India
India[1], ofizialki Indiako Errepublika (Bhārat Gaṇarājya) Asia hegoaldearen zati handia hartzen duen herrialdea da, berak bakarrik azpi-kontinente oso bat osatzen baitu. 2024ko urtarrilean 1.435.229.000 biztanle ditu[2] eta munduko estaturik populatuena da, demokrazia handiena, zazpigarren zabalena eta hamargarren ekonomia. Hiriburua New Delhi du, hiri handiena Mumbai bada ere.
Indiako Errepublika | |||
---|---|---|---|
भारत गणराज्य (Bhārat Gaṇarājya) Republic of India | |||
Ereserkia: Jana Gana Mana | |||
Goiburua: सत्यमेव जयते (Egia, bakarrik, garaile) | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | New Delhi 28°36′50″N 77°12′32″E | ||
Hiririk handiena | Mumbai | ||
Azalera | 3.287.263 km² (7.) Ura %9,5 | ||
Punturik altuena | Kanchenjunga | ||
Punturik sakonena | Kuttanad (en) (−2 m) | ||
Kontinentea | Asia | ||
Mugakideak | Nepal, Bangladesh, Bhutan, Myanmar, Pakistan, Txinako Herri Errepublika, Indonesia eta Sri Lanka | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | Errepublika federal eta parliamentary democracy (en) | ||
Indiako presidentea | Droupadi Murmu | ||
Indiako lehen ministroa | Narendra Modi | ||
Legebiltzarra | Parliament of India (en) | ||
Epai autoritatea | Supreme Court of India (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.326.093.247 (2020) (1.) −23.124.709 (2018) | ||
Dentsitatea | 403,4 bizt/km² (31.) | ||
Talde etnikoak | ikusi
| ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Erlijioa | hinduismo, islam, kristautasun, Sikhismo, budismo eta Jainismo | ||
Ezkontzeko adina | gizonezko: 21 emakumezko: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 2,28 (2021) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 60.824.152 (2013) | ||
Alfabetizazioa | % 69,3 (2015) | ||
Derrigorrezko eskolaratzea | 6-14 | ||
Bizi-itxaropena | 70,03 (2021) | ||
Giniren koefizientea | 35,7 (2019) | ||
Giza garapen indizea | 0,633 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 2.597.491.162.897,7 $ (2017) 323.261.452.367,64 (2016) | ||
BPG per capita | 1.979 $ (2017) 250 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 9.596.834.735.263 nazioarteko dolar (2017) 808.919.541.932 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 7.166,202 nazioarteko dolar (2017) 529,663 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 6,8 % (2016) | ||
Erreserbak | 412.613.792.019 $ (2017) 50.919.476.019 (2016) | ||
Inflazioa | 4,9 % (2016) −0,4 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1947ko abuztuaren 15a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +91 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | IN | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | IND | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz.Europlug (en) , AC power plugs and sockets: British and related types (en) eta BS 546 (en) | ||
Internet domeinua | .in, .ભારત (en) , .भारत (en) , .ଭାରତ (en) , .ਭਾਰਤ (en) , .ভারত (en) , .இந்தியா (en) , .భారత్ (en) , .ভাৰত (en) , .بھارت (en) , .ಭಾರತ (en) eta .ഭാരതം (en) | ||
india.gov.in |
Etnia eta erlijio anitzeko herrialdea da, arraza eta etnia askoren igarobide nahiz pausaleku izan baita. Jarraitzaile kopuruaren aldetik, erlijio nagusiak hinduismoa, islama, budismoa eta kristautasuna dira.
