Ignaz Seipel
Ignaz Seipel (Viena, Austria-Hungariako Inperioa, 1876ko uztailaren 19a - Pernitz, Berndorfetik hurbil, Austria, 1932ko abuztuaren 2a) Austriako estatu-gizona eta apaiza izan zen.
Biografia
1899an egin zen apaiz, eta teologia irakatsi zuen Salzburgon (1909) eta Vienan (1917). 1918an Gizarte Aurreikuspeneko ministro izendatu zuten, 1919an diputatu hautatu zuten, eta 1921ean Alderdi Sozial Kristauko lehendakari egin zuten.
1922an Austriako kantziler hautatua izan ondoren, ekonomia-neurri zorrotzak ezarri zituen. Austriako finantza-krisia gainditu zuen, eta diru berria kaleratu zuen. 1924an atentatu bat jasan zuen, eta kargua utzi zuen. 1926an kantzelaritzara itzuli zen, legebiltzarra indargabetu zuen, eta hauteskundeak antolatu zituen. Urte bereko hauteskundeetan garaile irten ondoren, gogor zapaldu zuen 1927. urteko Vienako sozialisten matxinada. Azken urteetan Kanpo Arazoetarako ministro izan zen.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ignaz Seipel |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.