Indiako literatura
Indiako literatura terminoak Indian 1947tik aurrera idatzitako literatura adierazten du. Indiako Errepublikak 22 hizkuntza ofizial ditu.
Historia
Bi ezaugarri nagusi izan ditu Indiako literaturak sortu zenez geroztik; kultura zahar tradizionalaren eragina batetik, eta herrialde hark berezko duen erlijio mistizismo sakona bestetik. Sanskritoz idatzi ziren Indiako lehenbiziko izkribuak, eta hizkuntza zahar hura izan zen, bere dialekto eta adarrekin, Indiako literatura hizkuntza, harik eta XIX. mendean ingelesa bertan errotu zen arte. XVIII-XIX. mendeetan, Britainia Handiaren eragina areagotu zen Indian eta ingelesez idatzitako literatura nagusitu zen.
Literatura sanskritoa (K.a. 1400 - K.o. 1200)
K.a. 2.000. urte inguruan Indian sartu ziren herri indoeuroparrek (indoirandarrak deituak) sanskritoz hitz egiten zuten, eta Veda (jakintza) izenez ezagutzen diren erlijio izkribuak ziren haien literatura adierazpideak. Vedak ahoz kontatzeko pentsatuta zeuden eta brahmanismo hinduaren errituzko tradizio guztia jasotzen zuten lau bilduma edo sailetan (samhitatan) banatuta.
Veda haien harira Veden literatura dei daitekeena sortu zen 1400. urte inguruan. Gero, Veden literaturaren ondoren, K.a. 400 urtetik K.o. 1000. urtea bitartean, literatura epikoa etorri zen: Mahabharata (Bharaten gerra handiari buruzkoa) eta Ramayana dira garai hartako bi poema ospetsu.
K.a. 200. urtetik K.o. 200era bitartean bi erlijio handi errotu eta indar hartu zuten Indian: budista eta jainista, eta haien harira sanskritoaren dialektoak erabili zituzten literatura budista eta jainista sortu ziren, Vedetako erlijioari aurre egin asmoz. K.o. 320. urtean Gupta dinastiak agindu zuen Indian eta aldi hura izan zen, 1.200. urtea arte, literatura sanskritoaren urrezko aldia.
Ramayana eta Mahabharata obren antzera eredu epikoa hartu zuten, baina kavya izeneko estilo dotore guztiz berri batekin. Kalidasa da aldi hartako idazlerik ospetsuena eta Kumarasambhava (Gerrako Jainkoaren jaiotza) eta Raghuvamsa (Raghuren leinua) bi obra aipagarri.
Poesia lirikoa eta antzerkia geroago landu ziren, eta lehen aipatutako Kalidasa poeta da antzerki idazle nabarmenena. Orobat, garai hartan (XI-XII. mendeetan) sortu eta errotu zen Indian elezaharrak, ipuin laburrak eta fabulak kontatzeko ohitura; hala, geroago, Erdi Aroan, ospe handia hartu zuen literatura genero baten aitzindari izan ziren.
Indiako fabula edo elezahar bilduma ezagunena Panca-tantra (Bost Liburuak) izenekoa da; abereen ipuinak dira eta hezitzea eta moralaren ohitura onak erakustea dute helburu. Arabiarren bidez ezagutu zen liburu hura Europan, lehenbizi arabierara eta gero gaztelerara itzuli baitzuten.
Indiako literatura XIX. eta XX. mendeetan
XVIII. mendearen bukaeran ingelesak egin ziren Indiaren jabe. Ingelesek beren hezkuntza sistema ezarri zuten eta horrekin batera literatura adierazpide berri bat agertu zen Indian: eleberria.
Bengaleraz idazten zuen Bankim Chandra Chatterjee (1894an hila) izan zen lehenengo eleberrigile ezaguna Indiatik kanpora. Urte batzuk geroago, 1912an, Rabindranath Tagore indiar idazleak Gitanjali izeneko bere olerki liburua itzuli zuen ingelesera, eta hurrengo urtean Nobel Saria eman zioten. Rabindranath Tagorek zabaldu zizkien indiar idazleei Europako ateak; hala, idazle ezagunak dira Mohamed Iqbal, Ila Chandra Joshi, Agyeya Dharm, eta Ram Ganesh antzerkigilea, besteak beste.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.