Etimologia
"India" izena Indus hitzetik dator, Hindu (/jíndu/) persiar hitzetik datorrena, Sindhu (/sínd J u) sanskritotik, Indus ibaiaren tokiko izen historikoa. [3] K.a. 325ean, Alexandro Handiaren agindupean, antzinako greziarrek indiarrei ινδοί (/indoí/) esaten zieten, Indus ibaiko jendea. [4] Indiako Konstituzioak eta herrialdean hitz egiten diren hainbat hizkuntzak Bharat ([ˈbʱɑːrʌt̪] ahoskatua) ere onartzen dute estatuaren izen ofizial gisa.[5]
Indiarrek Bharat deitzen diote. Bharat Hindu mitologiako Bharata errege mitikoaren izenetik dator. Hindustan jatorriz "hinduen lurraldea" izendatzeko pertsiar hitza - Indiako iparraldeari egiten dio erreferentzia, baina batzuetan herrialde osoaren sinonimo gisa ere erabiltzen da. [6]
Ikur nazionalak
Herrialdearen ikur nazional nagusiak bere bandera, bere ikurra eta bere ereserkia dira . [7] [8] Indiak beste sinbolo nazional batzuk ere baditu, hala nola Vande Mataram abestia ( Bankimchandra Chatterjik sanskritoz osatua eta ereserki nazionalaren egoera bera duena) edo herrialdeko hainbat animalia espezie esanguratsu. Ikur nazionalez gain, estatu eta lurralde sindikal bakoitzak bere sinboloak ditu. [9] Bandera, ikurra, ereserkia eta abesti nazionalaz gain, Indiak hainbat ikur nazional ditu: [10]
Geografia
7.000 km-ko kosta du Indiako ozeanoan eta mugakide ditu Pakistan mendebaldean; Txina (Tibet), Nepal eta Bhutan iparraldean; eta Bangladesh eta Birmania ekialdean.
Hiri nagusiak Mumbai (20 miloi biztanle), Kolkata (Kalkuta) (14 milioi) eta New Delhi, hiriburua (11 milioi) dira.
Indiako klima hegoaldeko tropikaletik Himalaiako epelagora aldatzen da. Neguan iparraldeko lur garaiek elurtza handiak hartzen dituzte. Indiako kliman Himalaiak eta Thar basamortuak eragin handia dute. Himalaia Erdiko Asiako haize hotzen aurkako hesia da, eta horren ondorioz, oro har, Indiako klima pareko latitudeko beste lurralde askotan baino beroagoa da. Thar basamortuak hego-mendebaldeko montzoi haizea erakartzen du. Montzoiak ekainetik irailera eurite handiak eragiten ditu Indian.
Historia
Indiako lehenengo giza aztarna ezagunak Bhimbetkako Harri Aroko pinturak dira. Lehenengo kokaleku iraunkor ezagunak K.a. 7000. urtean inguruan agertu ziren eta poliki-poliki Indo haraneko zibilizazioa garatu zen, egun Pakistan eta mendebaldeko India diren lurraldeetan. Zibilizazio horren ostean arioek inbaditu zuten iparraldeko India bertako jendeak hegoaldera bidaliz. Arioen zibilizazioa, vedikoa, hinduismoaren sortzailea da. Apurka-apurka arioak beren lurraldea hegoalderantz hedatzen joan ziren.
K.a. III. mendean Asoka enperadoreak hegoaldeko Asia ia osorik batu zuen. II. mendearen amaieratik Indiak Erdiko Asiatik inbasio anitz pairatu zituen. XI. mendean musulmanen agintaldia hasi zen, hasieran Delhiko sultangoaren bidez, gero mogol dinastiaren bidez. XVI. mendetik europar inperioak Indian agertzen hasi ziren, hasieran salerosteko, gero koloniak sortzeko. Erresuma Batuak XVIII. eta XIX. mendeen bitartean India menperatzea lortu zuen.
Indiarrak independentziaren alde borrokatu ziren. Hasieran, indarraren bitartez; gero, Mahatma Gandhiren irakaspenei jarraituz, indarkeria ezaren eta desobedientzia zibilaren bitartez. 1947. urtean, Indiak independentzia lortu zuen. Geroztik, Pakistanekin (musulmanek sortua) lau gerra izan ditu. Bi estatuek arma nuklearrak dauzkate.
