Iliada
Iliada (antzinako grezieraz: Ἰλιάς, Iliás) greziar epopeia da, K.a. IX. mende inguruan idatzia. Betidanik Homerok idatzia dela uste izan bada ere, teoria asko dira haren egileari buruz. Dena dela, mendeetan zehar ahoz aho gordetako kontakizuna izan zen, Homerok jaso zuena; Homeroren garaiaren aurreko esapide eta hitz ugari daudenez, teoria hori onartu da. 15.537 bertsoz osatuta dago, hexametro daktilikoetan onduak, eta 24 rapsodatan banatuta. Lanaren izena Troiaren izen grekotik eratorria da: Ilion.
Iliada | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Homero (K.a. 850-750) |
Generoa | Epopeia |
Jatorrizko izenburua | Ἰλιάς / Iliás |
Hizkuntza | Antzinako greziera |
Herrialdea | Antzinako Grezia |
Euskaraz | |
Izenburua | Iliasena[1] |
Itzultzailea | Salbador Barandiaran |
Argitaratze-data | 1956 |
Lan homerikoen kontestua
Iliada eta Odisea Antzinako Greziako obrarik garrantzitsuenak dira. Kantu gisa agertzen zaizkigu eta Homero izan omen zen kantuon biltzailea. Kantuak izaki, abesteko eta ez irakurtzeko testuak ziren. Izan ere, Homerok epopeiak instrumentu musikal baten laguntzaz kantatzen zituela ere badirudi.
Iliada eta Odisea idatzi ziren garaia ere ez da gauza segurua, eta obra barneko elementuen bidez asmatu behar da zein garaitan osatu ziren. Bi lan handi horietako milaka bertsoak Homeroren eskuek idatzi zituztela pentsatzea ameskeria litzateke, eta are gehiago, pentsatzea bertso horiek erabat berriak eta orijinalak zirela. Ezin jar daiteke zalantzan Homeroren poemek aurreko tradizio aberatsa dutela oinarrian, eta ondasun horrek guztiak bildu zituela poema horiek. Eta egileari dagokionez, Homero benetan existitu zela pentsatu behar da, eta Iliada eta Odisea-ren egilea bera izan zela. Baina Homeroren biografia, antzinako gainerako egileena bezalaxe, fantasiaz beterik dago. Dena dela, hainbat arrasto historiko eta arkeologikoren arabera, K.a. VIII. mende inguruan, eta zehatzago mende horren bigarren erdialdean, sortu ziren bi poema handi horiek[2].
Helegitea
Iliada helegite honekin hasten da:
Μῆνιν ἄειδε, θεὰ, Πηληιάδεω Ἀχιλῆος |
«Ialki ezazu, Urtzemel Akile Pelesemearen erresumiña, |
Iliadako Lehen Kanta horretan jada ikusten da nola natura, Jainkoak eta gizakia errealitate oso batean biltzen diren. Poetaren inspirazioa ahalmen naturala da baina, poetak, ez du erabat berea. Horregatik, lana hastera doanean, inbokatu egiten ditu indar natural hauek laguntzera etor dakizkion. Musak indar natural horien sinboloak dira[4].
Gertakizuna
Iliada-k Troiako gerrako azken 51 egunetan gertatua kontatzen du eta Akiles greziar heroia du protagonista. Greziar indarrek, Agamemnon buru dutela, hiria setiaturik dute, Menelaoren emazte Helenaren eta Paris Troiako printzipe maitalearen bila. Agamemnonek esklabo bat lapurtu dio Akilesi: Briseida. Akiles haserretu eta gudulekutik alde egiten du, eta akeiarren (greziarren) ostea ahulduta uzten du.
Greziarren artean, Fenix, Ayax, Odiseo eta bi heraldo (iragarleak) bidaliak dira Nestorren partetik, Akilesi barkamena eskatzeko. Akilesi borrokara bueltatzeko eskatzen diote baina aukera horri uko egiten dio. Eguzkia ateratzerakoan guda berriro hasi egiten da. Agamenon zauritua da eta guda uzten du.
