Ignacio Bolívar Urrutia
Ignacio Bolívar Urrutia (Madril, 1850eko azaroaren 9a - Mexiko Hiria, 1944ko azaroaren 19a) naturalista eta entomologoa izan zen, Espainian Natura Zientzien bultzatzaile nagusietako bat. [1]
Ignacio Bolívar Urrutia | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1934 - 1939 ← Santiago Ramón y Cajal - baliorik ez →
1921 - 1930
1920 -
1907 -
1901 - 1934 | |||||||||||
Bizitza | |||||||||||
Jaiotzako izen-deiturak | Ignacio Bolívar y Urrutia | ||||||||||
Jaiotza | Madril, 1850eko azaroaren 9a | ||||||||||
Herrialdea | Espainia | ||||||||||
Heriotza | Mexiko Hiria, 1944ko azaroaren 19a (94 urte) | ||||||||||
Familia | |||||||||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||||||||
Hezkuntza | |||||||||||
Heziketa | Unibertsitate Zentrala | ||||||||||
Hizkuntzak | gaztelania | ||||||||||
Ikaslea(k) | ikusi
| ||||||||||
Jarduerak | |||||||||||
Jarduerak | naturalista, zoologoa, entomologoa eta katedraduna | ||||||||||
Lantokia(k) | Natur Zientzien Museo Nazionala | ||||||||||
Enplegatzailea(k) | Unibertsitate Zentrala Natur Zientzien Museo Nazionala | ||||||||||
Jasotako sariak | ikusi
| ||||||||||
Kidetza | Real Academia Española Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademia Natura Historiaren Espainiako Errege Elkartea Royal Academy of Sciences and Arts of Barcelona (en) spanish association for the progress of sciences (en) |
1850-1866: gaztaroa
Familia
Aita Mungiakoa zuen, militarra, Madrilera destinatua.[2] Beste iturrien arabera, ordea, gurasoak (José Bolívar eta Ana María Urrutia) madrildarrak ziren baina euskal jatorrikoak (Ignacioren aitaren aita Euskal Herrian jaioa). Hita kalean, 4 zenbakian bizi ziren, eta hantxe jaio zen Ignacio. Haurtzaroa eta gaztaroa etxe honetan eman zituen; XX. mende hasieran kalea Gran Via eraikitzeko suntsitu zen arte (gaur egun, Miguel Moya kalea dago han).[3]
Bataioan ezarri zizkioten izenak hauek izan ziren: Ignacio de Loyola, Teodoro, Sotero, Francisco, Jerónimo, José, Melchor.[4] Josék eta Ana Maríak beste bi haur izan zituzten: José, Madrilgo udalean mediku izango zena; eta Ana, José María Lluch-ekin ezkondu ostean (Espainiako kontsula Toulousen eta AEB-etako zenbait hiritan) atzerrian bizi izango zena.[1]
Ignaciok lehen ikasketak amaitu aurretik hil ziren gurasoak. Orduan bere osaba Cirilo Bahía-rekin bizitzera joan zen. Orduantxe hasi zitzaion natura zientziekiko zaletasuna, eta mineral eta intsektu bildumak abiatu zituen.[1]
Naturarekiko zaletasuna
Naturarekiko zaletasunean eragin handia izan zuten haurtzaroan irakurritako bidai-liburuak. Ignacioren beraren hitzetan, horien bidez, "leku urrun eta magiko"etara bidaiatzen zuen "Robinson Crusoe bezala". Eskola garaian beste haurrekin Madril inguruetan txangoak egin zituen, lehen landare, mineral eta intsektu bilketak eginez. Zahartzaroan, oraindik orduko pasarteak ongi gogoratzen zituen: "Un hecho insignificante vino, siendo aún niño, a favorecer y orientar mi atención hacia los insectos, y fue el haber encontrado en casa un insecto muy extraño traído sin duda con la ropa de lavar, pues en aquella época el lavado se hacía en el río por la escasez de agua en la Corte. Era, como más tarde supe, una larva de Empusa, mántido estrafalario que por sus movimientos y actitudes parecía imitar a una personita. Su cabeza terminada por una mitra cónica dirigía sus miradas a uno otro lado, y sus dos patas anteriores replegadas como los brazos de un monje en oración, se lanzaban como movidas por un resorte contra las moscas que se ponían a su alcance, fallando rara vez el golpe, y después mantenían su presa, como cogida por unas manos, al alcance de su boca que la iba devorando, manifestando con los graciosos movimientos de su cabeza la satisfacción que experimentaba. ¡Que espectáculo tan maravilloso!, y no es extraño que quedara grabado en mi memoria con tanta claridad que aún en estos momentos me parece estar presenciándolo”.[4]
Gaztetan, Ignaciok denboraldi luzeak egin zituen Baionan, han bere osaba Javier bizi baitzen. Javier hau karlistadetan ofizial izandakoa zen,[1] Bergarako Hitzarmena ez onartzean erbesteratua.[2]
Batxilergoa Madrilgo eta Valladolideko "Instituto de Noviciado" ikastetxean egin zuen, 1866ean amaituz.[4]
1867-1874 : goi mailako ikasketak, elkarte zientifikoak
Ikasketak aukeratzerako orduan, Zientzietan eta Zuzenbidean eman zuen izena; lehena bere gustukoa zelako, eta bigarrenean familiak derrigortuta. 1867-1870 artean, Ignaciok Natura Zientzien Museoa eta Errege Lorategi Botanikoa ezagutu zituen, Zientzia fakultateko ikasgai asko bertan ematen baitziren. Irakasleen artean Juan Chávarri (mineralogia), Juan Vilanova (geologia eta paleontologia), Lucas de Tornos (ornogabeak) eta Mariano de la Paz Graells (ornodunak eta anatomia konparatua) izan zituen. Lorategi Botanikoan, Miguel Colmeirok organografia, landare-fisiologia eta fitografia ematen zieten.[3] Laureano Pérez Arcas zoologia katedraduna ere irakasle izan zuen, bere bizitza zientifikoan eragin handia izan zuena;[5] besteak beste, zenbait kualitate barneratuz: lanean seriotasuna, jakintza-alardeak ez egitea, eta zalantzazkoa jakintzat ez ematea.[1] Ikastetxe hauetan motibazio giroa handia zen: Ignacio Bolívarrek berak kontatua da, batzuetan, irakasleen azalpenak entzutera kanpoko jende gehiago joaten zela, matrikulatuak zeuden ikasleak baino.[3]