Banaketa administratiboa
India errepublika federala da, 29 estatu eta 7 batasun-lurraldetan zatitua. Estatu guztiek eta bi batasun-lurraldek (Puducherry eta Delhi) hauteskunde bidezko gobernuak dituzte. Beste batasun-lurraldeek gobernu zentralak aukeratutako administratzaileak dituzte eta, hortaz, presidentearen agindupean daude. 1956an, Estatuen Antolatze Legearekin, estatuak oinarri linguistikoen arabera sortu ziren. Harrezkero, antolaketa hori ia ez da aldatu.
Estatu eta batasun-lurraldeak 610 barrutitan zatitzen dira eta horiek, teshi-etan zatitzen dira, eta batzuetan herrietan.
Estatuak
Batasun Lurraldeak
- Andaman eta Nicobar uharteak
- Chandigarh
- Dadra eta Nagar Haveli eta Daman eta Diu
- Jammu eta Kaxmir
- Ladakh
- Lakshadweep
- Delhi
- Puducherry
Gobernu eta administrazioa
Indiako izen ofiziala Indiako Errepublika da. Estatuburua presidentea da. Haren betebeharrak, oro har, protokolozkoak dira. Presidente eta presidenteordea bost urterako hautatuak dira.
Botere exekutiboa Ministroen Kontseiluaren esku dago. Kabinetearen burua lehen ministroa da. Lehen ministroa parlamentuaren gehiengoak hautatua eta presidenteak izendatua da. Presidenteak lehen ministroak hautatutako ministroak ere izendatzen ditu.
Indiar ganbarabiko parlamentua Rajya Sabbha senatarien ganberaz eta Lok Sabbha diputatuen ganberaz osatua dago. Rajya Sabbha-k estatuak ordezkatzen ditu eta Lok Sabbha-k indiar herria ordezkatzen du. Konstituzioak 18 urte baino gehiago daukaten hiritarrentzat sufragio unibertsala bermatzen du.
Indiako botere judiziala Auzitegi Gorenaz eta Estatuetako Auzitegi Nagusiez osaturik dago.
Ekonomia
Munduko Banku (MB) eta NMF edo Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, India munduko hamargarren ekonomia da (2005). 1998tik 2005era bere barne produktu gordina (BPG) batez beste ehuneko 5 gehitu da. Hala ere, alde ekonomiko handiko herria da.
Betidanik Indiako oinarri ekonomikoa nekazaritza izan da (egun ere bai). Elikaduran arroza funtsezkoa da. Artatxikia, basartoa, artoa, garagarra, tea, kafea, azukre-kanabera, tabakoa eta opioa ere hazten dituzte. Fruta-arbolen, landare oliotsuen eta zur preziatuen ekoizpena ere garrantzitsua da.
Abeltzaintza ere premiazkoena da. Indiak munduko behi-kabala handiena (176.900.000 abelburu) dauka, baina hinduentzat behiak animalia sakratuak direnez, horien okelaren kontsumoa debekaturik dago. Bufaloak (oso erabiliak nekazaritzan), ardiak eta ahuntzak ere garrantzitsuak dira.
Ikatz, burdina, manganeso, mika eta bauxita ugari erauzten dituzte, baina metano eta petrolio gutxi. Industria nagusia ehungintza da. Horretaz gain, burdin industriarekin batera, mekanikoa, elektronikoa, kimikoa, paperarena eta petrolioarena aipatzekoak dira, besteak beste. Artisautzak ere garrantzi handia du.
Demografia
India munduko estatu jendetsuena da. Nazio Batuen estimazioen arabera, 2024ko urtarrilean 1.435.229.000 biztanle ditu.[2] 2023. urteraino Txinako Herri Errepublika zen munduko estaturik populatuena, baina urte hartako apirilean Indiak aurre hartu zion.[11] Gizarte eta politika antolakuntzan hizkuntza, kasta eta erlijioa erabakigarriak dira. Biztanleriaren %81,5 hindua da baina Indiak musulmanen (%12,2) bigarren kopuru handiena duen estatua da, Indonesiaren atzetik.
