Indiako mugimendu independentista
Indiako mugimendu independentista herrialde horren kolonialismoaren aurkako mugimendu politikoa izan zen. Indiako independentzia oso prozesu luzea izan zen, XIX. mendean hasitako aldarrikapena. Nolabait, 1857ko iraultzak mugimendu horren abiapuntuak izan ziren. Amaiera, Mahatma Gandhiren buruzagitzarekin, XX. mendean eman zen, 1942 eta 1947 artean. Azkenik, independentzia 1947ko abuztuaren 15ean aldarrikatu zen.
Indiako independentziaren aldeko lehen mugimendu iraultzaile nazionalista Bengalatik sortu zen.[1] Geroago, eratu berri zen Indiako Kongresu Nazionalean errotu zen, buruzagi moderatuekin lurreko jendearentzat funtsezko eskubideak aldarrikatzeko. XX. mendearen hasieran jarrera erradikalagoak ezagutu ziren, Lal Bal Paltriunbiratuarekin, Aurobindo Ghoshekin edo V. O. Chidambaram Pillai bezalako pertsonalitateekin.[2]
1920ko hamarkadako autogobernuaren azken fasean Indiako Kongresu Nazionalak Mahatma Gandhiren indarkeriarik ezaren eta desobedientzia zibilaren politika onartuak izan ziren. Rabindranath Tagore, Subramania Bharati eta Bankim Chandra Chattopadhyay bezalako olerkari eta idazleek kontzientzia abertzalea zabaldu zuten. Sarojini Naidu, Pritilata Waddedar eta Kasturba Gandhi bezalako emakume buruzagiak Indiako emakumeen emantzipazioa eta askatasunaren aldeko borrokan parte-hartzea sustatu zuten. B. R. Ambedkarek Indiako gizartearen baztertuen eta pobreen kausa defendatu zuen.[3]
Indiako mugimendu independentistak gizartearen sektore guztiak hartzen zituen bere baitan. Etengabeko bilakaera ideologikoan zegoen, bestetik. Oinarrizko ideologia kolonialismoaren aurkakoa bazen ere, garapen ekonomiko independentearen ikuspegi batek babesten zuen egitura politiko laiko, demokratiko, errepublikano eta zibil-libertario batekin batera. 1930eko hamarkadaren ostean, mugimenduak joera sozialista sendoa hartu zuen. Mugimendu ezberdin horien lanek, azken finean, Indiako 1947ko Independentzia Legea ekarri zuten, Indiako Erresuma Batuarekiko mendekotasuna amaituz eta Pakistan sortuz.
India Ingalaterrako Koroaren Dominio izan zen 1950eko urtarrilaren 26ra arte, Indiako Konstituzioa indarrean jarri zen arte, Indiako Errepublika ezarriz. Pakistan, aldiz, domeinu bat izan zen 1956an bere lehen konstituzio errepublikarra onartu zuen arte. 1971n, Ekialdeko Pakistanek independentzia aldarrikatu zuen Bangladesheko Herri Errepublika gisa.