1868ko Iraultzak Espainian gizarte aldaketa sakonak ekarri zituen; horren ondorioetako bat izan zen Real Sociedad Española de Historia Natural sortzea. Elkartea egiteko ideia Pérez Arcasen etxean egin ohi zituzten naturzale-bileretan garatu zen. 1871eko otsailaren 8an eratu zuten, Instituto Industrial-eko irakasle gelan, 14 pertsonen artean; besteak beste Colmeiro, González Hidalgo, Jiménez de la Espada, Martínez y Sáez, Paz y Membiela, Pérez Arcas, Jose Maria Solano Eulate, Serafin Uhagon, Vilanova y Zapater eta Ignacio Bolívar; Ignacio, oraindik ikasketak amaitu gabea, haietatik gazteena zen, eta lehen urtean idazkariorde lana hartu zuen. Lehen argitalpena egiteko behar ziren 3000 pezetak denen artean jarri zituzten, eta urte amaierarako 240 sozio ziren. Denborarekin handituz joan zen, 1920ko hamarkadarako Espainiako elkarte zientifiko garrantzitsuena bihurtuz; eta Ignaciok bere lanik garrantzitsuenetako batzuk bertan burutuko zituen, diruzaintzaz eta argitalpenez arduratuz eta elkartearen eusle nagusia bihurtuz.[1]
RSEHNak zientifiko helduak bildu bazituen ere, Ateneo Propagador de las Ciencias Naturales izeneko erakunde paralelo bat sortu zen urte berean (1871). Dibulgaziora zuzendua, afizionatu gazteak eta naturzaleak biltzen zituen eta Bolívarrek hor ere parte hartu zuen, bertako kideak adinez hurbilago baitzituen: Calderón, Boscá, Quiroga, Sanz de Diego anaiak (José eta Maximino), Mazarredo, López Vidaur... Helburuak SEHNren antzekoak ziren: bilera periodikoak egitea komunikazioak aurkezteko eta eztabaidatzeko; liburutegia, bilduma naturalistikoak sortzea. Bigarren urtean, APCNk 76 sozio biltzen zituen, eta 10 babesle (haien artean SCHNko zenbait "aitabitxi", besteak beste Colmeiro, González Hidalgo, Graells, Martínez y Sáez, Pérez Arcas, Tornos eta González de Velasco). Zenbait argitalpen argitaratu zituen, babesleen diru laguntzei esker; haietakik lehena Bolívarren "Apuntes para la caza y conservación de los insectos". Memorietan, berriz, artikuluak biltzen ziren; haien artean Bolívarren lanak ere izan ziren, hala nola "Sinopsis de los ortópteros de España y Portugal" artikuluaren lehen atalak, "Clasificación de los ortópteros y su distribución geográfica en la Península" (besteak beste, Espainian izurriak sortzen zuten oti espezieari buruzkoa),[1] eta bere lehen lan garrantzitsua: “Cuadro para facilitar la clasificación de las especies españolas del género Gryllus (Ortópteros)" 1873an.[3]
1873an amaitu zuen Zientzietako lizentziatura, eta RSEHNren aldizkarian "Ortópteros de España nuevos o poco conocidos" artikulua argitaratu zuen, zortzi espezie berri deskribatuz, Espainian ordura arte aurkituak ez ziren beste askorekin batera.[3] Natur Zientzietan doktoratu zen,[5] "Apuntes para la clasificación de los ortópteros y su distribución geográfica en la Península" tesiarekin;[4] Zuzenbidean, ordea, lizentziatura amaitu zuen bakarrik. Halere, denborarekin Zuzenbide Doktore honoris causa titulua eskuratuko zuen (1910eko hamarkadan Pittsburgh-eko Unibertsitateak emana, bere ibilbide zientifikoarengatik).[1]
1875-1900: lehen lanpostuak, ezkontzak, kanpo lanak
1875ean Natura Zientzia Museoan zoologia laguntzaile postua eskuratu zuen;[3] Museoa 1771ean sortua zen, Carlos III. Espainiako erregearen aginduz, eta hasiera batean Alcalá kaleko Goienetxe jauregian ezarri zen; hor ezagutu zuen Ignaciok, dekadentzia betean. Bere kide Jose María Solanok idatzitako "Guía del Gabinete de Historia Natural" argitalpenean museoaren instalakuntza xumeak ondo deskribatu zituen.[6]
1875ean, baita ere, Madrilgo Unibertsitate Zentraleko irakasle postua lortu zuen,[3] eta 1877an Entomologiako katedra. Artean 27 urte bete gabeak zituen, eta lanpostu honetan jardungo zuen 1920an erretiroa hartu arte.[3] Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Fakultatearen sorrera ere bultzatuko zuen geroago, mundu akademiko eta politikoko beste zenbait personalitateekin batera; Fakultate honetan sartuko zen Telesforo Aranzadi irakasle bezala.[1]
1877an lehen aldiz ezkondu zen, Pilar Pieltainekin (Antolín Pieltain generalaren alaba), baina emaztea denbora gutxira hil zen. Berarekin hiru haur izan zituen: Pilar, Ignacio eta José.[1]
Ikasketetan naturguneetara exkurtsioak egin bazituen ere, amaitu ostean are gehiago. Kanpo irteeretan, bereziki hiru lagunekin aritu zen: Laureano Pérez Arcas, Francisco Martínez Sáez eta Serafín Uhagon. Etxetik hurbil Gredos eta Guadarrama bisitatzeaz gain, udako oporretan Kantauri itsasoko ertzera joaten zen,[3] bereziki Santander eta San Vicente de la Barquerara. Txangoetan Bolívarrekin aritutako beste lagun batzuk izan ziren Zapater, Carlos Mazarredo, Angel Larrinúa, Calderón, Sanz de Diego anaiak, Manuel Allendesalazar, Salvador Calderón, Francisco Quiroga eta Augusto González de Linares. Euskal Herrian ere behin baino gehiagotan izan zen. Besteak beste, 1911an, Cándido 14 urteko semearen laguntzarekin, Urduñako zenbait kobazulotan ere laginketan arituko zen;[7] gerora, semeak lurpeko faunaren arloan sakonduko zuen, Mexikon ikerketa espeleologikoak abiatuz.[8]
