Iberiar

Iberiarra (latinez: Hibērī, grezierazko Ιβηρία hitzetik ekarria), erromatarren aurretik Iberiar penintsularen ekialdean eta Galiako hegoaldean kokatutako herria izan zen, erromatar eta greziar iturrien arabera (besteak beste, Hekateo Miletokoa, Avieno, Herodoto eta Estrabon). Iberiar talde etnikoa, kultura eta entitate politikoa ez daude zehazki definiturik. Terminoa oso zabala da, eta haren barrenean Burdin Aroko zenbait herri sartzen dira, historian zehar iberiar identifikazioa jaso dutenak. Edonola ere, herri horiek ezaugarri komun batzuk zituzten, hala nola, K.a. VI. mendetik aurrera feniziarren eta greziarren eragina jaso izana.

Talde etniko infotaulaIberiar

Motatalde etniko historiko
Hizkuntzaiberiera
Honen partePre-Indo-European (en) Itzuli
EponimoaIberia (en) Itzuli
Geografia
JatorriaIberiar penintsula eta Okzitania
Hedapen mapa

Haien artean honako tribu hauek zeuden (latinezko izenekin): Airenosi, Andosini, Ausetani, Bastetani, Bastuli, Bergistani, Castellani, Cessetani, Ceretani, Contestani, Edetani, Elisices, Iacetani, Ilercavones, Ilergetes, Indigetes, Lacetani, Laietani, Oretani, Sedetani, Sordones, Suessetani, eta Turdetani; nahiz eta haietako batzuen jatorri etniko edo linguistikoari buruz zalantzak egon. Aipatutako iturri klasiko horiek ez datoz bat iberiar herrien zerrenda eta kokapena zehazterakoan.

Historia

Historiaurrean Iberiar Penintsulako hegoaldean eta ekialdean bizi ziren herri bateko kideak ziren iberiarrak. K.a. VIII. eta VI. mendean zelten migrazio oldeak izan ziren penintsularen iparraldean eta erdialdean, Portugalen eta Galizian batez ere, baina Brontze Aroan penintsularen hegoaldean eta ekialdean bizi ziren iberiarren lurraldeetaraino ez ziren iritsi.

Geografo greziarrek iberiar izena eman zieten Ebro (Iberus) ibaiaren hego-ekialdeko bazterrean bizi ziren leinuei, baina K.a. V. menderako Ebro eta Guadalquivir ibaien artean bizi ziren guztiak izendatzeko erabiltzen zuten iberiar izena. Hala ere, lurralde batzuetan izan ziren iberiarren eta zelten artean harremanak, hala nola Iberiar Penintsularen erdialdeko ordokiaren iparraldean eta ekialdean eta baita ere gaurko Kataluniako eta Aragoiko lurraldeetan. Almerian eta Granadako mendietan bastetani-ak bizi ziren; bastetani-en mendebalean tartesiarrak bizi ziren; eta turdetani-ak Guadalquivir ibarreko herri indartsuena zen. Gaurko Kataluniako eta Valentziako kostaldeko leinuengan greziarren eragina handia izan zen, eta Alacantekoengan feniziarrena. Iberiar Penintsulako ekialdeko kostaldean hiri estatuetan biltzen ziren iberiar leinuak, eta hegoaldean, berriz, erregeak zituzten. Ibero estiloko brontzezko eta buztinezko ontziak aurkitu dira hilobietan; Elxeko Dama eskultura iberoak greziarren eragina erakusten du.

Iberiar hizkuntza

Sakontzeko, irakurri: «Iberiera»

Iberiera[1] jatorri ezezaguneko hizkuntza da, erromatarrak iritsi baino lehen Iberiar penintsularen ekialdean eta gaurko Frantziaren hegoaldean hitz egiten zena. Jaéngo probintziatik Hérault ibairaino hedaturik zegoen. Hitz egiteari II. mende aldean utzi zitzaiola uste da, latinaren bultzadaren eraginez.

Hizkuntza hau ez da ia ulertzen, hitz solte batzuk kenduta, ziur asko lekukotasun nahikorik ez dagoelako eta ez delako hizkuntza indoeuroparra delako. Alfabetoa edo, hobeto esanda, signarioa, ia osorik deskodeturik dago, signario horretan bertan idatzita dauden zeltiberierako idazkunei esker. Fonetika nahiko ondo ezagutzen da, eta euskararenaren antzekoa da, hasperentze ezaz landa.

Ez dago argi zein adar linguistikori atxiki ahal zaion, ezeinekin lotu ahal bada. Historian zehar, euskararekin lotu nahi izan da, baina teoria horrek, eusko-iberismoak, ez du emaitza argirik izan orain arte. Zenbait ikertzaile saiatu dira iberiera deszifratzen euskara erabilita, baina huts egin dute. Beste batzuk iberieraren eta aitzineuskararen arteko antzekotasunak aurkitu dituzte, baina gehienek uste dute elkarren alboan esparru geografiko hurbilean izan zirelako elkarren arteko trukeak gertatu zirela.

Eusko-iberismoa

Sakontzeko, irakurri: «Eusko-iberismoa»

Eusko-iberismoa euskararen eta iberieraren ahaidetasuna aldarrikatzen duen teoria da. Teoria horren aldekoei eusko-iberista deritze. Gaur egungo euskalariek bazterturiko teoria da.

Euskara eta iberiera hizkuntza eremuen hurbiltasunak eta biak hizkuntza indoeuroparrak iritsi baino lehenagokoak izateak bide eman zuten hizkuntza bera zirela edo ahaideak zirela pentsatzera. Luzaro iraun duen teoria da (Esteban Garibai, Arnaud Oihenart, Manuel Larramendi, Wilhelm von Humboldt, Hugo Schuchardt eta abar), baina XX. mendeko hizkuntzalariek guztiz baztertzekoa zela erakutsi zuten. Hala ere, gaur egun, hainbatek oraindik eusten diote teoria horri.

Iberieraren eta euskararen arteko hitz batzuk antzekoak dira.

Artea

Tanit jainkosaren eskultura

Eskulturan hiru aldi nagusi bereizten dira: lehen aldian (k.a 550-450) sortaldeko herrien eragina nagusi da; bigarren aldia (k.a 450-erromanizazioaren garaia arte) animalien irudiek markatzen dute; hirugarren aldia, berriz, erromanizazioarena da. Zeramikan mota askotako apaindurak erabiltzen zituzten (“damak”, animaliak, gizonak), eta gerra eta ehizako irudirik ere tankeratzen zuten. Garai hartako txanponak ere aurkitu dira: alde batean izurdeak zituzten, eta bestean zaldun lantzadun bat.

Gastronomia

Sakontzeko, irakurri: «Iberiar gastronomia»

Iberiar gastronomia garaiko gastronomia mediterraneoaren parte zen. Bertoko produktuez gain, greziarrekin eta kartagotarrekin harremanak komertzialak egiteko produktuak ere ekoizten zituzten.

Erreferentziak

  1. 47. araua - Hizkuntza hilak eta klasikoak. Euskaltzaindia (Noiz kontsultatua: 2010-12-23).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.