Britainia Handiko kolonialismoa
Indiara iritsi zen lehen europarra Vasco da Gama esploratzaile portugaldarra izan zen; 1498an Kalkutara iritsi zen espezien bila.[4] Mende bat pasatxo beranduago, holandarrek eta ingelesek merkataritza postuak ezarri zituzten Indiako azpikontinentean. 1613an Suraten ezarri zuten lehen merkataritza-gune ingelesa.[5]
Hurrengo bi mendeetan, britainiarrek portugaldarrak eta holandarrak militarki garaitu zituzten baina frantziarrekin gatazkan jarraitu zuten, hauek ere azpikontinentean ezarri nahi izan baitzuten. XVIII. mendearen lehen erdian Mogol Inperioaren gainbeherak aukera eman zien britainiarrei Indiako kontrol politikoa sendotzeko. Plasseyko guduan Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiaren Indiako Armadak, Robert Cliveren gidaritzapean, Siraj ud-Daulah, Bengalako Nawab garaitu zuen. Ondorioz, Konpainia Indiako gaietan eragile nagusi gisa ezarri zen eta handik gutxira eskualdeen gaineko administrazio-eskubideak lortu zituen. 1764an, Buxarko guduaren ondoren Bengala, Bihar eta Midnapur gaineko zerga eskubideak eskuratu zituen.[6]
Tipu Sultanen porrotaren ostean, Hego Indiako zatirik handiena Konpainiaren zuzeneko agintearen menpe geratu zen, edo bere zeharkako kontrol politikoaren menpe egon zen, aliantza subsidiario bateko estatu printze baten baitan. Gero Konpainiak, gerra batzuetan garaitu ondoren, Maratha Inperioak gobernatutako eskualdeen kontrola bereganatu zuen. Punjab, bestetik, 1849an bereganatu zuten, Sikh armadak lehen (1845-1846) eta bigarren (1848-49) anglo-sikh gerran porrot egin ondoren.[7]
Lehen matxinadak
Maveeran Alagumuthu Kone (1710–1757), Thoothukudi barrutikoa, Tamil Nadun britainiar presentziaren aurkako lehen buruzagia eta matxinatua izan zen. Konar Yadava familia batean jaioa, Ettayapuram herrian buruzagi militar bihurtu zen eta britainiarren eta Maruthanayagam-en indarren aurkako guduan garaitua izan zen. 1757an exekutatu zuten. Askatasunaren lehen borrokalarien artean aldarrikatu zuten. Ondoren ere beste aurkako mugimenduak eman ziren, Puli Thevar buruzagiaren kasu.
India ekialdean eta herrialde osoan, komunitate indigenek matxinada ugari antolatu zituzten britainiarren eta haien kasta zapaltzaile nagusien aurka, batez ere lurjabeen eta diru emaileen aurka. Erregistratutako lehenetariko bat Binsu Mankik zuzendu zuen 1771 inguruan Ranchi barrutiko Bundutik gertu, Jharkhand Ekialdeko Indietako Konpainiara transferitzeagatiko desadostasuna zela eta. Binsu Makik burututako matxinada ondoren, XVIII. mendean zehar, beste asko eman ziren kolonizatzaileen aurka.
Paika matxinada
1804ko irailean, britainiarrek Khordhako erregeari, Kalingari Jagannath tenpluaren eskubide tradizionalak kendu zizkioten. Horrek harridura larria eragin zuen Odishako herritarrentzat. Ondorioz, 1804ko urrian, Paik armatu talde batek britainiarrak eraso zituen Pipilin. Gertaera honek indar britainiarra kezkatu zuen. Jayee Rajguru, Kalingako Armadako buruzagiak, estatuko errege guztiei britainiarren aurkako kausa komun baten alde elkartzea eskatu zien. Rajguru 1806ko abenduaren 6an hil zuten, ordea.[8] Rajguru hil ondoren, Bakshi Jagabandhuk Ekialdeko Indietako Konpainiaren agintearen aurkako matxinada armatua agindu zuen Odishan, Paika matxinada izenez ezagutzen dena, Britainiar Ekialdeko Indietako Konpainiaren aurkako lehen matxinada.[9] [10]
1857ko matxinada
Matxinada hauek historialari indiar nazionalistentzat mugimendu independentistaren hasiera izan zen. 1857ko Indiako matxinada Indiako iparraldean eta erdialdean Britainiar Ekialdeko Indietako Konpainiaren agintearen aurka izandako eskala handiko mugimendu izan zen. Britainiar gobernuak orduan enpresaren kontrola hartu zuen bere gain. Konpainiaren armadako eta kantonamenduetako zerbitzu-baldintzak gero eta gehiago zipaioen erlijio-sinesmenekin eta aurreiritziekin talka egiten zuten.[11] Armadan goiko kastetako kideen nagusitasunak, atzerriko bidaien ondorioz kasta-galera hautemateak eta gobernuak kristautasunera bihurtzeko asmo sekretuen zurrumurruek desadostasun sakona eragin zuten zipaioen artean. Zipaioak ere etsita zeuden euren soldata baxuengatik eta ofizial britainiarrek promozio eta pribilegio gaietan praktikatzen zuten arraza-diskriminazioagatik. Horrekin batera britainiarren axolagabekeria indiar indiarren buruzagi nagusiekikoarekin nahasten zen. Azken txinparta Pattern 1853 Enfield fusilaren inguruko zurrumurruek piztu zuten. Soldauden artean kartutxoetan behietatik lortutako seboa eta txerri-gantza erabili zela zabaldu zen. Soldaduek kartutxoak hortzekin kosk egin behar izan zituzten fusiletan kargatu aurretik, eta jakinarazitako behi eta txerri-koipearen presentzia erlijiosoki iraingarria izan zen soldadu hinduentzat zein musulmanentzat.