1889an Ignacio bigarrenez ezkondu zen, Fermina Pieltainekin (Cándido Pieltain lotinant orokorraren alaba).[1]
1901-1906: Museoaren berrantolakuntza, eta Zientzia Fakultatean dekanoa
XIX. mendeko azken urteak izan zituen Bolívarrek ikerkuntza aldetik produktiboenak: Zientzia Fakultatean, animalien bildumak estudiatzen eta tolesten egindako lan handia baliatuz, intsektuak eta krustazeoak batez ere.[3] Halere, Natura Zientzien Museoan krisi aldi bat jazo zen: 1895ean instalakuntzak uztera behartu zituzten, bildumak modu txarrean (48 ordutan) Palacio de Biblioteca y Museos Nacionales eraikinaren sotora eramanez. Ikerlariek protesta handiak egin zituzten, aldaketaren prezipitazioarengatik eta esleitutako leku berriak ez zituelako baldintza minimoak betetzen; teknikoki lan egin ezinik geratu ziren.[1] Urte batzuk horrela igaro eta gero, berrantolakuntza bat egin zen eta Ignacio Bolívar bera izendatu zuten zuzendari; zeregin hau 1901 eta 1934 artean beteko zuen. 1902an, bultzakada handia eman zion Museoaren baliabide urrien erabilpenari eta ikerlarien arteko koordinazioari; eta 1910ean, 15 urtez soto hartan egon ondoren, gaur egungo eraikinera aldatzea lortu zuen, museoak inoiz bizi izan duen garai oparoenetakoa abiatuz. [3]
Bolívarrek garrantzi handia ematen zion erakusketei, kultura zientifikoa sustatzeko ezinbesteko baliabidea zirela iritzita. Hori dela eta, Museoan animaliak bere ingurumen naturalean irudikatzen zituzten instalazioak bultzatu zituen. Honetarako, Jose María eta Luis Benedito anaien laguntza izan zuen, taxidermian eta diorama muntaketan lan esanguratsua egin zutenak.[9]
1904an, bost urtez, Zientzia Fakultatearen dekanoa izan zen; hori zela eta. garai horretan denbora gutxiago eskaini ahal izan zion ikerkuntzari.[1]
1907-1935: JAE, akademiak, jubilazioa, VI Entomologia Kongresua
Krausismoari lotua, 1907an Junta para Ampliación de Estudios (JAE) erakundearen sorreran parte hartu zuen, bokal kargua betez, Santiago Ramón y Cajalen zuzendaritzapean. [1]
Eboluzioaren teoriaren jarraitzailea, 1909an Cambridgen Charles Darwini eginiko omenaldian parte hartu zuen, Espainiako ordezkari bezala.[9]
1915ean, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademian ofizialki sartu zen. Izatez, akademiko izendapena 1898an jasoa zuen, baina Bolívarri bere burua nabarmentzea gustatzen ez zitzaionez, onarpen ofizialerako diskurtsoaren prestaketa sine die atzeratuz joan zen. Azkenean, lagunek konbentzituta, urte honetan egin zuen.[1]
1920an, 70 urte betetzearekin batera, erretiroa eman zioten; halere, beste 24 urtez, Ignacio Bolívarrek lan zientifikoarekin jarraituko zuen. Lana egiteko sasoi betean zegoela iritzita (erretiroa beharturik hartu zuen), Ramon y Cajalek Espainiako Hezkuntza Ministroari idazki bat zuzendu zion, espreski eskatuz Natura Zientzien Museoaren zuzendari eta Entomologia Sailaren arduradun postuetan berresteko; ministroak eskaria onartu zuen, eta horrenbestez Bolivarrek lan hauekin jarraitu ahal izan zuen.[1] Ez hori bakarrik, gainera Errege Lorategi Botanikoaren zuzendari izendatu baitzuten; 1921etik 1930era beteko zuen kargua, Lorategian berrantolakuntza handia bultzatuz.[3]
1922an Museoko Entomologia Sailaren ardurari uko egin zion, bere zeregin guztiek lan hau behar bezala betetzea eragozten ziotela adierazita. Bere ordez, Cándido semea sartu zen. Halere, Ignaciok sail honetan lanean jarraitu zuen eta, 1925ean, "Eos" aldizkaria sortu zutenean, haren zuzendari lana hartu zuen.[3]
1931ean gaztelera arautzen duen Espainiako Errege Akademian sartu zen. Bere sarrera diskurtsoan Natura Historiaren hizkuntzaz aritu zen, izakiak izendatzeko erabiltzen diren izenei buruz. Akademia honetan, zientziaren lexikoari buruzko fitxak egiteaz arduratu zen.[1]
1934ean, Ramón y Cajal hil eta gero, JAEren zuzendaritza hartu zuen; bere bigarren eta azken lehendakaria izango zen, erakundea 1939an desegin aurretik.[1]
1935ean, Madrilen ospatutako VI Nazioarteko Entomologia Kongresuaren presidente izendatua izan zen,[3] irekiera ekitaldian Espainiako lehendakari Niceto Alcalá Zamoraren ondoan hitz egin zuelarik. 1936ko gerrak kongresuaren hitzaldi zientifikoen argitalpena geldiarazi zuen.[4]
Ikerkuntza
Ignacio Bolívarren ikerketa arlo nagusia entomologia izan zen, nazioartean ospe handia lortuz. Bere garaian zientzia arlo honetan aditu nagusietako bat izan zen, bereziki ortopteroetan;[3] hori dela eta, atzerriko elkarte entomologiko eta zoologiko nagusiek kidetzat hartu zuten, hala nola Belgikako, Frantziako, Erresuma Batuko, Suediako, Argentinako, Bostongo, Filadelfiako, Portugalgo edo Bohemiakoak. 300 liburu eta monografia baino gehiago idatzi zituen -asko, berak marraztutako ilustrazioekin-, 1000 espezie eta 200 bat genero berri aurkituz.[1] Horrez gain, hainbat gazte entomologian ikertzera animatu zituen, hala nola gerora ospetsu izango ziren José María de la Fuente, Eugenio Morales Agacino edo Cándido semea.
