Iesu eliza
Iesu eliza Donostian dagoen eliza katolikoa da, Oroitzapenaren lorategian, Loiolako Erriberako parrokia, Rafael Moneo arkitekto tuterarrak eraikia. Itxura minimalistakoa, Oroimenaren lorategiaren ondoan kokatua dago, Urumea ibaiaren ezkerraldean. 2011ko maiatzaren 14an sagaratu zen, José Ignacio Munilla apezpikuak egindako elizkizunean[1]. Sagaratze ospakizunean hainbat apaizek hartu zuten parte, besteak beste, Donostiako gotzain emeritua, Juan Maria Uriarte, bi bikarioak, Joseba Gonzalez eta Juan Kruz Mendizabal, eta bertako parrokoa den Jesus Mari Zabaleta[1].
Iesu eliza | |
---|---|
Eliza Oroimenaren lorategitik Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°18′29″N 1°58′16″W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 2011 |
Izenaren jatorria | Jesus Nazaretekoa |
Elizbarrutia | Donostiako elizbarrutia |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Rafael Moneo |
Estiloa | Minimalismoa |
Ezaugarriak
Eraikinak bi bolumen ditu, eraikin nagusia (eliza bera) eta atxikitako eraikinak. Eraikin nagusia paralelepipedo handi eta zuri bat da, erpin batzuk hustu egin direnak, barnean greziar gurutze itxuraldatu bat osatzeko. Gurutze oker honek, Txillidaren hainbat lanen antza duena, "gaurko munduaren tira-birak islatu nahi ditu" Moneoren arabera. Adiskidetzearen kaperan 28 metroko garaiera dago eta nabe nagusia osatzen duen gurutzean 21 metro. Eliza ekialderantz begira dago. Espazio honek 900m² inguru eta 400 pertsonentzako edukiera[2].
Elizari atxikia eta patio baten inguruan, "L" itxurako eraikina dago, non katixima-ikasgelak, lantegiak eta topalekuak dauden.
Barnealdea
Elizaren espazio nagusia greziar gurutze oker baten itxura du. Hormak sabaiarekin elkartzen diren ertzak hutsik daude eta bertatik eguzki argia sartzen da, barnealdea argituz eta gurutze itxura areagotuz.
Nabe nagusiaren ezkerraldean sakristia eta bataiategia daude eta eskuinaldean Adiskidetzearen kapera[erreferentzia behar]. Kapera honetan tabernakulua eta beirate handi bat dago. Moneok berak marraztu du beiratea, eta Cintruénigoko harzuriz egina dago[3]. Harzuriaz gain, beirateak beirazko lau elementu ere baditu: elizaren adierazgarria den gurutzea, eguzkia eta ilargialdi ezberdinetan dauden bi ilargi. Horrez gainera, azpialdean, urteko hamabi hilabeteak daude, erromatar zenbakitan[3].
Argiztapen artifiziala zintzilik dauden argiontziek egiten dute, kono itxurakoak eta garaiera txikian, eliztarren buruetatik hurbil. Argiztapen hau elizaren horma garaiekin kontraste handia sortzen du.
Altzari eta artelanak
Elizak hainbat altzari eta artelan ditu, bereziki eraikin honetarako sortuak. Horien artean honakoak daude:
- organo, Gipuzkoako Aldundiarekin kofinantzatua, Klais Orgelbau (Johanes Klais Bonn) konpainia alemaniarrak egina.
- erretaula nagusia, Javier Alkain margolariarena
- Ama Birjina Haurrarekin, sarrerako nitxo batean dagoen brontzezko eskultura, José Ramón Anda eskultorearena.
Ikus gainera
Iruditegia
- Oroimenaren lorategitik
- Oroimenaren lorategitik
- Sabaia
- Nabe nagusia
- Beiratea barnetik
- Tabernakulua
- Bataiarria
- Organoa
- Ikuspegia korutik
- Sarrera eta patioa
Erreferentziak
- “Iesu” elizaren inaugurazioa, Donostiako elizbarrutiaren webgunean (2011-06-14)
- La iglesia de Moneo en Donostia costará 10,6 millones e iniciará su construcción en verano Deia egunkariaren webgunean (2008-02-02)
- Iesu elizako beirate ikusgarria Elizbarrutiaren webgunean
Kanpo estekak
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |
- Donostiako Moneo Eliza inauguratu dute. Bideoa "EITB.com" gunean (2011-05-15)
- Argiaren pausaleku. Artikulua Berrian (2011-05-15)
- Elizaren argazki bizidunak Youtuben