1857an, Mangal Pandey, Indiako soldaduaren exekuzioak matxinada piztu zuen. 1857ko maiatzaren 10ean, Meeruteko zipaioek lerroak hautsi eta beren komandanteen aurka tiro egin zuten, haietako batzuk hilez. Maiatzaren 11n matxinatuak Delhira iritsi ziren eta hiriko europar, euroasiar eta kristau biztanleriaren zati handi bat erail zuten.[12] Ondoren, Bahadur Shah II.a enperadore mogolari buruzagi izateko eta bere tronua berreskuratzeko eskatu zioten. Enperadoreak errezeloa izan zuen hasieran, baina azkenean ados jarri zen eta Shehenshah-e-Hindustan izendatu zuten matxinoek. Matxinadak eta herri-altxamenduak zabaldu ziren. Mogimendu horiek britainiarrak hasieran ezustean harrapatu zituzten eta horrela erreakzionatzen motel ibili ziren, baina azkenean indarrez erantzun zuten. Matxinatuen arteko antolaketa eraginkorrik ez izateak, britainiarren nagusitasun militarrarekin batera, matxinada azkar amaitzea ekarri zuen.[13] Britainiarrek matxinoen armada nagusiaren aurka borrokatu zuten Delhitik gertu, eta borroka luze eta setio baten ostean, hiria berreskuratu zuten 1857ko irailaren 20an. Gerora, beste lurralde batzuetako matxinadak ere zapaldu ziren. Azken gudu esanguratsua Gwaliorren, 1858ko ekainaren 17an, izan zen, eta bertan Rani Lakshmibai hil zuten. Tatya Topek zuzendutako gerrillak, bestetik, 1859ko udaberrira arte jarraitu zuten, baina matxino gehienak mendean hartu zituzten britainiarrek azkenean.
1857ko Indiako matxinada India modernoaren historian inflexio puntu garrantzitsu bat izan zen. Britainiarren botere militarra eta politikoa baieztatzen zuen bitartean, India haiek kontrolatzeko moduaren aldaketa nabarmena ekarri zuen. 1858ko Indiako Gobernuaren Legearen arabera, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiari India gobernatzeko inplikazioa kendu zitzaion, lurraldea Britainia Handiko gobernuaren eskumen zuzenaren esku utziz.[14] 1876an, Benjamin Disraeli lehen ministroak, Viktoria erreginari Indiako enperatriz titulu gehigarria emateko legedia onartu zuen.[12]
Indiako Kongresu Nazionala
Indiako Kongresu Nazionalaren lehen saioa 1885ean. Biltzarra Asian eta Afrikan Britainiar Inperioan sortu zen lehen mugimendu nazionalista modernoa izan zen. Matxinadaren ondorengo hamarkadak kontzientzia politikoa gero eta handiagoa izan zen, Indiako iritzi publikoaren agerpena eta Indiako lidergoaren sorrera nazio zein probintzia mailan izan ziren. Dadabhai Naorojik Ekialdeko Indiako Elkartea sortu zuen 1867an, eta Surendranath Banerjeek Indiako Elkarte Nazionala sortu zuen 1876an. A.O. Humek, Eskoziako funtzionario erretiratuak, egindako iradokizun batean inspiratuta, Indiako hirurogeita hamabi ordezkari elkartu ziren Bombayn 1885ean eta Indiako Kongresu Nazionala sortu zuten.