Bere garaiko zenbait zientzialariren aldetik ere kritikak kaso zituen. Zehazki, zalantzan jartzen zuten Bolívarrek naturzale guztiak ordezkatzen zituenik; eta zientzialariei babesa emateko erabilitako irizpideak edo lehentasunak arbitrarioak zirela egozten zitzaion,[10] edo botanika arloa ez zuela behar bezala sustatzen.[11]
Ortopteroak
Esan bezala, Ignacio Bolívarren ibilbide zientifikoan, ortopteroen ikerkuntzak (matxinsaltoak, otiak, txirtxirrak...[9]) leku berezia hartu zuen. Natura guneetan eginiko lehen laginketek arlo honetako izakiekiko interesa piztu zioten, artean Espainian oso gutxi ikertua zena. Hurrengo urteetan taxonomia lan handia egin zuen (besteak beste, atzerriko museoetan zeuden bildumak aztertzen lagunduz: Lisboa, Paris, Oxford...[12]), eta genero eta espezie berri ugari deskribatuz, ortopteroen ordena Europako ikertuena eta ugariena bihurtzeraino.
Bolívarrek 1876-78 artean publikatutako lan bat ("Sinópsis de los Ortópteros de España y Portugal") iraultza izan zen, ordura arteko entomologo espainiarrek (Pérez, Graells eta Mieg) orden honi arreta gutxi eskainia baitzioten, eta kanpokoen artean ere Rambur eta Dufour-en ikerketak baino ez zeuden; artean Iberiar Penintsula osoan 50 espezie inguru baino ez ziren ezagutzen. Bolívarrek zailtasunak izan zituen ikerketa abiatzeko: liburu arraroak eta garestiak lortuz, eta atzerriko espezialistekin harremanetan jarriz: Brunner von Vattenwyl Vienan; Stål Stockholmen; Saussure Genevan; eta Selys Longchamps Bruselan. Azken honek, jada 1877an, Belgikako Elkarte Entomologikoaren aurrean Bolívarren lana goretsi zuen, etorkizunean ortopteroak ikertu nahi zituen edozeinek bere lanak kontsultatu beharko zituela iragarriz. Hain zuzen ere, hurrengo urteetan atzerriko museo askok Bolivarrengana joko zuten hainbat naturzaleren materialak ikertzeko eta argitaratzeko: bere eskuetatik pasatuko ziren, adibidez, Eugène Simonek Venezuelan eta Filipinetan jasotakoak, Alluaudek Assinian, Seychellen eta Reunionen, Grimaldik Madeiran eta Azoreetan, josulagunek Trichinopolisen eta Barroisek Sirian. [1]
Bolívarrek eginiko lana Bruner, Saussure, Pictet eta Redtenbacher ikerlariek eginikoarekin kointziditu zuen eta, haiekin batera, ortopteroen sistema modernoaren sortzailetzat hartzen da.[13]
Ozeanografia
Bolívarrek itsasoko izadiaren arloan ere interesa zuen, eta hain zuzen ere, Espainiako lehen estazio ozeanografikoaren ezarpenean parte hartze oso aktiboa izan zuen: Santanderko Itsas Biologia Estazioa, 1886ean. Estazio hau Augusto González de Linares kantabriarrak bultzatu zuen, atzerriko hainbat esperientzia ozeanografiko ezagutu eta gero (Wimereux, Concarneau, Marseilla, Napoli). Espainian arlo hau landu gabe zegoenez, biologia estazio bat egiteko proiektua garatu zuen, Hermenegildo Giner de los Riosen (Espainiako jaurlaritzaren babesa lortuz) eta Bolívarren laguntzarekin, Santanderren ezartzea lortu zuena.[1] 1908an Balearetako Itsas Biologia Laborategiaren ezarpena ere babestu zuen. Baina 1914ean bere ikasle izandako Odon de Buen-ek Espainiako Ozeanografia Institutua eratu zenean, laborategi hauek Natura Zientzia Museoaren kontroletik kanpo geratu ziren; honek Bolívar Buen bere ikasle ohiarekin haserretzea ekarri zuen.[4]
Arlo berarekin lotua, zenbait argitalpen ere egin zituen Bolívarrek: 1891ean RSEHNeko aldizkarian Alberto I Monakoko printzearen "Hirondelle" yatean erabiltzen ziren arrantza tresnei buruz idatzi zuen, eta sasoi bertsuan, Espainiako eta Portugaleko krustazeoei buruz, 300 espezie baino gehiago aipatuz.[1]
Afrikako ikerketak
Afrikan ere ibili zen Bolívar. Lehen kontaktua 1881ean izan zuen, Assotiation Française pour l'Avancement des Sciences elkartearen kongresua Aljerian ospatu zenean. Espainiaren ordezkari bezala joan ziren Juan Vilanova, Ignacio Bolívar, Carlos Mazarredo eta Angel Larrinúa. Kongresuaren ostean, azken biekin Oranen eta Aljeriako hegoaldean denboraldi bat egin zuen, basamortuaren mugetaraino lagin biologikoak jasoz. Handik gutxira Marokon izan zen, zenbait ikaslerekin Tangerretik Tetuanera bidaiatuz.[1] XX. mende hasieran Ipar Afrikako fauna ortopterologikoan gero eta interes handiagoa erakutsi zuen. 1905ean Comisión de Estudios del Noroeste de África bultzatu zuen, eta bere lanari esker 1903-1910 artean RSEHN-aren Memorien I. tomoa argitaratu zen, Manuel Martínez de la Escalerak Ekuatore Gineako Rio Munin jasotako bildumei buruzko monografikoa.[3]
Espainiako gerra zibila
Errepublikako gobernuarekin
