Ignacio Zuloaga
Ignacio Zuloaga Zabaleta[1] (Eibar, Gipuzkoa, 1870eko uztailaren 26a[2] – Madril, Espainia, 1945eko urriaren 31) XIX. mendearen azkenaldiko eta XX. mendearen hasieraldeko Euskal Herriko margolari garrantzitsuena izan zen.[3] Eibarren jaioa, hamazazpi urte zituenetik gehienbat Madrilen, Parisen, Sevillan, Segovian eta Zumaian bizi izan zen, eta Madrilen hil zen. Lehenengo urteetan jaioterriko eszenak margotu bazituen ere (Eibarko iturria eta Arrateko itsua, besteak beste), Zuloaga ospetsua da Espainiako kostunbrismoa islatu zuelako, besteak beste zezenketak (Riomorosko alkatea; Zezenketaren bezpera; Herriko zezenketariak; Gregorio el Botero nanoa; Gregorio, Sepúlvedan).
Ignacio Zuloaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Eibar, 1870eko uztailaren 26a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1945eko urriaren 31 (75 urte) |
Hobiratze lekua | Polloeko hilerria |
Familia | |
Aita | Plazido Zuloaga |
Hezkuntza | |
Heziketa | Académie de La Palette (en) |
Hizkuntzak | euskara Kaloa gaztelania frantsesa ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria eta arte bildumagilea |
Lantokia(k) | Segovia |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Kurding Club Euskal Artisten Elkartea Accademia delle Arti del Disegno (en) |
Genero artistikoa | erretratua |
Erroman, Madrilen eta Parisen egin zituen pinturako ikasketak. 1889 eta 1890. urteetan Madrilgo Nazioarteko Arte Ederretako erakusketetan hartu zuen parte eta Parisen jarri zen bizitzen ondoren. 1892. urtean Euskal Herrira itzuli zen, eta Bermeoko kasinoa dekoratu zuen. Aldi batez Italian bizi eta gero, Andaluzian bizi izan zen eta gaia zezenketa zuten koadroak pintatzeari ekin zion, lurralde hartan bizi izan zen hiru urteetan toreatzaile ere izan baitzen. 1903. urtean Veneziako, Berlingo, Dresdengo, Bartzelonako, Vienako, Buenos Airesko eta Santiago de Txileko nazioarteko erakusketetan parte hartu zuen, eta 1909. urtean bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen, New Yorken. Harrezkero erakusketa guztiz arrakastatsuak egin zituen Erroman, Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. Bere garaiko erretratugile eta paisaiagile garrantzitsuenetakoa izan zen, eta espainiar pintore klasikoen (Velázquez, Goya, Greco) jarraitzaile zuzena izan zen. Zumaian bizi izan zen eta Gipuzkoako herri horretan museo bat eratu zuen bere koadroekin eta beste pintore askoren obrekin. Frantziako gobernua eta New Yorkeko Hispanic Society eta Museo Metropolitanoa Zuloagaren hainbat koadroren jabe egin ziren, artean pintorea bizi zela. Gaur egun San Telmo museoan daude ikusgai haren koadro gehienak. Obra nagusiak: Forjaria, Erretratuak, Akueduktuaren plaza, Zigorkatzailak, Jaiaren biktima, Kristo Odoletakoaren kofradia, San Millango sorginak eta Gregorio el Bolero nanoa.
Bizitza
Arma fabrika edo arma apainketako lantegi baten jabea zuen aita, Plazido Zuloaga, forjaria eta zilargina ere bazena; erdi artista edo Segovian zeramikagile zebilen, berriz, aitaren anaietako bat, Daniel, eta horrenbestez, txiki-txikitatik marrazki eta diseinuen artean hazi zen Ignacio bera ere. Hirugarren Karlistaldia hastean, Donibane Lohizunera joan zen familia, eta han bizi izan zen gerra hura bukatu arte. Eibarra itzulirik, lehen ikasketak egiten hasi zen Ignacio, Bergarako apaizgaitegian.