Biltzarrean parte hartu zutenak gehienbat mendebaldeko elitetako profesionak ikasiak ziren: abokatuak, irakasleak, kazetariak... Bere sorreran, Kongresuak ez zuen ideologia ongi zehazturik eta erakunde politiko baterako ezinbesteko baliabideetatik gutxi zituen. Horren ordez, eztabaida-gune gisa funtzionatu zuen. Urtero biltzen zen Britainiar Rajri leialtasuna adierazteko eta, aldi berean, argiak ziren ebazpen ugari onartzeko, hala nola eskubide zibilak edo gobernuko aukeren inguruan (batez ere funtzio publikoan). Ebazpen hauek Erregeordearen gobernuari eta, noizean behin, Britainia Handiko Parlamentuari helarazi zizkioten.
"India osoa ordezkatzen zuela" aldarrikatu arren, Kongresuak hiri-eliteen interesak gorde zituen; beste jatorri sozial eta ekonomiko batzuetako partaideen kopurua arbuiagarria izaten jarraitu zuen. Hala ere, historiako aldi hau funtsezkoa da oraindik ere, zeren eta azpikontinentearen alde guztietatik bildutako indiarren lehen mobilizazio politikoa izan baitzen. Halaber, haiek Indiaren ideia nazio bakarra bezala artikulatzeko asmoa azaldu zuten eta ez printzerri independenteen multzo bat gisa.
Erlijio taldeek ere zeresana izan zuten Indiako gizartearen erreforman. Biltzarrean parte hartzaileak joera desberdinetakoak ziren. Halaber Swami Vivekananda, Ramakrishna, Sri Aurobindo, VO Chidambaram Pillai, Subramanya Bharathy, Bankim Chandra Chatterjee, Rabindranath Tagore eta Dadabhai Naoroji bezalako intelektualen lanak ezinbestekoak izan ziren. Emakumeek ere haien presentzia izan zuten; hori da, adibidez, Niveditaren garrantzia. Orokorrean, India berritzeko eta askatzeko grina zabaldu zuten. Aldi berean, Europako eta Indiako hainbat jakintsuk Indiako historia indigena berraurkitzeko beharra indiarren artean elikatu zuten eta horrekin batera nazionalismoaren beharra.
Lal Bal Pal triubiratoak, bestetik, garrantzi handia irabazi zuen indiarren artean. Partaideak hauek ziren: Bal Gangadhar Tilak, Bipin Chandra Pal eta Lala Lajpat Rai. Hiruok Chidambaram Pillai, Sri Aurobindo, Surendranath Banerjee eta Rabindranath Tagorerekin batera, XX. mende hasiearen buruak izan ziren. Swadeshi mugimendua izan zen arrakastatsuena; Swadeshi mugimendua autosufizientzia mugimendua izan zen, Indiako independentzia mugimenduaren parte izan zena eta Indiako nazionalismoaren garapenean lagundu zuena.[15]
Indiako ehungintza industriak ere paper garrantzitsua izan zuen Indiako askatasun borrokan. India aberatsa zen kotoiaren ekoizpenean, eta britainiar errotek behar zuten lehengaiaz hornitzeko moduan zegoen. India britainiarren menpe zegoen garaia zen eta Ekialdeko Indien Konpainiak jadanik bere sustraiak Indian ezarriak zituen. Lehengaiak Ingalaterrara oso prezio baxuetan joaten ziren eta kalitate finduko kotoizko oihalak Indiara itzultzen ziren baina oso prezio garestietan saltzeko. Horrek Indiako ekonomia ahuldu zuen eta bertako ehungintzak ondorioak sufritu zituen. Horrek haserre handia ekarri zuen kotoi-laboratzaileen eta merkatarien artean.
Lord Curzonek 1905ean Bengalaren zatiketa iragarri ondoren, Bengalako jendearen oposizio handia izan zen. Hasieran, banaketa-planaren aurkako kanpaina prentsaren bidez eragin zen. Ondoren britainiar ondasunen boikota ekarri zuen eta Indiako jendeak swadeshi edo indiar produktuak soilik erabiltzeko eta Indiako oihalak bakarrik janzteko konpromisoa hartu zuen. Inportatutako jantziak gorrotoz ikusten ziren. Leku askotan, atzerriko oihalak publikoki erre egin ziren. Atzerriko oihalak saltzen zituzten dendak itxi zituzten. Kotoiaren ehungintzaren industria Swadeshi industria bezala deskribatzen da. Garai hartan swadeshi ehungintza-errotak hazi ziren. Swadeshi fabrikak nonahi sortu ziren. Swadeshi mugimenduak bizitza sozial osoa aldatu zuen. Rabindranath Tagore, Rajanikanta Sen eta Syed Abu Mohdek konposatutako abestiek abertzaleen izpiritua hunkitu zuten. Mugimendua laster hedatu zen gainerako herrialdeetara eta Bengalaren zatiketa irmoki baztertu behar izan zen 1912ko apirilaren lehenean.
