Indiako ozeanoa
Indiako ozeanoa[1] Lurreko hirugarren itsasoa da zabaleraz: 75.000.000 km². Iparraldean Asia du, hegoaldean Antartika, mendebalean Afrika, eta ekialdean Australia. Batez besteko sakonera 4.210 metrokoa da. Gehienekoa, berriz, 7.450 m, Javako osinean[2].
Indiako ozeanoa | |
---|---|
Kontinentea | Afrika, Asia, Ozeania, Antartika |
Koordenatuak | 20°S 80°E |
Azalera | 75.000.000 km² |
Zabalera | 8.333 km |
Sakonera | batez bestekoa: 4.210 m handiena: 7.450 m |
Geografia
Ozeano gaztea izateagatik (lehen Madagaskar, India eta Australia lotuta zeuden), urpeko mendilerroak daude; haien artean: berrogeita hamar gradukoa (90° E meridianoan iparraldetik hegoalderantz), edota Chagos-Laccadivekoa (Lakshadweep, Maldivak eta Chagos uhartek lotzen); gainera Maskareinak ‘plateau’ Madagaskar ekialdetik Rodrigues uharteraino (2.000 km.), eta hegoaldean Kerguelen uharteak nolabaiteko azpikontinentea.
Klima
Ekuatorearen iparraldean montzoikoa da, urritik apiril arte ipar-ekialdeko haizea dabil; maiatzetik urri arte haizeak hego eta mendebaldekoak dira. Aldaketaren aroan zikloiak agertzen dira noizean behin Arabiako itsasoan eta Bengalako golkoan. Ekuatorearen hegoaldean haizeak oro har ez dira hain zakarrak, hala ere udan zikloi batzuk agertzen dira Maurizio aldean.
Indiako ozeanoa beroena da iparraldean; baina hegoaldean icebergak hegoko 45° graduraino hel daitezke; 65° gradutik hegoalderantz icebergak ikustea arrunta da.
Azaleko salinitatea 1.000ko 32tik 37ra izaten da.
Historia
Monzoneko zikloak jakitea erabilgarria zen marinelentzat; horrela Indonesiatik Madagaskarraino joan ziren antzinako malgaxeak. I. eta II. mendean Erromatar inperio eta Indiako hegoaldeko artean merkataritza nabarmenekoa zen.
1497an, Vasco da Gama Portugaldik Indiara heldu zen, eta haren erreinuak espezieen merkataritzaren onura lortu zuen. XVII. mendean beste europar batzuk heldu ziren (herbeheretarrak, britainiarrak eta frantsesak batez ere).
1869an Suezko kanala ireki zen, eta Indiako ozeanoaren eta Europaren arteko bidaia denbora nabarmen laburtu zen, Mediterraneoaren bidez.
2004ko abenduaren 26an tsunami handi batek 226.000 lagun hil zituen, eta beste milioi bat etxe gabe utzi zituen.
Uharteak
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Euskaltzaindiaren 52. araua: Munduko geografiako zenbait izen (mendiak, ibaiak, itsasoak). euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2016-7-25).
- Lur entziklopedietatik hartua.