Immunologia
Immunologia immunitate-sistema aztertzen duen espezialitate medikoa edo biologiaren adarrari deritzo, kanpoko elementuak ezagutzeko ahalmena duten ornodunen organoak, ehunak eta zelulak aztertuz.
Immunologiak ere erantzun immunea ikertzen du, hots, immunitate-sistemak garatzen dituen prozesuak kanpoko eragile patogenoak ezagutzeko eta suntsitzeko. Immunitate-sistemak funtsezko zeregina duenez hamaika gaixotasunetan, immunologiak garrantzia handia du gaixotasun ugari ulertu, ekidin, diagnostikatu eta tratatzeko orduan.
Immunitate-sistemak berak sortzen dituen gaitzak ere immunologiaren lan-arloan sartzen dira: gaixotasun autoimmuneak, hipersentiberatasunak, immunoeskasiak, transplante-errefusak, etab.
Immunologia kontzeptuak
Bilakaeran zehar, izaki bizidunek beste organismoen erasoetatik (baita beren zelula eraldatuetatik ere) babestu ahal izateko mekanismoak sortu dituzte, barneko nahiz kanpoko ingurugirokoak izan organismo horiek. Animalia ornogabeetan, zelula bakartu eta espezializatuak besterik ez dira babes mekanismoak, baina ornodunetan, eta, ugaztunetan batez ere, badira oso mekanismo konplexuak, norberaren zelulak eta molekulak, eta zelula eta molekula arrotzak, bereizten dituztenak, eta zelula horien kontrako erantzun guztiz berezia ematen dutenak.
Bakterioek, birusek, onddoek eta beste bizkarroiek gure gorputzean sartu eta kalte handiak, baita heriotza bera ere, eragin ditzakete, ez bazaie defentsazko erantzunik ematen. Hasi organismo guztien kontrako erantzun berezitu gabeko batetik, eta jarduteko moduaren berezitasunak eta konplexutasunak ezaugarritzen duen erantzun immunitarioraino, era askotako defentsa tresna egokiak ditu giza organismoak. Kanpoko organismoen kontrako babes ideia honi, erantsi behar zaio norbere zelula eraldatuen zaintzea (zelula minbizidunak, infekziodunak…), edo norberaren organismoan barneraturiko kanpokoena (transplanteetan adibidez). Sistema immunologikoa gauza da bere zelulak ezagutu eta kanpokoetatik bereizteko, eta orobat, aldiko dagokion erantzuna emanez, organismoaren nolakotasuna defenditu ahal izateko.
Horrekin guztiaren immunologiaren definizioa egin daiteke: organismoen osotasun biologikoaren defentsan inplikaturiko molekula eta zelula prozesuak aztertzen dituen zientzia da immunologia, norberarena dena ezagutuz eta gero suntsitzeko gai arrotzak (antigenoak), antzemanez. Hala bada, mekanismo immunologikoen ezaugarri nagusietako bat zer den norberarena eta zer den arrotza bereizteko ahalmena da. Norberarena definitzeko, esan daiteke halakoa dela "organismoaren sistema genetikoaren jardunak sorrarazitako, eta, oro har, erantzun immunologikorik sorrarazten ez duen gai oro". Gai horiek zelula barneko molekulak, kanpokoak edo mintzezkoak izan daitezke; azken horiek dira batez ere garrantzitsuak (histobateragarritasunezko egitura nagusia osatzen dutenak). Ulertzekoa denez, arrotza da organismoaren geneen jardunaren bidez osa ezin daitekeena.
Arrotz direlakoan hartzen diren gaiak, eta erantzun immunologikoak eragiten dituztenak, antigenotzat har daitezke. Alabaina, horietako batzuk organismoak arroztzat hartzen ditu, eta, hortaz, ikuspuntu immunologikotik ez lirateke arrotz izango. Immunitatea, edo giza organismoaren molekula eta zelula arrotzen kontrako defentsa ahalmena, maila desberdinetan gauzatzen da, eta gure gorputzeko egitura, organo eta sistemak inplikatzen ditu. Konplexutasun txikienetik handienera, ondorengo inmunitate mekanismoak bereiz daitezke:
- a) Ez bereziak. Erantzun immune ez berezituaren eragile dira, eta horien baitakoak dira:
- - Hesi anatomiko eta fisiologikoak
- - Hanturazko erantzuna
- b) Bereziak, erantzun immune berezitua edo moldaerazkoa eragiten dutenak.