1936ko estatu kolpearen ostean, JAEk Bolívar zuzendari bezala berretsi zuen, eta Espainiako II. Errepublikako Jaurlaritzak Natura Zientzia eta Antropologia Museoak eta Lorategi Botanikoa erakunde bakarrean bildu zituenean (Instituto Nacional de Ciencias Naturales), bera izan zen lehendakaria. J. B. S. Haldane biologoak Nature aldizkarian idatziriko kronikan kontatu zuenez, udazken horretako bonbaketen artean Museoak bere lanarekin jarraitzen zuen.[9] Museoak berak zenbait obus inpaktu jaso zituen[4] eta, azkenean, egoerari eutsi ezinik, 1936 urtearen amaieran ikerkuntza azpiegiturak Madrildik Valentziara ebakuatzea erabaki zen; langileak eta ikerlari batzuk hara mugitu ziren, baina beste batzuk Madrilen jarraitu zuten martxan zituzten laborategiko lanak zaintzen.[4] 1937ko urrian Errepublikako Jaurlaritza Bartzelonara aldatu zenean, INCNaren zuzendaritza ere hara joan zen, zenbait ikerlarirekin batera. Halere, handik gutxira, Ignacio Bolívar senide batzuekin behin betiko Frantziara igaro zen, Cándido semea bertan utziz (artean Azaña lehendakariaren idazkaria baitzen).[3] Lehenik denboraldi bat Saran (Lapurdi) egin zuten; eta 1939ko urtarrilean Vernet-les-Bains herrira aldatu ziren. Han errefuxiatuak hartzeko gune bat antolatu zen, eta Bolivartarrek pisu txiki bat konpartitzen zuten 15 pertsonaren artean.
RSEHN elkartearen aktibitatea ere kaltetu zen; bertan gordetzen den dokumentazioaren arabera, Ignacio Bolívar aktibo mantendu zen kide gutxietako bat izan zen, eta 1937 eta 1938 urteetan bere kuotak ordaindu zituen bakarretakoa.[1] Eos aldizkariaren XII tomoa ere 1936-37 artean argitaratu zuten.[4]
1938an, Ignacio Bolívar Unibertsitateko zerbitzu aktibora itzuli zen. Handik egun gutxira, otsailaren amaieran, beste hiru intelektualekin batera (Tomás Navarro Tomás filologoa, Juan Madinabeitia medikua eta Antonio Machado idazlea) manifestu bat sinatu zuen, Juan Negrín lehendakariari babesa publikoki emanez. Bertan adierazten zutenez: "…nosotros, hombres de ciencia, escritores y artistas, queremos reiterar pública y solemnemente nuestra adhesión al Gobierno de la República española, nuestro decidido propósito de ayudarles a defender, hasta la victoria total, la independencia y la libertad de España. Nos dirigimos a los intelectuales de la España aherrojada por el fascismo, para que, conscientes de su deber y de los destinos de nuestro pueblo, señalados por la historia, ayuden desde su campo a la victoria de la República, que será la liberación y el resurgimiento de nuestro país. Nos dirigimos, asimismo, a los intelectuales de todos los países para que laboren tenazmente a favor del pueblo español que combate no sólo en su propia defensa, sino también por la libertad y la cultura universales".[4]
Junta para Ampliación de Estudios erakundearen amaiera
Matxinatuen aldean, Francisco Franco generalaren lehen gobernuak (Burgosko Jaurlaritza, 1938) Errepublikarekin lotutako erakundeak eta pertsonak ezabatzeari ekin zion. 1938ko maiatzean JAE desegitea agindu zuen. Dena den, JAEk Espainiako eremu errepublikanoan gerra amaitu arte funtzionatzen jarraitu zuen;[14] gerra amaitu eta gero sortuko zuten irabazleek Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua (CSIC), JAEren jardunetik geratutako egiturak biltzeko eta lan batzuk jarraitzeko.[15]
Erbesteratzea
1939ko lehen hileetan, Errepublikako agintariak Frantziara ebakuatzearekin batera, Cándido semea Vernet-les-Bainsen zegoen familiarekin bildu zen. Denek batera, hartu beharreko norabidea aztertu zuten. Cándidok bi lan eskaintza jaso zituen, bata Turkiatik eta bestea Mexikotik; azken hau aukeratu zuten.[3]
Frankisten errepresaliak
Espainian, frankismo garaian, Ignacio Bolívarren aztarna ezabatzeko ahaleginak egingo ziren.1940ean VI Nazioarteko Entomologia Kongresuaren hitzaldi zientifikoen argitalpena berrabiatu zenean, autoritate frankistek Batzorde Antolatzaileari eginiko erreferentzia guztiak kendu zituzten, baita Juan Gil Collado, Dionisio Peláez, Federico Bonet, Cándido Bolívar[4] eta Ignacio Bolívarrek aurkezturiko komunikazioak ere (Ignaciok "El género Calliphona Krauss y sus afines (Orth. Tett.)" aurkeztu zuen kongresuan).[1] Zentsura horrengatik, Ignacio Bolívarrek kexa aurkeztu zuen Nazioarteko Entomologia Kongresuen antolakuntza batzordearen aurrean.[4]