Formakuntza urteak
Alabaina, horietan baino arreta handiagoa jartzen zuen aitaren lantegiko marrazkietan, eta oso gazterik agertu zuen pintore izateko gogoa. Noski, ez zen hori gurasoek semearengan jarrita zeukaten asmoa, aitak ingeniari eta amak arkitekto nahi baitzuten ikusi. Asmoak asmo, eta horren gainean aita-semeen artean zituzten tirabirak gorabehera, hamazazpi urterako koadroak erakusketetara bidaltzen hasia zen Ignacio (1887an Madrilgo Erakusketa Nazionalera, lehenengoa). 1888an, aita bere negozioetarako Madrila joan zen batean, Pradoko Museoa ikustera joan zen, eta hango klasikoekin, Goyarekin eta gainerakoekin liluratua geratu ez ezik, Velázquezen nanoak eta Grecoren zaldunetako bat kopiatzen aritu zen. Pinturarako zaletasuna handiagotu baino ez zion egin bidaia horrek, eta Arrateko itsua eta Eibarko iturria koadroak margotu zituen urte horretan berorretan.
Handik hara, hurrengo urtean Erromara joatea erabaki zuen eta, ez aitak kontra egin gabe baina, han eman zituen 6-8 hilabete, probetxu handirik gabe, dirudienez. Zernahi moduz ere, Parisa aldatu, Montmartren bizitzen jarri eta hango giroan sartzen hasia zen 1890ean. Parisko artisten artean, inpresionismorako joera zen nagusi, zenbait pintore gazte joera berrien bila hasia bazen ere jadanik. Parisen eman zituen bi urte horiek (1892-1895) erabakigarriak izan ziren: Puvis de Chavannes, Gervaux eta Carrière pintore ospetsuek La Palette akademian ematen zituzten klaseetara joanez eta Montmartreko bere estudioan gogor lan eginez, gero adiskide min izango zituen Pablo Uranga arabar pintorearen, Paco Durrio eskultorearen, Rusiñolen eta Kataluniako beste zenbait artistaren ezaupidea egin zuen, batetik, eta joera berriak nondik nora zebiltzan jakin zuen, bestetik. Orduan ezagutu zituen Gauguin, Van Gogh eta Toulouse-Lautrec ere.
Hogeita bat-bi urterekin, horiek inguruan zituela, eta, egin zuen bezala, horietako pintore handi batzuen ondoan Le Barc de Bouteville arte merkatari famatuaren dendan bere koadroak erakutsi izanik (1891), gauza zaila zen inpresionismoak ukitu gabe geratzea. Batez ere Degasen tonu grisek liluratu zuten Zuloaga, ez inpresionisten margo lauso eta horien koadroetako sentiberatasunak.
Bi urteren buruan, Parisko joeretatik komeni zitzaiona hartu, egindako ezaupideekin harremanak loturik utzi, eta bidenabar Ingalaterrara eta Italiara bisita bana eginik, giroz aldatzea erabaki zuen, izan ere hango joerek bere barruan leku asko hartzen ari zitzaizkiola eta bere bidea izakien ageriko itxura ez baina barruko arnasa adieraztea zela iruditzen baitzitzaion.
Halabeharrez edo, 1892an Sevillara joan-etorri bat egiteko aukera izan zuen, Eibarren oporretan zegoela, eta hango argiak eta giroak liluratu zuen. 1893a ere Parisen eman zuen, baina ahal zuen azkarren Sevillara aldatu zen —gogoz ere—, eta hango giroa hobekiago beretu eta pintatzearren, ijito argotaren hiztegi bat erosita hori ikasten eta Manuel Cardona El Panaderoren zezenketa eskolara joaten hasi zen; zezenketa batean parte ere hartu zuen. Ordutik 1898 arteko koadro gehienetan, Andaluziako argia, giroa eta pertsonaiak(toreatzaileak, ijitoak, nekazariak) pintatu izan zuen.
Paris atzean utzirik
1895eko Boutevilleren dendako erakusketan oso harrera ona izan zuten, besteak beste, Emakume ijitoaren barrea, Dotoretasuna eta Pelando la pava koadroek, bai kritikoen eta baita bildu ziren artisten aldetik ere, eta berdin Bartzelonako 1896ko eta 1898ko erakusketetan, Bi adiskideak eta Zezenketaren bezpera koadroek. Batekin lehenengo onenaren domina eta bigarrenarekin onenaren domina eman zioten erakusketa horietan. Garai horretakoak ditu, halaber, Nire aita bere lantegian, Alcalá Guadairako emakumea eta Grisen estudioa obrak ere.