Mekanismo horiek denak, beharrezko izanez gero, gure organismoaren defentsan parte hartzen dute, mailaka jardunez, eta ekintza koordinatu eta hierarkizatua bultzatuz.
Immunologiaren adarrak
- Immunokimika: antigeno eta antigorputzen egitura kimikoa ikertzen du, eta baita haien arteko erreakzioen oinarri kimikoa ere.
- Immunologia klinikoa: immunitate-sistemaren akatsek sortzen dituzten gaitzak ikertzen ditu. Gaitz horien artean honako hauek aipa daitezke:
- a)immunoeskasia, immunitate-sistemak eragile patogenoen aurrean erantzun egokia ematen ez duenean (adibidez, HIESa)
- b)autoimmunitatea, immunitate-sistemak gorputzeko organo, ehun eta zelulak erasotzen dituenean (lupus eritematosoa, artritis erreumatoidea, miastenia gravis, esklerosi anizkoitza, hepatitis autoimmunea...)
- c)hipersentiberatasuna, immunitate-sistemak neurriz kanpoko erantzuna ematen duenean kaltegarriak ez diren antigenoen aurrean (asma, alergia...)
Transplante-errefusak aztertzen ditu ere immunologia klinikoak, hauek ekiditeko asmoz.
- Diagnostikorako immunologia: antigeno-antigorputz erreakzioa oso espezifikoa denez, bietako bat ezagutuz bestea identifika daiteke. Laborategian askotan erabiltzen dira printzipio horretan oinarrituriko teknikak antigeno bat edo antigorputz bat identifikatzeko (mikrobiologia klinikoan garrantzi handia duena).
- Immunoterapia: immunitate-sistemaren zelulak eta beste elementu batzuk (interferoia, zitokinak, antigorputz monoklonalak...) erabiltzen dira minbiziaren aurka, eragile terapeutiko gisa.
Historia
Eritasun infekzio-eragile batzuek, izurri beltzak, tifusak Lurreko eremu heze batzuetan, baztangak, kolerak, malariak eta bestek, izugarrizko sarraskiak eragin dituzte gizadiaren historian zehar.
Antzinatean, eritasunaren jatorria arrazoi mitiko eta erlijiosoei lotzen zitzaien; ideia horrek duela gutxi arte iraun du: antzina jainkoak lasaitu behar ziren, Erdi Aroan bekatua aurkitu eta garbitu behar zen. Bestalde, antzina-antzinatik gauza jakina zen eritasun infekziodun zenbait gainditzen zituzten pertsonak immune bihurtzen zirela eritasun horiekiko. Jakina zen orobat izurri batzuk besteak baino gogorragoak izaten zirela, baztangarena, adibidez. Horren ondorioz, baztangaren inokulazioa hasi ziren egiten, inokulazio gaia baztanga arina izan zuten gaixoetatik hartuta; bariolizazio deitzen zitzaion horri.
Saio enpiriko horiek guztiak kontuan hartuta, XVII. mendean hasi zen gauzatzen eritasun infekziodunen ezagutza zientifikoa; Jenner, Koch eta Pasteur izan ziren immunologiaren aitzindariak. Jennerrek (1749- 1823) medikuntzaren mugarri bat ipini zuen, XVIII. mende bukaera aldean lehen txertoa ipini zuenean. Garai hartan oso zabaldua zegoen behi baztanga izandako pertsonak (behiak jezten zituztenen artean asko izaten ziren), libre geratzen zirela giza baztanga beldurgarritik. Jenner ausartu zen bariolizazioa egiten aldez aurretik behi baztanga ipini zion haur bati, eta ez gaixotzea lortu zuen. Immunizazio mota hori azkar zabaldu zen XIX. mendean zehar, eta beste eritasun infekziodunen kontrako txertoen bilaketa bultzatu zuen. Ez zen ordea aurrerakuntza zientifikorik lortu ia, saio haiek ez baitzuten behar bezalako oinarri teorikorik.