Erlijioa
Indoko zibilizazioko herrien erlijioa arkeologia aztarnen bitartez baino ez da ezagutzen; bainuak aurkitu dira, eta aldare diruditen eraikuntzak, beharbada errituetarako erabiliak. Ariar herriak heldu zirenean Vedaren erlijioa sortu zen. Vedismoa testu bidez ezagutzen da; testu horiek ahoz aho igorri eta K.a. X. eta III. mendeen artean idatzi ziren.
Hasierako vedismoa oinarri hartuta, brahmanismoa edo hinduismoa sortu zen. K.a. VI. edo V. mendean budismoa eta jainismoa agertu ziren. Budismoa oso bizkor garatu eta hedatu zen Asia osora, baina gero garrantzia galdu zuen Indian. Jainismoa, budismoa ez bezala, ondo egokitu zitzaion gizarte hinduaren kasta sistemari; jarraitzaile asko izan ez bazituen ere, erregeen babesa izan zuen eta oso monasterio ahaltsuak eta aberatsak eraiki ziren.
Islama VIII. mendean sartu zen Indian Indo ibaiaren behe-harenetik, eta laster hedatu zen Punjabera. 1200. urtean hasi ziren musulmanak Indiako iparraldea konkistatzen; konkista haren ondorioz hedatu zen islama. Guru Nanak guruak (1469–1538) sikhen sekta fundatu zuen hinduismoa eta islama batzeko asmoz, baina hinduen testu sakratuak eta Korana ukatzen zituztela eta, islamaren zismatzat jo zuen sikhen sekta. Parsiak, Persiatik zetozen mazdeistak, X. mendean heldu ziren Indiara; talde txikia ziren. XVI. mendean jesuitak heldu ziren, baina kristautasuna ez zen Indian zabaldu.
Filosofia
Erlijioarekin batera, K.a. 1000. urtetik aurrera garatu ziren Indian filosofia eskola eta sistema sail bat. Hindu filosofia sutra edo aforismoen bidez transmititu zen, sanskritoz eta sanskritoaren dialektoz idatziak.
Indiako pentsaera XIX. mendean ezagutu zen Sartaldean, filologoak sanskritoaren garrantziaz ohartu zirenean. Indiar filosofiak, sartaldekoak ez bezala, kontzeptu ez ohikoak erabiltzen ditu, eta esanahi lauso eta aldakorreko terminologia. Espekulazio filosofiko horiek, hizkuntza sinbolikoz, ez logikoz, adieraziak, Veden erritu liburuetan hasi ziren eta brahamanen kastei buruzko liburuetan jarraitu zuten (Aranyaka eta Brahmanak), kasta nagusiko gizonek bultzatuak.
Geroago, indiar filosofiaren adar nagusia sistemetan egituratu zen, eskolaguneak sortu zituztenak, hala nola Mimamsa, Vedanta, Yoga, Nyaya eta budismo eta jainismoarenak. Indiar dotrina guztiek Vedak dituzte oinarrian; haien agintea onartzen ala ukatzen dute, eta erlijioa, metafisika, etika eta psikologia batzen dituzte.
Kultura
Indiako kultura sinkretismo [13] eta pluralismo handi batek markatzen du. Indiarrek aurretik ezarritako tradizioak mantentzea lortu dute, inbaditzaileen eta etorkinen ohitura, tradizio eta ideia berriak xurgatzen dituzten bitartean, eta haien eragin kulturala Asiako beste lekuetara ere hedatu zuten, batez ere Indotxinara eta Ekialde Urrunera.
