Ikaskuntza aktibo
Ikaskuntza aktiboa ikasleak berak bere ikaskuntza-prozesua zuzendu eta aurrera eramatea bultzatzen duen metodologia da, ikasleari bilaketa eta ikerketa eskatzen dizkioten ebazkizunak planteatuz. Adolphe Ferrière izan zen ikaskuntza aktiboa proposatu eta aldeztu zuen lehenetarikoa.
Definizioa
Ikasleak gelan jarrera aktiboa izan dezan ahalbidetzen du, esposaketa-metodo klasikoan ez bezala, bertan ikaslea arbelean ikusten duenari buruzko oharrak hartzera mugatzen baita. Ikasleak gauzak egitera eta egiten dituzten gauza horietan pentsatzera eramaten dituen prozesua da. Ikaskuntza aktiboa egon dadin, ikasleek entzun baino askoz gehiago egin behar dute: irakurri, zalantzan jarri, idatzi, eztabaidatu, kontzeptuak aplikatu, arauak eta printzipioak erabili, arazoak konpondu. Ikaskuntza aktiboak esan nahi du ikasleak etengabe egon behar duela agerian, bere borondatez edo irakasleak erabiltzen duen estrategiak hala eskatzen diolako, goi mailako eragiketa intelektualak eskatzen dizkioten egoeretan: analisia, sintesia, interpretazioa, inferentzia eta ebaluazioa. Ikaslea prozesu osoan zehar aktiboki eta arduraz aritzen da. Ikasten denaz, ikasi behar denaz eta oraindik ikasi ez duenaz jabetu behar du. Ikasleek ikusle izateari uzten diote, jardueretan konpromiso handiagoa hartzen dute, zenbat eta noiz behar duten informazio gehiago ikasten dute, trebetasunak garatzeari garrantzia ematen diote, egiten eta izaten ikasten dute, motibazio-maila handitzen dute, goi-mailako trebetasunak garatzen dituzte eta ikasitakoa arazo eta agertoki berrietara transferitzeko gai izaten dira.[1][2]
Irakaskuntza metodologia aktiboak
Ikaslea ardatz hartu eta ikaskuntza eraikuntza-prozesu bat bezala hartzen dutenak dira. Psikologia kognitiboaren lan-ildoak jarraitzen dituzte: ikasteko informazio berria jada existitzen den sarera egokitu egiten da, jakintza erlazionatutako kontzeptu-sare semantikoetan egituratuta dagoelako. Konexio hori egiteko moduaren arabera, informazio berria arazoak konpontzeko edo egoerak ezagutzeko erabili ahalko da, beti ere, ikaskuntza informazioa jaso eta gordetze hutsetik haratagoko prozesu bat bezala hartuz. Ikaskuntza autonomoa zein metakognizioa sustatzen dute, talde-lana eta etengabeko eztabaida, argudiatze eta ebaluazioa. Gainera, mundu errealeko egoera, arazo edo praktika profesionalaren testuinguruan oinarritzen dira, motibazioa areagotzean ulermena ere hobetzen delakoan. [3][4]
Erreferentziak
- Sierra Gómez, Helena. El aprendizaje activo como mejora de las actitudes de los estudiantes hacia el aprendizaje. MAL.UPNA. 2013. 7. or.
- (Gaztelaniaz) «Hacia una definición de aprendizaje activo» UNIR (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- «Irakaskuntza-metodologia aktiboak - sae-helaz - Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua (SAE-HELAZ) - UPV/EHU» sae-helaz (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
- (Gaztelaniaz) «¿Qué son las metodologías activas? Cuatro docentes nos lo explican» UNIR (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).