Bestalde, agintari frankista berriek Ignacio Bolívar elkarte zientifikoetatik egotzi zuten: RSEHNen baja eman zioten, "ausente zegoelako"; Zientzien Errege Akademian postua kendu zioten, bere ordez Luis Maria Unamuno botanikoa sartuz; espainiar hizkuntzaren Espainiako Errege Akademian baja eman zitzaion Niceto Alcalá Zamora, Tomás Navarro Tomás, Enrique Díez Canedo, Salvador de Madariaga eta Blas Cabrerarekin batera; halere Akademiak ez zuen agindua guztiz bete, eta denboraldi batean bere eserleku hutsa gorde zen.[4] Argitalpenetan, berriz, bere erreferentzia bibliografikoak sistematikoki ezabatzen saiatu ziren.[1]
Mexikoko garaia
Iristea
1939ko uztailaren 26an, Bolívar familia Veracruzera iritsi zen Monterrey baporean. Itsasontzitik jeitsi zirenean, kazetari bat Ignacio Bolívarrengana jo zuen, eta bere adinean Mexikora zertara zetorren galdetu zion; haren erantzuna historiarako jasoa geratu da: "Vengo a morir con dignidad".[16] Handik gutxira Mexiko Hirian bizitzen jarri ziren, Rio de Janeiro enparantzaren 56 zenbakian. Eraikin handia zen, Casa de las Brujas bezala ezaguna bere arkitektura porfirista bereziarengatik,[17] eta bertan Espainiatik etorriko errefuxiatu asko instalatu zirenez, hiriko erbesteratuen bilgune ezagunenetako bat bihurtu zen. Senideek gogoratzen dutenez, aitonari Rio de Janeiro enparantzako eserlekuetan egotea gustatzen zitzaion; eserleku horietan hartzen zituen etortzen zitzaizkion bisitari ugariak, inguruan bilobek jolasten zuten bitartean.[4]
Mexikon, Ignacio Bolívarrek aitortza asko jaso zituen: Casa de España-ren ohorezko kide izendatu zuten (erakunde hau gerraren ondorioz erbesteratutako irakasle, zientifiko eta intelektualak biltzeko sortua zen), eta Espainiako Natura Zientzia ikasketen egoerari buruzko memoria bat egitea enkargatu zioten. Handik gutxira, 1940ko urtarrilean,[4] Sociedad Mexicana de Historia Natural-ek ere ohorezko kidetzat hartu zuen; eta uztailean Mexikoko Unibertsitate Autonomo Nazionalak ohorezko irakasle bezala hartzeaz gain, honoris causa doktore izendatu zuen.[3]
lan intelektualak etenik izan ez zezan, gerra aurretik Espainian unibertsitateko irakasle izandakoek Unión de Profesores Universitarios Españoles en el Extranjero (UPUEE) erakundea sortu zuten. Parisen eratu bazen ere, gero egitura Mexikora aldatzea erabaki zen, bertan zeuden kideak baitziren ugarienak eta aktiboenak; sail honen lehendakaria Ignacio Bolívar zen.[3]
"Ciencia" aldizkaria
Mexikon, Ignacio Bolívarren inguruan, Latinoamerikako zientzialari ospetsuenak bildu ziren zientzia diziplina guztiei eskeinitako gaztelerazko aldizkari bat sortzeko. Aldizkariak "Ciencia. Revista hispanoamericana de Ciencias puras y aplicadas" izena hartu zuen. Lehen zenbakia 1940ko martxoaren 1ean argitaratu zen, eta laster aldizkariak inpaktu-faktore handia lortu zuen.[3] Lehen denboraldietan Espainiara 500 ale bidali zituzten, eta harpidetza eskari asko jaso zituzten bertatik; baina laster autoritate frankistek aldizkariaren banaketa debekatu zuten; 3garren zenbakia atera zenerako, Mexikoko posta zerbitzuek Espainiako Correos-etik jasotako ukazioaren berri eman zieten, eta ezin izan zuten bidali.[4]
Aldizkaria martxan hasi zenean, Ignacio Bolívarrek Indalecio Prietori laguntza eskatu zion Junta de Auxilio a los Republicanos Españoles erakundeak (JARE) bere babesa eman ziezaion, "munduari erakusteko Espainiako zientzia ez zela desagertu, eta ez zela diktadoreen aginduetara makurtu". Babes hori lortu zuten, eta JAREk 1944ra arte diruz lagundu zuen "Ciencia" aldizkaria, beste zenbait argitalpen bezala.[4]
Bizi izan zen artean, zenbaki bakoitzaren aurkezpena Ignacio Bolívarrek egin zuen. 5. zenbakiaren aurkezpenean (1944ko ekainaren 20an), bakearen eta elkarlan zientifikoaren aldarria egin zuen: "Expresamos nuestra firme esperanza de que al redactar las líneas de presentación del próximo volumen de Ciencia la guerra brutal que destroza a la Humanidad haya terminado, y puedan los pueblos oprimidos recobrar su libertad, y los científicos de todas las naciones, que en la mayor parte de los casos son completamente ajenos a las causas determinantes de la contienda, comiencen a estimarse de nuevo y cooperen en la reconstrucción del Mundo”. Ezin izan zuen hori ikusi ordea, handik gutxira hil baitzen, 1944ko azaroaren 19an; artean 94 urte zituela.[3]
Omenaldiak
Bizi zela
1922an, 70 urte betetzearekin batera, bere lagun eta ikasleek "Ignacio Bolívar y las Ciencias Naturales de España" liburua argitaratu zioten omenaldi gisa. Bertan Ignacioren biografia, ordura arteko idazlanen zerrenda eta argazkiak publikatu zituzten.