Indiar nazionalismoaren gorakada
1900erako, Kongresua India osoko erakunde politiko gisa onartu bazen ere, ez zuen Indiako musulman gehienen laguntzarik izan. Erlijio bihurketa, behi hilketaren eta urdua arabiar idazkeran gordetzearen aurkako erreformatzaile hinduen erasoek gutxiengoen estatusaren eta eskubideen ukapenaren inguruko kezkak areagotu zituzten, Kongresuak bakarrik Indiako herria ordezkatuko balu. Sir Syed Ahmed Khanek musulmanen birsorkuntzarako mugimendua jarri zuen martxan, 1875ean Muhammadan Anglo-Oriental Collegeren sorrerajin gailendu zena; zentroa Aligarhen, Uttar Pradeshen zegoen. 1920an Aligarh Muslim University izena hartu zuen. Bere helburua ikasleak heztea zen, Islama eta mendebaldeko ezagutza modernoa bateratzea ahal zela erakutsiz. Indiako musulmanen arteko aniztasunak, ordea, ezinezkoa egin zuen birsorkuntza kultural eta intelektual uniformea ekartzea.
Kongresuko kideen arteko sentimendu nazionalistek gobernu-organoetan ordezkari izateko beharra erakutsi zien indiarrei. Indiako legedian eta administrazioan hitza edukitzeko beharra ere garbi ikusi zen. Kongresukideek beren herrialdea gobernatzeko rol aktiboa nahi zuten, Inperioaren parte izan arren. Joera hori Dadabhai Naorojik pertsonifikatu zuen, Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetara lehiatzeko. Arrakasta izan zuen eta, horrela, Ganbera horren lehen kide indiar izan zen.
Bal Gangadhar Tilak Swaraj kontzeptua Indiaren helburutzat aldarrikatu zuen lehen nazionalista indiarra izan zen. Swaraj hitzak (swa-"nere", raj "araua") "autogobernu" edo "autonomia", gero "independentzia" esan nahi du. Tilakek Indiako kultura, historia eta balioak baztertu eta difamatu zituen Britainia Handiko hezkuntza sistemaren aurka egin zuen. Abertzaleei adierazpen askatasuna ukatzeak eta indiar arruntek euren nazioko aferetan inolako ahots edo paperik ez izateak gaitzetsi zuen. Arrazoi horiengatik, Swaraj irtenbide natural eta bakartzat hartu zuen. Bere esaldi ezaguna "Swaraj nire jaiotza-eskubidea da eta horrela izango dut" indiarren inspirazio iturri bihurtu zen.
1907an, Kongresua bi taldetan banatu zen: Erradikalek, batetik, Tilak buru, inarroste zibila eta iraultza zuzena defendatu zuten Britainiar Inperioa suntsitzeko eta britainiar gauza guztiak alde batera uzteko. Moderatuek, Dadabhai Naoroji eta Gopal Krishna Gokhale bezalako buruzagiek zuzenduta, berriz, britainiar agintearen esparruan erreforma nahi zuten. Tilakek Bipin Chandra Pal eta Lala Lajpat Rai bezalako goranzko buruzagi publikoek babestu zuten, ikuspuntu bera baitzuten. Haiekin eta haien eraginez, Indiako hiru estatu handiek -Maharashtra, Bengala eta Punjabek - herriaren eta Indiako nazionalismoaren eskaria moldatu zuten. Gokhalek Tilak kritikatu zuen indarkeria eta desorden ekintzak bultzatzeagatik. Baina Tilak atxilotzearekin batera, Indiako erasoaldi baterako itxaropen guztiak gelditu ziren. Indiako Kongresu Nazionalak herriarekiko sinesgarritasuna galdu zuen. Musulman delegaritza bat, bestetik, Minto erregeordearekin bildu zen (1905–10), konstituzio-erreformen kontzesioak eskatuz. Britainiarrek Musulmanen Ligaren eskaera batzuk onartu zituzten 1909ko Indiako Kontseiluen Legean musulmanentzako hautazko karguen kopurua handituz. Liga Musulmanak hinduek menperatutako Kongresutik bereizten zela azpimarratu zuen.