Indiako gizarte tradizionala hierarkia sozial nahiko zorrotz batek definitzen du. Indiako kasta-sistemak Indiako azpikontinentearen estratifikazio soziala eta murrizketak deskribatzen ditu, baita herentziazko milaka talderen araberako klase sozialak zehazten ere, sarritan jatis edo kastak deitzen direnak. [14]
Hizkuntzak
India da munduko kultura, hizkuntza eta aniztasun genetiko handiena duen bigarren entitate geografikoa, Afrikako kontinentearen atzetik. [15] Indian bi hizkuntza-familia nagusi bizi dira: indo -ariarra (Biztanleriaren %74 inguruk hitz egiten dute) eta drabidikoa (gutxi gorabehera %24k hitz egiten dute). Indian hitz egiten diren beste hizkuntza austroasiar eta tibeto-birmaniako familietatik datoz.
1991ko erroldaren arabera, hindia da hiztun gehien dituena, Indiako biztanleriaren %40ak hitz egiten duena [16], eta errepublikako hizkuntza ofiziala da. [17] Ingelesa oso erabilia da negozioetan eta administrazioan eta "hizkuntza ofizial subsidiario" estatusa du; [18] hezkuntzan ere garrantzitsua da, batez ere goi mailako ikaskuntzarako baliabide gisa. Horrez gain, estatu eta lurralde sindikal bakoitzak bere hizkuntza ofizialak ditu, eta Konstituzioak beste 21 hizkuntza ere aitortzen ditu ofizialtzat. Biztanleriaren sektore esanguratsu batek hitz egiten dituen edo Indiako ondare historikoaren parte diren eta "hizkuntza klasikoak" deitzen diren hizkuntzak. Sanskritoa eta tamila "hizkuntza klasikotzat" hartu izan diren arren, urte askotan [19] Indiako gobernuak "hizkuntza klasikoa" estatusa ere eman die kannadari eta teluguari bere irizpideak erabiliz. [20] Beste hizkuntza batzuk, besteak beste, bengalera, marathera, teluguera eta tamila dira. Indiako dialektoen kopurua 1652 baino gehiagora iristen da.
Ezkontza eta dibortzioa
Indiar familien balio tradizionalak asko errespetatzen dira eta belaunaldi anitzeko eta patriarkalaren familia eredua ohikoena izan da mendeetan zehar, nahiz eta azkenaldian familia nuklearra hiriko biztanleriak jarraitu beharreko eredua bilakatzen ari den. Indiarren gehiengo ikaragarri batek gurasoek eta beste familiako kide errespetatuek antolatzen dituzte ezkontzak, ezkongaien baimenarekin. Ezkontza bizitza osorako planifikatuta dago, beraz, dibortzio-tasa oso baxua da. [21] Haurren ezkontza ohikoa da oraindik, Indiako emakumeen erdia 18 urte bete baino lehen ezkontzen baita. [22] [23]
Arropa
Indiako jantzi tradizionalak bere kolore eta estiloak aldatzen ditu eskualdearen arabera eta hainbat faktoreren araberakoak dira, eguraldia barne. Janzteko estilo ezagunen artean jantzi sinpleak daude, hala nola, emakumeentzako sari eta gizonezkoentzako dhoti ; Beste arropa batzuk, hala nola, salwar kameez emakumeentzako eta kurta - pijamak, Europako estiloko prakak eta gizonentzako alkandorak ere ezagunak dira.
Festak eta ospakizunak
Indiako ospakizun askok jatorri erlijiosoa dute, nahiz eta batzuk kasta edo sinesmena kontuan hartu gabe ospatzen diren. Herriko jaiegun ezagunenetako batzuk Diwali, Holi, Durga Puja, Eid ul-Fitr, Eid al-Adha, Gabonak eta Vesak dira. [24] Horiez gain, Indiak hiru jai nazional ditu: Errepublikaren Eguna, Independentzia Eguna eta Gandhi Jayanti. Errepublikako estatu bakoitzean beste jaiegun batzuk, bederatzi eta hamabi egun artekoak, ospatzen dira ofizialki. Erlijio-praktikak eguneroko bizitzaren parte dira eta publikoaren kezka dira. Normalean jai hauek turismo -imanak izaten dira, baina biztanleek tradizioei fidel jarraitzen dute.