Izan ere, ez zen ezagutzen ez eritasunaren zergatia, ez nola lortzen zuen txertoak inmunizatzea. Gogora dezagun garai hartan ez zela oraindik gaixotasunaren mikrobio teoria garatu, eta oraindik ere bizi-bizirik zegoela berezko sorkuntzaren teoria.
XIX. mende osoan zehar landu zen eritasun kutsagarrien jatorriaren arazoa. Oraindik ere indar handia zuen eritasun horien jatorria faktore abiotikoei egozten zien joerak: izurri aldietan eguratsak edo lurrak izaten omen zuen aldaketari, zelulen aldaketa fisiokimikoari, etab. Nolanahi ere, gero eta gehiago ziren jatorria mikrobioetan zegoela adierazten zuten aurkikuntzak: Henlek, 1840an, kutsaduraren eragilea izaki bizi bat zelako ideia proposatu zuen; 1845an Davainek bakterioak aurkitu zituen karbunkoaz gaixo zeuden behien odolean; Snowek pentsatu zuen 1854ko kolera izurriak hirietako ur zikinetan ugari zebilen eragile organikoren batean zuela sorburua.
Kochen lanek (1843-1895), sekulako garrantzia izan zuten mikrobioaren ideiaren garapenean. 1872tik aurrera karbunkoaren eragilearen ikerketan jardun zuen; eritasun hori eragiten duen baziloa zein zen aurkitu zuen, baziloaren formak aurkitu zituen (baita esporak ere), eta karbunkoarekin duten erlazioa frogatu zuen. Metodologiaren aldetik ere ekarri handiak egin zizkion zientziari, hala bakterio haztegiak, bakterio mota desberdinak bakartu eta hazi ahal izateko.
Pasteurrek (1822-1895) egin zituen aurkikuntza erabakigarriek behin betiko zabaldu zuten eritasun infekziodunak mikrobioek eraginak zirelako teoria. Lehen lanekin, hartziduren eta mikrobioen arteko erlazioa frogatuz, izaki bizien berezko sorrera ukatu ahal izan zuen. 1880tik aurrera egin zituen karbunkoaren gaineko aurkikuntzak, mikrobioen teoria finkatu zutenak. Oiloen koleraren kontrako txertoa ere prestatu zuen (Jennerren aurreko aurkikuntzaren ohorez txerto izena, vaccin frantsesez, proposatuz), karbunkoaren eta errabiaren kontrakoa.
Pasteurrek ipini zituen, beraz, immunologiaren oinarri zientifikoak. Kontuan izan behar da garai hartan immunitate kontzeptua oso lotua zegoela mikrobioarenari, hori baitzen "organismoek duten ahalmena gorputzean barneratu den edozein gorputz arrotzi (mikrobioei) uko egiteko".
Koch eta Pasteurren lanen ondorengo bi hamarraldietan bakterio eritasun gehienen eragileak aurkitu ziren, batez ere alemaniar eskolan, eskola frantsesak gehienbat immunizazio arazoak lantzen baitzituen. Joan den mendearen bukaeran baziren bi teoria elkarren kontrakoak defentsa immunologikoko mekanismoen inguruan: Metchnikoffen fagozitoena, garrantzi handiena gure gorputzeko zelula defentsako mekanismoei ematen ziena, eta Behringen teoria serologikoa, odol serumean diren gai kimikoetan oinarrituriko defentsa baten alde egiten zuena; "antitoxinak" ziren gai horiek, geroago antigorputz izendatuko zirenak. Geroxeago frogatu zen bata zein bestea, bi mekanismoak, jokatzen dutela.
Mende honetan, immunologia, batez ere gaixotasun infekziodunen kontrako immunitatea lortzeko mekanismoak aztertzen zituen mikrobiologiaren alor gisa jaio ondoren, zientzia erabat independente bihurtzeko bidean dago. Defentsa mekanismoei loturik dauden molekulen eta zelulen ezagutzak aurrera egin ahala, mikrobioekin batere zerikusirik ez duten fenomeno immunologikoak aurkitu dira. Izan ere, alergiak, anafilaxiak, immunourritasunak eragindako eritasunak, odol transfusioen teknikak, organoen transplanteak, etab. direla-eta, berritu behar izan da immunologiaren kontzeptu klasikoa.
Ikus, gainera
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/5/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.