Ikebana
Ikebana (japonieraz: 生け花, ikeru, «apaindu» eta hana,«lore»; beraz, «apainduriko lore») lore apainketaren japoniar artea da.
Mendebaldeko kulturan ez bezala, non lore-sortak osatzean, kolorea den jarraibide nagusia, ikebana harago doa eta natura eta gizakia uztartzen saiatzen den bide edo do bat da. Ildo horretatik, loreez gainera, beste natura elementu ere biltzen dituen artea da, hala nola, adarrak, hostoak eta baita ere zenbaitetan ura eta harriak. Japoniar kultura eta pentsamoldearen erakusgarritzat hartu den artea da, kaligrafia, haiku eta tearen zeremonia bezala.
Ikebanaren sakontasuna ulertzeko Matsu Basho poeta japoniarraren hitz hauek jaso daitezke:
« | Artean gailentzen diren guztiek ezaugarri bera dute:
urtaro guztietan naturarekin bat eginda dagoen adimena... eta horrelako adimen batek lore bat ikusten du eta horrelako adimen batek ilargia amesten du... |
» |
Ikebanaren historia
Budismoa Korea eta Txinatik sartu zen Japoniara VI. mendean eta, horrekin batera, kuge edo aldarean lore-eskaintzak egiteko ohitura ere heldu zen. Ono-No-Imoko izeneko apaiz budista bat ez zegoen pozik beste apaizek arduragabeki egiten zituztelako lore-eskaintzak Budaren aldarean. Horren aurrean, bera saiatu zen lore konposizio berriekin unibertso osoaren ikurra egiten. Bere diseinuetan, loreak eta adarrak gora begira (inoiz ere ez behera begira) zeuden eta hirunaka jartzen ziren zeru, gizaki eta lurraren arteko harreman harmoniatsuaren erakusgarri.
Apaizek lore konposizioak egiten jarraitu zuten mendez mende baina XV. mendearen amaiera arte ez dago jasota jarraibide edota diseinu berezirik. Garai hartan, Japoniak pizkunde artistiko mamitsu bat bizi izan zuen eta arkitektura tradizionala sortu zen, gaur ezagutzen dugun moduan, haiku poesia, noh antzerkia eta lorezaintza. Garai hartan ere ikebana eskola diferente hasi ziren sortzen, gerora bakoitza bere erara garatuz eta bere bidea eginez joan da lore konposizioak tradizionalagoak edo berritzaileagoak sorturik, estilo formalagoetatik informalagoetara.
Gaur egun ikebana mendebaldean asko zabaldu bada ere, loreak loreontzi batean jartzeko arau bilduma huts gisa hartzen da, ahalik eta dekorazio-efekturik politena sortzeko. Horrela, albo batera uzten dira diziplina zahar honen aberastasun, sakontasun eta nabardura guztiak. Hala ere, badira mendebaldean ikebana-elkarteak ikebanaren espiritua transmititzen dutenak. Nazioarteko Ikebana irabazi-asmorik gabeko kultur elkartea da ikebana zabaltzeko eta ezagutarazteko. Tokion egoitza duen elkarte hau 1956an sortu eta egun 60 herrialdetan baino gehiagotan dago eta, gutxi gorabehera, 8.500 pertsona batzen ditu tokian tokiko taldetan antolatuta. Elkarte honen eskutik besteak beste, ikebanari buruzko nazioarteko zein tokiko topaketa ugari antolatzen dira.
Ikebana estiloak
Eskola bakoitzak (Sogetsu, Ohara, Senshin Ikenobo etab.) berezko estiloa du, baina estilo klasiko batzuk eskola ugaritan ager daitezke, izen desberdinarekin.
- Estilo klasikoak
- rikka (立花)
- seika edo shōka (活花 ou 生花)
- nageire edo cha-bana (投げ入れ / 茶花)
- Estilo berriak
- moribana (盛り花)
- shizenka (batzuetan chizenka) (自然花)
- jiyūka (batzuetan djyuka) (自由花)
- shinseika (新生花)
- moribana (盛り花)