Ghadar Alderdia 1913an sortu zen atzerrian, Indiako Independentziaren alde borrokatzeko. Partaideak Estatu Batuetatik eta Kanadatik, baita Shanghai, Hong Kong eta Singapurretik ere zetozen. Alderdiak guztien batasuna zuen helburutzat: hinduen, sikhen eta musulmanen batasuna britainiarren aurka.
India kolonialean, 1914an sortu zen All India Conference of Indian Christians (AICIC), rol garrantzitsua jokatu zuen Indiako independentzia mugimenduan; batzar horrek swarajaren alde egin eta Indiaren zatiketaren aurka jarri zen. AICIC ere kristauentzako hautesleen bereizketaren aurka zegoen, fededunek "herritar komun gisa parte hartu behar zutela sistema politiko komun batean eta nazional batean". Indiako ohituretan neurritasun-mugimendua Indiako nazionalismoarekin lerrokatu zen baita ere. Mugimendu honek, Mahatma Gandhiren zuzendaritzapean, alkohola azpikontinentearen kulturarako inportazio arrotz gisa ikusten zuen.
1905eko Bengalako zatiketa
1905eko uztailean, Lord Curzonek, erregeorde eta gobernadore nagusiak (1899–1905), Bengalako probintzia banatzea agindu zuen. Adierazitako helburua administrazioa hobetzea zen. Hala ere, sentimendu nazionalista itzaltzeko saiakera gisa ikusi zen operazioa, indarrak zatitzeko bidea gisa. Bengali hindu intelektualek eragin handia izan zuten tokiko eta nazioko politikan. Zatiketak bengalerrak haserretu zituen. Asaldura zabala sortu zen kalean eta prentsan, eta Kongresuak produktu britainiarren boikota egitearen alde egin zuen swadeshi edo industria indigenen banderapean. Gero eta handiagoa zen mugimendu bat sortu zen, Indiako industria indigenetan, finantzak eta hezkuntzan zentratuta. Hezkuntza Kontseilu Nazionala sortu zen, Indiako finantza-erakundeen eta bankuen sorrera, baita Indiako kulturaren eta zientziaren eta literaturaren lorpenen inguruko interesa ere indartu zen. Hinduek batasuna erakutsi zuten. Garai horretan, Sri Aurobindo, Bhupendranath Datta eta Bipin Chandra Pal bezalako Bengali hindu nazionalistak egunkarietako artikulu indartsuak idazten hasi ziren Indiako Britainia Handiko agintearen zilegitasuna zalantzan jarriz. Ondorioz, britainiarrek sedizio deliktua leporatu zieten.
Zatiketak gero eta jarduera handiagoa eragin zuen orduko oraindik jaioberria zen militante nazionalista iraultzailearen mugimenduaren partetik, 1800eko azken hamarkadatik Bengala eta Maharashtran bereziki indarra hartzen ari zena. Bengalan, Anushilan Samitik, Aurobindo eta Barin Ghosh anaiek gidatuta, Rajaren irudi-arduradunen eraso ugari antolatu zituen, Muzaffarpureko epaile britainiar baten bizitza saiakerarekin amaituz. Horrek Alipore bonba kasua eragin zuen, hainbat iraultzaile hil, edo harrapatu eta epaitu zituzten bitartean. Khudiram Bose, Prafulla Chaki, Kanailal Dutt bezalako iraultzaileak, hil edo urkatu zituztenak, herri artean ezagun bihurtu ziren.
