Ilargiaren aldi
Ilargiaren aldia Ilargiak itxura jakin bat duen denbora-tartea da. Itxura hau Eguzkiak argitutako Ilargi zatia da, Lurretik ikusia.
Eguzkiak Ilargiaren azaleraren erdia argitzen du (ilargi eklipseetan izan ezik) eta horregatik da distiratsua. Baina ikusgai den hemisferio argituaren zatia aldagarria da %100 (ilbetea) eta %0 (ilberria) artean.
Ilargiak bi ziklo nabarmen ditu, goranzko-beheranzko zikloa zerumugan gora eta behera ikusten duguna, eta ilberri-ilbete zikloa Eguzkiaren eta Ilargiaren kokapenen arabera Ilargia argiz betetzen eta husten ikusten duguna, ikusgarriena.[1] Hori dela-eta, ilargiaren aldiak denbora neurtzeko erabili izan dira antzinatik, eta egutegiak sortzeko erabili.
Izenak
Lau dira ilargiaren aldiak, euskaraz:
Ilberri-ilbete zikloa
Ilargia handitzen eta txikitzen ikusten dugu, ziklo ezaguna da. forma duenean handitzen ari da eta aldiz forma duenean txikitzen ari da. Eguzkiaren inguruan egiten duen errotazioaren ondorio da eta ziklo honetako bira bat betetzeko 29,53 egun inguru behar du, zehazki 29 egun, 12 ordu, 44 minutu eta 2,9 segundo.[1]
- Ilbetea, ilargi betea edo ilzaharra: ilargia oso-osorik argituta ikusten den gaua, Lurrak itzalik egiten ez diolako.
- Ilbehera edo ilargi beherapena: egunetik egunera ilargia txikiagoa ikusten dugun tartea, ilargi betea ikusten dugun unetik hasita. Ilargi betetik berrirako tartea.
- Ilberria edo ilargi berria: ilargiaren zatitxorik ere ikusten ez den gaua, Lurraren eta eguzkiaren artean dagoelako.
- Ilgora edo ilargi gorapena: egunetik egunera ilargia handiagoa ikusten dugun tartea, ilargia ikusten ez den unetik hasita. Ilargi berritik beterako tartea.
Goranzko-beheranzko zikloa
Lurraren inguruan ematen duen biran, ilargiak gorantz eta beherantz egiten du, hau da, aldatu egiten da ilargiaren orbita periodoak ostertzarekiko duen itxurazko altuera. Ziklo horretan, bira bat osatzeko 27,3 egun inguru behar du; zehazki, 27 egun, 7 ordu, 43 minutu eta 11,5 segundo.[1]
- Goranzko ilargi edo nodoa: egunetik egunera ilargiaren orbita gero eta gorago ikusten dugu zerumugarekiko.[2]
- Beheranzko ilargi edo nodoa: egunetik egunera ilargiaren orbita gero eta beherago ikusten dugu zerumugarekiko.[2]
Iraupena
Bi ilbeteren arteko iraupena 29 egun 12 ordu 44 minutu eta 2,9 segundo da, hau da, 29,53 egun inguru (zehatzago Kopernikok aurkitutako formularen arabera). Ilargiaren aldi sinodikoa da.
Erreferentziak
- Jakoba Errekondo / Antton Olariaga (il.), Landareak Lantzen 2018 - Urte Osoko Gida-Liburua, Argia firme, ISBN: 978-84-697-5275-3, EAN: 9788469752753
- Ilgora eta ilbehera, Euskaltzaindia
Ikus, gainera
- Hil eta Hilabete
- Ilgora Gorria
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Ilargiren aldiak edozein egunetan
- (Frantsesez) Ilargi egutegia egunez egun