtxoetan idatzitako ikurren multzo laburrei dagozkio. Karaktere batzuk Pazko uhartean aurkitutako karaktereen antzekoak dira. Idazkera hau ez da guztiz deszifratua.

Iruditxoak

1946an, Sir Mortimer Wheeler Harappa-n ehunka terrakotazko iruditxo aurkitu zuen. Andrazko irudi hauek antzinako ugalkortasun-jainkosak baino estilizatuagoak ziren. Haietariko batzuetan lepokoak eta metal preziatuzko tartekapenak aurkitu ziren.

Beste artisautzazko lan batzuk aurkitu zituen, adibidez abereek tiratutako miniaturazko karreten irudiak eta herrialdeko animalien irudiak (errinozeroak, tigreak, tximinoak, elefanteak eta bufaloak).

Aurkitutako artisautzazko lanen kopuruak eta era askotariko diseinuek, industria hau merkataritzarako nekazaritza edo metalgintza bezain garrantzitsua zela egiaztatzen dute.

Hiriak

Hiri handienak Harappa eta Mohenjo-Daro ziren. Haien planoa egoitzalde zabalago bat menperatzen zuen mendixka edo gotorleku batean zetzan. Gotorlekuek barnean erlijiosozko, erritualezko eta administraziozko eraikinak omen zituzten, baina ez da jauregien hondakinik aurkitu. Leku batzuetan hiriaren marraketa nabaria da, kale zeharkatuen sare erregular baten aztarnekin. Biztanle txiroenak gela bakarreko etxebizitzetan bizi ziren. Eraikuntzan neurri estandarreko (24 x 14 x 7 cm.) adreilu egosiak erabili zituzten. Banakako etxeek bainugelak eta komunak zituzten, zeramikazko ontzietan edo zuzenki kaleetako isurbideetan hustuak zirenak.

Zibilizazioaren amaiera

Zibilizazio honen kolapsoa K.a. 1600an inguruan, klimazko aldaketek edo ibaibidearen aldaketak eragina omen zen.

Kolapso honen seinaleak estepetatik etorritako indoeuropar herrien inbasioak baino lehenagokoak dira. Indoeuroparrek brontzezko armei eta guda-gurdiei esker oso erraz menperatu zuten herrialdea.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.