Indiako kasta sistema
Sarrera
Hinduismoa da Indiako erlijio nagusia (biztanleen % 80). Ez baitu ez dogmarik, ez eliz hierarkiarik, eta kontzeptu orokor batean bateratzen baititu jainkozko alderdia eta gizakiarena, ez ditu ondo bereizten erlijioaren alorra eta gizartearena: kasta sistema da horren agerkari bat.
Antolaketa
Hinduismoan, kasten arabera, badira varnak (apaizak, gerlariak, merkatariak eta zerbitzariak), eta badira jatiak, talde endogamoak, modu orobat hierarkikoan varna horietako batean txertatuak, eta “azpikasta” edo direnak. Azkenik, “ukiezinak” kastaz kanpokoak dira, haiek ere hierarkietan eta ogibideetan antolatuak (putzugileak, garbitzaileak, etab.).
Gobernuaren neurriak
India independentearen konstituzioak legez kanpo utzi zituen kastak, baina gobernuak babes neurriak hartu behar izan ditu kasta apalenen eta jatorrizko leinuen alde eta ezin esan daiteke sistema hori desagertua denik. Ukiezinak 100 milioi lagun baino gehiago dira, ez-hindutzat hartzen dituzte gainerakoek, eta, hortaz, aparteko komunitatea dira.
Estatuaren laguntzagatik ere, ez dute ia aurrera egin independentziaz gero. Azken urteotan buruzagi “ukiezin” bat sortu da, Kanshi Ram, alderdi politiko bat antolatu duena, BSP (Bahujan Samaj Party), hala ere ukiezinak berak oso banatuak daude, kasta espiritu indartsu baten mende.
Eragina beste erlijioetan
Hinduismoaren ezaugarri horiek eragin handia dute, ekonomia eta gizarte harremanetan ez ezik, baita Indiako beste erlijoetan ere. Hala, islamak hinduismoaren eragin handia du. India da munduko bigarren estatu musulmana (biztanleen % 12). Musulmanak batez ere iparraldean eta Kaxmirren daude. Gehienak sunniak dira, baina xiitak ere asko dira; musulmanek ere kasten antzeko hierarkia dute.
Hirugarren erlijio taldea kristauena da (% 2,3), batez ere hegoaldean zabaldua. Jatorrizko biztanle batzuk duela gutxi bihurtu dira kristautasunera, eta horrek arazoak ekarri ditu, indiarrek kristauak antzinako ingeles zapaltzaileekin lotzen baitituzte.
Sikhen erlijioa, kasta sistemari uko egiten dion hindu eta musulman sinkretismoa, XV. mendean sortua, biztanleen % 1,9ren erlijioa da; asko ez badira ere, pisu ekonomiko handia dute. Askok emigratu dute beren jatorrizko lurrera, Punjabera, atzerrira edo beste indiar estatu batzuetara, eta berekin eraman dute merkataritza eta inbertsio tradizioa.
Azkenik, budismoa, indian K.a. V. mendean sortua, bazterreko erlijioa da gaur, nahiz eta hindu ukiezin asko bihurtu den budista, kasta sistemari ihes egin nahiz.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/05 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.