1928an Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiak Jose Echegaray-en izena daraman domina nagusia eman zion.[18] Urte berean, RSEHNeko kideek omenaldia egitea nahi izan zioten, elkartearen sortzaileetatik bizi zen bakarra bera baitzen; "Memorias" aldizkariaren zenbaki berezia prestatzea adostu zuten (XV. zenbakiduna, 896 orrialde, 2 tomotan) eta domina berezi bat sortzea: Miguel Blay eskultoreak diseinatua, urrezko ale bat egin zen Bolívarri emateko, eta beste kide guztiei kobrezko kopia bana eman zitzaien. Domina emateko ekitaldia txikia eta pribatua izan zen, Bolívarrek horrela eskatuta.[1] Dominaren kopia bat Pradoko Museoan gordetzen da.[18]
1936ean, Antonio Machadok "Juan de Mairena (sentencias, donaires, apuntes y recuerdos de un profesor apócrifo)" liburuan aipu txiki bat egin zion: “…insigne Bolívar, cazando saltamontes a sus setenta años, con general asombro de las águilas, los buitres y los alcotanes de la cordillera carpetovetónica…”.[9]
Hil ostean
1945ko urtarrilaren 11an, UPUEEk omenaldi bat egin zion. Bertan Arthur C. Baker, Ignacio González Guzmán eta Manuel Márquez irakasleek hitz egin zuten, eta Hezkuntza Ministroa (Jaime Torres Bodet) eta Unibertsitate Autonomo Nazionalaren errektorea (Alfonso Caso) bertan izan ziren.[3]
Espainian, Ignacio Bolívarren heriotzaren aurrean isiltasuna izan zen nagusi. Halere, salbuespenak izan ziren: Azorín-ek artikulu bat argitaratu zuen 1944ko abenduko 14ko ABC egunkarian, biek Espainiako Errege Akademian izandako solasaldiak gogoratuz;[3] gainera, Akademian bertan "Akademikoen sentimentua" aktan jasota geratu zen.[4] Eta Ismael del Pan-ek, 1946ean, Anales de la Sociedad Española de Historia Natural aldizkarian, bere maisutasuna gogoratu zuen.[3]
2019ko urtarrilaren 30ean, Espainiako Jaurlaritzak Francoren diktaduran errepresaliatutako zazpi zientzialariren aurkako zigorren legezkanpotasuna aitortu zuen; haietako bat zen Ignacio Bolívar. Denei erreparazio omenaldi bat egin zitzaien, Francoren jaurlaritzak kendu zizkien Zientzia Akademiako diplomak eta kidetza itzuliz.[19]
Jatorrizko Ciencia aldizkaria 1940-1975 artean argitaratu zen.[20] 1980-1996 artean, bigarren aro bat izan zuen, Academia Mexicana de Ciencias elkartearen eskutik. Azkenik, 1996tik aurrera, hirugarren aroa abiatu zen; gaur egun, aldizkariaren direktorioan, oraindik Ignacio Bolívar Urrutiaren izena ageri da "zuzendari sortzaile" bezala.[20]
Zoologian, "Bolívar" laburpena animalien deskribapenean eta taxonomian erabiltzen da, Ignacio Bolívar Urrutiaren autoritatearen adierazgarri bezala.
Genealogia
Natura Zientzien aintzindari asko bezala, Ignacio Bolívar ere familia boteretsu batean jaioa zen. Haren kide izan ziren, besteak beste:
- Simón Bolívar "Askatzailea", Latinoamerikako hainbat herrialderen independentziaren bultzatzailea.[21]
- Julian Bolívar: errege lotinanta, Iberiar Penintsulako Gerran frantziar inperioko armadak Girona hartu nahi izan zuenean (1808) lehenik hiria defendatzea, eta gero haiei errenditzea egokitu zitzaion.[1]
Haren ondorengoen artean daude:
Idazlanak
Bere lanik garrantzitsuenen artean honako hauek aipa daitezke:
- 1873. Cuadro para facilitar la clasificación de las especies españolas del género Gryllus (Ortópteros). Resumen de los trabajos en que se ha ocupado el Ateneo propagador de las Ciencias Naturales. 11-18 or. Ateneo Propagador de las Ciencias Naturales, Madrid.
- 1873. Ortópteros de España, nuevos o poco conocidos. Anales de la Sociedad Española de Historia Natural (ASEHN) 2:213-237.
- 1876-1878. Sinópsis de los Ortópteros de España y Portugal. ASEHN, 5-7. 333 or.
- 1884. Artrópodos del viaje al Pacífico verificado de 1862 á 1865 por una comision de naturalistas enviada por el gobierno español. Insectos neurópteros y ortópteros. Impr. de M. Ginesta, Madrid.
- 1884. Monografía de los Pirgomorfinos. ASEHN 13:5-73 eta 419-500.
- 1887. Essai sur les Acridiens de la tribu des Tettigidae. Annales de la Société Entomologique de Belgique 31:175-313.
- 1890. (S. Calderón y F. Quiroga-rekin). Elementos de Historia Natural. Fortanet, Madrid.
- 1891. Apuntes acerca de los aparatos de pesca empleados a bordo de la Hirondelle por S.A.S. el Príncipe de Monaco. Anales Soc. Esp. Hist. Nat. 20:385-424.
- 1898. Catálogo sinóptico de los ortópteros de la fauna Ibérica. Imp. da Universidade, Coimbra.