Gastronomia
Indiako sukaldaritzak belar eta espezietan konfiantza handia du, platerekin sarritan dozena bat ongailu desberdin edo gehiagoren erabilera sotila erakargarria da; herrialdeko sukaldaritza tandoori prestaketengatik ere ezaguna da. Tandoorrean, Indian 5.000 urtez erabilitako buztinezko labean, haragiak "ezohiko mamitsuak" izaten jarraitzen dute eta naan izenez ezagutzen den ogi puztua egitea posible da. [25]
Oinarrizko elikagaiak garia (herrialdearen iparraldean batez ere), arroza (hegoaldean eta ekialdean batez ere) eta dilistak dira. Mundu osoko espezia ezagun asko Indiako azpikontinentekoak dira, Ameriketako jatorria den eta portugaldarrek sartutako kapsicuma, berriz, bertako jendeak asko erabiltzen duena. Ayurvedak, medikuntza tradizionalaren sistemak, sei rasa eta hiru guna erabiltzen ditu elikagaiak deskribatzen laguntzeko.
Denboraren poderioz, Vedikoek egindako animalien sakrifizioak behiaren sakratutasun ukiezinaren nozioa ordezkatu ahala, begetarianoa erlijio maila altuarekin lotu zen eta gero eta ezagunagoa bihurtu zen, Jain budistaren gorakadak lagunduta. eta hindu bhakti arauak.
Indiak munduko barazkijaleen kontzentraziorik handiena du: 2006ko inkesta batean Indiarren %31a laktobegetarianoak ziren eta beste %9 obolaktobegetarianoak ziren. Elikadura-ohitura tradizional eta ohikoenen artean, lurrean bertan edo ondoan prestatutako otorduak, kasta eta generoaren arabera bereizitako otorduak eta mahai-tresnen ordez eskuineko eskua edo roti zati bat (ogi mota) erabiltzea daude.
Arteak
Indiako arkitekturak eskualde-aldaera handia erakusten du, baita budista, musulman eta europar eraginak ere. Estupa, aire zabaleko pagoda, gopuram eta sikhara dira Indiako arkitektura mota ohikoenak. Indiako eraikin ospetsuek, Taj Mahal adibidez, herrialdeko turismoaren garapena bultzatzen dute.
Indiako musikak eskualdeko tradizio eta estilo ugari biltzen ditu. Neurri handi batean, Indiako musika klasikoak bi genero nagusi biltzen ditu: musika karnatikoa, batez ere herrialdearen hegoaldean aurkitzen dena, eta hindustaniar musika klasikoa, orokorrean iparraldean garatua. Indiako musikaren musika -tresnak klasikoa, folk eta atzerrikoetan bana daitezke.
