Indiako demografia
India munduko herrialderik populatuena da. Nazio Batuen estimazioen arabera, 2024ko urtarrilean 1.435.229.000 biztanle zituen.[1]
Egungo egoera
2023. urteraino Txinako Herri Errepublika zen munduko estaturik jendetsuena, baina urte hartako apirilean Indiako biztanle kopuruak gainditu egin zuen Txinakoa.[2] Indiako biztanle dentsitatea batez beste oso handia da (480 bizt./km2 2023.urtean)[1], eta eskualde emankorrenetan (Ganges ibarra, Mendebaldeko Bengala, Kerala) 700 bizt./km2-tik gorakoa ere bada.
Biztanleriaren hazkunde tasa (% 0,4 1990. urtean), % 2 ingurukoa da 1971z gero. Azken urteotan zerbait moteldu da ordea, jaiotzak gutxitzearen ondorioz: 1995-2000 urteetako estimazioen arabera, hazkundea urteko % 1,6 jaitsi da.
Biztanleak gazteak dira: % 35 dira hamabost urtetik beherakoak, eta % 5 bakarrik 65 urtetik beherakoak. Hilkortasun tasa asko jaitsi bada ere, bizi maila hobetu baita, emankortasuna handia da oraindik (3,1 haur emakumeko).
Ezkontza usadioak eta emakumeen gaineko kontrola oso zorrotzak dira: ez dago ia ezkongaberik ez dibortziorik, ezkontzak gurasoek antolatzen dituzte, eta neskak ez daude ondo ikusiak, senarraren familiari ezkontsaria eman behar dionez, zama baita gurasoentzat. Hala, nesken heriotza tasa mutilena baino handiagoa da, eta India da gizon baino emakume gutxiago duen munduko estatu bakanetako bat.
Politika demografikoa
Independentziaren ondoren abian jarritako jaiotza kontrolaren politika da gobernuaren erronka nagusietako bat. Alabaina, familia plangintzak, hinduismoaren kontrakoa izanik, erresistentzia handiak sortzen ditu. 1995ean, hamabost urtetik gorakoetan, gizonen % 32 ziren analfabetoak, eta emakumeen % 62. Nekazaritzaren erreformari esker, erantzun ahal izan zaie elikaduraren beharrei. Baina lekarien prezioen igoera eragozpen handia izan da gehienbat barazkijale diren indiarrentzat, eta elikadura arazoak handiak dira.
Emigrazioa
Indiar askok emigratzen du oraindik, batez ere Afrikara, Persiako golkoko herrietara eta Mendebaldera. Biztanle emigratuak bost bat milioi dira, eta ondorioak demografian baino areago ekonomian antzematen dira, sarritan hamar bat urte kanpoan egin eta Indiara itzultzen baitira, dirua ekarriz.
Indiar diplomadun askok, bestalde, Europara edo Estatu Batuetara alde egiten dute, eta agerian jartzen da horrela indiar gizartearen bikoiztasuna: elite aski ugaria, baina bere herrietan irteerarik ez duena, eta analfabetoen masa, lurrik gabeko nekazariak, miseria gorrian bizi direnak.
Landaldea
Indian oso indartsua da landaldearen tradizioa. Britainiar Inperioaren garaian osatu zen nekazari lurren egitura guztiz nahasia zen, esklabotasunezkoa ia zenbait kasutan. Britainiarrek zergak biltzen zituen estatuaren eta lurra lantzen zuenaren arteko bitartekariak ipini zituzten, lanik egin gabe ia aberasten zirenak.
Gobernuaren erreformaren asmo nagusiak bitartekari horiek ezabatzea eta lurrak berbanatzea izan da. Hala ere, nekazari aberatsanek gorde ahal izan dituzte beren ahalmenak eta ondasunak, eta pobreenek berriz ez dute ia irabazirik izan.
Sortu da ordea nekazari klase berri bat, “ertaina”, inbertsioak egiteko adinako irabaziak dituena. Landaldeko biztanle gehienak jabe txikiak eta nekazaritzako langileak dira gaur. Presio demografiko ikaragarriaren ondorioz ordea, lurren zatiketa handiegia da (ustiaguneen % 70 bi hektarea baino gutxiagokoak dira, eta horixe da errentagarritasunaren muga).
Gobernuaren ahaleginak gorabehera (kreditu kooperatibak…), kasta nagusiek kontrolatzen dute landaldeko bizimodua, eta lurrik gabeko laborari askok hirira emigratu behar izan dute.
Hiriko biztanleak
Indiako urbanizazioa bitxia da guztiz: alde batetik, badira megapolis eta txabola hiri izugarriak (India da munduko laugarren herria hiritarren kopuruan), baina aldi berean urbanizazioa oso ahula da (biztanleen % 27 bizi dira hirietan).
Hiriko biztanleriaren hazkundea motela da. Kalkuta eta Bombay –bakoitzak hamar milioi biztanletik gora du–, hiri ertainak baino motelago ari dira hazten. Indian jendeak ez du landaldetik masan ihes egiten, baina pilaketa handiak gertatzen ari dira.
Emigratzeko tradizioa zaharra da Indian, baina hiritarrek ez dituzte jaioterriarekiko harremanak eteten, eta maiz itzultzen dira. Hiri nagusiak –hamabost bat milioi biztanletik gorakoak–, Deccango penintsulako kostaldeko portuak dira, edota Himalaiaren oinean osatu direnak, Ganges ibaiaren zabaldi handian: hantxe biltzen dira, Delhitik Kalkutara, indiar gehienak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/04 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- (Ingelesez) World Population Prospects 2022, Online Edition [File: Compact (most used: estimates and medium projections). . United Nations, Department of Economic and Social Affairs, Population Division, population.un.org (Noiz kontsultatua: 2024-2-6).
- (Ingelesez) India overtakes China as the world’s most populous country. . United Nations, Department of Economic and Social Affairs (Noiz kontsultatua: 2024-2-6).