Errealismo zehatzean eta irudiak margo huts bihurtzeko joeran erori gabe, elementu bakoitzari barrutik zerion indarra agertzen saiatu zen garai horretan. Eta koloreak ere, argiak (gehienetan, horiak, kremak, urdinak eta grisak) nahiz kontrasteko ilunak (marroiak eta beltzak) oso zuzen taxutu izan zituen elkarrekin. Nabari da koadro baten habe diren elementuak, marrazkia, margoen erabilera eta espazioen antolaketa eskuaren nahiera jarri samarrak zituela jadanik, baina ez kanpoko eta barruko bazter guztiak arakatuak, eta ezta gauzen barruko muina atzeman beharra ere asea; izan ere 1898an Segoviara osabari bisita egitera joan eta, urte batzuk lehenago Sevillak bezala, erabat gogoa berendu baitzioten Segoviako paisaiek eta hango jendearen izateko nahiz bizitzeko era gogor zorrotzak. Tipikotasunaren alde berri bat-edo ikusi zuen han, eta Sevillatik Segoviara aldatu zen urte berean.
Jende bitxia edo traketsa (nanoak, nekazariak), paisaia lehorrak eta kolore ilunak aukeratu eta erabili izan zituen laztasun hura adierazteko. Dramatismoa, inoiz Goya eta Velázquez gogorarazten dizkiguna, da nagusi orduko koadroetan eta handik aurrera egin zituen askotan. Besteak beste, Nire lehengusinak, Nire osaba eta nire lehengusinak, Torquemadako alkatea eta haren ondokoak, Segoviako tipoa koadroak dira garai horretakoen lekuko.
1899an, berriz ere Parisa (Salon de la Société Nationalera) jo zuen aurkikuntza horren arabera egindako obrekin. Aurreko guztietan ez bezalako arrakasta izan zuen, Mi tío y mis primas izeneko obrarekin, batik bat.
Hain ere hala, non 1895az gero Zuloagaren erdi andregai zen Valentine Dethomasen gurasoek ere (bankagizon diruduna zen aita) alabari orduan utzi baitzioten Zuloagarekin ezkontzen. Handik aurrera, ordu arteko bizimodu alderraia utzi eta udazkena Segovian, negua Parisen eta gainerakoa Madrilen ematen hasi zen. Bestalde, bere obra Europako erakusketa handi guztietan aurkeztera animatu zuen arrakasta horrek: besteak beste, Dresdenen, Venezian eta Düsseldorfen aurkeztu zuen hurrengo urteetan. Bere buruarengan konfiantza handiagoa ere hartu zuen aldi berean.
Heldutasun aldia
1906tik Lehen Mundu Gerra bitartekoa izan bide da Zuloagaren heldutasuneko aldia. Parisen eta Segovian etxe berri bana hartu eta lanari ekin zion. Espainiarekin zerikusirik zuten gaiak margotu zituen batik bat: neotremendista kutsuko Kristo Odoletakoaren kofradia, estilo beretsuko Gregorio de Sepúlveda, Gregorio el Botero eta beste. Baina ez horrelakoak bakarrik, zeren hartu zuen ospearekin jende handi dirudun asko hasi baitzitzaion erretratuak egiteko eskatzen, estatubatuar andre dirudunak, gero Ameriketan ezagutaraziko zutenak besteak beste. Aldi horretakoak ditu Noaillesko kondesaren erretratua, Maurice Barresena eta 1909an eta 1924an bere koadroak New Yorka eramango zituen Lydig andrearena. New Yorken ez ezik Estatu Batuetako zenbait hiri nagusitan eta Habana, Mexiko eta Buenos Airesen aurkeztu zen Zuloagaren lana. Bigarren aldian, Zuloaga bera eraman nahi izan zuen Lydig andreak, eta Pablo Uranga lagun zuela joan zen. Handia izan zen bigarren horretan New Yorken izan zuen arrakasta, 75.000 ikusle igaro baitziren 5. hiribideko Reinhardt galeriatik.
1911an Erromako Nazioarteko Erakusketan sari nagusia jaso zuen; paradoxikoki, Italiako gobernuak deituta parte hartu zuen bertan, Espainiako ordezkaritzak ez baitzuen gonbidatu. Handik bueltan, Eibarren omenaldi handia egin zioten.[4]
Estatu Batuetatik itzultzean, Zumaian bizitzen jarririk, enkarguzko lanak alde batera-edo utzi eta gogokoago zituenak egiteari lotu zitzaion: aspaldidanik lagun zituen toreatzaileen (Belmonte, Ortega) eta 98ko belaunaldiko lagunen erretratuak (Unamuno, Julio Beobide eskultorea, Falla, Azorín) eta Aragoiko, Nafarroako eta beste zenbait lekutako paisaiak.