Hector troiarraren eta Ayaxen artean liskarrak daude. Borroka honetan hil diren pertsonak mendekatzeko. Ayaxek Hector zauritzen du eta Hector gudatik ateratzen da. Geroago, Hectorrek su ematen dio greziarren nabe bati eta Patroklo, Akilesen laguna, hiltzen du. Menelaok Euforbo hil eta Patrokloren gorpua babesten du eta nabeetara eramaten du. Patroklo hiltzean Akilesen haserrea areagotu eta gudu-lekura itzultzea erabakitzen du. Honela, Akiles gudara bueltatzen da Patrokloren ohorez. Akiles eta Agamemnon adiskidetu egiten dira. Akilesek Hektor hiltzen du eta gero Patrokloren hilketaren ohorez joku batzuk egiten dira. Priamok hamaika egun eskatzen ditu Hektorren hilketarengatik. Hamabigarren egunean, troiarrek guda berriro hasten dute. Iliadak ez du bukaera biribilik; izan ere, Troiaren konkista ez da liburu honetan kontatzen.
Jainkoen eta gizonen ekintzak nahasten dira narrazioan. Izan ere, jainkoek etengabe parte hartzen dute Iliadaren gertaeretan, adibidez, Aresek eta Apolok troiarrak lagunduz eta Atenea eta Herak greziarren alde eginez.
Gaiak
Gai ugari agertzen dira poema epiko honetan zehar: adiskidetasuna, ohorea, itzulera, borroka eta garaipena, errespetua... Baten bat nabarmentzekotan, da: Akilesek ideia hori hoberen haragitzen du. Iliadaren ikuspegian, gerran eta borrokan ausardia eta kemena erakustea da ohorea lortzeko bidea. Narrazio konplexua da, jainko ugarik parte hartzen baitute ekintzetan eta konfliktoak etengabeak direlako, ez soilik gerran etsai direnen artean, greziarren edo troiarren beraien artean ere bai. Horrek adierazten du, pentsamendu modernoan ez bezala adibidez, antzinako grekoentzat gizakiak Jainkoekin bizi zirela naturaren baitan. Beren diferentzia eta kontraesan guztiekin ere Jainkoak orden natural baten manifestazioak dira[5].
Estiloa
Bi elementu nabari daitezke estiloan:
- Hizkeraren izaera espezifikoa (hizkuntza poetiko oso garatua)
- Ahozkoari oso lotuta dagoen estiloa du: baliabide poetiko eta erritmikoak erabiltzen ditu, epopeia garatzeko.
Transmisio testuala
K.a. II. mendeko Iliadaren kopiak papiroetan kontserbatu izan dira, baina zaharrena K.a. 520. urtean aurkitutakoa da. Testu hau Atenaseko festetan Atenearen ohorez errezitatzen zen.
Eragina
Aro klasikoko greziarrek eta ondorengo belaunaldiek Homeroren Iliada eta Odisea Antzinako Greziako literatura-iturri nagusitzat hartu eta greziar pedagogiaren oinarri gisa erabili zituzten. Gerora ere, Odisea eta Iliada literatura unibertsaleko abiapuntutzat jo eta historia osoko literatura-lan garrantzitsuenetan kokatu dira, egun ere indarrean dauden errukia, maitasuna eta beste zenbait baloreren berri emanez. Herra, mendekua, nostalgia, patua eta ospea dira olerkian agertzen diren beste zenbait kontzeptu. Bestalde, garrantzi historiko handikoa da, Mizenastar zibilizazioaren ezaugarri asko ezagutzera ematen baititu.
Kultur eragin handiko obra da. Izan ere, Iliada prosara, bertsora, antzerkira, zinemara, telebistara eta istorioetara pasatu da eta Mendebaldeko kulturaren elementu funtsezkoetako bat da.
Salbador Barandiaranek itzuli zuen euskarara, eta 1956an argitaratu zen, Iliasena izenburuarekin[1].
Erreferentziak
- ILIASena, la Ilíada en euskera. Invocació.. in: De Troia a Ítaca. Detroiaaitaca.wordpress.com.
- Lur Entziklopedia Tematikoa, Lur. (2011-07-13). «Greziar literatura arkaikoa: poesia epikoa» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
- Salbador Barandiaranen itzulpena, Talleres Tipográficos de las Escuelas Profesionales de Jesús Obrero, 1956.
- Azurmendi, Joxe (2009): Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar. 362. or.ISBN 978-84-9783-734-7
- Azurmendi, Joxe (2009): Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar. 362-65. or.ISBN 978-84-9783-734-7