Igeldoko dorrea

Igeldoko dorrea Donostian (Gipuzkoa) dagoen dorrea da, antzina itsasargi izandakoa eta orain Igeldoko jolas-parke barnean kokatua Txubillo mendiaren gailurrean. 2014ko maiatzaren 27an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, Igeldoko Funikularra eta Parkea monumentu-multzo sailkapenaren barnean.

Igeldoko dorrea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Igeldo Mendiko Jolas-Parkea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′17″N 2°00′34″W
Map
Historia eta erabilera
EraikuntzaXVIII. mendea -
Eraikuntza 1914
Ondarea
EJren ondarea623

    Historia

    Dorre originala

    XVI. mendetik egon da bertan dorre bat, «Farola» deiturikoa, itsasargi eta talaia funtzioekin.

    Egungo dorrearen egitura XVIII. mendekoa da, Donostiako Kontsulatuak eraikia itsas mailatik 180 metrora[1]. Pedro Ignacio de Lizardi arkitektoak aurkeztu zuen proiektua 1773an, eta lanak Julián Sánchez Bortt arkitekto eta ingeniariak burutu zuen, aldaketa batzuk sartuta. Hasiera batean Urgull mendiaren maldetan izan zen eraikitzekoa, baina Txubillo mendira aldatu zen asmoa, Urgulleko Gazteluko militarrek ez zutelako bertan nahi.[2]

    Argizko dorre finko bat zen, proiektuaren arabera planta laukikoa, 22.5 oin zabal alde bakoitzean, eta 45 oin garai. Itsasargi edukitzeko egitura 15 oin diametrokoa zen kanpoaldean eta 21 oin garai zen, eta bost beiratek inguratzen zuten, hauetarik bi, argi emateko itsasora zuzenduta zeudenak, 5 oin zabal eta 15 garai zirelarik. 24 argi suziriz osatutako itsasargia,[2] irailaren 14etik maiatzaren 3a bitartean egoten zen piztuta. Nahiz eta 9 legoako helmena izan[1], garai hartan paregabea, azkenean abandonatu egin zen karlistaldietan eragindako kalteengatik, baina baita ere behe-lainoak maiz itsasargia itsutzen zutelako. Itsasargia barnean hartuz eraiki zen Bigarren Karlistaldian Farolako gotorlekua[3].

    20. mendeko dorra

    1912an Igeldoko jolasparkea eta funikularra ireki ondoren, egungo dorrearen irudia Luis Elizalderen proiektuaren arabera egin zen, Erdi Aroko gaztelu batean itxurak imitatuz, eta 1913-1914an urteetan eraiki zen. Dorreari beste solairu bat gehitu zitzaion lehiate handiekin begiratoki gisa eta haren gainean terraza panoramiko bat.

    Dorrearen goiko begiratokian dagoen orientazio-mahaia, batez ere ikusgai diren euskal mendiak eta haien garaiera adieraziz

    Dorreak laukizuzen itxurako oinplanoa du, bost solairukoa, eta bi zatik osatzen dute. Lehendabizikoak bigarren solairutik gora erpin alakatuak dituen lau solairuko oinarri bat osatzen du. Bao-ardatz bakarra du leihoburu kurbatu eta dobelatuekin, lau aldeetako bakoitzean. Bigarren zatiak solairu bakarra du eta harburuen gainean oinarritzen den lau garita handi jarri zaizkio erpin bakoitzean. Azkeneko solairuan dorreak lau leiho ditu alde bakoitzean eta hiru leiho gehiago, gezileihoak, garita handi bakoitzean.

    Ireki zenetik aldamenko kasino eraikinaren luzapen gisa funtzionatu zuen 1967a arte, non kasinoa hotel bilakatu zen.[2]

    Ikuspegia goiko begiratokitik.

    Erreferentziak

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Euskal Wikiatlasa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.