Musikak bezala, Indiako dantzak ere hainbat forma folk eta klasiko ditu. Indiako dantza ezagunen artean Punjabeko bhangra, Assam-eko bihu, Bengala Mendebaldeko chhau, Orissako jharkhand eta sambalpuri eta Rajasthango ghoomar dira. Zortzi dantza forma, elementu narratibo asko eta mitologikoak dituztenak, dantza klasikoaren estatusa aitortu du Indiako Musika, Dantza eta Drama Akademia Nazionalak. Hauek dira: Tamil Nadu estatuko Bharatanatyam, Uttar Pradesheko Kathak, Keralako Kathakali eta Mohiniyattam, Andhra Pradesheko Kuchipudi, Manipureko Manipuri, Orissako Odissi eta Assameko Satriya . [26] [27] [28]
Indiako antzerkiak musika, dantza eta elkarrizketa inprobisatuak edo idatziak biltzen ditu askotan. [29] Antzezlanak askotan mitologia hindutik ateratako ipuinetan oinarritzen dira, baina gai arruntagoak ere jorratzen dituzte, hala nola Erdi Aroko erromantzeen istorio epikoak eta azkenaldiko gertakari sozial eta politikoen albisteak. [30]
Indiako zinema industria munduko handiena da. [31] Bollywood, Hindiko filmak eta iragarkiak egiten diren Mumbai hirian dagoen auzoa, munduko zinema industria emankorrenaren erdigune bihurtu da, duela gutxi bere garrantzia Hollywoodekoarekin parekatuz. [32] Film tradizionalak eta komertzialak ere egiten dira bengalera, kannada, malayalamera, maratera, tamila eta telugua hizkuntza ofizialak diren eremuetan. [33]
Indiar literaturako lehen obrak jatorriz ahoz transmititu ziren, eta mende batzuk geroago idatzizko moduan bildu ziren. [34] Lan horien artean, sanskritoko literaturako testuak daude —hala nola, Vedas hasierakoak, Mahabharata eta Ramaiana epopeiak, Abhijñanasakuntalam (' Sakúntalaren aitorpena') drama eta Majakavia bezalako poesia [34] — eta Tamil Sangam literaturako testuak. [35] [36] Indiako idazle garaikide nagusien artean aipagarria da Rabindranath Tagore, 1913an Literaturako Nobel Saria irabazi zuena.
Kirolak
Ofizialki, Indiako kirol nazionala belar hockeya da, [37] Indiako Hockey Federazioak kudeatzen duena. Indiako belar hockey taldeak 1975eko Munduko Txapelketa irabazi zuen, Olinpiar Jokoetan urrezko zortzi domina, zilarrezko bat eta brontzezko bi lortuz.
Hala ere, herrialdeko kirolik ezagunena cricketa da. Indiako Cricket Talde Nazionalak 1983ko Cricket Munduko Kopa eta 2007ko Twenty20 Cricket World Cup irabazi zituen, baita 2002ko ICC Txapeldunen garaikurra Sri Lankarekin partekatuta ere. Indiako Cricketa Indiako Cricket Kontrol Batzordeak kudeatzen du, eta lehiaketetan Ranji Kopa, Duleep Kopa, Deodhar Kopa, Irango Kopa eta Challenger Series dira. T20 cricket liga nagusia Indiako Premier League da.
Azkenaldian, tenisa ezagunagoa bihurtu da, Indiako taldeak Davis Kopan lortutako garaipenak direla eta. Futbola ere oso kirol ezaguna da Indiako ipar-ekialdean, Mendebaldeko Bengalan, Goan eta Keralan. [38] Indiako futbol selekzioak hainbat aldiz irabazi du Hego Asiako Futbol Federazioaren Kopa, baina ezin izan du ez kontinentala ez munduko potentziala izatea lortu. Xakea, normalean Indian sortu zela esan ohi dena, ospea irabazten ari da Indiako Grandmaster kopuruaren hazkundearekin. [39] Kirol tradizionalak kabaddi, kho kho eta gilli-danda dira, nazio mailan jokatzen direnak. India ere antzinako arte martzial asko daude, hala nola, Kalaripayatu eta Varma Kalai.
Indian, Rajiv Gandhi Khel Ratna eta Arjuna sariak kiroletan lorpenengatik ematen diren adeigarririk ospetsuenak dira, eta Dronacharya saria entrenamenduko bikaintasunagatik ematen den bitartean. Indiak 1951 eta 1982ko Asiako Jokoak antolatu edo antolatu zituen [40] 1987 eta 1996ko Cricket Munduko Kopak. 2010eko Commonwealth Jokoak eta 2011ko Cricket Munduko Kopa ere antolatu zituen.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/10/05 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- (Ingelesez) World Population Prospects 2022, Online Edition [File: Compact (most used: estimates and medium projections). . United Nations, Department of Economic and Social Affairs, Population Division, population.un.org (Noiz kontsultatua: 2024-2-6).