Konposizio handiak alde batera utzi eta koadro intimistagoak egin zituen aurrerantzean. Zuloagaren obran ez da, noski, garai bertsuko Picasso eta Mirórenetan bezalako berrizaletasunik nabari, baina bai halako barrutik zetorkion indar eta zintasun berezi bat. Arrazoiren bat bada, zernahi dela ere, Euskal Herriko geroko hainbat pintorerengan izan duen adinako eragina izateko.
Frankismoarekin harremana
Espainiako Gerra Zibilarekin batera Francisco Franco errebelde eta gero diktadorearen aldeko jarrera sutsua hartu zuen. Esan daiteke urte haietan haren heriotza gertatu arte, 1945an, Zuloagaren lan nagusiak diktaduraren laudorioak izan zirela; esaterako Valle de los Caídosen lanetan lagundu zuen, Francoren erretratua eta Millan-Astrayren erretratua egin zituen... Frankismoak margolariaren irudia kanpoko propaganda kanpainetan erabili zuen.[5]
Frankismoaren aldeko jarrera hori gerra amaitu aurretik ere hasi zen. 1938rako pintatua zuen Toledoko Alkazarraren setioko heroiei eskainitako margoa, zeina, kritikariren baten iritziz, "nolabait Picassoren Gernika-ren antitesia dena, bai apustu estetikoan, baita, bistan denez, politikoan ere"[6]. 1938an bertan eman zioten Benito Mussolini saria Venezian. Halaber, Francok Hitlerrengana hurbildu nahi izan zuenean, Zuloagaren hiru margo oparitu zizkion.
Dena dela, bada honen inguruko beste hipotesi bat. Horrela dio Ismael Manterolak: "Zer egin behar zuen Zuloagak? Francori ezetz esan? Ez zuela pintatuko bere erretratua? Posible al zen 1937an Francori ezetz esatea iragan errepublikanoa izanda?"[7] Planteamendu horren arabera Zuloaga hasiera batean errepublikaren aldekoen zerrendetan zegoen eta dokumentu hori Jose Maria Huarte frankistak zuen. Huarte horrekin konforme ez eta margolaria Burgosera bidali zuen. Orduan "Zuloagaren bando aldaketa" egiaztatu omen zen. Ondoren Zuloagak egindako lanak bere bekatua ordaintzeko izango ziren.
Museoak
Ignacio Zuloaga institutua
Eibarren, Zuloagaren jaioterrian, haren izena duen institutu bat dago. Institutu horrek batxilergo zientifikoa, humanistikoa, eta artistiko eta teknologikoaren adar bat ikasteko aukera ematen du, bai eta lanbide heziketako ziklo batzuk ere.
Kale eta plazak
Argazki galeria
- Ignacio Zuloaga 1909an
- Zuloaga museoa Zumaian
- Zuloagari monumentua Eibarren
- Zuloagari monumentua Madrilen
- Margolariaren hilobia Donostiako Polloeko hilerrian.
Margolan batzuk
- Ermitaua, 1904.
- Herriko zezenketaritxoak, 1906.
- Odolaren Kristoa, 1911.
- Anita Ramírezen erretratua, 1915 inguruan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2012-01-10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- (Gaztelaniaz) GUTIÉRREZ VIÑUALES, Rodrigo. Ignacio Zuloaga y Cesáreo Bernaldo de Quirós, artistas con raíces eibarresas. , 1 or..
- «Ignacio Zuloaga: Biografia», Ignacio Zuloagari buruzko museoen webgunea.
- Lehen, Pays Basque D'antan Euskal Herria. (2019-03-07). «EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN: LE PEINTRE IGNACIO ZULOAGA À EIBAR EN GUIPUSCOA AU PAYS BASQUE EN 1912» EUSKAL HERRIA LEHEN - PAYS BASQUE D'ANTAN (Noiz kontsultatua: 2019-03-07).
- https://web.archive.org/web/20160923200029/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/arte/25/25233243.pdf
- Bereziartua, Gorka. «Ignacio Zuloaga, pintore ilustre gaitzesgarri bat | Boligrafo gorria» www.argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-05-30).
- https://www.berria.eus/paperekoa/1960/031/001/2019-07-07/zuloaga.htm
Ikus, gainera
- Euskal Herriko artisten zerrenda
Kanpo estekak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignacio Zuloaga |
- Zumaiako Ignacio Zuloaga museoa
- (Gaztelaniaz) Zuloagaren museoak
- (Gaztelaniaz) Museo Ignacio Zuloaga de Zumaia