- 1900. Catálogo sinoptico de los ortópteros de la fauna ibérica.
- 1900. (S. Calderón-ekin). Nuevos Elementos de Historia Natural. Imp. Fortanet, Madrid.
- 1902. Apuntes para el estudio de los Pérlidos de España. Bol. R. Soc. Esp. Hist. Nat. 2:204-207.
- 1903. Mémoires d'Entomologie 1, Conocefalionos sud-americanos. Revista Chilena de Historia Natural, Valparaíso.
- 1905. Ortópteros acridioideos de la Guinea española. Memorias de la Real Sociedad Española de Historia Natural (MRSEHN) 1:209-240.
- 1907. Fasgonurídeos de la Guinea española. MRSEHN 1:327-337.
- 1907. Hallazgo del "Chlamydoselachus anguinus" Garner en Galicia, Bol. R. Soc. Esp. Hist. Nat. 7:187.
- 1907. Indicación de algunos peces notables de La Coruña. Bol. R. Soc. Esp. Hist. Nat. 7:VII: 206-209.
- 1908. Mantidos de la Guinea española. MRSEHN 1:457-473.
- 1910. Aquétidos de la Guinea española. MRSEHN 1:525-544.
- 1912-1918. Estudios entomológicos.
- 1914. Dermápteros y Ortópteros de Marruecos. MRSEHN 7:157-238.
- 1915. Los Museos de Historia Natural. Real Academia de Ciencias Exactas, Físicas y Naturales-entzat irakurritako hitzaldia. Madrid.
- (Salvador Calderón y Arena-rekin). 1920. Nuevos elementos de historia natural. Impr. de March y Samarán, Madrid.
- 1938. El Instituto de Ciencias Naturales, en Madrid. Cuadernos de la Casa de la Cultura, 3:319-340.
- 1942. (Cándido Bolívarrekin). Estudio de dos nuevas Pterophylla mexicanas (Orth. Tett.). Revista de la Sociedad Mexicana de Historia Natural 3: 87-101.
Erreferentziak
- Gomis Blanco, A. Ignacio Bolívar y las ciencias naturales en España. CSIC, Madrid, (1988)
- «Bolívar Urrutia, Ignacio - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- «Ignacio Bolívar y Urrutia | Real Academia de la Historia» dbe.rah.es (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
- Puig-Samper Mulero, Miguel Ángel. (2016). Ignacio Bolívar Urrutia: Patriarca de las Ciencias Naturales en España y fundador de la revista Ciencia en México. Ediciones Doce Calles ISBN 978-84-9744-198-8. (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- Quiminet Quiminet. Forjadores de la ciencia en México - Ignacio Bolívar y Urrutia. Consultado el 13 de diciembre de 2014.
- -, Solano y Eulate. (1871). «Guía del Gabinete de Historia Natural» -, Solano y Eulate, José María: Guía del Gabinete de Historia Natural, -: [s. n.] -. (Noiz kontsultatua: 2022-05-13).
- Bolívar Pieltain, Cándido. (1911). «Observaciones sobre algunas cuevas del Norte de España y descripción de una nueva especie de “Speocharis”» Bol. Soc. Esp. Hist. Nat. (Madrid) (1911): 567..
- (Gaztelaniaz) CONABIO. «Cándido Bolívar y Pieltain» Biodiversidad Mexicana (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
- https://www.mncn.csic.es/es/Comunicaci%C3%B3n/ignacio-bolivar-un-hombre-esencial-para-la-ciencia-espanola
- (Galizieraz) «Ignacio Bolívar y Urrutia no Álbum da ciencia» consellodacultura.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-14).
- (Ingelesez) Laínz, Manuel. (2001-06-30). «On the relationships between Pau and Ignacio (and Cándido) Bolívar» Anales del Jardín Botánico de Madrid 59 (1): 125–134. doi: . ISSN 1988-3196. (Noiz kontsultatua: 2022-05-14).
- «Biografia de Ignacio Bolívar Urrutia» www.biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- (Ingelesez) Uvarov, B. P.. (1945-07). «Don Ignacio Bolivar y Urrutia» Nature 156 (3951): 74–75. doi: . ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- «Decreto confiriendo al Instittuto de España la misión de orientar y dirigir la alta cultura y la investigación superior enb España.» Boletín Oficial del Estado (576): 7418 a 7419. 20 de mayo de 1938.
- «Jefatura del Estado.- Ley creando el Consejo Superior de Investigaciones Científicas.» Boletín Oficial del Estado (332): 6668-66671. 10 de octubre de 1988.
- (Gaztelaniaz) C.V, DEMOS, Desarrollo de Medios, S. A. de. (2019-01-31). «La Jornada: Gracias a la generosidad de México, pudimos seguir adelante» www.jornada.com.mx (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
- (Gaztelaniaz) «La leyenda de la "casa de las brujas" en la colonia Roma» México Desconocido 2020-05-06 (Noiz kontsultatua: 2022-05-15).
- «Homenaje a Ignacio Bolívar Urrutia - Colección» Museo Nacional del Prado.
- «España homenajea a siete científicos represaliados por Franco y les devuelve su diploma académico» eldiario.es.
- «Ciencia revista hispano-americana de Ciencias puras y aplicadas - índice por volumen» www.edaddeplata.org (Noiz kontsultatua: 2022-05-09).
- HUMBERT, Jules. 1912. Les origines et les ancetres du Iibérateur Simón Bolívar. Extrait du Journal de la Société des Américanistes de París, Nouv. Serie, t, IX.
- «Persona - Bolívar Goyanes, José Ignacio (1924-1982)» PARES (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).
- (Gaztelaniaz) Ansede, Manuel. (2019-01-30). «El nonagenario experto en saltamontes que tuvo que huir de Franco» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2022-05-16).