- "India", Oxford English Dictionary, second edition, 2100a.d. Oxford University Press.
- Txantiloi:Cita libro
- «Name and territory of the Union» Constitución de la India.
- «Hindustan» Encyclopædia Britannica 2009.
- Wolpert 2003.
- National Symbols. National Portal of India. .
- States and Union Territories Symbols. .
- National Identity Elements of India. .
- (Ingelesez) India overtakes China as the world’s most populous country. . United Nations, Department of Economic and Social Affairs (Noiz kontsultatua: 2024-2-6).
- (Ingelesez) India Census 2011. (2012-1-31). Cities having population 1 lakh and above. .
- Das, N. K.. (2006). «Cultural Diversity, Religious Syncretism and People of India: An Anthropological Interpretation» Bangladesh e-Journal of Sociology 3 (1): 1. ISSN 1819-8465.
- «India - Caste» Encyclopædia Britannica 2009.
- «Country ProArchivo: India» Library of Congress.gov 2004.
- Instituto Central de Idiomas Indios. (2005). «Central Institute of Indian Languages» CIIL.com.
- Mallikarjun, B.. (2004). «Language in India» Language in India.com.
- Ministerio de Asuntos Internos. (1960). «DOL» Notification No. 2/8/60-O.L..
- Ramanujan, p. 329.
- Departamento de Prensa. (2008). «PIB Press Release» PIB.nic.in.
- «Divorce Rate in India: divorce rates in india» Divorce Rate.org 2009.
- Alastair Lawson. (2001). «South Asia - Child marriages targeted in India» BBC.co.uk.
- UNICEF. (2009). «State of the World's Children-2009» UNICEF.org.
- «Festivals of India - Indian Festivals» Indo-Base.com 2005.
- Raichlen, Steven. (10 de mayo de 2011). A Tandoor Oven Brings India's Heat to the Backyard. .
- «South Asian artes: Indian dance» Encyclopædia Britannica 2009.
- Sangeet Natak Academi. (2007). «Dance» Sangeet Natak.org.
- , KothariSunil. (2008). «Royal Holloway, University of London: Departament of Drama and Theatre» R Hul.ac.uk.
- Lal, p. 15.
- Karanth, p. 26.
- BBC News. (2009). «India country profile» BBC.co.uk.
- Dissanayake (2004).
- Rajadhyaksha; Willemen (1999).
- MacDonell, pp. 1-40.
- «Tamil Literature» Encyclopaedia Britannica 2009.Se requiere suscripción
- Ramanujan, pp. ix-x.
- NIC. (2009). «National Game - National Symbols - Know India» India.gov.in.
- Majumdar; Bandyopadhyay, pp. 1-5.
- «Anand crowned World champion» Rediff.com 2008.
- Asian Games. Consejo Olímpico de Asia 2010.
Kanpo estekak
- Jalgi.com atlasa datuak, mapak eta irudiak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Asiako herrialde eta lurraldeak (Nazio Batuen azpi-eskualdeka) | |||
Afganistan • Errusia • Kazakhstan • Kirgizistan • Uzbekistan • Tadjikistan • Turkmenistan |
Hego Korea • Ipar Korea • Japonia • Mongolia • Txina | ||
Arabiar Emirerri Batuak • Armenia • Azerbaijan • Bahrain • Egipto • Georgia • Iran • Irak • Israel • Jordania • Kuwait • Libano • Oman • Qatar • Saudi Arabia • Siria • Turkia • Yemen |
Brunei • Ekialdeko Timor • Filipinak • Indonesia • Kanbodia • Laos • Malaysia • Myanmar • Singapur • Thailandia • Vietnam | ||
Bangladesh • Bhutan • India • Maldivak • Nepal • Pakistan • Sri Lanka |
Beste entitate |