Igone Amesti
Igone Amesti Bustinzuriaga (Mallabia, Bizkaia, 1985eko abuztuaren 12a) mezzosopranoa, abesbatza-zuzendaria eta musika-irakaslea da.
Igone Amesti | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mallabia, 1985eko abuztuaren 12a (38 urte) |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Heziketa | Euskal Herriko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | musika-irakaslea eta abeslaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Euskal Herria Bildu |
Bizitza
Mallabiko Areitio auzoko Barrenengoa baserriko alaba, lau nesketan bigarrena. Jaioterriko Learreta-Markina eskolan egin zituen bere lehen ikasketak eta Ermuan gero bigarren mailakoak. Musika ikasketak burutu zituen gerora eta ogibidez musika-irakaslea da.[1]
Ermuko Euskal Birusa Elkarte Kulturaleko koordinatzailea izan zen eta honek argitaratzen duen Drogetenitturri hilabetekariko kolaboratzailea, Mallabiko berriak idatziz bertan.[2]
2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan, Mallabiko EH Bildu koalizioaren alkategaia izan zen.[3][4]
Musika ikasketak
Ume-umetan ekin zion musika ikasteari: 5 urterekin, Adolfo Jainagaren eskolan hasi zen trikitixa ikasten jaioterrian bertan; 6rekin, panderoari oratu zion eta Ermuko Musika Eskolan solfeoari; 8rekin, Eva Zubizarreta irakaslearen eskutik, akordeoiaz ausartu zen. Gerora, Mallabiko eskolan solfeo, akordeoi eta piano klaseak hartu zituen. Ermitetako jaietan, Andramarixetan, Santa Zezilia eguneko kontzertuan… horrelako jai giroan egin zituen bere lehen agerraldiak.
Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan osatu zuen bere formazioa. Gerora Musika Hezkuntza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, musika irakastea ogibide bihurtuz.[1]
Abeslari
Kantua izan du afizio eta pasio: 13 urterekin hasi zen Durangoko Musika Eskolan Kantu Lirikoko formazioa jasotzen eta berorren erdi mailako titulua du eskuratua, 6 urteko dedikazio eta prestaketaren ondoren. Durangoko Bartolome Ertzilla abesbatzako partaide ere izandakoa da. Mezzosopranoarena da bere ahotsaren tesitura.[1]
Sorreratik Mallabiko Jasokunde abesbatzako kantaria, bederatzi urte zituela hasi zen bertan eta bere hiru ahizpekin batera. Urteetara Lagun Artean koru gaztearen zuzendaritzaz kargotu zen. Kantu kontuetan etengabe formatzeaz gain, ikasi duena transmititzea du helburu. "Kantuaz disfrutatzie, oiñarrizko ezagutza batzuk jasotzie, euren abotsetan konfixantzie eukitzie, konplejuek kentzie, soltatzie…" hori lortu guran ekin zion herriko ume kantu zaleei erakusten.[1][5]
Profesional modura ere bere saiakera egindakoa da, bakarka: ezkontzetan kantatuz, kontzertu klasikoak eskainiz... Taldean, ostera, zartzuela eta ikuskizun ugaritan hartu du parte Igonek. Baina lagun arteko bazkal oste baten abesteko aukera eduki ezkero gehiago gozatzen du bakarka aritzen denean baino.[1]
Durangoko “4kote” abots-taldean ere abesten jardundakoa da, Agurtzane Mentxaka soprano eta abots-teknikako irakasleak gidatutako emakume taldean. Musika klasikoa, boleroak, euskal kantak, jazza eta abarrak dira beraien errepertorioan jorratu dituzten estiloak.[5]
“Beti gustau izen jata kantatzie eta asko disfrutatzen dot. Hori da nik egittie nahi dotena: kantuaz gozatu eta gozatu erain”.
Igone Amesti
Erreferentziak
- Aranburu, Eneritz. (2005). «Igone Amesti, sopranoa» Drogetenitturri, Ermuko eta Mallabiko aldizkaria (Euskal Birusa) 128 zk.: 8 or. ISSN 1133-973X...
- Elkartea, Euskal Birusa. (2018-03-20). «Drogetenitturri, 265. alea (2018ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
- (Gaztelaniaz) Montero, Félix. (2023-05-16). ««La participación ciudadana ha disminuido en los últimos años en Mallabia»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).
- «Mallabiko EH Bilduk hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du - Mallabia» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).
- Elkartea, Euskal Birusa. (2018-01-23). «Drogetenitturri, 263. alea (2018ko urtarrila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).