Jugantar
Jugantar erakunde paramilitarra izan zen. Barindra Ghosh buru, 21 iraultzailerekin, Bagha Jatin barne, armak eta lehergaiak biltzen eta bonbak fabrikatzen hasi ziren. Taldeko kide nagusi batzuk atzerrira bidali zituzten prestakuntza politiko eta militarra hobetzeko. Horietako bat, Hemchandra Kanungo Parisen egin zuen bere prestakuntza. Kolkatara itzuli ondoren, eskola erlijiosoa eta bonba fabrika sortu zituen Kalkutako Maniktala auzoko lorategi batean. Hala ere, Khudiram Bose eta Prafulla Chakiren Muzaffarpur barrutiko Kingsford epailearen hilketa saiakerak (1908ko apirilaren 30a) polizia-ikerketa bat eragin zuen, eta iraultzaile asko atxilotzea ekarri zuen.
Benoy Basu, Badal Gupta eta Dinesh Gupta Kalkutako Idazkaritza eraikinaren aurkako erasoa egiteagatik nabarmendu ziren. Bagha Jatin Jugantarreko buruzagi nagusietako bat izan zen. Beste hainbat buruzagirekin batera, atxilotu zuten. Traizioagatik epaitu zituzten, agintariaren aurka armadako hainbat erregimentu bultzatu izana leporatuta.
Alipore konspirazioren kasua
1932an, Jugantar alderdiko hainbat buruzagi, besteak beste, Aurobindo Ghosh, Kolkatan bonbak egiteko jarduerekin lotuta atxilotu zituzten. Hare Krishna Konar, Indiako Alderdi Komunistaren (marxista) eta Komunista Konsolidazioko kide sortzaileetako bat izan zena, atxilotu zuten tartean ere. Akusazioa Indiako Muturreko Mugimenduarekin lotura izatea izan zen. Espetxeratuak izan ziren independentziarako mugimenduari ekiteagatik.
Erreferentziak
- Dasgupta, Prateek (2019ko abuztuaren 4). "Partition Of Bengal (1905) Shaped Indian Freedom Movement". Sirf News .
- Bipan Chandra; Mridula Mukherjee; Aditya Mukherjee; K N Panikkar; Sucheta Mahajan (2016ko abuztuaren 9). India's Struggle for Independence. Penguin Random House India Private Limited. ISBN 978-81-8475-183-3.
- Jammanna, Akepogu; Sudhakar, Pasala (14 December 2016). Dalits' Struggle for Social Justice in Andhra Pradesh (1956-2008): From Relays to Vacuum Tubes. Cambridge Scholars Publishing. ISBN 978-1-4438-4496-3.
- https://www.history.com/this-day-in-history/vasco-da-gama-reaches-india
- Heehs, Peter (1998). India's Freedom Struggle: A Short History. Delhi: Oxford University Press. 199 or. ISBN 978-0-19-562798-5.
- Ibidem, 11-12 or.
- "Sikh Wars | Indian history". Encyclopædia Britannica .
- Mohanty, N.R. (August 2008). "The Oriya Paika Rebellion of 1817" (PDF). Orissa Review: 1–3.
- Ibidem.
- Paikaray, Braja (otsaila–martxoa 2008). "Khurda Paik Rebellion – The First Independence War of India". Orissa Review: 45–50.
- http://www.claseshistoria.com/imperialismo/resistenciacipayos.htm
- Robert P. O'Kell (2014). Disraeli: The Romance of Politics. U of Toronto Press. 443–44 or. ISBN 9781442661042.
- https://historialib.com/revuelta-india-de-1857/
- https://www.despertaferro-ediciones.com/revistas/numero/desperta-ferro-moderna-52-el-motin-de-la-india/
- L. M. Bhole: Essays on Gandhian Socio-Economics, Shipra Publications, Delhi, 2000. 14.kapitulu: "Savadesi: Meaning and Contemporary Relevance".
Kanpo estekak
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Template:Translated page» artikulutik itzulia izan da, 2021-12-22 data duen 1063257079 bertsioa oinarritzat hartuta. Jatorrizko artikulu hori GFDL edo CC-BY-SA 3.0 lizentzien pean dago. Egileen zerrenda ikusteko, bisita ezazu jatorrizko artikuluaren historia orria. |